Ekoizpen ekologikoa: gorantz doan merkatua
Zer da produktu ekologiko bat? Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (MAPAMA) egiaztatu zuen kontsumitzaileak ez zekiela oso ongi zer esan nahi duen kontzeptu horrek, eta okerreko ikuspegia ere bazuela batzuetan.
2009. urtean egin zen ikerlan batek, Marketing y productos ecólogiacos izenekoak (Marketina eta produktu ekologikoak), honela definitu zuen: nekazaritza edo abeltzaintza ekologikotik datorrena, sintesiko substantzia kimikoak erabili gabe ekoizten dena (pestizidak, ongarriak edo medikamentuak), landareen eta animalien hazte erritmoa errespetatuz lortzen dena, eta substantzia artifizialik erantsi gabe lantzen dena, adibidez gehigarriak, koloratzaileak, zapore-emaileak eta lurrinak.
Urtetik urtera ikus daiteke elikadura ekologikoak garrantzi handia duela merkatuetan, eta, ondorioz, erakunde nazionalek eta nazioartekoek sustatu egiten dute elikadura mota hori. Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek argitu egin nahi izan ditu produktu ekologikoak ekoizteko eta egiaztatzeko moduaren inguruko kontzeptuak, eta jakin egin nahi izan du Espainiako Estatuan zertan den elikagai ekologikoen ekoizpena eta zer-nolako kontsumitzaileek erosten dituzten produktu horiek.
Ekoizpen ekologikoaren ezaugarriak
Ekoizteko metodoak
Europako Batasuneko Batzordearen 834/2007 Araudiak, ekainaren 27koak, zehazten du produktu ekologikoen ekoizpenak eta etiketak nolakoa izan behar duen, eta definizio hau ematen du ekoizpen ekologikoarentzat: nekazaritza kudeatzeko eta elikagaiak ekoizteko sistema orokor bat da, zeinak konbinatu egiten dituen ingurumen jardunbiderik onenak, bioaniztasun maila handia, baliabide naturalen babesa, animalien ongizatearen inguruko arau zorrotzak eta ekoizpen modu bat, zeina bat datorren substantzia eta prozesu naturalen bidez lortutako produktuak bilatzen dituzten kontsumitzaileen lehentasunekin.
Horretaz gain, araudiak dio ekoizpen ekologikoan erabiltzen diren metodoek bi zeregin betetzen dituztela: alde batetik, produktu ekologikoak eskaintzen dizkiote merkatu espezifiko bati, kontsumitzaileek halaxe eskatzen dutelako, baina, era berean, onura publikoak ere ematen ditu, babestu egiten baititu ingurumena, animalien ongizatea eta landa garapena.
Betekizunak
Ekoizpen ekologikoak lau zutabe nagusi ditu. Lehenik eta behin, izaki bizitzat hartzen du lurra, eta funtsezkoa da hura babestea eta zaintzea. Horretarako, teknika naturalak eta tradizionalak erabiltzen ditu, adibidez ongarri organikoak, animalia jatorriko ongarriak, lurrak txandaka landatzea eta lugorri uztea.
Bigarrenik, transgenikoak erabat galarazita daude. Hori dela eta, landareak ez daitezke manipulatu genetikoki, ez landatzeko eta ez animaliak bazkatzeko ere.
Hirugarrenik, pestizidak ere ez daude baimenduta, eta albaitaritzako sendagaiak salbuespen egoeretan baizik ez daitezke erabili, eta ziurtagiri ekologikoak ematen dituzten erakundeen baimenarekin baino ez. Txertoak, ordea, erabil daitezke eta baita antibiotikoak ere, baina zuhurtziaz eta beharrezkoa denean bakarrik. Ildo horretan, ohiko moduen bidez ekoitzitako produktuentzat baino elikadura-gehigarri gutxiago onartzen dira ekologikoentzat.
Eta ekoizpen ekologikoaren laugarren zutabeak esaten du errespetatu egin behar dela animalien ongizatea, hau da, zaindu egin behar direla horien bizi zikloak eta saihestu egin behar direla mutilazioak (zikiratzea, adarrak moztea edo mokoa moztea). Ugalketa lagunduko teknikak ere galarazita daude, intseminazio artifiziala izan ezik. Animaliek modu naturalean elkar estal dezaten bilatzen da eta kumeak amarekin bizi daitezela, haren esnea hartuz horretarako garaia denean. Erabiltzen diren arrazak, berriz, autoktonoak izaten dira; ez dira hain emankorrak, baina hobeto gainditzen dituzte gaixotasunak.
Nolanahi ere, ustiategi bat ekologiko gisa izendatzeko, arau horietara egokitzeko trantsizio epe bat pasatu behar du aurrez. Tarte horretan ekoizten diren produktuak ez daitezke saldu ekologiko gisa.
Beti al da ekologikoa?
Produktu ekologikoak gisa horretan izendatzeko, osagai guztien %95ek izan behar dute ekoizpen ekologikotik lortuak. Beste %5a bakarrik (gehienez ere) etor daiteke ohiko ekoizpen moduetatik, eta justifikatua egon behar du horiek erabiltzea, hau da, ekoizpen ekologikoan eskuratzerik ez dagoen osagaiak izan behar dute.
Bestalde, osagai biologikoak %70 eta %95 artekoak badira, ezingo du eraman produktu ekologikoaren izena, baina adierazi daiteke osagai ekologikoak erabili direla egiteko.
Azkenik, garrantzitsua da zehaztea ekoizpen integratua ez dela nekazaritza ekologikoa. Ohiko ekoizpen sistema da integratua esaten zaiona, baina ahalik eta gutxiena erabiltzen ditu ura eta pestizidak. Europan ez dago araudirik ekoizpen modu horrentzat (autonomia erkidegoek arautzen dute), baina baditu zenbait logotipo identifikatu ahal izateko.
Ziurtagiriak
MAPAMAk azaltzen du Espainiako Estatuan autonomia erkidegoen zeregina eta eskumena dela ekoizpen ekologikoa kontrolatzea eta ziurtagiri bidez egiaztatzea. Merkatuan dauden produktu ekologikoek agintaritza organoaren eta kontrol erakundearen kodea eraman ohi dute inprimatuta, edo logo berezi bat, kontrol erakundearen izenarekin eta kodearekin.
Era berean, Europako Batasunaren logo ekologikoa ere eraman dezakete. Nahitaezkoa da EBn ekoitzi diren produktu ontziratu guztietan, eta borondatezkoa ontziratu gabekoetan edo handizka saltzen direnetan, eta berdin EBtik kanpoko beste herrialde batzuetan ekoizten direnetan.
Sektorearen datuak
Gainazal ekologikoa
Espainiako Estatuak 1,9 milioi hektarea baino gehiago ditu erregistratuta gainazal ekologiko gisa, eta horrek esan nahi du landatzeko, belarditarako eta bazkaleku gisa erabiltzeko diren gainazal guztien %8 hartzen duela (gainazal osoa 25 milioi hektareakoa da) . Eremu ekologiko hori eskualde gutxi batzuetan biltzen da, hegoaldean bereziki: Andaluzian dago %51, Gaztela Mantxan %19a, eta gainerakoa (beti %7tik behera) Katalunian, Extremaduran, Valentziako Erkidegoan, Murtzian, Aragoin eta Nafarroan. Gainerako autonomia erkidego guztiek %7a egiten dute elkartuta.
Ekoizpen ekologikoan diharduten nekazariak eta abeltzainak, berriz, 34.600 baino gehiago dira. Nekazaritzan aritzen dira %86, abeltzaintzan %6 eta beste %8ren jarduna mistoa eta beste era batekoa da. MAPAMAren arabera, badu ezaugarri bat ekoizpen arlo horretan ezarri den oinarrizko egitura produktiboak: oso gutxi garatu dela animalia jatorriko ekoizpen ekologikoa. Abeltzaintzako ustiategiak, izan ere, nahiko gutxi dira. Guztira, 7.500 inguru daude, eta horietatik, abelgorriekin aritzen dira %47, ardiekin eta ahuntzekin %38, eta hegaztiekin eta beste animalia batzuekin %4.
Ekoizpen ekologikoa
Landare jatorriko ekoizpen ekologikoa aski garrantzitsua da, eta 1,7 milioi tona inguru ematen ditu produktu ekologikoetan. Elikagai jakin batzuetan kontzentratzen da: frutak eta berdurak, olioa, ardoa eta fruitu lehorrak, besteak beste.
Animalia jatorriko produktu sailak, berriz, bolumen txikia hartzen du oraindik ere MAPAMAren iritziz, eta honako produktu hauetan kontzentratzen da: haragia (bereziki abelgorriarena eta ardiarena), esne gordina (batez ere behiarena eta ahuntzarena), arrautzak eta akuikultura (batez ere gaizkataren arrautzak, muskuiluak eta amuarrainak).
Horrela, ekoizpen ekologikoaren balioa 1.619 milioi eurora iritsi zen 2015. urtean (aurreko urtean baino %35 gehiago). Landare jatorriko ekoizpenari dagokio %84 eta animalia jatorrikoari %16.
Ildo horretan, 6 motatako ekoizpen ekologikoetan biltzen da balio ekonomiko horren %83a, eta landare jatorrikoak dira gehienak. Honako hauek dira, handitik txikirako hurrenkeran: olioa, barazki freskoak eta patata, haragiak (mota guztietakoak), ardoak, frutak eta fruitu lehorrak.
Kontsumoa
Produktu ekologikoen barne kontsumoa %24 handitu zen 2015ean, eta 1.500 milioi eurora hurbildu zen. Herritar bakoitzak, hortaz, 32 euro gastatu zuen urtean, eta honako elikagai ekologiko hauekin osatu zuen erosketa saskia: barazkiak, patatak eta horiekin egindako produktuak (%16); frutak eta horiekin egindakoak (%15); zerealak, arroza eta eratorriak (%13); haragiak eta haragiz egindako produktuak (%10) eta olioak eta gantzak (%9).
MAPAMAren esanetan, desoreka bat dago produktu ekologikoen eskaintzan, zeren landare jatorrikoak %77 baitira eta animalia jatorrikoak %23.
Kontsumitzaileen profila
Elikagai eta edari mota horiek erosten dituen kontsumitzaileek zenbait faktore hartzen dituzte kontuan erabaki hori hartzeko:
- Osasuna eta elikadura arloko segurtasuna (osasungarriagoak eta elikagarriak direla iruditzen zaie).
- Ez dute onartzen pestizidak, sintesiko ongarriak, hormonak, gehigarriak… erabiltzea.
- Kalitate, naturaltasun, freskotasun eta zapore handiko produktutzat dauzkate.
- Ingurumena errespetatuz eta animalien ongizatea zainduz ekoizten direla iruditzen zaie.
- Landa gunetik hurbilagokoak direla iruditzen zaie, eta jatorri ezaguna, egiazkoa, autoktonoa eta tradizionala dutela.
- Kultura eta bizi filosofia jakin batekin koherentzian dagoen produktua erosten ari direlako irudipena dute.
- Produktuari buruzko informazioa.
Nolanahi ere, lehenbiziko arrazoi edo motibazioari dagokionez (produktuak osasungarriagoak eta elikagarriagoak direlako irudipena), esan behar da baieztapen hori ez dela frogatu ebidentzia zientifikoekin: “Egia da nekazaritza ekologikoak eragin txikiagoa duela ingurumenean, eta hori hala dela dio Ameriketako Pediatria Akademiak (AAP), baina ez litzateke baieztatu behar, zenbait zirkulutatik egiten den bezala, elikagai ekologikoek askoz kopuru handiagoetan ematen dituztela mantenugaiak, bitaminak, mineralak, herdoilaren aurkakoak, oligoelementuak, mikromantenugaiak, eta abar, ekologikoak ez direnek baino”, azpimarratzen dute Julio Basulto nutrizionista ospetsuak eta Antonio Ortí kazetariak (aditua da nutrizioaren arloan).