Dokumentu azterketa egin dugu kalitate ziurtagiri bereziak (JIB eta AGB) dituzten nekazaritzako produktuen egoera zertan den jakiteko

JIBak eta AGBak: nortasun, tradizio eta aniztasun ikurrak

2013. urtean nekazaritzako 175 produktuk zeuzkaten Espainian Jatorri Izen eta Adierazpen Geografiko babestuen zigilua (ardoak eta beste edari alkoholdun batzuk kontatu gabe)
1 martxoa de 2016
Img tema de portada listado 187

JIBak eta AGBak: nortasun, tradizio eta aniztasun ikurrak

Nekazaritzako produktu batek edo elikagai batek izaten duen Jatorri Izen Babestuak (JIB) eta Adierazpen Geografiko Babestuak (AGB) kalitate bereziko produktua dela ziurtatzen eta bermatzen du, eta horretaz gain, adierazi egiten du zer jatorri geografiko duen, zer-nolako tradizioa eta lehengaiak dituen, eta nolako prozedurak erabiltzen dituzten ekoizteko, eraldatzeko eta merkaturatzeko. Balio berezi eta bakana ematen diote produktuari.

Produktu baten jatorria eta hura egiteko motodoak zaintzea tradizioari lotutako lana izan da. Geografia izendapen zaharrenak ardoari eta oliba olioari lotuta sortu ziren, mahatsondoak eta oliobondoak oso sentiberak baitira naturako faktoreen eraginetara. Hala ere, lehenbiziko izendapen babestua aurkitzeko, XVII. mendera egin behar dugu atzera: 1666. urtean, Tolosako Parlamentuak (Okzitania, Frantzia) halaxe aldarrikatu zuen: “Roquefort bakarra dago, eta hori da Roqueforten ontzen dena antzina-antzinatik herri horretako leizeetan”.

Beste kontzeptu batzuek, berriz, ez zuten jaso lege bidezko onespenik XX. mendeak ongi aurrera egin arte, honako hauek besteak beste: “adierazpen geografikoa”, “jatorri izena” eta “jatorri geografikoa”. Mercasa-ren arabera azokagune handiak biltzen dituen erakundea da, ordu arte “Roquefort gazta egin zitekeen Espainian eta Jerez ardoa Australian, eta halaxe egiten zen, gainera”. Merkatu Bateratuarekin, ordea, arau eta muga batzuk jarri zizkieten elikagaien izendapenei.

Gaur egun, Mercasak 4.000 izendapen zerrendatu ditu mundu osoan, eta gehienak Europako Batasunean daude (EB) . Italiak ditu gehien, Frantziak ondoren eta Espainiak gero. Kalitate berezia duten produktu horiek lagundu egiten dute nekazaritza arloko industrien lehiakortasuna eta landa eremuaren bilakaera eta iraunkortasuna, eta baliagarriak dira herrialdeko produktuak atzerrian sustatzeko.

EROSKI CONSUMERek sakon aztertu nahi izan du Espainiako Estatuan kalitate zigilu bereziak (JIB eta AGB) dituzten nekazaritzako produktuen egoera zein den (salbu eta ardoarena, sagardoarena eta edari destilatuena). Horretarako, hainbat txosten eta dokumentu aztertu ditugu, egile batek baino gehiagok landuak: Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (MAGRAMA), Mercasa enpresa publikoak eta jatorri izenen Espainiako elkarteak (Origen España); horrekin batean, Pablo de Olavide Unibertsitateko eta San Telmo Nazioarteko Institutuko adituek egindako azterlanak ere erabili ditugu esku artean.

JIP e AGB: kopurua eta desberdintasunak

Aniztasun handia

2013. urtean, nekazaritzako 175 produktuk zeukaten Espainian kalitate zigiluren bat, MAGRAMAk emandako datuaren arabera (hor ez dira sartzen ardoak, sagardoa eta edari destilatuak, alkoholdunak baitira). 15 taldetan sailkatzen dira: gaztak, haragi freskoak, urdaiazpikoak eta besoak, oliba olio birjina, fruta freskoak, ogi, pastel eta gozoak, barazki freskoak, arrainak eta itsaskiak, arroza, hestebeteak eta beste haragi produktu batzuk, ongailuak eta espeziak, eztia, gurina, lekaleak eta ozpinak.

1988. urteaz geroztik (Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan sartu eta urtebetera), handitu eta handitu joan da kalitate zigiluren bat (JIB edo AGB) duten produktuen kopurua, eta orduan halako 11 dira orain: 15 ziren garai hartan eta 2013. urtean, berriz, 175. Bereziki nabarmentzekoa da 90eko urteetan izan zen gorakada: %20ko igoera izan zuten 1990. urtean eta %56koa 2000. urtean (kalitate zigilua zuten nekazaritzako 78 produktu zeuden orduan).

2013. urtean, honako talde hauek zuten elikagai kopururik handiena kalitate zigilu berezi batekin: oliba olio birjina (29), gaztak (28), barazkiak (24) eta frutak (21). Lau talde horien artean, Espainian eman diren kalitate zigiluen bost herenak dauzkate.

Egungo egoera hori den arren, gauzak asko aldatu dira 25 urtean. 1988. urtean, JIBa eta AGBa zuten talde bakarrak gaztena, oliba olio birjinarena, urdaiazpikoena, barazkiena, arrozarena eta lekaleena ziren. Hiru hamarkadatan, beste elikagai talde batzuk gehitu zaizkie horiei: aztertu ditugun taldeen artean, gehienek 90eko hamarkadan lortu zuten zigilua, salbu eta arrainek eta itsaskiek, ozpinek, gurinak eta zereal eraldatuek; horiek 2000. urtea igarota egin zuten.

Autonomia erkidegoka, Andaluziak du JIB eta AGB zigilua daukaten produktu gehien, 29 hain zuzen, eta ondotik datoz Katalunia (20), Galizia (18), Gaztela eta Leon (17), Gaztela Mantxa (13), Valentzia (11) eta Extremadura (10). Zazpi lurralde horietan biltzen dira Espainiako Estatuan kalitate zigiluak dituzten produktuen %67. Horretaz gain, badira JIBa eta AGBa duten zortzi produktu erkidegoz gaindiko, hau da, erkidego batean baino gehiagotan lantzen direnak.

JIBa edo AGBa: non dago aldea?

Kalitate zigilua duten nekazaritzako 175 produktuetatik, JIBa daramate %55ek eta AGBa %45ek. Guztiek dute kalitate bereizgarri bat, Europako araudiak babestua (2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (UE) Araudia, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena), eta, hortaz, kalitate ezaugarri berezi batzuk betetzen dituzte guztiek (gainerako elikagaiei eskatzen zaizkien baldintzak baino zorrotzagoak bete behar izaten dituzte). Sail bat baino gehiago dago:

Jatorri Izen Babestua (JIB): produktu horien kalitateak edo ezaugarriek lotura dute ekoizten den inguru geografikoarekin eta naturako faktore eta giza faktoreekin. Izena ematen dien inguru geografiko horretan lortzen, eraldatzen eta elaboratzen dira beti. 2013. urtean, kalitate berezia zuten 175 produktuetatik 96 ziren sail horretakoak. Olioaren, arrozaren, gurinaren, ongailu eta espezien eta ozpinen taldean, sail horretakoak ziren produktu guztiak. Hona hemen adibide batzuk: Errioxako olioa, Ebroren Deltako arroza, Soriako gurina, Verako piperrautsa eta Jerezko ozpina.

Adierazpen Geografiko Babestua (AGB): jatorri geografiko bati atxiki dakiokeen tasun jakin bat, ospe bat edo bestelako ezaugarriren bat izaten dute produktu horiek. Izena ematen dien inguruan ekoizten, eraldatzen eta elaboratzen dira. 2013. urtean, kalitate berezia zuten 175 produktuetatik 79 ziren sail horretakoak. Sail horretakoak ziren haragi freskoen taldeko produktu guztiak eta berdin beste hauetakoak ere: hestebeteak eta haragi produktuak, zereal eraldatuak, eta ogiak eta gozoak. Adibide gisa jar daitezke Galiziako txahalkia, Bierzoko botilloa, Leongo zezina, Kanarietako gofioa edo Pas-eko sobaoa.

Espezialitate tradizional bermatuak (ETB). Sail bereko beste elikagai batzuekin alderatuta, ezaugarri espezifiko bereziak dituzten produktuak dira. Horrekin batean, lehengai tradizionalak erabiliz ekoitzi behar dira edo haien osaerak, ekoizteko moduak edo eraldatzekoak tradiziozkoa edo artisau erakoa izan behar du. Espainiako Estatuan 4 bakarrik daude: urdaiazpikoa, etxaldeko esnea, panellet direlakoak eta Castilleja de la Cuestako olio opilak.

Azkenik, ekoizpen ekologikoa dago. Nekazaritzako eta abeltzaintzako teknika multzo bati jarraituz ekoitzitako produktuak biltzen ditu; teknika horietan, baztertu egiten da produktu kimikoen erabilera, ingurumena zaintzeko helburuz, zoruaren emankortasuna mantentzeko eta handitzeko helburuz eta beren ezaugarri natural guztiak atxikiko dituzten produktuak eskaintzeko helburuz. Sail horretako adibideetan, arrautza ekologikoak aipa daitezke, fruta biologikoa eta gazta ekologikoak.

Komeni da sailak ongi bereiztea eta bakoitzak zer esan nahi duen jakitea. Hauxe da horren arrazoia: Origen España erakundeak egindako kalkuluen arabera, 2013. urtean 90 milioi euro galdu ziren iruzur bidez, hau da, produktu generikoak kalitate berezikoak balira bezala saldu zituztelako (erakunde horri lotutako 42 JIBen eta AGBen izena beretzat hartu zuten produktu horiek). Erakunde horrek dioenez, kasuen %15etan, produktua ez dator bat JIBaren edo AGBaren zigiluek babesten dituzten horiekin. Kalitate zigilu horien atzean Kontseilu Arautzaileak daude, horien ardura da araudia zorrotz betetzen dela egiaztatzea, baina, hala ere, iruzurrak gertatzen dira hainbatetan.

Ardoa: kalitate zigiluen jatorria

02 albergue casa cervino

Ez daiteke jatorri izenez eta adierazpen geografikoez hitz egin ardoa alde batera utzita. Edari horiek, izan ere, kalitate zigilu bereizgarrien historiaren zati dira. Mercasaren arabera, Espainiako Estatuan (Frantzian eta Italian bezala), ardoak babesteko sortu ziren jatorri izenak.

Era honetako izena duten ardoek leku handia hartzen dute Espainiako Estatuko merkatuan. 2013. urtean MAGRAMAk, guztira, Jatorri Izen Babestua duten 102 ardo zenbatu zituen eta Adierazpen Geografiko Babestua zuten beste 41. Hauek dira ardo kalitatez berezi gehien dituzten lurraldeak: Jatorri izen babestua dutenen artean Gaztela Mantxa (17), Gaztela eta Leon (12), Katalunia (12) eta Kanariar Uharteak (11) eta Adierazpen Geografiko Babestua dutenen artean, Andaluzia (16).

JIP e AGB sektorea

Zertan da sektorea

2013. urtean, 3.505 industriak gauzatu zuten ekoizpen edo elaborazio prozesuren bat kalitate zigiluak dituzten 175 produktuak egiteko faseren batean: 771k ogien, pastelen eta gozoen taldean; 761ek oliba olio birjinaren taldean eta 500ek gazten taldean (hiru talde horiek 2.032 industria erabiltzen dituzte, izena emanda dauden guztien %58).

Urte hartan, 280.000 tona produktu merkaturatu zituzten gutxi gorabehera, eta horretaz gain, 1.100 pieza urdaiazpiko eta 70.000 hektolitro ozpin ere bai. Merkatuan hartu duten balioa 966 milioi eurokoa izan da: 737 milioi eurokoa Espainiako merkatuan eta 229 milioikoa atzerrikoan. Alde horretatik garrantzi gehien izan duten taldeak gaztarena (211 milioi euro) eta haragi freskoena izan dira (194 milioi euro).

Fakturazioa

MAGRAMAk eman dituen azken datuen arabera, 2012. urtean, orduan kalitate zigilua zuten nekazaritzako 167 produktuek 951 milioi euro fakturatu zituzten.

Produktu mota horren fakturazioa handituz joan da urtetik urtera, eta 1995. urtetik laukoiztu egin da (234 milioi eurokoa izan zen orduan). Eta berdin gertatu da kalitate zigilu horiek lortu dituzten produktuen kopuruarekin ere.

2012. urteko fakturaziori begiratuta, honako talde hauek nabarmendu ziren: gazta eta haragi freskoak (fakturazio guztiaren %22, hurrenez hurren), urdaiazpikoak eta besoak (%13) eta oliba olio birjina eta frutak (%10, hurrenez hurren).

2012. urtean kalitate zigilua zuten 167 produktuetatik, milioi bat euro eta 5 milioi euro artean fakturatu zuten %27 inguruk, eta milioi erdi euro baino gutxiago %22k. MAGRAMAren arabera, JIBa eta AGBa duten nekazaritzako elikagaien %62k 5 milioi eurotik beherako fakturazioa izan zuten 2012. urtean.

Zehazteko, kalitate zigilua duten honako 5 produktu hauek izan zuten fakturaziorik handiena: Mantxako gazta (111 milioi euro), Galiziako txahalkia (83 milioi euro), Guijuelo-ko urdaiazpikoa (58 milioi euro), Asturiasko txahalkia (26 milioi euro) eta Ribera del Xúquer-eko kakia (25 milioi euro).

Barneko merkatua eta kanpoko merkatua

2012. urtean, 757 milioi eurokoak izan ziren barneko merkatuko salmentak. Haragi freskoen taldeak izan zituen salmentarik handienak (200 milioi eurorenak), gazten taldeak gero (137 milioi eurorenak) eta oliba olioaren taldeak ondoren (106 milioi eurorenak).

Esportazioei dagokienez, berriz, kalitate bereziko produktu mota horrek 196 milioi euroko balioa du: kantitate horren bi herenak Europako Batasuneko salmentetatik datoz (124 milioi euro) eta gainerakoa kanpotik (72 milioi euro). Taldeka, fruta freskoak nabarmentzen dira (47 milioi euro), gaztak (73 milioi euro) eta oliba olioa (25 milioi euro). Kanpoko merkatu motak kontuan hartuz gero, fruta freskoak eta gaztak dira EB-n gehien esportatzen direnak, eta hortik kanpo ere harrera aski ona dute.

Kalitate bereziko produktuen artean kanpoan ongi saltzen denetako bat Ribera del Xúquerko kakia da. 2012. urtean, 17 industria aritzen ziren fruta mota hori ekoizten eta elaboratzen, eta 19 milioi euroren esportazioak izan zituen (1,12 milioi euro industria bakoitzeko).

Zenbat JIB eta AGB daude Espainiako Estatuan, autonomia erkidegoka (2013)

Mapa eu

Erkidegoz gaindikoak

Erkidego batean baino gehiagoan lantzen diren produktuak dira erkidegoz gaindiko JIBak eta AGBak, kalitatez bereziak horiek ere. 2013. urtean, gisa horretako 8 zeuden. Adibidez, Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko zainzuria edo Huelvako urdaiazpikoa, Andaluzian eta Extremaduran egiten dena.

Duela urtebete, lege erregimen berdina onartu zuten erkidegoz gaindiko JIB eta AGB guztientzat (ezagutzeko, babesteko eta kudeaketa arautzeko moduei dagokienez), izan era bateko produktuak edo izan bestekoak. Kontsumitzaileari egiazko informazioa emateko bermeak sortzea da horren helburua. Horrekin batean, sendotu egin zen Kontseilu Arautzaileek duten zeregina JIBak eta AGBak kudeatzeko organo gisa.

JIBa eta AGBa duten indarguneak eta ahulguneak

Kontzentrazioa

MAGRAMAk ikerketa zorrotza egin zuen 2014. urtean, kalitate zigilua (JIBa edo AGBa) zeukaten produktuen adierazle nagusiak aztertu eta kalitate berezia duten nekazaritzako produktuen lehiakortasuna eta merkaturatze moldeen eraginkortasuna neurtzeko.

Ikerlan horrek erakutsi zuen JIBa eta AGBa zeukaten elikagaien salmenta nekazaritzako elikagaien industriak zituen salmenta guztien %1,2 bakarrik zela (ardoak eta edari alkoholdunak sartu gabe) eta esportazioen %1,2: “Leku nahiko mugatua hartzen du nekazaritzako elikagaien Espainiako industriak duen zabalkundearen barrenean”.

Horrekin batean, argi ikusi zuen fakturazioa eta esportazioa nabarmen ari zela kontzentratzen “JIB eta AGB gutxi batzuetan”: 2012. urtean, 5 handienek (Mantxako gazta, Galiziako eta Asturiaseko txahalkia, Guijuelo-ko urdaiazpikoa eta Ribera del Xúquer-eko kakia) fakturazio osoaren hiru laurdenak egin zituzten eta esportazioen ia erdia.

Merkatuko kuotari dagokionez, ikerlanak erakutsi zuen, urdaiazpiko eta besoak, gaztak, oliba olioa eta arroza bakarrik kontuan hartuta, JIBa eta AGBa zuten produktuek azpitalde bakoitzari zegokion merkatu kuotaren %5 hartzen zutela. Aztertu ziren beste 8 taldetan, kuota horrek ez zuen gainditzen %1a.

Azkenik, ikerlanak esaten duenez, “JIBarekin edo AGBarekin babestua dagoen ekoizpen guztia beti ez da merkaturatzen izen horrekin, ohiko produktu gisa baizik”. Egoera hori bereziki ohikoa da honako talde hauetan: oliba olioa, frutak eta barazkiak, lekaleak, arrainak eta itsaskiak, eta ongailuak eta espeziak.

Indarguneak eta ahulguneak

MAGRAMAk egindako ikerlanak sakon aztertzen du adierazle ekonomiko bakoitza, eta hortik abiatuta, JIBa eta AGBa duten nekazaritzako produktuen arloak zer-nolako indarguneak eta ahulguneak dituen esaten du.

Alde batetik, ahulguneen artean, kalitate zigilu horiek dituzten produktu gehiegi dagoela esaten du, eta oso sakabanatuta daudela. Arlo hori nazioartera gehiago zabaldu daitekeela ere azpimarratzen du ikerlanak, eta ekoizpen eta merkaturatze ahalmenak neurri apalean erabiltzen direla. Beste ahulguneetako bat kontsumitzaileari ematen zaion informazioarekin eta komunikazioarekin lotua dago, eta hark produktu mota horren inguruan duen pertzepzio eta balorazio urriarekin.

Kalitate bereziko produktuen arloak baditu, dena den, indarguneak ere: kalitate handia, ekoizpen bitarteko eta talde onak, berezko teknologia nahikoa, giza baliabide eta zuzendaritza baliabide oso prestatuak, zaintza eta kontrol egitura onak eta landa eremuarekiko konpromiso sendoa. Horiek tresna onak izan daitezke etorkizunari begira jartzeko, ikerlanaren arabera gero eta lehia handiagoa etorriko baita gorantz egiten ari diren herrialdeetatik, gero eta araudi eta betekizun zorrotzagoak EBtik, ekonomiaren eta finantzen arloko beste krisi batzuk, eta landa eremuko populazioaren galera eta landa eremua uzteko joera.

MAGRAMAren iritziz, dena den, etorkizun horrek aukera batzuk ere badakartza: landa eremuak zer-nolako garrantzia duen eta ingurumena zaintzea zeinen beharrezkoa den jabetuta dauden gero eta kontsumitzaile gehiago izatea, eta hotelek, jatetxeek eta kafetegiek gero eta interes handiagoa edukitzea JIBa eta AGBa duten produktuentzat, besteak beste.