Espainiako itsasoetan zenbat zabor dagoen jakiteko azterketa egin dugu zenbait dokumentu erabilita

Itsasoetako zaborrak: larritasun handiko arazoa

Itsasoan 4 hondakin aurkitu dira hondartzek edo ur eremuek hatzen duten metro lineal bakoitzeko, eta plastikoa izan da materialik ohikoena
1 uztaila de 2017
Img tema de portada listado 240

Itsasoetako zaborrak: larritasun handiko arazoa

Plastikoa, egurra, metalak, beirak, goma, oihalak edo papera itsas gainean igerian, baltsa izugarri baten antzera. Argazki hori gero eta ohikoagoa da ozeanoetan, eta begietako mina ematen du. Itsasoko zaborraren arazoa mundu mailakoa da; herrialde guztiei eragiten die, eta gizateriak konpondu beharreko ingurumen arazo handienetakoa da. Horixe dio Ingurumen Zientzien Elkarteak (ACA) 2016. urtean egindako txosten batek.

Baina zer dira zehazki itsasoko zaborrak? Nazio Batuen Ingurumen Programak (UNEP siglak ditu ingelesez) honela definitzen ditu: “Jatorri naturala ez duen edozein solido iraunkor (manufakturatu), itsasoko eta/edo itsasertzetako inguruetan botata, utzita edo abandonatuta dagoena”. Azalpen horretan, beraz, era askotako materialak sartzen dira: plastikoak, egurrak, metalak, beira, goma, oihalak, papera, eta arrantza jardueraren eratorriak edo hondakinak.

Hondakin mota hori bi multzotan banatzen da: makrozaborrak (itsasertz eta ozeanoetan agertzen direnak, produktu manufakturatuz osatuak eta 5 mm-tik gorako neurria dutenak) eta mikrozaborrak (5 mm-tik beherako neurria dutenak, zeinak “mikroplastiko” izendatzen diren, material hori baita ugariena sail horretan).

Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak (MAPAMA) nabarmentzen duenez, itsasoko zaborrek eragin handia dute ekonomian eta arriskuan jartzen dute gizakion osasuna eta segurtasuna, eta kalte egiten diete, bistan da, itsasoetako organismoei eta habitatei.

Metodologiak eta legeak

Zabor hauek osasunarentzat zein arriskutsuak diren ikusita, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du Espainiako Estatuko itsasertzean zer-nolakoa den egoera hondakin mota horri dagokionez.

Horretarako, bi azterketa erabili dira informazio iturri gisa, Estatuko hondartzetan eta ur eremuetan utzita edo botata dauden itsas zaborren ezaugarriak aztertzen dituztenak. Alde batetik, “Hondartzetako itsas zaborren jarraipen programa”, Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiak 2016an egina (MAPAMAren mendeko erakundea da). Eta, bestetik, itsas zaborren analisi estatistiko bat, Deustuko Unibertsitatearen “Analisi, ikerkuntza eta datu komunikazioa” graduondoko programaren barrenean 2016an egina: Ambiente Europeo elkarteko boluntarioek 2010 eta 2015 artean Espainiako hondartza eta ur eremuetan egindako garbiketa jardueretan oinarritua dago.

Araudia

Ingurumen arloko arazo horren aurrean, 1994. urtean Espainiak berretsi egin zuen OSPAR Hitzarmena edo Atlantiko Ipar-ekialdeko Itsas Ingurumena Babesteko Hitzarmena (1998an sartu zen indarrean), eta horren bidez, konpromisoa hartu zuen ozeanoak babestu egingo zituela giza jarduerak eragindako kutsaduratik eta beste eragin kaltegarri batzuetatik.

Horrekin batean, Estatuan beste bi araudi ere ezartzen dira itsasoetan ingurumen egoera ona lortzeko helburuz, Itsas Estrategiaren Esparru Zuzentaraua eta 41/2010 Legea, Itsas Ingurunea Babesteari buruzkoa. Horri gehitu behar zaio Bartzelonako Hitzarmena, Mediterraneo itsasoa babesteko sortua; zehazki, itsasontziek, hegazkinek eta lurretik datozen iturriek Mediterraneoan eragiten duten kutsadurari aurrea hartzea eta hori murriztea du helburua.

Bi metodologia, bi modu itsata zaborra aztertzeko

1. Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiaren azterketa (MAPAMA)

2016. urtean, guztira 26 hondartza ikuskatu zituzten urteko lau sasoietan: neguan, udaberrian, udan eta udazkenean. Hondartza guztietan zenbatu eta bildu egin zituzten agerian zeuden objektu guztiak, hondartzetan bi luzera-tarte hartuta:

  • 100 metrokoa
  • 1.000 metrokoa. Kasu horretan, alderen batean 50 cm-tik gorako neurria zuten objektuak bakarrik hartzen zituzten aintzat.

Bost gunetan bildu zituzten azterketa egiteko aukeratu zituzten 26 hondartzak:

  • Iparratlantikoa: 9 hondartza sartzen dira hor, Gipuzkoa, Bizkai, Kantabria, Asturias, Lugo, A Coruña eta Pontevedrakoak.
  • Hegoatlantikoa: 3 hondartza, Huelva eta Cadizkoak.
  • Itsasartea eta Alboran: 3 hondartza, Malaga, Granada eta Almeriakoak.
  • Levante-Balearra: Guztira 9 hondartza, Murtzia, Alacant, Valentzia, Castello, Tarragona, Bartzelona, Girona eta Balear uharteetakoak.
  • Kanariak: 2 hondartza, Tenerife eta Las Palmaskoak.

2. Deustuko Unibertsitatearen eta AAE Ambiente Europeo elkartearen azterketa

2010. eta 2015. urteen artean, AAE elkarteko 9.000 boluntario inguruk 249 garbialdi egin zituzten Estatuko itsasertzetako hondartza eta ur eremuetan (irizpide estatistikorik gabe hautatu zituzten). Guztira, 176.285 metro lineal aztertu zituzten.

International Coastal Cleanup proiektuaren barrenean sartzen da ekimena (Ocean Conservancy erakundeak sustatzen du), non urtero 100 herrialdetik gorako milioi erdi boluntariok baino gehiagok parte hartzen duten itsasertzetan eta ur azpian (itsaso, ibai, aintzira eta ubideetan) dauden zaborrak bildu, sailkatu eta erregistratzeko.

Zehazki, 11 autonomia erkidegotako hondartzetan eta ur eremuetan izan ziren: Andaluzia (58 garbialdi egin zituzten), Asturias (2), Kanariak (28), Gaztela Mantxa (9), Katalunia (3), Galizia (4), Balear uharteak (23), Madril (3), Murtzia (54), Euskal Autonomia Erkidegoa (7) eta Valentzia (53). Zaborra biltzeaz gain, boluntarioek zenbait formulario bete zituzten, hondakinak motaren arabera sailkatu zituzten eta unitatea eta pisua kontuan hartuta neurtu.

Lortu zituzten datuekin, Deustuko Unibertsitateko “Analisi, ikerkuntza eta datu komunikazioa” graduondoko programak analisi bat egin zuen 2015ean, ikusteko zer-nolako bilakaera izan duen zaborrak Estatuko hondartza eta erriberetan, eta, zehazki, plastikozko poltsek eta nekazaritza intentsibotik datozen materialek.

Itsasoetako zaborrak

Hondartza bakoitzean, hondakun erako 340 objektu

Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiak guztira 34.055 hondakin bildu zituen 100 metroko luzera-tarteetan, eta 2.660 kilometro batekoetan. Horrek esan nahi du hondartza bakoitzean eta bilketa kanpaina bakoitzean, batez beste, 341 objektu bildu zituztela 100 metroko luzera-tartean eta 28 objektu betean.

Guneen arabera, Iparratlantikoan zabor gehiago aurkitu zuten 100 metroko luzera-tarteetan, 417 objektu hondartza eta garbialdi bakoitzeko batez beste; kilometro batekoan, Hegoatlantikoa nabarmendu zen, non 39 objektu pilatu zituzten garbialdi eta hondartza bakoitzeko (Iparratlantikoan batez beste 37 objektu bildu zituzten). Zabor gehien zuen urte sasoia udazkena izan zen 100 metroko luzera-tartean, eta negua km batekoan.

Eta nondik datoz zabor horiek? OSPAR Hitzarmenak erabiltzen duen metodologia kontuan hartuta, itsas zaborraren %52 ez daiteke jakin nondik datorren edo jatorri batekoa baino gehiagokoa da. Ondoren, turismo jardueretatik dator %26a eta itsas garraioetatik %14a. Azkenik, beste %6 instalazio sanitarioetatik dator eta %2 arrantza jardueratik.

Guneka aztertuta ere, guztietan jatorri ezezagunekoa da zabor kopururik handiena edo jatorri bat baino gehiago duena. Kanarietan, hala ere, nabarmentzekoa da zaborraren %44 turismotik datorrela (gainerako gune guztietan ez da halako proportziorik ageri). Nabarmentzekoa da zabor mota hori gehienbat udazkenean biltzen dela.

Info eu

Zenbat zabor metro lineal bakoitzeko

AAE erakundeko boluntarioek, guztira, 47,682 kg itsas zabor bildu zuten. Autonomia erkidegoei dagokienez, Murtzia nabarmentzen da, non 10,4 zabor bildu ziren metro lineal bakoitzeko (batez besteko orokorra 4,1ekoa da). Batez bestekorik txikiena, berriz, euskal hondartzena izan da, non 0,5 objektu bildu ziren metro lineal bakoitzeko, batez besteko orokorra baino %87 gutxiago.

Ez da harritzekoa atal horretan Murtziako hondartzak nabarmentzea (txarrerako), zeren han baitago metro lineal bakoitzeko zabor gehien pilatu duen eremua: Puntas de Calnegre-Cabo Cope parkea, non 21,77 hondakin aurkitu ziren metro lineal bakoitzeko, batez besteko orokorra baino bost aldiz gehiago.

Plastiko asko

Oro har, itsas zaborren artean, plastikoa da materialik ugariena. PNUMAk egindako kalkuluen arabera, 8 milioi tona plastiko heltzen dira itsasora urtero (800 Eiffel dorrek adinako pisua izango luke plastiko horrek guztiak, Greenpeaceren arabera).

Espainiako Estatuko itsasertzean ere joera bera antzematen da, eta Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunerako Zuzendaritza Nagusiak bildutako zaborrean ere plastikoa da materialik ugariena. 100 metroko luzera-tartean bildutako materialean, %74 zen plastikoa eta kilometroko luzera-tartean %73.

Ildo horretan, 100 metroko tartean aurkitu ziren objektuekin, sailkapen bat egin da eta tipologiarik ohikoenak zein izan diren zehaztu da itsas eremu guztietan (bildutako objektu guztien %80 sartzen dira hor, eta OSPAR Hitzarmenaren sailkapen kodeak erabili dira horretarako).

Bost itsas eremuak kontuan hartuta, 0 eta 2,5 cm arteko plastikozko pieza ez-identifikagarriak (poliestirenoa barne) izan da maizen agertu zen objektu mota. Bildutako zabor guztiaren %25 hartzen du. Eta atzetik zetozen beste objektu hauek: 1 cm-tik beherako diametroa duten plastikozko sokatxoak/listariak (objektu guztien %10), zigarrokinak (horiek ere %10), 2,5 eta 50 cm arteko plastikozko pieza ez-identifikagarriak (%9), plastikozko tapa, tapoi eta kortxoak (%7), eta kotoizko txotxak (%5). Guztiak gehituta, aurkitutako objektu tipologia guztien %66 osatzen dute.

Plastikozko poltsa gutxiago

Erabiltzeko eta botatzeko plastikoen erabilera arautzeko joera zabaltzen ari da azken urteetan, ingurumenari egiten dizkioten kalteak direla eta. Alde batetik, energia kantitate handia behar da horiek ekoizteko, eta bestetik, petroliotik datozen substantziekin egiten direnez, mende erdi baino gehiago behar izaten dute degradatzeko.

Itsasoetan, kalte nabarmena egiten diote faunari eta florari. Adibidez, dortokek, baleek edo izurdeek irentsi egin ditzakete eta hil egin daitezke ondorioz. Horretaz gain, serigrafiak dituzten poltsek metal hondakin toxikoak eduki ditzakete.

Horregatik guztiagatik, 2018. urteko urtarrilaren 1etik aurrera, Espainiako legediak behartu egingo du plastikozko poltsa bat nahi duen bezeroari diru kopuru bat kobratzera (5 eta 30 zentimetro arteko kopurua, poltsaren ezaugarrien arabera).

AAEko boluntarioek 0,10 plastikozko poltsa bildu zituzten 2015. urtean hondartzetan eta ur eremuetan, 2010. urtean baino %82 gutxiago (urte hartan, 0,52 bildu zituzten). Eta Deustuko Unibertsitateak egindako analisiak ere horixe nabarmentzen du: “Asko jaitsi dira biztanle bakoitzeko bildutako plastikozko poltsak”. Azken zazpi urteetan MAPAMAk %50eko beherakada antzeman du horien kontsumoan, eta gaur egun biztanle bakoitzak 144 poltsa erabiltzen ditu urtean.

Ildo horretan, ikerketak antzeko bilakaera aurkitu du hondartzetan eta ur eremuetan aurkitu diren poltsen kopuruan eta biztanle bakoitzak egindako kontsumoan (230 baino gehiago 2010ean eta 100 inguru 2015ean). Eta ondorio hau atera dute: “Supermerkatuetan mantso-mantso poltsak kobratzen hasteak badirudi eragina izan duela joera horretan, zeren antzeko beherakada ikusten baita gure itsasertz eta erriberetan ere”.

Nekazaritza intertsiboaren eragina

Era berean, Deustuko Unibertsitateko ikerketaren egileek nabarmentzen dute badagoela lotura nekazaritza intentsiboaren eta Espainiako itsasertzetan aurkitzen den itsas zaborraren artean. Izan ere, 2013. urtetik aurrera, AAE erakundeko boluntarioek nekazaritzarekin zerikusia duten objektuak aurkitu zituzten garbialdietan (2013an 44, 2014an 76 eta 2015ean 62): berotegietako plastikoak eta oihalak, berotegietako egiturei eusteko sokak, tomate landareei eta beste batzuei eusteko nylonezko sokak, nekazaritzako produktuak biltzeko poltsak, hodiak elkarri konektatzekoak, eta abar.

Guztira, 6.429 hondakin bildu eta zenbatu zituzten 2013an, 2.667 hondakin 2014an eta 22.045 hondakin 2015ean. Ikus daitekeen bezala, lehenbiziko bi urteen artean beherakada bat ageri da, baina 2015. urtean zortzi aldiz handiagoa izan zen kopurua. Ikerketaren egileek diotenez, “itsasertzetik gertu egiten den nekazaritza intentsiboan erabilitako plastikoak arazo handi bihurtu dira jarduera hori duten komunitateentzat”.

Ildo horretan, ikerketak nabarmentzen du azken hamarkadetan ugaritu egin direla plastikozko berotegiak, zeinak ekoizpena handitzeko eta prozesuei eraginkortasun handiagoa ateratzeko erabiltzen baitira. Mediterraneoaren arroan, hain zuzen, mundu guztian dauden berotegien %15 daude, eta hor sartzen dira Espainia eta Italian daudenak.

Espainiako Estatuan, hiru autonomia erkidegotan biltzen da gainazal mota hori: Murtzia, Kanariak eta Andaluzia. Azken horretan Almeria nabarmentzen da, munduan berotegi kontzentrazio handiena duen eremua. Ikerketaren arabera, Espainian berotegi azpian dagoen gainazal guztiaren (53.800 ha) %88 barazkiak landatzeko erabiltzen da.