Nutri-Score eguneratu egin da
Badira urte batzuk elikagai ontziratuen aurrealdean bost kolore eta letrako etiketa ageri dela zenbait herrialdetan (Frantzia, Alemania, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Espainia eta Suitza), Nutri-Score izenekoa, eta haren helburua da erosketak egiteko garaian gure erabakiak bideratzea. A letra, berde kolorekoa, aukerarik onena adierazteko erabiltzen da, eta E letra, laranja iluna, produktu batek nutrizio profil txarra duela ohartarazteko. 2017an, frantsesek sistema hori estreinatu zuten, zeian hainbat balioztatze lan zientifikotan oinarritzen baita; bereziki, ehunka mila pertsonari buruzko kohorte-azterketak egin ziren eta zenbaitt azterketa ere bai supermerkatuetan baldintza errealetan.
Urte hauetan, Belgika, Luxenburgo, Alemania, Herbehereak, Suitza eta Espainia borondatez hasi dira erabiltzen, Europako Batzordearen babesarekin, zeinak aurreikusten baitu kide diren herrialde guztietan nutrizio arloko etiketen sistema bateratua sartzea. Proposamen horrek, baina, zenbait herrialderen mesfidantza eragin du, Italiarena esaterako, han badute-eta beren etiketa ontzien aurrealdean jartzeko: NutrInformática Battery. Hala ere, ezarri zenetik, algoritmoak zenbait kritika sorrarazi ditu, adibidez dieta mediterraneora gutxi egokitzen dela, osagai bakarreko produktuei kalte egiten diela (oliba olioari, adibidez) edo ez dela eraginkorra prozesatze maila haztatzeko.
Tresna bizia.
Pilar Galan Sorbonne Paris-Nord Unibertsitateko zientzialari nutrizionista eta Nutri-Score sistemaren sustatzailea da, eta hauxe azpimarratu du: “Sortu zenetik, semaforo horren funtzionamendua beti planteatu izan da nutrizio arloko aurkikuntzek ezarritako eguneratzeen arabera aldatzen joan daitekeen tresna gisa, tresnaren beraren eraginkortasuna handitzeko”. Konpromiso hori 2021ean gauzatu zen, tresna berrikusteko batzorde zientifiko bat sortuta. Abian jarri zenetik, Carlos III.a Osasun Institutuak eta beste erakunde batzuek egokitzapenak egin beharra zegoela adierazi dute, kontsumitzaileari aukerarik egokienak egiten laguntzeko. Proposamen hori dagoeneko aztertzen ari ziren 2020tik, oliba olioaren puntuazioa aldatzeko lanean hasi zirenean, orduan C letra ematen baitzioten, gantzak zigortu egiten zituztelako, gantz motak bereizi gabe. Gauzak horrela, gaur egungo aldaketak gogorrago zigortzen ditu osagai hauek dituzten elikagaiak: gatza, gantz saturatuak, azukrea eta edarien eztitzaileak.
Nutri-Scorek puntuak ematen dizkie elikagaiei, nutrizio arloan duen ktalitatearen arabera (100 g edo 100 ml bakoitzeko egiten da neurketa). Elementu batzuek zigortu egiten dute elikagaia eta beste batzuek, berriz, sailakpena hobetzeko balio dute, zenbateko kopuruan agertzen diren kontuan hartuta. Irizpide berberak erabiltzen dira elikagai guztiak kalkulatzeko, lau multzo jakinetakoak izan ezik (edariak, gantzak eta fruitu oliodunak, haragi gorria eta gaztak). Elikagai orokorretan hau hartzen da kontuan:
Elementu kaltegarriak
- Energia: 0 puntutik 10era bitarteko zigorra du.
- Azukrea: 0tik 15 puntura (lehen 0-10).
- Gantz saturatuak: 0tik 10 puntura.
- Gatza: 0tik 20 puntura (lehen 0-10).
Elementu onuragarriak
- Proteina: 0-7 puntu (lehen 0-5).
- Zuntza: 0 puntutik 5era.
- Frutak, barazkiak eta lekaleak: 0-5 puntu.
Edarien taldean 4 puntuko zigorra ezartzen zaie eztitzaileei. Haragi gorrietan, proteinek gehienez ere 2 puntu lor ditzakete. Gantzetan, gantz saturatuen energia bakarrik hartzen da kontuan.
Zer aldatuko da orain?
Nutri-Scoreren egiturak bere horretan jarraituko du: osagai batzuek puntuak ematen dituzte eta beste batzuek, berriz, kendu. Baina aldatu egin dira puntu kopuruak, elikagai taldeak eta puntu horiek emateko atalaseak.
GATZA
- Zergatik? Osasunaren Mundu Erakundeak egindako kalkuluen arabera, helduek egunean 10 gramo gatz hartzen dituzte batez beste, gomendatzen denaren bikoitza. Gatz gehiegi kontsumitzeak areagotu egiten du zenbait gaitz izateko arriskua: hipertentsioa, bihotz-hodietako arazoak, giltzurrunetako eta zirkulazioko patologiak eta zenbait minbizi mota.
- Lehen. Puntuazioetarako, Nutri-Scorek sodio kantitatea baloratzen zuen, ez gatza (sodioa 2,5ekin biderkatuz kalkulatzen da). Europako Batzordeak, ordea, “gatza” terminoa erabiltzeko eskatzen zien ekoizleei, sodio kloruroaren forma guztiak biltzen dituena.
- Orain. Osagai hori gehiago zigortzen da. Aurreko bertsioan, 2 g/100 g gatz zituen elikagai bati 10 puntu kentzen zitzaizkion, eta oraingoan 20 puntu gutxiago izango ditu.
AZUKREA
- Zergatik? Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du azukre kontsumoa eguneko kaloria kontsumoaren %5era murriztea, hau da, egunean gehienez 25 gramo hartzea.
- Lehen. Puntu 1eko zigorra 4,5 gramo azukrerekin hasten zen (100 gramo bakoitzeko), eta kopuru hori gainditzen zuten produktuei 10 puntu kentzen zitzaizkien gehienez.
- Orain. Puntu gehiago kentzen dira. Elikagai solidoei dagokienez, zigor eskala bat ezarri da: puntu batekoa 3,4 gramo azukre baino gehiago duten produktuentzat eta 15 puntukoa 51 gramo baino gehiago dituztenentzat (100 gramo bakoitzeko).
Algoritmo berria urtarriletik aurrera hasiko dira erabiltzen. Enpresek bi urteko epea dute aurreko algoritmoan oinarritutako logotipoarekin ekoitzi eta etiketatu dituzten produktuen stocka amaitzeko. Enpresek ezin izango dute algoritmo zaharra duten produktuen publizitaterik egin hilabete honetatik aurrera. Kontsumitzaileok, dena den, ez dugu jakingo produktu batek daraman Nutri-Score puntuazioa aurreko algoritmoan edo oraingoan oinarrituta dagoen. Baliteke kalkulu berri horiekin kalteturik atera diren markak aldaketa ahalik eta gehiena atzeratzen saiatzea.
EDARIAK
- Zergatik? Algoritmoa literatura zientifiko berrienaren arabera eguneratu da, bi helbururekin: alde batetik, esnez eta jogurtez egindako edari azukretsuak bereiztea; eta, bestetik, eztitzaileez ohartaraztea, eztitzaile ez-elikagarriei (NNS) buruzko azken ebidentziak kontuan hartuta eta mikrobiotan, bihotz-hodietako gaixotasunean eta heriotza goiztiarrean zer-nolako eragina duten kontuan hartuta.
- Lehen. Esnea, esnekiak, esnez hartzitutako edariak eta edari begetalak elikagai orokorren kategorian sartzen ziren. Nutri-Score sailkapenari dagokionez, esne gaingabetuak eta erdigaingabetuak A kategorian agertzen ziren; esne osoa, berriz, B kategorian. Edari begetalak ere A kategorian agertzen ziren. “Zero” freskagarriek B bat lortzen zuten, eta %100 fruta zukuek, C bat.
- Orain. Proteina saritu egiten da. Esnea, esnezko edariak eta landare jatorriko edariak atera egiten dira elikagai solidoen multzotik. Gehiago zigortzen dira azukrea eta kaloriak. Ura izango da Nutri-Score sailkapenean A letra ageri duen edari bakarra. Esne gaingabetuek eta erdigaingabetuek B bat izango dute, eta esne osoak C bat. Fruta zukuei eta nektarrei dagokienez, 100 ml bakoitzeko 2 gramo azukre baino gutxiago dutenek B bat jasoko dute. Edariak gozatzeko erabiltzen diren eztitzaile kaloriagabeek (sukralosa, sakarina edo estebia) 4 puntuko zigorra jasoko dute. Hori dela eta, B bat zuten edariak, “zero” freskagarriak esaterako, C batekin puntuatzen dira. Eztitzaileak eta azukreadituzten freskagarriak D-tik E-ra igaroko dira.
ZUNTZA
- Zergatik? Pilar Galan zientzialariak uste du zuntza zenbatzeko modua aldatzea dela eguneratze garrantzitsuenetakoa. Helburua da zuntz ugariko produktuak bereizten laguntzea kontsumitzaileei, ebidentzia askok esaten baitute osasunari on egiten diotela beren baliokide finduekin alderatuta.
- Lehen. Algoritmoak ez zituen bereizten osoko zerealak eta irin finduak; beraz, fabrikatzaileek puntuazioa alda zezaketen, azukre edo gantz kopuru handiko nutrizio profila duten produktuei zuntz kantitate txikiak gehituz.
- Orain. Zuntzak puntu gehiago izan dezan, produktuak zenbait baldintza bete behar ditu: energia balio txikia eman behar du edo batere ez, eta gantza ere gutxi eduki behar du (gainera, ez dute saturatuak izan behar); azukre, gatz eta sodio gutxi izan behar dute (baita erantsita daramatenean ere), eta zuntzak 3 gramo izan behar du 100 gramo bakoitzeko. Horrek esan nahi du ale osoko ogiek A bat dutela; finduak, berriz, B eta C artean egongo dira, gatz mailaren arabera.
PROTEINAK
- Zergatik? Produktu baten proteinak lagundu egiten digu burdina eta kaltzio ugari duten elikagaiak hobeto bereizten. Era berean, algoritmoak erantzun egiten die OMEk haragi gorriaren kontsumoaren mugei buruz ematen dituen gomendioei, horien gehiegizko kontsumoa heriotza goiztiarrarekin, hipertentsioarekin eta zenbait minbizi motarekin lotuta baitago.
- Lehen. Algoritmoak 5 punturekin bakarrik saritzen zituen proteinak, eta horrek nota txikia ematen zien arrainei eta itsaskiei.
- Orain. Proteina guztiek 7 puntu emango dituzte, haragi gorrietatik datozenek izan ezik: horiek ezin izango dute lortu 2 puntu baino gehiago. Hala, arrainak eta itsaskiak A eta B kategorietan sailkatzen dira, gatzik eta oliorik ez dutenean.
GANTZ OSASUNGARRIAK
- Zergatik? Ebidentzia zientifikoak frogatzen duenez, oliba olioak, fruitu lehorrek eta landare olio batzuek onura handia dakarkiote bihotz-hodien osasunari. Horregatik, formula matematikoa aldatu egin da produktu horien kontsumoa bultzatzeko.
- Lehen. “Frutak, barazkiak, lekaleak eta fruitu lehorrak” izeneko multzoan sartzen ziren gantzak eta olioak, eta horrek nota txarra ematen zien oliba olioei eta beste landare olio batzuei. Hala, aurreko bertsioan, oliba olioak eta koltza olioak C bat lortzen zuten; ekilore olioak, artoak, kakahuete olioak eta soja olioak, berriz, D bat, kaloria eta gantz asko zutelako (ez ziren bereizten gantz osasungarriak).
- Orain. Produktu horiek garrantzi handiagoa hartuko dute, eta berezko multzo bat izango dute: gantzak, olioak, fruitu lehorrak eta haziak. Oliba olioa eta gantz azido saturatu gutxi duten olioak (koltza, intxaurra eta ekilore oleikoa) B-ra pasatuko dira. Ekilore olioak C mailan jarraituko du, eta koko olioak eta gurinak E mailan. Fruitu lehorren eta hazi oliodunen ontzietan, gatzik eta azukre erantsirik ez dutenean, gehienak A eta B letrarekin sailkatuko dira, eta bertsio gaziek eta azukretsuek C eta D letrak agertuko dituzte.
Aldatu eta aurrera egin
Nutri-Score algoritmoak bi helburu ditu: batetik, kontsumitzaileei antzeko elikagaiak konparatzen laguntzea eta nutrizio profil okerrenekoak bereiztea, eta, bestetik, elikagaien industria produktu osasungarriagoak egitera bultzatzea. Aldaketa horiek guztiak urrats bat gehiago dira kontsumitzaileengana iristen den informazioa hobetzeko eta informazio hori ebidentzia zientifiko berrira egokitzeko. Pixkanaka eta etengabe aldatu behar dira elikatzeko ohiturak.
Pilar Galan
Nutrizionista eta Nutri-Score sistema landu duen taldeko kidea
“Kontsumitzaileentzat berme bat da Nutri-Score maiztasunez eguneratzea”
Kontsumitzaileari erosketa erraztea da Nutri-Scoreren helburua. Hainbeste aldaketarekin, ez al du galtzen fidagarritasuna? Zientzialariek 2014. urtean Nutri-Score proposatu zutenean, ezagutza zientifikoen bilakaeraren arabera eguneratzeko asmoa zegoen, kontuan hartuta, halaber, zer ikasi dugun egoera errealetan ezarri zenetik eta elikagaien merkatuak zer-nolako bilakaera izan duen. Kontsumitzaileentzat berme bat da, osasun publikoko edozein tresna bezala, Nutri-Score maiztasunez eguneratzea, nutrizio arloko gomendioekin gertatzen den bezala.
Ekoizle batzuek puntu positiboekin eta negatiboekin jokatzen dute puntuazioa hobetzeko. Eguneratze honek zaildu egingo al ditu jardunbide horiek? Kasu oso banaketan gertatu izan da hori orain arte, non ekoizleek beren produktuetako Nutri-Scorea hobetu ahal izan duten osagaiak aldatuz. Baina berriki egin den eguneratzeak askoz gehiago zigortzen dituenez azukrea eta gatza, are zailagoa da puntu negatiboak artifizialki konpentsatzea. Kalkulu berriak bere produktuak birformulatzera bultzatzen du industria, baina modu koherenteagoan.
Zer-nolako aldaketak egin nahi izango zenituzketen? Prozesatzeari buruzko informazioa txertatzea Nutri-Score ertz beltz batekin inguratuz elikagaia ultraprozesatua denean eta NOVA 4 gisa sailkatua dagoenean. Puntu garrantzitsua da osasun publikoari dagokionez, eta kontuan hartu beharko da batzorde zientifikoaren etorkizuneko lanean.
Zer-nolako erronkak ditu Nutri-Score sistemak? Erronka garrantzitsua da nekazaritzako elikagaien enpresak gardenak izatera behartzea, eta hori posible izango da Nutri-Score Europan nahitaezkoa denean; horrek eskatzen du kontsumitzaileen informazioari buruzko egungo araudia aldatzea.