Familiek elikadura arloan batez beste egin duten gastuaren azterketa eta bilakaera, INEren Familia Aurrekontuen Inkestatik ateratako datuetan oinarrituta

Etxe bakoitzak urtean 4.125 euro gastatzen ditu batez beste elikaduran

Elikagai guztien artean, haragia eta ogia eta zerealak erostera bideratzen da diru gehien, ia 1.600 euro urtean (%39)
1 ekaina de 2017
Img tema de portada listado 237

Etxe bakoitzak urtean 4.125 euro gastatzen ditu batez beste elikaduran

Elikadurak leku nabarmena hartzen du familien ekonomian. Etxeko aurrekontua osatzen duten sei euro bakoitzetik elikagaiak erosteko erabiltzen da bat. Zehazki, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) egindako Familia Aurrekontuen Inkestan ageri denez, 2015. urtean Espainiako Estatuko etxe bakoitzak batez beste 27.420 euro erabili zituen etxeko gastuetarako (etxebizitza, argindarra, osasuna, elikadura, garraioa, irakaskuntza, komunikazioak, eta abar). Eta diru horren guztiaren %15 elikagaiak eta edari ez-alkoholdunak erosteko izan zen. Etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuetara bideratzen da diru gehien, familiako aurrekontuaren %32 hain zuzen (8.710 euro), eta elikagaien atala dator bigarren lekuan.

EROSKI CONSUMERek sakon aztertu nahi izan du Estatuko familiek zenbat gastatzen duten elikaduran, nolako bilakaera izan duen gastu horrek 2011. urtetik hona (aldizkari honek urte hartan egin zuen gai honen inguruko azken azterketa), eta zer-nolako harremana dagoen elikagai batzuek kiloko duten prezioaren eta batez besteko gastuaren artean. Gastuaren egitura aztertzeko garaian, 17 autonomia erkidego hartu ditugu kontuan: Andaluzia, Aragoi, Asturiasko Printzerria, Balear uharteak, Errioxa, Euskal Autonomia Erkidegoa, Extremadura, Galizia, Gaztela eta Leon, Gaztela Mantxa, Kanariak, Kantabria, Katalunia, Madrilgo Erkidegoa, Murtzia, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa.

Azterketa hau egiteko, 2015eko mikrodatuak erabili dira, INEk 2016ko ekainean Familia Aurrekontuen Inkestan argitaratu zituenak. Datu mota horrek 70 eratako elikagaien inguruko informazioa ematen du.

Elikaduran inbertitzen dena

Elikaduran, 4.100 euro baino gehiago

Etxe bakoitzak, batez beste, 4.125 euro gastatu zituen elikagaitan eta edari ez-alkoholdunetan 2015. urtean. Lau urteko epean (2011. urtetik alegia), %0,6 murriztu da aurrekontua hori, eta eutsi egin dio 2006. urtetik antzematen den joerari (aldizkari honek egin zuen aurreko azterketan, urte horretatik aurrerako datuak aztertu ziren). Urtez urteko bilakaera kontuan hartuta, ordea, ikus daiteke 2014. eta 2015. urteen artean eten egin zela beheranzko joera hori: 12 hilabete horietan batez beste %2,4 handitu zen elikadura arloko gastua.

Ildo horretan, kontuan hartu beharra dago Kontsumo Prezioen Indizea ere (KPI), zeina %8 inguru handitu baitzen 2011 eta 2015 artean elikagaien eta edari ez-alkoholdunen sailean. Urteka, KPIa handitzen joan zen 2014a arte; urte horretan ia %1 apaldu zen, eta hurrengo urtean berriz gora egin zuen (%2).

Nafarroan gehiago eta Extremaduran gutxiago

Autonomia Erkidegoak kontuan hartuta, Nafarroako etxeek gastatu zuten gehien elikagaietan eta edari ez-alkoholdunetan: guztira, 4.688 euro. Batez besteko orokorra baino %14 gehiago da hori, eta gutxien gastatu zuten erkidegoko batez bestekoa baino %29 gehiago (Extremadurak gastatu zuten gutxien: 3.623 euro).

Estatu osoko batez bestekoarekin alderatuta (4.125 eurokoa da), 8 erkidegotako familiak kopuru horren gainetik ibili ziren elikadura arloko gastuan (Nafarroaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Murtzia, Katalunia, Gaztela eta Leon, Aragoi eta Kantabria) eta beste 9 azpitik (Extremadura, lehen esan bezala, eta Gaztela Mantxa, Valentziako Erkidegoa, Kanariak, Asturias, Madrilgo Erkidegoa, Errioxa eta Balear Uharteak).

Batez besteko gastuaren bilakaera ere askotarikoa izan da erkidegoen artean lau urteko epealdi horretan. Murriztu egin da seitan: Andaluzian gehien, %8, eta Galizian gutxien, %1. Gainerakoetan, aldiz, kontrakoa izan da joera: %0,3 handitu da Kanarietan eta %10eraino Gaztela eta Leonen.

Mapa eu

Elikagai talde bakoitzean inbertitzen dena

Inbertsiorik handiena: haragia, eta ogia eta zerealak

Haragia da produktu nagusia Estatuko familientzat, elikagai horri eskaintzen baitiote etxeko aurrekontuaren zatirik handiena. Etxe bakoitzak elikagaitan egiten duen gastuaren %24 hartzen du batez beste, eta urtean 974 eurokoa izatera iristen da. Bigarren lekuan ogia eta zerealak ageri dira: familia bakoitzak etxeko aurrekontuaren %15 erabiltzen du horiek erosteko, 623 euro urtean.

Gainerako elikagaiak honela banatzen dira gastuari dagokionez: aurrekontuaren %12 eta %10 artean hartzen dute esneak, gaztak eta arrautzek; arrainak; frutek; eta barazkiek. Eta %4 eta %5 artean dabiltza ur mineralak, edari freskagarriak eta zukuak; azukrea, konfiturak, eztia, txokolatea, gozoak eta izozkiak; eta beste elikagai batzuk (saltsak, espeziak, haurtxoentzako elikagaiak, produktu dietetikoak…).

Azkenik, Estatuko familiek %2ko inbertsioa baino ez dute egiten olio eta gantzetan, eta kafe, te eta kakaotan. Zehazki, urtean 106 euro erabiltzen dituzte lehenbiziko saileko elikagaiak erosteko eta 92 euro bigarrenentzat.

Cesta eu

Bilakaera askotarikoa

Lau urtetan, aztertu ditugun elikagai talde guztien ia erdietan murriztu egin da familien gastua, eta gainerakoetan, berriz, handitu egin da, baina ez erritmo berean. Adibidez, ur mineralak, edari freskagarriak eta zukuak %7 apaldu dira, eta berdin ogia eta zerealak ere; antzera gertatu zaie esneari, gaztari eta arrautzei ere: horietan, %4 murriztu da gastua.

Gastuan igoerarik handiena izan duten elikagai taldeak, berriz, honako hauek izan dira: kafea, tea eta kakaoa (%15 gehiago), eta olioak eta gantzak (%10). Kontuan hartu behar da, hain zuzen, bi elikagai multzo horietan gastatzen dutela ditu gutxien Estatuko familiek.

Elikagai multzo jakin batzuetan gorabehera handi samarrak ageri dira familiek lau urteotan egin duten inbertsioan, eta horixe gertatzen zaie olio eta gantzei, frutei, barazkiei, eta kafe, te eta kakaoari. Eta, bereziki, 2014 eta 2015 artean antzematen da hori. Lehenbiziko urte horretan, adibidez, %1 eta %8 artean murriztu zen gastua; hurrengo urtean, aldiz, osotara aldatzen da joera, eta barazkien gastua, esaterako, %4 handitu zen eta olio eta gantzena %12.

Autonomia erkidego bakoitzean

Estatuko datu orokorretan ageri den bezala, aztertu ditugun 17 erkidegoetan ere haragiak hartzen du gastuaren zatirik handiena, nahiz eta ez den maila berekoa erkidego guztietan: Galizian, adibidez, batez besteko gastuaren %26 izan zen haragia erosteko (1.199 euro), eta Kanarietan %18 (683 euro).

Bigarren diru atalik handiena ogia eta zerealak erosteko izan da erkidego ia guztietan, baina hori ere ez neurri berean: Andaluziako, Gaztela Mantxako eta Errioxako familiek aurrekontuaren %16 erabili dute (625 euro inguru), eta Kantabriakoak ez dira iritsi %14ra (575 euro). Bi erkidegotan bakarrik gastatu dute gehiago esne, gazta eta arrautzetan ogi eta zerealetan baino: Asturiasen (563 euro, batez besteko aurrekontuaren %14) eta Kanarietan (583 euro, %15).

Eta nolakoa izan da elikagai multzo horietan egin den gastuaren bilakaera 2011tik 2015era? Aipagarria da Extremadurako etxeetan %16 murriztu dela olio eta gantzetan egindako gastua, eta Galizian eta Andaluzian %15 jaitsi dela ur mineral, edari freskagarri eta zukuetan egindakoa. Aitzitik, nabarmen handitu da kafe, te eta kakaoa erosteko erabili den dirua Errioxan (%49), Gaztela eta Leonen (%39), Murtzian (%36) eta Aragoin (%31); baita Kantabrian olio eta gantzetan izan den gastua ere (%47 egin du gora).

Elikagai bakoitzeko gastua eta prezioak

Gastu handiagoa urdaitegian eta ogitan

Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, haragiak hartzen du elikagaien arloko aurrekontuaren zatirik handiena. Baina zer haragi motari buruz ari gara? Dirurik gehien urdaitegiko produktuek eta haragi lehorrak, gazituak edo ketuak hartzen dute: urtean 403 euroko gastua eragiten dute, batez beste. Zertxobait gutxiago erabiltzen da hegazti haragientzat (161 euro), abelgorriarentzat (126 euro) eta txerrikiarentzat (114 euro). Haragi horiek freskoak izan daitezke, hotzean edukitzekoak edo izoztuak. Horretaz gain, 107 euro joaten dira haragi prestatuak eta haragia duten beste produktu batzuk erostera (saltxitxak, haragi enpanadak, hanburgerrak, haragi kontserbak, paellak egiteko prestakinak…).

Bigarren elikagai multzorik garrantzitsuena ogiak eta zerealek osatzen dute, gastuari dagokionez. Ogiak 292 euro daramatza urtean, eta okintzako beste produktu batzuek (gailetak, bizkotxoak, madalenak, opilak, krepeak…) 134 euro batez beste.

Behetik, Estatuko familien gastuan zati txikiena hartzen duten elikagai multzoen artean, kafea, tea eta kakaoa ageri dira batetik, eta olioa eta gantzak bestetik. Bi multzo horiek kontuan hartuta, oliba olioa erosteko bideratzen dute Estatuko familiek diru gehien (80 euro), eta kafea erosteko ondoren (60 euro).

Top eu

Kafea gora eta abelgorri haragia behera

Eta zer-nolako bilakaera izan du elikagai horietan egiten den gastuak? Lehenik eta behin, KPIaren bilakaera izan behar da gogoan: 2011tik 2015era bitartean, %8 igo da elikagaien eta edari ez-alkoholdunen sailean.

Elikagai multzoak aipatzen hasita, urdaitegian eta txerri haragitan gehiago gastatzen da (%1 inguru) orain dela lau urte baino. Igoerarik handiena, dena den, haragi prestatuek eta haragia duten beste produktu batzuek izan dute (%11koa). Aitzitik, Estatuko familiek diru gutxiago gastatzen dute hegazti haragietan (%1 gutxiago) eta askoz gutxiago abelgorri haragitan (%15).

Ogiari dagokionez, orain dela lau urte baino gutxiago gastatzen da (%11 gutxiago), eta gastu handiagoa egiten da okintzako beste produktu batzuetan, gaileta eta bizkotxoetan adibidez (%2 gehiago).

Azkenik, oliba oliotan egiten den gastua %15 handitu da eta kafetan egiten dena %21eraino igo da.

Evolucion eu

Prezioak

Gorabehera batzuk izan ditu etxe bakoitzak batez beste egin duen gastuak, baina elikagaien prezioak berak ere badu zeresana hor. Esan dugun bezala, gastu gehien eragiten duen haragi mota urdaitegikoa izaten da, eta kiloa 10 euroren inguruan ibiltzen da. Atzetik datoz hegazti haragia, abelgorri haragia eta txerrikia. Lehenbiziko haragi motaren kiloak urdaitegikoaren erdia balio du (5 euro), eta antzera dabil txerri haragia ere (6 euroan dago kiloa); abelgorriaren kiloa, berriz, 11 euroraino iristen da (horixe da garestiena). Haragiekin bukatzeko, haragi prestatuen eta haragia duten beste produktu batzuen kiloak 7 euro balio du.

Ogiari dagokionez, familiei ia 3 euro kostatzen zaie kiloa, baina %72 gehiago gastatzen dute okintzako beste produktu batzuetan, adibidez gaileta eta bizkotxoetan (4,5 euroan dago kiloa).

Azkenik, kafearen kiloak 11 euro balio du (%25 garestitu da duela lau urtetik hona), eta oliba olioa, berriz, 3,5 euro kostatzen zaie kiloa (lau urtean, %37 garestitu da).

Precios eu