Jakien eta edarien bidez transmititzen diren gaixotasunen inguruko azterketa, elikadura arloko alerta sarera heltzen diren jakinarazpenak barne

Elikagai kutsatuak: osasun publikoa arriskuan dagoenean

2015. urtean elikadura arloko alerten sareak 3.000 agerraldi jakinarazi zituen baina %6 bakarrik izan ziren berehalako arreta edo esku hartzea eskatzen zutenak
1 iraila de 2017
Img tema de portada listado 245

Elikagai kutsatuak: osasun publikoa arriskuan dagoenean

Elikagaiekin beti dago arriskua. Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak berak (AECOSAN) esaten du hori, eta erakunde horri dagokio elikadura arloko segurtasuna sustatzea eta kontsumitzaileak babestea.

Azken hilabeteetan, hain zuzen, elikadura arloko zenbait intoxikazioren berri eman dute komunikabideek. Adibidez, joan den maiatzean, Almeriatik zetozen atun sorta batzuek zeukaten histamina kantitate handiak eragin zituen halakoak (50 lagun baino gehiago kutsatu ziren Espainiako Estatu osoan). Eta norobirus batek gastroenteritis agerraldia eragin zuen Sant Cugat-eko eskola batean (Bartzelona), eta 200 ikasle baino gehiago intoxikatu zituen.

Azken hamarkadetan, dena den, asko aurreratu da arlo horretan, eta etengabeko zainketa lanean ari den sare zabal bat hedatua dago, elikagaiekin zerikusia duen edozein arrisku edo gorabehera sortuko balitz ere eta kontsumitzaileen osasuna arriskuan jarri.

Atzean gelditu dira ospe handia izan duten zenbait iruzur, adibidez koltza olio faltsutuak Espainiako Estatuan eragin zuena: handizka saltzen zuten, eta Espainiako historian izan den pozoitze kasurik handienetakoa eragin zuen. 1981. urtean izan zen pandemia hark 25.000 lagun ingururi egin zien kalte 20 probintziatan, eta 300 hildako baino gehiago eragin zituen.

EROSKI CONSUMERek sakonago aztertu nahi izan du jakien eta edarien bidez kutsatzen diren gaixotasunen inguruko gaia (zer-nolako prebalentzia duten, Estatuan agerraldirik ohikoenak zein diren…), eta elikadura arloko alerta sareak egiten dituen ohartarazpenen ingurukoa ere bai. Horretarako, zenbait informazio iturri erabili ditu: Carlos III Osasun Institutua (ISCIII), AECOSAN, Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatua (SCIRI), Elikagai eta Edari Industrien Espainiako Federazioa (FIAB) eta Elikadura Eskolako Elikadura Behatokia.

Elikagaien bidezko agerraldiak

Elikagaien bidez kutsatzea

Elikagai kutsatu bat edo ur kutsatua (bakterioek kutsatua egon daiteke, substantzia kimikoek edo parasitoek) hartzeagatik sortzen diren gaixotasunei elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak esaten zaie.

Patologia mota horri lotuta gerta daitezkeen kasuei agerraldiak atxikitzen zaizkie, eta ISCIII erakundeak honela definitzen du agerraldia terminoa: “Intoxikazio akutu kolektiboa eragiten duen edozein prozesu adierazgarri, istripu batek eragina, manipulazioak edo kontsumoak”.

ISCIIIk nabarmentzen du oso garrantzitsua dela zainketa lana egitea patologia horiekin, kontrol eta prebentzio neurri egokiak ezarri ahal izateko eta sor daitezkeen agerraldiei aurrea hartu ahal izateko; gisa horretan, murriztu egin daiteke herritarrei egindako kaltea.

2014an izandako agerraldiak

Espainiako Estatuan, Zainketa Epidemiologikoen Espainiako Sareari (RENAVE) ematen zaio agerraldien berri, eta hor sartzen dira elikagaien bidez transmititzen direnak ere. Jakinarazpen horiek, hein handian, Aitortu Beharreko Gaixotasunetan (ABG) oinarritzen dira; gaixotasun horiek jakinarazi egin behar ditu medikuak (dagokion osasun etxe publikoari), komunitatearentzat garrantzi berezia dutelako.

Horrela, 2014. urtean, janarien edo edarien bidezko 310 agerraldi izan ziren, eta 22.088 gaixotasun kasu atxiki zitzaizkien horiei. Agerraldi proportziorik handiena salmonellosiak eragin zuen (%78), eta A hepatitisa ageri da bigarren lekuan (%11). Baina kasu kopurua aztertzen bada, kanpilobakteriosiak (patologia infekziosoa da, gehienean hegazti kutsatuen bidez transmititzen zaiena gizakiei) gaixotasun kasu gehiago eragin zituen (guztien %52), eta salmonellosia dator ondotik (%33).

2008tik 2011rako tartea

RENAVEk, gainera, oso azterketa zorrotza egin zuen 2008tik 2011ra bitarteko aldian elikagaiek transmititu zituzten gaixotasunen agerraldiei buruz (orduko horretan ez zituzten kontuan hartu urak eragindakoak).

Tarte horretan, elikadura bidezko 2.342 agerraldi jakinarazi ziren, 577 eta 589 artean urtero. Guztira, agerraldi horiei atxikitako kasuak 30.219 izan ziren, 7.500 inguru urtero, eta 1.763 ospitaleratze eta 24 heriotza eragin zituzten.

Elikadura bidezko agerraldi gehien udan izan zen (maiatzetik iraila bitartean), baina ekainean izan zen jakinarazpen gehien.

Azkenik, 2008 eta 2011 artean 24 lagun hil ziren elikadura bidez transmititu ziren gaixotasunen erruz. Horietako %67 (guztira 19) Salmonellak eragin zituen (ez da zehazten espeziea). Hilkortasun handiena, hala ere, Clostridium botulinum delakoak izan zuen (%6koa); hau da, horrek eragin zuen heriotza gehien kasu bakoitzeko.

Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), bakterio horrek toxina botulunikoak eragiten ditu, eta substantziarik hilgarrienetakoa da horrako hori. Desegoki landutako elikagaiekin hartzen da toxina hori, eta ez da neurotoxikoa; horrek esan nahi du nerbio sistemari eragiten diola.

Eragilea

2008. urtetik 2011ra jakinarazi ziren agerraldien %69 eragile jakin bati atxiki zitzaizkion. Eragile ezagun horietatik, bakterioena izan zen multzo nagusia (%79), birusak etorri ziren ondoren (%10), substantzia toxikoak gero (%10) eta, azkenik, parasitoak (%1).

Eragile nagusia Salmonella izan zen: horrek eraginak izan ziren eragile ezaguneko agerraldien %50, eta bakterioen erruz sortutako %74. Salmonella Enteritidis delakoa nabarmendu zen. Bakterio multzo bat da Salmonella, eta hainbat elikagaitan aurki daiteke: hegazti gordinak, arrautzak, abelgorri eta txerri haragia eta, zenbaitetan, garbitu gabe dauden fruta eta begetalak. Maskotekin ibili ondoren ere harrapa daiteke, bereziki narrastiak, dortokak eta muskerrak eskuekin ukitu ondoren. Sintomak, gehienean, sukarra, beherakoa, sabelaldeko kolikoak eta buruko mina izaten dira, eta beste hauek ere ager daitezke: goragalea, goitika egitea edo gosea galtzea.

Elikadura kate guztian hobetu egin denez salmonellaren kontrola, 2010. urtetik murriztu egin dira patogeno horrek eragindako agerraldiak.

Tartean egon den elikagaia

Nagusiki honako elikagai hauek eragin zituzten 2008 eta 2011 bitartean elikadura bidez transmititu diren agerraldiak: arrautzek, oboproduktuek eta maionesak. Horien erruz gertatu ziren agerraldien %25. Garrantzitsua da nabarmentzea, dena den, kasuen %31tan ez zela jakiterik izan zer elikagai egon zen tartean.

Agerraldi horien %54, gainera, errestaurazio kolektiboko lekuetan gertatu ziren: jatetxea edo hotela, ostatua, eskola edo haurtzaindegia, geriatrikoa, kanpamentua, eta abar. Horren ondotik, familiaren eremuan izan dira agerraldien %37 (etxean eta kanpin pribatuetan).

Eta zein izan zen horretan lagundu zuen faktorea? Gehienbat kutsadura gurutzatua (%27), denbora edo tenperatura desegokiak (%21) eta elikagai kutsatua (%19).

Elikadura arloko alerta heltzen diren jakinarazpenak

Elikadura arloko alerta sarea

Espainiako Estatuan SCIRI da (Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatua) elikagaiak etengabe zaintzeko tresna, eta horren bidez bermatzen da merkatuan dauden elikagai guztiak seguruak direla eta ez dutela inolako arriskurik kontsumitzaileen osasunarentzat. Era horretan kudeatzen da elikadura arloko alerta sarea, eta horrekin aurre egiten zaie elikagaiekin zerikusia duten arrisku eta gorabeherei, kontsumitzaileen osasuna arriskuan jar balezate ere.

2015. urtean, elikagaiekin zerikusia zuten 3.036 jakinarazpen kudeatu zituen SCIRIk guztira (datu horretan sartzen dira bertan behera gelditu edo berriz sailkatu zituzten 81 txosten ere). Horietatik guztietatik, %6 bakarrik tratatu zituzten alerta gisa (191); hau da, jakinarazpen horiek berehalako zainketa edo esku-hartzea egitera behartu zituzten eskumena zuten agintariak. Estatuko establezimendu batetik datorren edo Estatuan banatu den elikagai batek kontsumitzailearen osasunarentzat izan dezakeen mailarik larriena adierazten du horrek. Beste %46 informazioak izan ziren (1.399); jakinarazpen larrietan, bigarren mailan daude horiek, eta tartean ez dira egoten Espainiako enpresa ekoizleak eta Espainiako merkatuan daudenak. Horiek ez dute eskatzen eskumena duten agintariek berehala eta azkar esku har dezatela.

Horien artean, %43 mugan baztertu zituzten elikagaiak izan ziren (1.315). Hirugarren herrialdeetatik datozen elikagaiei atxikitako arrisku larrien jakinarazpenak izaten dira: Europako Batasuneko mugetan dauden ikuskatze postuetako kontrolak gainditu ez dituztenak hain zuzen.

Proportzio txikiagoetan, multzo horietan sartzen ez diren jakinarazpenak ere izan ziren, intereseko informazioa eskaintzen zutelako eginak (%3); eta beste batzuek, berriz, zerikusia zuten substantzia galaraziak erabiltzen zituzten ustiategiekin edo albaitaritzako sendagaiak legezko mugatik gora erabiltzen zituzten ustiategiekin (%2).

Arrisku larri eta berehalakoa

Horrela, bada, arrisku maila gorenean 191 alerta gauzatu ziren. Horietako 7 erretiratu egin ziren, eta, beraz, guztira 184 izan ziren alerta txostenak. Kopurua hori 2014koa baino %5 txikiagoa izan zen (urte hartan, 194 kudeatu behar izan ziren), eta 2008koa baino %12 apalagoa (209 izan ziren guztira). Kudeatuatutako alerten %58k arrisku larri eta berehalakoa eragin zuten (184tik 107k), eta, jatorriari dagokionez, %55 Espainiako lurraldetik etorri ziren, nagusiki Valentziako Erkidegotik, Gaztela eta Leondik, eta Madrildik. Eta zer-nolako produktuek eragin zituzten alerta horiek? Gehienbat, animalia jatorrikoak izan ziren (102 jakinarazpen) eta beste zenbait landare jatorrikoak (62). Gainerakoetan, elikagaiekin harremanetan egondako materialak izan ziren eragileak eta bestelako produktu mota batzuk (adibidez, elikadura arloko osagarriak). Zehatzago, elikagai motaren arabera, arrainarekin eta arrainaren eratorriekin zerikusia izan zuten 72 alertak, haragiekin eta horien eratorriekin 16k, zerealekin, irinekin eta eratorriekin 15ek, fruta eta horien eratorriekin 13k (hor sartzen dira fruitu lehorrak), esnearekin eta horren eratorriekin 12k, beste hainbestek ongailu eta espeziekin, eta, azkenik, 10 alerta izan ziren barazkiek, berdurek, lekaleek eta tuberkuluek eraginak.

Merkurioa eta arraina

Ikus daitekeen bezala, 2015. urtean beste guztien gainetik nabarmendu ziren lekaleek eta tuberkuluek eraginak.

Merkurioa eta arraina

Ikus daitekeen bezala, 2015. urtean beste guztien gainetik nabarmendu ziren arrainarekin eta haren eratorriekin zerikusia zuten alertak (jakinarazpen guztien %39 eragin zituzten). Horietatik guztietatik, produktu izoztuen eraginez izan ziren 45 alerta, produktu freskoek eraginda 12, eta gainerakoak beste arrantza produktu batzuen erruz gertatu ziren. SCIRIren arabera, arrainarekin eta haren eratorriekin zerikusia izan zuten alerta gehienetan, faktore bera izan zen jakinarazpenen eragile: merkurio maila handia antzeman izana, hain zuzen (47 alerta eragin zituen horrek).

Aspalditik da gauza jakina metal horrek kalte egiten diola osasunari (bereziki, nerbio sistemari, garatzen ari denean). Adituen esanetan, metal astun hori arrain eta itsaski kutsatuaren bidez iristen da nagusiki herritarrengana. Ziurtatzen dutenez, ia pertsona guztiek dute merkurio kantitateren bat gorputzean; txikia izan daiteke, baina horrek berak adierazten du elikadura katean sartuta dagoela.

Hala ere, arrainak oinarrizko elikagaia izaten jarraitzen du nutrizioaren ikuspegitik, eta AECOSANek nabarmentzen du segurua dela, eta oso komenigarria, arraina jatea. Baina kutsadura kimikoa kontuan hartuta, adituek aholku batzuk ematen dituzte, arraina jateak ez dezan osasuna arriskuan jarri:

  • Txandakatu itsasoko produktuen kontsumoa, eta ez jan beti espezie berak eta hornitzaile berarenak.
  • Jan arraina astean bitan gutxienez, eta ez ahaztu arrain urdina.
  • Haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeentzat: mugatu arrain handi harraparien kontsumoa (150 gramo astean), eta ez jan ezpata arraina, akula edo katuarraina.

Info eu