Zukuak direla dirudi, baina ez dira
Zuku bat erosten dugunean, zaporea hartzen dugu kontuan, zenbat kostatzen den eta zenbat azukre duen. Eta gerta daiteke funtsezkoak diren bi alderdiri garrantzirik ez ematea: zer-nolako edaria den eta zenbat fruta daukan. Gida honetan jarraibide batzuk emango ditugu irizpide onarekin aukeratzeko.
Zukua, nektarra edo edari freskagarria?
Ontzi batek “laranja” hitza nabarmentzen badu eta fruta horren irudia ageri badu, laranja zukua besterik ez duela pentsatuko dugu segur aski. Baina frutekin eginda dauden edarietan mota eta sail desberdinetakoak daude:
- Fruta zukua. Fruta onduetatik lortzen da zuzenean eta berekin izaten ditu frutaren azukreak, bitaminak eta bestelako konposatu batzuk. Ez dezake eduki azukre erantsirik.
- Kontzentratuarekin egindako fruta zukua. Zuku kontzentratu bat berreginda lortzen da –aurrez kendu egiten zaio uraren zati bat–, jatorrizko egoerara itzultzeko behar duen adina ur erantsita.
- Nektarra. Zukua edo fruta purea nahasi egiten da urarekin, eta azukrea edo eztitzaileak ere eduki ditzake. Araudiak dio gutxieneko fruta kopuru bat eduki behar duela, motaren arabera; adibidez, sag Zü arrarentzat %50ekoa da gutxienekoa eta bananarentzat %25ekoa. Gida honetako bi nektarrak –Granini banana eta Juver mertxika nektarra purearekin eginak daude.
- Fruta zukuen edari freskagarria. Urarekin egiten da, eta fruta zukua edo purea eduki dezake oso kopuru aldakorretan, eta bestelako osagai batzuk ere bai, adibidez azukrea, eztitzaileak, lurrinak eta gehigarri baimenduak. Produktu honetan, legediak ez du eskatzen gutxieneko fruta kopuru bat izatea.
Gida honetan, zortzi edari freskagarri eta bi nektar aztertu ditugu. Lehen begiratuan zukuekin nahasi daitezkeenez, salmenta izenari begiratzea komeni da, zeina osagai zerrendaren ondoan agertzen den.
Erosketa gida hau egiteko, fruta zukuekin eginda dauden hamar edari hautatu ditugu, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute fruta kopuruak, azukreek eta kaloriek.
- Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, eta batez ere zer-nolako edari mota den jakiteko eta zenbat zuku duten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2026ko irailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Zukua eta mamia, zifratan
Zukuak ez bezala, nektarrak eta edari freskagarriak ez daude fruta zukuz edo purez bakarrik eginak, eta horrexegatik, komeni izaten da egiaztatzea zenbat daukaten. Honako hauek daukate gehien: Zü (%85), Hohes C (%70) eta Juver mertxika nektarra (%61,5); eta gutxien beste hauek: Granini banana (%25), Florida (%20) eta Don Simón naranjada light (%15). Bi nektarrek egoki betetzen dute legeak ezarritako gutxienekoa: Granini bananak %25 dauka fruta zukua edo purea (gutxieneko hori eskatzen da bananarentzat), eta Juver mertxika nektarrak %61,5 (%50 da gutxienekoa).
Ontziak pentsaraz dezake daukan baino fruta gehiago duela. Don Simón naranjada light delakoak, adibidez, zuku itxura du eta laranjak ageri ditu, baina %15 baino ez dauka zukua. Komeni izaten da, halaber, zer-nolako frutak dituen begiratzea. Zü etxekoak dio %85 duela zukua eta laranjak nabarmentzen ditu ontzian, baina %53 bakarrik da laranja zukua eta %2 laranja mamia. Gainerako %30a mahats zukua da.
Kantitatea ez da guztia
Aztertu ditugun edari batzuek gainditu egiten dute nekarrentzat legeak ezartzen duen fruta zuku edo mami kopurua: Juver mertxika (%50), Eroski laranja (%50), Zü laranja (%85) eta Hohes C (%70). Baina fruta zuku edo pure asko izatea ez da aski nektarra izateko. Araudiak beste zenbait baldintza ere ezartzen dizkio osaerari eta etiketari. Adibidez, Hohes C delakoak osagai gehigarri bat dauka, akazia zuntza, eta hori ez dago aurreikusia nektarren sailean. Horrexegatik merkaturatzen da edari freskagarri gisa. Gainerako produktuak ere –Don Simón naranjada light, Don Simón anana, Florida eta Granini mertxika– ez daitezke nektartzat hartu: sail horretan onartzen ez diren osagaiak dituzte eta ez dira iristen gutxieneko zuku edo pure kopurura.

Jende askok uste du zukua edo frutazko edari bat edatea fruta freskoa jatearen pareko dela. Produktu batzuek, gainera, hori iradokitzen dute: Juver mertxika delakoak, adibidez, hauxe dio: “edalontzi 1 = fruta zati 1”. Baina nutrizioaren ikuspegitik ez dira baliokideak.
Osorik heldu den frutan, egituraren barnean egoten dira azukreak, zuntzak lagundurik. Gainera, murtxikatu egin behar da eta denbora gehiago behar izaten da kontsumitzeko; ondorioz, gehiago asetzen du eta azukreak mantsoago xurgatzen ditugu. Fruta zukutzean edo birrintzean, galdu egiten da egitura horren eta zuntzaren zati bat. Edatean, gainera, erraza da azkar batean kopuru handiagoa kontsumitzea. Zuku bat prestatzeko, bi edo hiru laranja erabiltzen dira, eta jaten hasita, pieza bat jaten dugu normalean.
Eta hori zifretan islatzen da: laranja batek 10 gramo azukre eta 60 kcal ematen ditu, eta laranja zukuaren baso batek (200 ml) 18 gramo azukre eta 90 kcal. Horregatik, frutatik heldu diren arren, zukuak eta frutazko beste edari batzuk ez dira fruta osoaren baliokideak.
Azukrearekin edo eztitzaileekin?
Zukuek ez bezala, nektarrek eta edari freskagarriek eduki ditzakete azukreak, eztitzaileak edo biak. Aztertu ditugun produktuen artean, hiru egoera aurkitu ditugu:
- Azukrearekin. Bi nektarrek eta Granini mertxikak azukrea bakarrik darabilte gozotasuna emateko.
- Eztitzaileekin. Hiru produktuk eztitzaileak bakarrik dituzte: Don Simón anana eta Eroski etxeetakoek sukralosa daukate eta Juver mertxikak, sukralosa eta K azesulfamoa.
- Azukreak eta eztitzaileak. Don Simón naranjada light delakoak azukrea eta sukralosa konbinatzen ditu eta Floridak glukosa eta fruktosa ziropa, azukrea eta sukralosa.
Hohes C eta Zü etxeetakoek, berriz, ez daukate ez azukre erantsirik eta ez eztitzailerik. Biek zapore gozoa dute, hala ere, fruta zukuak daramatzatelako, eta horiek azukreak ematen dituzte; Hohes C delakoak, adibidez, sagar zukua dauka eta Zü etxekoak mahats zukua.
Eztitzaileek badituzte abantaila batzuk azukrearen ondoan: ez dute kaloriarik ematen, ez dute igoarazten odoleko glukosa eta ez dute txantxarra eragiten. Baina itxura batean, ordea, ez dute laguntzen pisua kontrolatzen epe luzera, eta ikerlan batzuek iradoki dute horiek maiz hartzeak eragina eduki dezakeela hesteko mikrobiotan edo areagotu egin dezaketela zapore gozoak hautatzeko joera. Nolanahi ere, edari horiek guztiek fruta zukuak dituzte eta, ondorioz, azukre libreak, eta horiek azukre erantsien parekotzat jotzen dira.
Zenbat azukre daukate?
Kopururik handienak nektarretan ageri dira: Granini banana (%12) eta Juver mertxika nektarra (%11,4), biak ere azukre erantsiekin. Kopuru nabarmenak dituzte, halaber, Zü (%9,2) eta Hohes C delakoek (%6,4).
Granini mertxikak %8,8 ditu azukreak eta Don Simón naranjada light izenekoak %5,6. Baliorik apalenak honako hauek eman dituzte: Don Simón anana (%3,9), Juver mertxika (%4,2), Eroski (%4,3) eta Florida (%4,6). Guztiek dituzte eztitzaileak; Floridak, gainera, azukre erantsiak ditu.

Beti ez da onena izaten fruta gehien, azukre gutxien edo diru gehien balio duen produktua. Edari horiek alderatzeko, honako faktore hauek hartu behar dira kontuan:
- Edari mota. Begiratu ezazu zer jartzen duen salmenta izenean, hor agertuko baita zukua den, nektarra edo edari freskagarria. Fruta kopuruak beti ez du balio batzuk eta besteak bereizteko.
- Fruta kantitatea eta mota. Begiratu ezazu zenbateko portzentajea eta zer fruta mota duen: zenbat eta gehiago, hainbat hobeto.
- Azukrea edo eztitzaileak. Hobe da azukre erantsirik eta eztitzailerik ez duten produktuak aukeratzea, eta horien artean, guztizko azukre gutxien dutenak.
- Amu komertzialak. Ez hartu kontuan ontzian ageri diren irudiak edo mezuak bakarrik, adibidez “azukre erantsirik gabea” eta antzekoak. Onena zein den jakiteko eta ongi aukeratzeko, salmenta izena, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa hartu behar da kontuan.
- Prezioa. Fruta kopurua kontuan hartuz baloratu behar da: fruta gehien nork eskaintzen duen ikusi behar da preziorik onenean.
Zer-nolako nutrizio profila dute?
Edari horiek ia ez dute gantzik, proteinarik, zuntzik eta gatzik, eta ondorioz, azukre kopurua da alderdirik aipagarriena nutrizioaren ikuspegitik. Horregatik, batzuek eta besteek kalorietan duten aldea estuki lotua dago azukre kantitateari. 100 ml bakoitzeko, nektarrek dute kaloria gehien: Juver mertxika nektarra (58 kcal/100 ml) eta Granini banana (52 kcal/100 ml). Beste muturrean daude Eroski laranja (18 kcal), Don Simón anana eta Florida (22 kcal) eta Juver mertxika (23 kcal).
Aztertu ditugun edari guztiek emaitza txarra lortu dute Nutri-Score sisteman. Fruta eta azukre kantitateek baldintzatzen dute nota. Bi nektarrek E bat lortu dute (horiek dute azukre gehien). Baita Don Simón naranjada light delakoak ere, fruta gutxi duelako batez ere (%15). Baloraziorik onenak, C batekin, Zü eta Hohes C etxeetakoek lortu dute, fruta asko dutelako biek, eta Eroskik ere bai, zeinak %50 duen fruta eta azukrea ez hainbeste (%4,3).
Ordaintzen duguna balio al dute?
Prezioak nabarmen aldatzen dira batzuetatik besteetara: 3,09 euro balio du Hohes C etxekoaren litroak eta, beste muturrean, 0,70 euro Juver mertxikak. Baina prezioak bakarrik ez du islatzen produktu horien balioa, kontuan hartu behar baita zenbat fruta zuku edo mami duten. Bi alderdi horiek gurutzatzean, hauek dira aukerarik egokienak: Juver mertxika (0,014 euro frutaren puntu portzentual bakoitzeko), Zü (0,018 euro) eta Eroski (0,030 euro). Kontrako muturrean daude Granini banana (0,122 euro), Florida (0,093 euro) eta Don Simón light (0,062 euro).

Zuku itxura duten edari guztiak ez dira zukuak, eta bakoitza zein sailetakoa den jakiteak ez du nahitaez adierazten zenbat fruta zuku edo mami daukaten. Hain zuzen, edari freskagarriek daukate gehien: Zü (%85) eta Hohes C (%70), eta Granini banana delakoak, zeina nektarra den, %25 dauka.
Azukreei ere erreparatu behar zaie. Zü eta Hohes C etxeetakoek ez daukate ez azukre erantsirik eta ez eztitzailerik, nahiz eta azukre libreak badituzten, zukuetatik datozenak. Guztizko azukre gutxien Don Simón anana, Juver mertxika, Eroski eta Floridak daukate, eztitzaileak darabiltzatelako nagusiki.
Fruta kopurua, nutrizio osaera eta etiketa kontuan hartuta, Hohes C, Zü eta Eroski dira aukerarik onenak. Prezioa ere kontuan hartuko bagenu, Zü eta Eroskik jarraitzen dute egokienak izaten, eta Juver mertxika ere kontuan hartzekoa litzateke.