Haurren makillaje

Koloreteak badu zerbait ezkutuan

Ama edo aita imitatzeko edo spiderman-en antza izateko. Haurrek izugarri maite dute mozorrotzea eta beste norbait direlako itxurak egitea, baina kontuz ibiltzea komeni da kosmetikoak ematean, eta ongi hautatu behar dira produktuak. Adinez zenbat eta gazteagoak izan, larruazala orduan eta sentiberagoa izaten da kanpoko eraginetara.
1 abendua de 2018
Img tema de portada listado 281

Koloreteak badu zerbait ezkutuan

Illinoisko neskato bat da Lydia Craven, eta hiru urte zituenean, haurrentzako makillaje sorta bat opari egin zioten gurasoek. Eman zuen aurpegian, eta 24 ordu igaro baino lehenago ospitalera eraman behar izan zuten, erreakzio alergiko larri baten erruz. Haren familiak Facebook-en jarri zituen argazkiak martxoan, jendeari ikusarazteko zein garrantzitsua den etiketak ongi irakurtzea.

Neskatoaren irudiak zirrara eragiteko modukoak dira: begiak puztu-puztuak ditu, eta ia ez ditzake ireki ere egin. Ezpainak zauriz eta negelez beteta ageri zaizkio, eta larruazalak hainbeste erretzen zion, ezen konpresa hotzak jarri behar izaten baitzizkioten 30 minututik behin. Bi aste behar izan zituen bere onera etortzeko. Produktu sorta hark sei substantzia kimiko arriskutsu zituen, larruazal sentiberetan erreakzio alergiko larriak eragiteko gai direnak.

Makillajeekin eta margoekin jolasean aritzea ez da arriskurik gabeko jarduera. Neska-mutilei liluragarria iruditzen zaie superheroien antza hartzea, marrazki bizidunetako pertsonaiena bestela, edo gehien maite dituzten animaliena. Edozein festatan, mozorrotzera iritsi ez arren, gutxienez aurpegia marrazteko joera izaten dute haien antza eduki nahian. Horrexegatik hartzen dituzte jostailuzko beren kosmetikoak eta makillatu egiten dira, azazkalak margotzen dituzte eta aldi baterako tatuajeak egitera ere ausartzen dira. Ez dute arriskurik ikusten jolas horietan, eta haurrentzat izanik, gurasoek ere nekez pentsatuko dute arriskutsuak direla; gainera, kosmetikoen eta jostailuen Espainiako legedia betetzen duten produktuk dira…

“Margo horiek oso erraz kentzeko modukoak izaten dira eta hipoalergenikoak izan behar dute, haurren larruazalean ematekoak dira eta”, adierazi du Francisco Javier del Boz dermatologoak. Baina zer esan nahi du hipoalergenikoak? Espainiako Lurringintza eta Kosmetika Elkarteak (Stanpa) azaltzen duenez, esan nahi du erreakzio alergikoak eragiteko ahalmen urria duela. Eta ekoizleak arreta gehiago jarri duela bai osagaiak hautatzeko garaian eta bai kontrol probetan ere, okerreko erreakzioak sortzeko arriskua are gehiago murrizteko egiten direnetan. Litekeena da makillaje horiek larruazaleko arazo batzuk sorraraztea, adibidez ukipenezko dermatitisa (alergikoa edo narritadurazkoa), batez ere larruazal sentibera duten haurretan (atopikoak).

Halakoetan, honako hauek izaten dira sintomarik ohikoenak: ekzemak edo gorritasunak larruazalean, pusla txikiak, hanturak eta azkura. Zenbait produktuk substantzia kimikoak izaten dituzte, adibidez azazkaletako lakek eta ezpainak margotzekoek (koloratzaileak, kontserbagarriak, lurrinak edo disolbatzaileak), eta alergenikoak eta /edo narritatzaileak izan daitezke, halaxe dio Del Boz-ek: “Haurrekin ez dira erabili behar, batez ere oso txikiak direnean”. Aldi baterako tatuajeek ere gehigarriak izaten dituzte erantsita, hennak luzaroago iraun dezan (batez ere parafenilendiamina), eta horiekin ere ohikoa izaten da erreakzio alergikoak agertzea. Eta arrisku larria eragin dezakete, erreakzio horien ondorioz “gerora beste arazo batzuk sor daitezkeelako ehunetan edo ilerako produktuetan erabiltzen diren tinduekin”, erantsi du espezialistak.

SEI URTE EGIN ARTE, KONTUZ.

Haur txikienekin hobe da ez erabiltzea gisa horretako produkturik, eta etiketa askok ere halaxe ohartarazten dute. Hiru urtetik beherako adingabeen larruazala oso zaurgarria da kanpoko edozein eragileren aurrean, epidermis fina izaten baitute eta oso gantz gutxi larruazalaren azpian. Oso iragazkorra izaten da; izan ere, gorputzaren pisuarekin alderatuta, larruazaleko ehunaren gainazala hiru aldiz handiagoa da helduena baino. Hori dela eta, askoz arrisku handiagoa izaten dute intoxikatzeko.

Haur horien pH-a, gainera, neutroa izaten da (7), eta, hortaz, heldu batenak baino (5) azidotasun txikiago eduki ohi du; ondorioz, sentiberagoa izan ohi da narritaduren eta infekzioen aurrean. Gainerako haurrekin, berriz, neurriak hartu beharra dago, bai produktu horiek erostean eta bai ematean ere. Kontuan hartu behar da horien larruazala ez dela izaten heldu batena bezalakoa sei urte betetzen dituzten arte (eta pubertaroa heldu arte sebo guruinak ez direla egoten erabat aktibo).

Ohikoa ez den arren, gerta daiteke segurtasun kontrolek huts egitea. Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) 2013. urteaz geroztik ez du jakinarazpenik jaso ezaugarri horiek dituzten produktuek haurrengan sor ditzaketen arriskuen inguruan. Joan den abuztuan, ordea, Alerta Azkarreko Europako Sistemak (RAPEX) agindua eman zuen haurrentzako makillajea zeukaten kutxatila batzuk merkatutik atera zitzatela Txekiar Errepublikan, Espainian eta Portugalen, amianto arrastoak zeuzkatelako (material horrek minbizia eragiten du).

Eman aurretik, irakurri

Jostailu Ekoizleen Espainiako Elkartearen iritziz (AEFJ), etiketa irakurtzea da modurik onena kosmetiko bat segurua den edo ez jakiteko. Har itzazu gogoan aholku hauek: Ziurtatu ezazu etiketan ageri den informazio guztia irakurri duzula:

  • Har itzazu kontuan segurtasunari eta adinari dagozkion gomendioak. Eta egin kasu. Ez erosi CE ikurra ez daukaten jostailuak (bilgarrian edo jostailuan bertan agertuko da), ezta ekoizlearen helbidea ageri ez dutenak ere.
  • Aztertu ezazu osagaien zerrenda etiketan, bereziki zure haurrak alergia baldin badu substantzia eta lurrinen batekiko. Osagaien zerrendarik ez badu, ez erosi produktua. Gorde ezazu ontzia edo etiketaren euskarria, erreakzio alergikoren bat gertatu eta haren osaeraren berri eman behar baduzu ere.
  • Eros ezazu konfiantzazko saltokietan eta gorde ezazu erosketa tiketa, beharrezkoa izango baituzu erreklamazioren bat egin behar izanez gero.
  • Azaldu egin behar dute zer-nolako neurriak hartu behar diren erabiltzeko, eta erabilera oharrak ere eman behar dituzte, berariaz agertzen dela “Advertencia” hitza (ohartarazpena), ekoizpen sortaren zenbakia eta jatorrizko herrialdea (EB-tik kanpokoa denean). Jarraibide horiei erantsi egin behar litzaizkieke medikuntzako profesionalen aholkuak, adibidez kalitatezko produktuak erabiltzea makillatzeko, ahal dela botiketan erosiak, eta test dermatologikoen bidez probatuak edo hipoalergenikoak izan daitezela.

Osagai hauek saihestea komeni.

Nahiz eta produktuak legearen barrenean egon, oso garrantzitsua da etiketari begiratu bat ematea eta osagaien zerrenda irakurtzea, erreakzio kaltegarririk ez dela izango egiaztatzeko. Lurrinek eta parabenoek bezala, ukipen dermatitisa eragin dezaketen osagaien artean daude honako hauek ere: kathon CG kontserbatzailea (metilkloroisotiazolinona eta metilisotiazolinona), parafenilendiamina, formaldehidoa eta haren askatzaileak, adibidez diazolidinil urea edo -2-Bromo-2-nitropropano-1,3-diol delakoa, edo lanolina (artilearekin egiten den argizaria). Olio mineralek, berriz, zaurgarriago bihurtzen dute larruazala aknearen eta gisakoen aurrean (paraffinum, petroleum edo paraffinum liquidum izena hartzen dute olio horiek).

Adituen gomendioa da, dena den, produktu jakin batzuk erabiltzea arriskua murrizteko. Hobe da ur oinarria duten makillaje solidoak erabiltzea eta kolore argikoak, zeren kolore ilunekoek metal astun gehiago izaten baitute, halaxe dio honako ikerlan honek: Pretty Scary 2. Haurren makillajearen toxiko kimikoei mozorroa kenduz (2016ko urria). Bularreko Minibiziaren aurkako Funtsak egina da (Ameriketako Estatu Batuetako erakundea da).

Nolanahi ere, makillajea osorik eman aurretik, beti komeni izaten da eskumuturrean probatzea kosmetikoa, ea nola eragiten digun ikusteko eta kalterik ez duela sortzen egiaztatzeko (azkura edo gorritasunak). Immunologia Klinikoaren, Alergologiaren eta Pediatriako Asmaren Espainiako Elkarteak dioenez, gainera, ongi hidratatzea komeni da makillajea eman aurretik eta eman ondoren, larruazal atopikoetarako kremak erabilita. Eta margoa ahalik eta lasterrena kentzea ere gomendatzen du, urarekin eta xaboi neutroarekin, edo makillajea kentzeko esne hipoalergeniko batekin (egokia izan behar du haurrentzat).

Horrekin batean, dermatologoek diote saihestu egin behar dela gantz gehiegi duten produktuak eta gehiegizko makillajea erabiltzea, eta egunero erabiltzerik ere ez dela komeni. Neurri horiek guztiak hartuta ere erreakzioren bat agertzen denean, onena da produktua baztertu eta gehiago ez erabiltzea. Azkura kentzeko, larruazala hidratatu egin behar da kremekin (kolore eta usain gabeak izan behar dute), eta lagungarria izaten da, halaber, konpresa edo trapu hezeak jartzea kaltea sortu den gunean. Pediatrak edo dermatologoak esango du zer komeni den kasu bakoitzean, eta, horregatik, komeni izaten da produktuaren ontzia gordetzea, eta arazoa desagertzen ez bada, medikuak kortikoide topiko arinak erabiliko ditu denbora tarte motzetan eta ahotik hartzeko antihistaminikoak ere bai. Garrantzitsua da, halaber, ekoizleari jakinaraztea, kontuan har dezan norbaiti erreakzio kaltegarri bat eragin diola haren produktuak.

KOSMETIKOAK NESKATOETAN: HOBE ATZERATZEA.

Gomendio horiek kontuan hartzekoak dira kosmetikoak erabiltzen hasi diren neska gazteentzat ere. Askok adinez helduak direlako itxura eman nahi dute garaia baino lehen, horretara bultzatzen baitituzte modaren estimuluek, sare sozialek, euren amek eta lagunek… baina horretan hasteko adina “ahalik eta gehiena” atzeratu behar luketela dio Del Boz-ek. Neskatoek 13 urte inguru dituztenean, makillajea emateak daukan eragozpenik handiena da buxatu egiten dituela poroak, eta horrek erraztu egin dezake aknea agertzea edo okerrera egitea. Horregatik komeni da produktu hipoalergenikoak aukeratzea, poroak blokeatzen ez dituztenak, gantzik ez daukatenak eta eguzkitik babesten dutenak. Eta, jakina, garbitu ere ongi-ongi egin behar da. Dermatologoek oroitarazten dutenez, makillajea kentzeko produktu arinak erabiltzeak eta aldian behin arin-arin esfoliatzeak lagundu egiten du larruazala zaintzen.

EMAKUME AURPEGIA DUTEN NESKATOAK

Ikus-entzunezkoen Kataluniako Kontseiluak (CAC) datu hau eman du: bere itxura fisikoaz arduratuta dauden neskatoak ageri dituzten jostailuen iragarkiak iaz halako bi izan dira aurten.

Estereotipo hori sustatzeak baditu bere ondorioak. Bere burua 4-5 urterekin makillatzea jolas sinbolikoa da, baina adingabe askok jauzia egiten du eta 10 urte baino ez dituztenean ekiten diote makillatzeari, eta ez jolas gisa gainera, nahiz eta adin horretan hala behar lukeen. Jardunbide horrek mendekotasuna ere sor dezake batzuetan, halaxe ohartarazi du Luis de la Herrán psikologo klinikoak.

Baina publizitatea ez da errudun bakarra neskatoak 15 urteak bete baino lehen hasi badira kosmetikaren eremuan (psikologo askok adin horretan jartzen du muga). “Gurasoak dira haien ereduak, eta ez da koherentea ama beti apainduta ateratzea eta gero alabari esatea ez dadila obsesionatu ezpainetakoarekin”, adierazi du.

Guztiok dugu erantzukizuna eta ardura haurtzaroa hipersexualizatzeko joera horrekin, batez ere neskatoetan, zeinak rol jakinak hartzera bultzatzen ditugun. “Mutiko bati Ferrari bat ematea bezala da. Gauzak saiatu eta bidean huts egitea, horixe izaten da garai hori, talde batean gauzak probatzea, onartu edo baztertu egiten dituzten ikustea, eta, beraz, saihestu egin behar dugu neskatoak hipersexualizatzea eta pentsaraztea irudiak ematen diela balioa”.

Besteek pentsatzen dutenak eragina du haiengan, eta Internetek handitu egiten du presioa. Datu batek ongi islatzen du zer ari den gertatzen: 12 eta 20 urte arteko neska-mutilen %40k baino gehiagok moldatu egiten dute beren irudia Internetera igo aurretik.

Aditua

Aditua: Francisco Javier del Boz, haurren dermatologoa eta Pediatria arloko Dermatologiako Taldeko kidea (Espainiako Dermatologia eta Benereologia Akademiaren mendeko erakundea da): “Ez lirateke erabili behar larruazal sentibera edo alergia ezagunak dituzten pertsonetan”.

Makillajearekin jolasteak ba al du arriskuren bat haurren larruazalaren osasunerako?

Izan ditzake arrisku batzuk, adibidez dermatitisa agertzea, batez ere margoen osaera kimikoak eraginda.

Zer gertatzen da dermatitis atopikoarekin edo adingabeen larruazalean ohikoagoak diren beste gaixotasun batzuekin, adibidez inpetigoarekin?

Dermatitis atopikoa duten haurrek joera handiagoa izaten dute makillajearekin larruazalean erreakzioak edukitzeko; erreakzio horiek narritadurazkoak izan daitezke (ekzemak) edo egiazko alergiak ere bai. Inpetigoaren gisako erreakzio bat edukiz gero, lesioak makillatzea kaltegarria izan liteke, tratamenduarekiko erresistentzia handia ekar bailezake, eta beste gune batzuetara zabaltzea.

Zer egin diezaioke makillajeak nerabezaroaren atarian dagoen pertsonaren akneari?

Adin tarte horretakoen larruazalean, makillajearekin poroak ixteak aknea agerraraz dezake edo lehendik dagoena okertu.

Gomendatuko al zenuke haurrentzako makillajea erabiltzea?

Dermatologian, horiek erabiltzeko gomendioa ematen diegu haur eta nerabe batzuei, larruazalean nahasmenduak dituztenean eta beren bizi kalitateari eragiten dionean; horiek hein batean edo bestean ezkutatzeko balio izaten dute produktu jakin batzuek. “Makillaje edo kamuflaje terapeutiko zuzentzailea” esaten zaio teknika horri, eta tresna terapeutiko osagarria izan daiteke, ez-inbasiboa, merkea eta erraz erreproduzitzeko modukoa.

Nork ez luke erabili beharko?

Larruazal sentibera duten pertsonek, adibidez haurrik txikienek edo larruazal atopikoa dutenek, edo alergia ezagunak dauzkatenek.

Nola eman behar litzateke makillajea, erabilera segurua izan dadin?

Garrantzitsuena produktuak ongi hautatzea da: hipoalergenikoak izan behar dute, gantzik gabeak eta, ahal bada, babestu egin behar dute irradiazio ultramoreetatik egunean zehar erabiliko badira. Era berean, komeni da denbora mugatu batean ematea, produktua ahal bezain azkar kentzea eta modu egokian, makillajea kentzeko produktu leun espezifikoak erabilita.

7 gako espezialista egin zaitezen litxarrerietan

/imgs/20181201/GettyImages-675603751.jpg

Seguru gaude izugarri maite dituzula gozokiak, gominolak eta erregalizak. Baina zer dakizu egiaz horien inguruan? Irakur itzazu aholku hauek eta egin zaitez espezialista.

  1. Jateko moduko produktua izaten da litxarreria bat, gozoa eta kolore eta itxura ikusgarrikoa, baina ez da ona gorputzerako.
  2. Nahiz eta freskagarriak ez diren murtxikatzen gozokiak eta erregalizak bezala, litxarrerien taldean sartzekoak dira, ugari izaten dituztelako azukreak eta baita kolorea eta zaporea emateko beste osagai batzuk ere. Ez diote mantenugairik ematen gure organismoari, baina kalte egin diezaiokete.
  3. Gozokiak edo gomazko hartzatxoak azukrez eginak egoten dira nagusiki, eta osagai horrek txantxarra eragin dezake zure hortz-haginetan. Agian ez duzu jakingo, baina badira azukre asko izanagatik oso osasungarriak diren beste elikagai batzuk ere, adibidez fruta heldua edo deshidratatua (ura kendu diotena); horiek ez diete kalterik egiten zure hortzei.
  4. Beste aholku on bat: sekula ez jan litxarreriarik otorduen aurretik, gosea kenduko baitizute: azukre asko izaten dute, eta beteta sentiarazten gaituzte. Mahaira eseri eta jateko gogorik ez badaukazu, ez duzu edukiko behar adina indar ikasteko, jolasteko edo kirola egiteko.
  5. Txantxarra eragiteaz gain eta gosea kentzeaz gain, gizendu ere egin zaitzakete litxarreriek. Populazioaren %30ek gizentasuna daukate, eta neska-mutilak ere sartzen dira hor. Gizentasuna ‘etsai’ handia da gure bihotzerako, handitu egiten dituelako arteria tentsioa, kolesterola eta diabetesa izateko probabilitatea.
  6. Orduan, zenbat aldiz jan ditzakegu litxarreriak? Oso noizbehinka egitea da onena, asteburuetan gehienez ere.
  7. Hartu gogoan: litxarreriek gizendu egiten dute, baina ez dute ongi elikatzen. Kontrolatu ezazu zenbat jaten dituzun eta sekula ere ez hartu egunero; era horretan, zaindu egingo dituzu osasuna eta hortzak. Saia zaitez fruta izan dadin zure litxarreria kuttunena.