Gorputzak esaten digunean zer jan

Gure organismoa mintzatu egiten zaigu, eta entzun egin behar dugu zer jateko beharra duen jakiteko. Elikadura intuitiboak urrundu egin nahi gaitu dieta murriztaileetatik, eta intuizioaren esku utzi nahi du menua. Baina fidatu al gaitezke esaten digunarekin eta modu osasungarrian jan?
1 ekaina de 2025

Gorputzak esaten digunean zer jan

Elikaduraren arloan erabaki bat hartzen dugun bakoitzean, faktore jakin batzuek baldintzatzen gaituzte, eta ez gara beti ohartzen faktore horiek zein diren: batzuk kulturalak dira, adibidez sinesmenak, ezagutzak, modak edo, besterik gabe, etxean ikusi duguna; beste batzuk eremu emozionalari dagozkio, esaterako tristura, antsietatea edo alaitasuna; eta, azkenik, guztiz fisiologikoak daude, besteak beste gosea, intolerantziak edo alergiak. Hiru eremuen arteko konbinazioak ia amaigabeak dira, eta, batzuetan, nahasi egiten dira eta oso zaila da jakitea bata non amaitzen den eta bestea non hasten.

Garai hauetan sareak dira nagusi, influencerak, informazio gaindosia eta zarata mediatiko etengabea, eta inoiz baino zalantza gehiago izaten dugu “zer jan?” galderari erantzuteko. Lehen, azkar eta erraz erantzuten genion, eta orain, berriz, kateatuta bezala gelditzen gara elikatzeko ekintzaren aurrean, beldurrak, erruak eta larritasunak jota. Dietaren kultura da egoera horren adierazle nagusia.

Larritasun hori geldiarazteko (ondorio negargarriak izan ditzake buruko osasunean eta osasun fisikoan), boladan jarri da elikadura intuitiboa, zeina ideia oso sinple eta asmo onekoan oinarritzen den: gure gorputzak ongi baino hobeto daki zer jan behar duen une bakoitzean, eta ikasi egin behar dugu hari entzuten. Kasu egiten badiogu, ongizate emozional eta fisiko hobea izango dugu. Baina gure gorputzak egiaz al daki zer behar duen? Hitz egiten al digu? Fidatu al gaitezke esaten digunarekin?

Zer da elikadura intuitiboa?

“Elikadura intuitiboa norberak bere gorputzari entzutean oinarritzen da, gosearen barne seinaleetatik abiatuta, dieta zorrotz edo murriztaileei jarraitu beharrik izan gabe”, esan digu Ines Navarrok, Kataluniako Dietista-Nutrizionisten Elkargoko koordinatzaileak (CODINUCAT).

Evelyn Tribole eta Elyse Resch nutrizionistek sortu zuten terminoa 1995ean, eta 10 printzipioren zerrenda osatu zuten; printzipio horien artean daude honako hauek: “arbuiatu ezazu dietaren kultura” edo “aurre egin iezaiozu elikaduraren poliziari”. Jarraibide horiek kanpoko mezuetatik deskonektatzera bultzatzen dituzte pertsonak eta beren gorputzak gosearen eta asetasunaren inguruan bidaltzen dituen seinaleak entzutera.

“Elikadura mota honek saihestu egin nahi du gehiegi edo gutxiegi jateagatik errua sentitzea, ez du ezartzen elikagai murrizketarik, eta lagundu egin nahi die pertsonei beren gorputza onartzen eta errespetatzen, pisuaren estigman sartu gabe eta autoestimua eta ongizatea sustatuz”, dio Navarrok. Funtzionatzen al du? Orain arte egin diren ikerketek ez dute eman emaitza erabatekorik.

Begirada antropologikoa

Elikatzea ez da ekintza indibiduala, kulturala baizik. Erritualek, arau sozialek eta tradizioek moldatzen dute janaria aukeratzeko ekintza, eta intuizioak oso zeresan gutxi izaten du. The factor of food habits artikuluan, Margaret Mead antropologoak hauxe idatzi zuen: “Zer jan, noiz eta nola ez digu naturak agintzen, gizakiak izaten irakasten digun kulturak baizik”. Elikadura intuitiboak idealizatu egiten du ustez “sortzetik dugun gorputz jakituria”, baina mendebaldekoak ez diren gizarteetan egindako ikerketek erakusten dute elikadura arloko jardunbideak kulturalki ikasten direla. Adibidez, inuitek (Ipar Amerikako eskualde artikoetan eta Siberiako zati batean bizi dira) klima hotzetan animalia gantzak kontsumitzeko tradizio espezifikoak dituzte, eta horrek lagundu egiten die gorputzaren tenperatura mantentzen. Tradizio horiek ikasi ez lituzkeen inuit batek ez luke gantza modu intuitiboan kontsumituko bere burua babesteko. Japonian, hara hachi bu kontzeptua (asetasunaren %80raino jatea, adituen arabera osasuna hobetzen laguntzen duena) arau kulturala da, ez intuitiboa. Erreferentziazko beste antropologo batek, Marvin Harrisek, hauxe zioen: “Ezein gizartek ez du konfiantzarik jateko ona zer den erabakitzeko senean. Elikagai gogokoak eta baztertzekoak bereiztea bilakaera kulturalaren ondorio da, ez biologikoaren ondorio”. Gainera, gizakiok aldizkako urritasun inguruneetan eboluzionatu dugu, non janaria zegoenean intuizioak gehiegi jatera eramaten gintuen. Gaur egun, egokitzapenaren aurkakoa da hori, hau da, irtenbide baino gehiago da arazo.

Teoria horren alde onak eta ez hain onak

2024ko abuztuan Appetite aldizkarian argitaratu zen berrikuspen sistematiko batek ondorioztatu zuen elikadura intuitiboa eta elikadura kontzientea (jan aurretik, bitartean eta ondoren izaten ditugun pentsamenduei, emozioei eta sentsazioei arreta jartzea) lotuta zeudela gorputz masaren indize txikiagoarekin, dieta hobearekin –berdura eta fruta gehiago jatearekin, adibidez– eta jarduera fisikoaren maila hobearekin. Lotuta daude, halaber, elikadura arloko nahasmendu gutxiagorekin, depresio sintoma gutxiagorekin eta gorputz irudi hobearekin. Itxura paregabea du lehen begiratuan. Berrikuspen horrek, dena den, ez du argitzen -eta hori da gakoa- azterlan horretan aipatzen diren pertsonek zer-nolako prestakuntza zuten nutrizio arloan: nutrizioari buruzko ezagutza on batek baldintzatu egiten ditu erabaki intuitiboak, eta, hain zuzen ere, ia erabat ezabatzen du gaiaren alderdi intuitiboa. “Elikatzeko ohitura onak ez dira intuizioarekin hartzen, haurtzarotik landu behar dira”, dio Ines Navarrok.

“Elikadura intuitiboari jarraitu ahal izateko, beharrezkoa da prestakuntza izatea eta elikaduraren eta nutrizioaren oinarrizko ezagutzak ezartzea herritar guztientzat. Lagundu egin behar da erabaki onak hartzen eta inguru osasungarriak sortzen”, nabarmendu du Navarrok. Prestakuntza hori gabe, intuizioak elikagai osasungarriak saihestera eraman gaitzake, oso gomendagarriak ez diren elikagaiak aukeratzera eta kontraesanezko mezuak jarraitzera (“elikagai honek gizendu egiten du, argaldu egiten du, beste hau diuretikoa da”), eta, hain zuzen, horri egin nahi zaio aurre.

Hau da, “gorputzari entzutea” kontzeptua erabat zehaztugabea da, inguruan eskura ditugun elikagaiek baldintzatzen baitute: mendebaldeko gizarteetan etengabe gaude elikagai hiperpalatagarrien eraginpean, zeinak berezko asetasun mekanismoak aldarazteko diseinatuta dauden eta, beraz, gosearen erregulazioa aldarazteko. Horrelako testuinguru batean, zer esan nahi du, zehazki, elikaduraren arloan intuizioari jarraitzeak? “Elikadura intuitiboak ez du esan nahi guk nahi duguna jatea edozein unetan, baizik eta elikatzeko ohitura onen oinarri bat ikasi behar dela, informazioarekin eta norbere buruarekin fidatu ahal izateraino”, azaldu du adituak.

Areago, publizitateak eta giroak elikadura emozionala sustatzen dute, eta horrek zaildu egiten du gose fisiologikoa edo benetakoa eta apetak bereiztea: “Arratsaldero gozokiak eskatzen dizkizun intuizio bat murrizketa patroi baten, estresaren edo ohitura baldintzatuen abisua izan daiteke, eta horrek nutrizio arloko gabeziak, elikadura arloko desorekak eta beste patologia eta osasun arazo batzuk eragin ditzake”, azaldu du Navarrok. “Garuna suspertu egiten da koloreekin, usainekin, begietatik sartzen zaigun publizitatearekin, eta horrek guztiak aldatu egin ditzake gorputzaren barne seinaleak. Inguru obesogeniko batean, tentuz jokatu behar da elikadura intuitiboarekin”, gehitu du.

Beste berrikuspen sistematiko batzuek, adibidez 2021ean Journal of the Academy of Nutrition and Dietetics aldizkarian argitaratu zenak, ondorioztatzen dute elikadura intuitiboak eta kontzienteak, guztira hartzen diren kalorietan kanpoko eragina gutxitzeko helburua dutenak, egiaz ez dutela kopuru hori murrizten, ezta dieta hobetzen ere.

Gainera, nahasmendu metabolikoak dituzten pertsonetan (esaterako, 2 motako diabetesa, intsulinarekiko erresistentzia edo dietarekin lotutako beste patologia batzuk), elikadura intuitiboa kaltegarria izan daiteke; izan ere, nutrizio arloko jarraibide espezifikoek askoz garrantzi handiagoa dute elikadura intuitiboak eman dezakeen guztiak baino.

Zer dio gure gorputzak?

Gure gorputza mintzatu egiten zaigu, hori gauza jakina da, eta hormonen sistema konplexu baten bidez, mezuak bidaltzen dizkigu gosea baretzeko eta egarria asetzeko. “Esaten duena entzuteak oinarri partzialki zientifikoa du, organismoak antzeman egiten dituelako desorekak, baina ez mantenugai jakinek eragiten dituztenak”, dio Navarrok. “Gorputzak gose seinaleak bidal ditzake energia edo ura behar duenean, baina ezin ditu mantenugaiak bereizi, adibidez hidratoak, gantzak edo proteinak. Asko jota, elikagai gaziak edo gozoak jateko seinaleak bidal ditzake”, erantsi du. Beste kontu bat da garunak zenbait elikagai lotzea gure ongizatearekin eta zoriontasunarekin. Gantz edo hidrato asko duen elikagai batek energia edo plazera eman badizkigu, litekeena da gorputzak maizago eskatzea.

“Ingurunea eta publizitatea osasungarriagoak liratekeen testuinguru batean, errazagoa izan liteke gorputzaren eskaerei erantzutea, gure garunak eskatuko lituzkeen elikagaiak naturalagoak izango liratekeelako”, azaldu du nutrizionistak. Horrela, elikadura intuitiboak, presio estetikotik, errutik eta dietaren kulturatik libratzeko asmoz sortzen denak eta itxuraz paregabea dirudienak, porrot egiten du praktikara eramaten denean, inguruak ia bideraezin egiten duelako. Une oso jakinetan bakarrik balioko luke, eta inoiz ez biztanleria osoarentzako jarraibide orokor gisa: “Kontuz elikadura intuitiboa kontzeptu global gisa erabiltzearekin”, ohartarazi du Navarrok. Gainera, kontzeptu horrek bi paradoxari egin behar die aurre: alde batetik, elikagai osasungarriz inguratuta biziko bagena, ez genuke intuiziorik izan beharko; eta, bestetik, nutrizio arloko informazio egokirik gabe, intuizioak ez digu ezertarako balio, eta, informazioak gidatzen bagaitu, ez al dio uzten intuizioa izateari?

Inguruan janari osasungarririk eduki gabe, intuizioak ez du deusetarako balio

Elikadura intuitiboak ziurtzat jotzen du denok dugula elikagai elikagarriak eskuratzeko erraztasuna, baina hori ez da beti horrela izaten, batez ere pobrezia testuinguruetan edo “elikagai basamortuetan” (Erresuma Batutik ekarritako kontzeptua da, laurogeita hamarreko hamarkadan erabiltzen hasi zena). Elikagai basamortu bat eremu pobretu bat da, hirikoa edo landa eremukoa, non elikagai freskoak, osasungarriak eta eskuragarriak eskuratzeko aukera mugatua den, supermerkaturik edo tokiko dendarik ez dagoelako. Horien ordez, produktu ultraprozesatuak nagusi diren lokal ugari egoten da, baina baita prezio neurrigabea duten elikagai fresko batzuk ere. Kontzeptu hori bidea egiten ari da gure inguruan, ñabardura batzuekin, dena den. Hiriguneez eta, batez ere, landa eremuez ari gara, non zaila den elikagai osasungarriak eta freskoak aurkitzea zentzuzko distantzian. Soria eta Teruelgo herri batzuetan eta Extremaduran, Galizian eta Asturiasen, oso biztanle gutxi bizi da eta gehienak adin handikoak dira, eta autoa behar da elikagai freskoak aurkitzeko. Nahiz eta batzuetan autokontsumorako barazkiak landatzen dituzten, ez dira nahikoak eta ez dira ohikoak izaten, populazioaren adin handia dela eta. Guadalupe Ramos-Truchero soziologoaren arabera (Asturiasko elikagai basamortuak ikertu ditu), “kontsumitzaileen jokabidea merkataritza inguruneak zehazten du, eta, beraz, establezimenduen eskuragarritasun mugatuak baldintzatu egiten ditu biztanleen dieta eta osasuna”.