Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

INKESTA EGIN DIEGU 16 URTETIK GORAKO 1.500 PERTSONARI BAINO GEHIAGORI ETA GALDETU DIEGU ZER-NOLAKO JOKABIDEA IZATEN DUTEN ELIKAGAIEN BIDEZ IRISTEN ZAIEN INFORMAZIOAREN INGURUAN : Elikagaien etiketa: oharkabean pasatzen diren berrikuntzak

Erantzun duten kontsumitzaileen %63 ez dira ohartu Europako araudiak ekarri dituen aldaketekin

Ulergarriak eta irakurgarriak?

Irakurgarritasuna

Pertsona askori gertatzen zaie etiketa irakurtzera joan eta arazoak izatea, ematen den informazioa ez delako behar bezain irakurgarria eta argia. Zehazki, inkestari erantzun dioten herritarren %57k adierazi dute etiketek ez dutela batere irakurgarritasunik edo oso gutxi dutela, eta %52k oso argitasun gutxi dutela edo batere ez.

Aldiz, azterlan honetan parte hartu duten herritarren %53k uste dute etiketak oso ulergarriak direla edo nahiko ulergarriak, eta %54k adierazi dute oso fidagarriak edo nahiko fidagarriak direla.

Horretaz gain, etxeko erosketak egiteko ardura duten pertsonen erdiek baino gehiagok uste dute (%52k) elikadura arloko informazioa osatzeko zenbaitetan jartzen dituzten sinbolo grafikoei esker errazago ulertzen dela etiketa. Kontrako iritzia dutenak ere badira, ordea, %44 hain zuzen; horien iritziz, sinbolo horiek nahasmena eragiten dute (batez ere 65 urtetik gorakoek esan dute hori).

Azkenik, bost lagunetatik lauk elikagaien ontzian, etiketan edo elikagaiek lagungarritzat duten beste material batzuetan begiratzen dute elikagaien inguruko informazioa eskuratzeko. Beste %36 batek, berriz, teknologia berrietara jotzen dute (Internet, esku-orri elektronikoak…) eta %26k beste norbaiti galdetzen diote.

Elikadura arloko informazio asko eduki arren, inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik bik ez dakite nahitaezkoa den informazioa eskuratzeko modua dutela, bai elikagai ontziratuei dagokiena (kontsumitzaileak berak eskatuta ontziratzen dituzten elikagaiena ere bai, edo saltzaileak unean bertan ontziratzen dituen elikagaiena), eta bai ontziratu gabe daudenen elikagaiena eta jatetxeetan, jantokietan eta abarretan eskaintzen dituztenena.

Etiketa argiagoa: berrikuntza nagusiak

1169/2011 Araua 2014. urteko abenduaz geroztik dago indarrean, nutrizio arloko informazioari dagokion atala izan ezik, zeina 2016. urteko abenduaren 13tik aurrera izango baita nahitaezkoa. Honako hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Letra handiagoa. 1,2 mm-koa izan beharko du 80 cm2-tik gorako ontzietan eta 0,9 mm-koa 80 cm2-tik beherakoetan. Txikizkako saltokietan ontziratutako produktuei ere ezarriko zaie irizpide hori.
  • Elikagaiaren izena. Legezkoa izan beharko du (hari dagokion legedian ezarria dagoena), baina araudirik ez balego, ohiko izena izan beharko du, hau da, herritar gehienek ezagutzen dutena. Eta hori ezin balitz, izen deskribatzaile eta argi bat erabiliko da. Horretaz gain, elikagaien izaera fisikoaren aipamen bat ere eduki behar du, edo eman zaien tratamenduarena (hautsa, liofilizatua…).
  • Nutrizio arloko informazio nahitaezkoa. Honako hau da: energia balioa, gantzak, gantz saturatuak, karbohidratoak, proteinak, azukreak eta gatza (azken horrek ordezkatu egin du orain arte erabiltzen zen terminoa, “sodioa”): Multzokatua agertu beharko du, eremu bisual berean, eta “100 ml edo 100 g bakoitzeko proportzioa” adierazi beharko du, horrek aukera ematen baitu produktuak alderatzeko. Nahi izanez gero, beste mantenugai batzuen balioarekin osatu daiteke nutrizio arloan nahitaez eman beharreko informazioa; adibidez, gantz azido monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak, polialkoholak, almidoia, elikadura-zuntza, bitaminak edo mineralak. Kolesterolaren inguruko informazioa emateko betebeharrik ez du ezartzen araudiak, baina galarazi egiten du kolesterolaren balioa nutrizio arloko taularen barrenean sartzea. Ontziak aski toki izanez gero, informazio hori guztia taula formatuan eman behar da, zifrak zutabeetan jarrita edo, tokirik ez badago, lerroz lerro.
  • Osagaien zerrenda. Modu argi eta zehatzean eman behar dira, informazio seguru eta fidagarria transmititzeko. Pisu handiena duenetik hasita eman behar dira osagaiak, produktua egitean erantsi diren ordenan. Landare jatorriko gantzak edo olioak multzokatu egin daitezke osagaien zerrendan eta “landare jatorriko olioak” edo “landare jatorriko gantzak” izena eman dakieke; segidan, zer landaretatik lortua den jakinarazi beharko da.

Berrikuntzetako bat da nanomaterial artifiziala zehaztuta eman behar dela. Osagai horiek eman egin beharko dira zerrendan, parentesi artean “nano” hitza ageri dutela. Kafeina ugari duten edarien etiketak, gainera, esan egin beharko du ez dela egokia haurrentzat, eta ez haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeentzat ere, eta adierazi egin beharko du zenbat kafeina duen.

  • Alergenoak. Modu argian bereizteko gisan agertu beharko dute, letra motaren, estiloaren eta hondoko kolorearen bidez. Jatetxeetan eta kafetegietan ontziratugabe ematen dituzten elikagaietan ere adierazi beharko dira; leku horietan, ahoz ere eman daiteke horren berri.
  • Jatorrizko herrialdea edo lekua. Zehaztu egin beharko da txerri, ardi, ahuntz eta etxaldeko hegaztien haragietan, izan freskoa, hoztua edo izoztua. Izoztuta datozen haragi produktuetan, haragietan eta arrainetan, esan egin beharko da zer egunetan izoztu diren. Zehaztu egin behar da izozte data edo lehenbizikoz noiz izoztu den, behin baino gehiagotan egin bada.
  • Enpresaren identifikazioa Garrantzitsuena da arduradun baten izen-abizenak ematea, eta Europako Batasuneko posta helbide bat.
  • Urrutiko salmenta Elikagaiari buruzko informazioak erosketa egin aurretik egon beharko du kontsumitzailearen eskura, eta urrutiko salmenta egiteko erabiltzen den euskarrian agertuko da edo beste bide batzuen bitartez.
  • Nahitaez jarri beharreko aipamen gehigarriak. Nahitaez esan beharko da, halaber, produktu bat atmosfera babestuan ontziratu den, eztitzailerik baduen, kafeinarik edo azido glikirrikorik.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak