Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Familien gastua aztertu dugu 17 autonomia erkidegotan, baita zenbateko errenta jasotzen duten batez beste eta etxeetan zer-nolako gabezia materialak dituzten ere : Familien gastua igo egin da zertxobait, azken sei urteetan lehen aldiz

Etxe bakoitzak, batez beste, 27.000 euro gastatu zituen 2014. urtean, eta %59a etxebizitza, elikagaiak eta garraioa ordaintzera bideratu zuen

Krisi ekonomiko hau konplexua eta luzea izaten ari da, baina, dirudienez, familiak hasi dira berriz ere arnasa pixka bat hartzen eta kontsumoa zertxobait suspertzen. Hobekuntza hori, dena den, oso arina da eta arazoak ez dira desagertu, ezta gutxiago ere. Izan ere, etxeetako diru sarrerek jaisten jarraitzen dute, eta, ondorioz, benetan zaila da etxeko aurrekontuarekin hilabete bukaerara heltzea.

Beste behin, EROSKI CONSUMERek jakin egin nahi izan du nolakoak diren Espainiako Estatuko familien aurrekontuak eta zer-nolako bilakaera izan duten 2006. urteaz geroztik (urte hartan, Espainiako ekonomia artean ez zegoen krisian). Azterketa hori egiteko, Familia Aurrekontuen Inkestako (FAI) datu eguneratuak erabili dira eta Bizi-baldintzen Inkestakoak (BBI), biak ere Espainiako Estatistika Institutuak eginak (INE).

Lehenbizikoak (FAI) kontsumo gastuak nolakoak izan diren esaten du (urteko datuak dira), eta etxeetako bizi-baldintzen ezaugarri batzuei buruzko informazioa ere ematen du. Gutxi gorabehera, 24.000 etxeren datuak biltzen ditu.

BBIk ere urteroko maiztasuna du, eta diru sarreren banaketari eta gizarte bazterketari buruzko informazioa ematen du. Bigarren inkesta horrek 13.000 etxe ingururen eta 35.000 pertsonaren datuak biltzen ditu.

Gastu neurtua

Etxe bakoitzak, batez beste, 27.038 euro gastatu zituen 2014. urtean. Familia mota batekoak baino gehiagokoak izaten dira etxeak, eta mota guztiak aintzat hartuta, honela banatzen da gastua: bikotea eta seme edo alaba bat edo gehiago dutenek gastatu dute gehien, 31.000 euro baino gehiago, eta gutxien, berriz, bakarrik bizi diren pertsonek, 20.000 euro baino gutxiago.

Autonomia erkidegoei begiratuta, hauxe da egoera: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako etxeetan, batez beste, 31.300 euro gastatu dituzte (batez besteko orokorra baino %17 gehiago da hori); beste muturrean, berriz, gasturik apalenarekin, Extremadurako eta Kanarietako etxeak ageri dira: batez beste, 23.000 euro pasatxo gastatu zituzten (batez besteko orokorra baino %15 gutxiago da hori).

Joera aldaketa

2006. urteaz geroztik, familien gastua etengabe handitu zen 2009. urtea bitarte. Urtebete lehenago iritsi zuen gailurra: Estatuko familiek, batez beste, 31.700 euro gastatu zituzten 2008an, eta geroztik ez da berriz maila horretan izan. Urte horretatik aurrera, familiak zorrotzago zaintzen hasi ziren gastuak eta kontsumoari eusten. Harik eta 2013. urtean hondoa jo zuen arte: 27.098 eurokoa izan zen, batez beste, familien urteko gastua, aspaldiko apalena.

Baina bost urtez atzera eta atzera egin ondoren, 2014. urtean berpiztu egin zen zertxobait. Dena den, hainbat ñabardura egin behar zaizkio baieztapen horri. Prezioen aldaketak kontuan hartzen badira, etxeen batez besteko gastua %0,2 gutxitu zen urte horretan 2013. urtearekin alderatuta. Baina gorabehera horiek bazterrean uzten badira, etxe bakoitzak %0,5 handitu zuen aurrekontua. Hala ere, 2006. urteaz geroztik, familien inbertsioa asko jaitsi da: hain zuzen, %10,5 prezioen gorabehera kontuan hartuta, eta %22 kontuan hartu gabe.

Azken zortzi urteetan izan den beherako joera hori etxe mota guztietan ageri da, oro har, eta guztietan jaitsi da aurrekontua, batez ere 2008. urtetik aurrera. Seme-alabarik ez duten bikoteen gastua, adibidez, %5 apaldu da urte horretatik 2014a bitarte, eta hiru haur edo gehiago dituzten bikoteena %23. 65 urte edo gehiago izan eta bakarrik bizi diren pertsonek baino ez dute handitu aurrekontua: sei urtean, %10 gehiago gastatu dute.

Era berean, autonomia erkidego guztietan murriztu da etxeen batez besteko gastua 2006. urtetik hona: %1 Errioxan eta %17 Kanarietan. Azken urtebetean, aldiz (2013tik 2014ra), handitu egin da ia bitik batean: Kanariak, Balearrak, Nafarroa, Extremadura, Asturias, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Andaluzia. Ez da berdin gertatu, ordea, Aragoiko eta Madrilgo Erkidegoko etxeetan, non %3 gutxitu den batez besteko gastua (hori izan da jaitsierarik handiena).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak