Dokumentu bidez aztertu dugu Espainian nola dagoen haurren txertatzea, estaldura zenbatekoa den eta nolako mitoak dabiltzan gaiaren inguruan

Txertoek salbatu egiten dituzte bizitzak

Osasunaren Mundu Erakundeak egindako kalkuluen arabera, immunizazioak urtero 2 eta 3 milioi heriotza saihesten ditu munduan
1 abendua de 2017
Img tema de portada listado 253

Txertoek salbatu egiten dituzte bizitzak

Espainian, urtebete baino gutxiago zituzten haurren %97 txertatu zituzten 2016an

Kalkuluen arabera, B motako hepatitisak 600.000 pertsona inguru hiltzen ditu urtero munduan, eta elgorriak 90.000 lagun hil zituen 2016an. Giza papilomaren birusak eragiten dituen ondorio larriak ere azpimarratzen ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak (umetoki lepoko minbizia eragiten du); minbizi mota hori laugarren lekuan ageri da emakumeek pairatzen dituztenen artean, eta 2012an 266.000 heriotza eragin zituen.

Oso gaitz larriak dira hiru horiek eta hilgarriak ere bai, baina badute beste ezaugarri bat ere elkarrekin: gaur egun badago txertoa horiek saihesteko. Espainiako Pediatria Elkarteak badu Txertaketarako Aholku Batzorde bat (CAV-AEP), eta azaltzen du txertatzea izugarri garrantzitsua dela giza espeziearentzat: “Erabat onartua dago, ura edangarri bihurtzeak izan ezik, beste ezin neurrik ez duela txertatzeak adina lagundu giza espeziean eritasunak eta heriotzak murrizten. Esan daiteke egoera epidemiologikoa aldatu egin dela munduan gure arsenal profilaktikoan txertoak sartzen joan ahala”.

Batzorde horren esanetan, txertatze programa sistematikoek ekarri dute, adibidez, baztanga desagerraraztea, poliomielitisaren transmisioa etetea munduko leku askotan, elgorria ere bai mendebaldeko hemisferioan (%95etik gora murriztu da), eta beste zenbait gaitz kontrolatzea: tetanosa, difteria, errubeola edo Haemophilus influenzae bidezko gaitz inbaditzailea.

Txertatzea zein garrantzitsua den jakinda eta giza talde batzuetan zer-nolako zalantzak sortzen dituen ikusita, EROSKI CONSUMERek argitu egin nahi izan du auzi hau, eta horretarako, aztertu egin du txertatzeak zenbateko estaldura duen Espainian eta zehazki zertan datzan gizakiaren immunitate sistema aktibatzeko modu garrantzitsu hau germen, birus eta bakterioetatik babesteko orduan, nolako segurtasuna eskaintzen duen eta zer-nolako mitoak dituen inguruan. Horretarako, honako iturri hauek erabili ditugu: OME, Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa, Vacunologiako Espainiako Elkartea (AEV) eta CAV-AEP.

Immunitatea

Espainiako Pediatria Elkarteko adituek azaltzen dute txertoak produktu biologikoak direla, eta infekzio bidezko gaitzei aurrea hartzeko balio dutela. Eta nola egiten dute? Aktibatu egiten dute gure organismoa, defentsa espezifikoak garatu ditzan horien kontra. Hau da, txertoek erakutsi egiten diote immunitate sistemari nola babestu behar duen.

Gure herrialdean gehien erabiltzen diren txertoek honako gaitz hauen aurka immunizatzen gaituzte: B hepatitisa, difteria, tetanosa, kukutx eztula, b motako Haemophilus influenzae, meningokokoa, pneumokokoa, elgorria, errubeola, paroditisa edo hazizurriak, barizela, giza papilomaren birusa, rotabirusa, A hepatitisa eta gripea.

AEPren gomendioa da txertoak honela ematea 7 urte bete aurretik:

  • Lehenbiziko urtean, 3 dosi gaitz hauei aurre egiteko: B hepatitisa, difteria, tetanosa, kukutx eztula, b motako Haemophilus influenzae eta polioa. Estatuko autonomia erkidego gehienek injekzio bakarrean ematen dituzte 6 txerto horiek (hexabalentea), haurtxoak 2, 4 eta 6 hilabete dituenean. Batzuek B hepatitisaren aurkako txertoa ere ematen diete jaioberri guztiei.
  • Haurrak 2 hilabete, 4-6 eta 12-15 dituenean, 3 dosi C meningokokoaren aurka.
  • Haurrak 2 hilabete, 4, eta 12-15 dituenean, 4 dosi pneumokokoaren aurka.
  • Haurtxoak 2, 4 (eta 6) hilabete dituenean, 2-3 dosi rotabirusaren aurka (ahotik hartzeko txertoa izaten da). Txerto hori ez dago finantzatua.
  • Haurrak 12-15 hilabete dituenean lehenik, eta 2 eta 3 urte bitartean ondoren, 2 dosi gaitz hauen aurka: elgorria, parotiditisa eta errubeola. Hiru osagaiak txerto bakarrean ematen dituzte (hirukoitz birikoa esaten zaio).
  • Haurrak 12-15 hilabete dituenean eta 2-3 urte bitartean, 2 dosi barizelaren aurka.
  • Haurrak 15-18 hilabete dituenean, dosi 1 gaitz hauen aurka: difteria, tetanosa, kukutx eztula, b motako Haemophilus influenzae eta polioa, injekzio bakarrean (pentabalentea).
  • Haurrak 4-6 urte artean dituenean, dosi bat difteriaren, tetanosaren eta kukutx eztularen aurka.

Inmunitatea eta egutegiak

Txertoen estaldura

Zenbat pertsonak hartzen dituzten gomendatuta dauden txertoak, horri esaten zaio txertoen estaldura. OMEren arabera, munduan %86an egonkortu da txertoen estaldura. Ildo horretan, nazioarteko erakunde horrek kalkulatzen du immunizazioari esker urtean 2-3 milioi heriotza saihesten direla, baina onartzen du, mundu osoan estaldura hobetuko balitz, beste 1,5 milioi eragotziko liratekeela. Eta oroitarazten du munduan 19,5 milioi jaioberrik ez dituztela hartzen oinarrizko txertoak.

Txertoen estaldura herrialdeka aztertura, Espainiako Estatuan ageri da tasarik handiena haur txikien artean. Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren arabera, 2016. urtean %97,2koa izan zen batez beste txertoen estaldura, bigarren urteko sendotze txertoan %95,5ekoa eta laugarren urtetik seigarrenera bitartekoan %91,6koa. Ondoren, 12-16 urte artekoan %81,9ra jaisten da, eta giza papilomaren birusaren aurkako txertoan (11-14 urte arteko neskatoei ematen zaie), %77,5ekoa da. Azkenik, 65 urtetik gorako herritarretan, %55,5ekoa da gripearen aurkako txertoaren estaldura.

Ezberdintasunak eta egutegiak

Espainiako Estatuko txertatze egutegia ez da berdina autonomia erkidego guztietan, badira alde txiki batzuk. Adibidez, Madrilen eta Gaztela eta Leonen B hepatitisaren aurkako txertoa jartzen diete haur jaioberriei (beste inon ez), eta 2 hilabeteko haurtxoek C meningokokoaren aurkako txertoa hartzen dute Madrilen; gainerako erkidegoetan 4 hilabeterekin ematen zaie. Nafarroan, berriz, ez dute jartzen barizelaren aurkako hirugarren dosia.

Erkidego guztietako egutegi ofizialean ageri diren txertoak doakoak dira herritarrentzat, diru publikoarekin finantzatzen baitira. Beste txerto batzuk, ordea, ez ditu finantzatzen Estatuak, eta argudiatzen du desoreka handia dagoela kostuaren eta eraginkortasunaren artean; baina CAV-AEP erakundearen ustez, horiek ere hartu behar lituzkete haurrek: jaioberriek, rotabirusaren eta C meningokokoaren aurkakoak, eta nerabeek, meningokokoaren aurkakoa (tetrabalentea).

CAV-AEPren esanetan, gainera, txertatze egutegi bakarra egon behar litzateke Estatu osorako, eta urtero argitaratzen du berak gomendatzen duen egutegia (ikus orrialde honetan). Era berean, nabarmentzen du, haurrek ahalik eta egutegi osatuena izan dezaten beren osasun itxaropenak hobetzeko, zenbait erabaki hartu behar direla B meningokokoaren eta rotabisuraren aurkako txertoa bularreko haurrei ematearen inguruan eta kukutx eztularen eta meningokokoaren aurkako tetrabalentea nerabeei ematearen inguruan.

Segurtasuna

Komunitate zientifikoak ziurtatzen du txertoak izan direla gaixotasunen aurkako aurrerapenik handienetakoa. Horien artean, Jose Antonio Forcada Segarrak baieztatzen du (erizain vacunologoa da, eta AEVeko kidea) gaur egun dauden sendagairik seguruenak direla txertoak, baimendu aurretik beste edozeinek baino azterketa eta kontrol zorrotzagoak pasatzen dituzte eta.

Nazioarteko erakundeak ere ildo berean mintzo dira, eta Ameriketako Pediatria Akademiak (American Academy of Pediatrics), Gaixotasunak Kontrolatzeko eta horiei Aurrea hartzeko Zentroek (Centers for Disease Control and Prevention, CDC) eta Ameriketako Medikuntza Institutuak (Institute of Medicine, IoM) ondorioztatzen dute txertoen onurek gainditu egiten dituztela arriskuak. Eta Osasunaren Mundu Erakundea, berriz, Ekimen Globala sustatzen ari da 2012. urteaz geroztik Txertoen Segurtasunaren inguruan (GVSI), horien farmakozaintza hobetzeko helburuz.

Hori bai, AEP erakundetik azaltzen dute, sendagai guztiek bezala, txertoek ere eragin ditzaketela nahi gabeko ondorioak, nahiz eta oso arinak izaten diren gehienean: mina zizta egindako lekuan, sukar pittin bat edo negelen bat. Onartzen dute, dena den, kasu bakan batzuetan, salbuespen gisa, txerto batek eragin ditzakeela erreakzio larriak zenbait pertsonarengan, prestakin horri alergia diolako edo beste arrazoiren batengatik. Hori dela eta, azpimarratzen dute beti osasun arloko profesionalek jarri behar dituztela txertoak eta kontrolatu ere bai, eta pazienteak osasun etxean gelditu behar duela txertoa hartu eta hurrengo 15-20 minutuetan.

Info1 eu

Info2 eu

Mitoak

Mitoak eta uste okerrak

Ikusi dugun bezala, txertoen segurtasuna bermatua dagoela ziurtatzen dute adituek, eta urtero-urtero giza laguntza ematen diharduten erakundeek finantzaketa bilatzen dute txertorik ez dagoen lekuetara irits daitezen, baina, hala ere, oraindik badira txertoen aurka dauden pertsonak. Eta uko egiten diote beren familia immunizatzeari. Eta egin dezakete, Espainiako Estatuan ez baita nahitaezkoa haurrak immunizatzea.

Auzi horretan, okerreko mezuak nolanahi zabaldu ez daitezen, OME argibideak ematen saiatzen da txertoen inguruan dabiltzan mitoak argitzen saiatzeko. Horietako batek esaten du, adibidez, txertoak ez direla beharrezkoak hiru arrazoirengatik: aurre egiten dieten gaixotasunak desagertuta daudelako gure herrialdean, higiene eta saneamendu baldintza hobeek desagerrarazi egingo dituztelako, edo saihetsezina delako horiek pasatzea. Guztiz bestela da, ordea. Lehenik eta behin, txertoek aurre egiten dieten nahasmenduak oso ohikoak ez badira ere herrialde askotan, gaitz horien atzean dauden eragileek hortxe jarraitzen dute mundu honetako leku batzuetan, eta mundu honetan dena dago elkar ukitzen ia. Horretaz gain, nahiz eta higiene hobe batek eta edateko urak lagundu egiten duten pertsonak gaixotasunetatik babesten, horietako asko han eta hemen zabaldu daitezke nahiz eta gu oso garbiak izan. Eta, azkenik, badago modua zenbait gaixotasuni aurrea hartzeko, elgorriari, parotiditisari eta errubeolari, besteak beste, eta ez da nahitaez gaixotu beharrik.

Bestalde, difteriaren, tetanosaren eta kukutx eztularen aurkako txerto konbinatuak eta poliomielitisaren aurkako txertoak ez dute eragiten bat-bateko heriotzaren sindromerik haurtxoengan. Eta OMErentzat garrantzitsua da oroitaraztea lau gaixotasun horiek hilgarriak izan daitezkeela, eta horien kontrako txertorik hartzen ez duen jaioberriak arrisku handia izaten duela hiltzeko edo desgaitasun larriren bat jasateko.

Era berean, txertoek ez dute autismorik eragiten. 1998an egin zen ikerketa batek aipatzen zuen lotura egon zitekeela elgorriaren, parotiditisaren eta errubeolaren aurkako txertoaren eta autismoaren artean, baina OMEk azpimarratzen du irregulartasun handiak zituela txosten hark.

Azkenik, merkuriorik ere ez dute izaten. CAV-AEP erakundeak azaldu du txertoak ekoizteko eta kontserbatzeko prozesuan timersala erabili izan zela luzaroan, mikrobioen aurka egiteko duen gaitasunagatik (gatz horrek etilmerkurioa dauka). Baina substantzia horren inguruan sortu zen gizarte alarmaren ondorioz, gero eta gutxiago erabiltzen da. OMEk ziurtatzen du ez dagoela froga zientifikorik esateko txertoetan erabiltzen den tiomersal kopurua arriskutsua dela osasunarentzat.