Alergia bidezko gaixotasunei buruzko azterketa

Alergiak: immunitate sistemak ere baditu bere hutsuneak

Munduko populazioaren %40 inguruk alergia bidezko gaixotasunen bat dauka, eta gazteak dira horietako asko
1 apirila de 2018
Img tema de portada listado 261

Alergiak: immunitate sistemak ere baditu bere hutsuneak

Munduko sei patologiarik ohikoenen artean daude alergia bidezko gaixotasunak, Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera (OME). Eta Immunologia Klinikoaren, Alergologiaren eta Pediatriako Asmaren Espainiako Elkarteak (SEICAP) eransten duenez, herrialde aurreratuetan lau lagunetatik batek dauka alergiaren bat. Adituek nabarmentzen dute azken 20 eta 30 urteetan handitu egin dela alergien prebalentzia.

Elikagaiekiko eta Latexarekiko Alergikoen Espainiako Elkarteak (AEPNAA) honela definitzen ditu alergiak: berez kaltegabea den substantzia edo alergeno baten aurrean organismoak izaten duen erreakzio edo erantzun nahasia da. Eta zergatik gertatzen dira alergiak? Immunitate sistemaren hutsegite baten erruz. Pertsona alergikoen immunitate sistemak defentsa mekanismoak sortzen ditu, baina organismoarentzat kaltegarriak direnak. Eta hortxe dago hutsegitea.

Alergia bidezko gaixotasunen sailekoak dira asma, errinitisa, anafilaxia, drogekiko, elikagaiekiko eta intsektuekiko alergiak, ekzema, urtikaria eta angioedema. Sintomak, alergiak bezalaxe, askotarikoak izaten dira, SEICAPek dioen bezala; batzuk oso bortitzak eta nabarmenak dira eta beste batzuk, aldiz, oharkabean gelditzen dira eta ez dute inolako eragozpenik sortzen. Baina, batez ere, nahasmendu handia eragiten dute. Tratamendu bakarra, izan ere, alergia sortzen duen eragile horrekin inolako harremanik ez izatea da (elikagaia bada, ez jatea). Baina zer gertatzen da ez dakigunean alergiarik baden edo ez? Zalantza asko izaten da orduan.

Hori dela eta, EROSKI CONSUMERek gertuagotik jakin nahi izan du alergia bidezko gaixotasunen berri. Horretarako, SEICAP eta AEPNAA erakundeak erabili ditu iturri gisa, besteak beste, eta baita OME eta Alergiaren Mundu Erakundea ere (WAO siglak ditu ingelesez).

Datuak

Osasun publikoaren arloko arazoa da munduan

Osasun publikoaren arloko arazoak dira alergia bidezko gaixotasunak. Halaxe nabarmentzen du WAOk Alergiei buruzko Liburu Zurian. Datuek diote gaitz mota horen prebalentzia %30 eta %40 artean handitu dela munduan, eta alergia bidezko gaixotasun bat edo gehiago duten pertsona asko gazteak direla. Hori ikusita, nazioarteko erakunde horrek aurreikusten du, populazio gazte hori heldu bihurtzen denean, handitu egingo dela alergia bidezko gaixotasunen zama.

Era berean, bada beste alderdi bat ere gaixotasun mota horrek izan duen gorakadan. WAOren iritziz, alergien arazoak handituz joango dira atmosferako kutsadura eta giroko tenperatura igo ahala: “Giroan gertatuko diren aldaketa horiek eragina izango duten polen kontaketan, intsektu kantitatean eta alergia bidezko gaixotasunei lotuta dauden onddoetan”, adierazten dute Alergiei buruzko Liburu Zurian.

Ildo horretan, SEICAPek adierazten du ez daitekeela zehatz-mehatz esan zergatik ugaritu diren alergia bidezko gaixotasunak. “Genetikaren eta giroaren araberakoa izaten da alergia. Zama genetikoa ez da aldatu izango 20 edo 30 urteetan, eta, beraz, giroari lotutako arrazoiek egon behar dute horren atzean”. Eta eransten du badirela beste zenbait teoria ere elikadurak, infekzioek, kutsadurak, eta abarrek daukaten eraginaren inguruan: “Herrialde aurreratuetan ohikoagoa da alergia aurreratuta ez daudenetan baino, eta, ondorioz, mendebaldeko bizimoduari egozten zaio errua”.

Espainiako Estatuan, zer-nolako datuak?

Espainiako Estatuan, SEAIC erakundeak landutako azken txostenean ageri dira alergia bidezko gaixotasunen prebalentziari buruzko datuak, Informe Alergológica 2015 lanean, hain zuzen (Alergologika txostena 2015). Hor esaten denez, alergologoarengana lehenbizikoz joateko bost arrazoietatik hiruk (%62) zerikusia dute errinokonjuntibitisari lotutako sintomekin. Bigarren arrazoia asma izaten da (%23), hirugarrena sendagaiekiko hipersentiberatasuna (%18) eta laugarrena elikagaiekiko alergia (%10).

Orain dela 10 urteko egoeraren aldean (orduan egin zen gisa horretako lehen azterketa), errinitisak eragindako kontsultak igo dira bereziki (%55etik %62ra) eta elikagaiek eragindako alergien ingurukoak ere bai (%7tik %10era). Aitzitik, murriztu egin dira asmak eragindakoak (%28tik %23ra).

Horretaz gain, ikerketari esker ikusi da handitu egin dela zenbait polenekiko sentiberatasuna, adibidez lastodunek, olibondoak eta Arizonako Altzifreak askatzen dutenarekikoa. Eta elikagaien artean, berriz, deigarria da zenbateraino igo den fruitu lehorrekiko sentiberatasuna, bai haurretan eta bai helduetan ere.

Hasiera

Zein da eragilea?

SEICAPek azaltzen duenez, pertsonei alegiak sortzeko, harremanetan egon behar dute substantzia jakinekin. Alergenoarekin harreman bat gutxienez izatea beharrezkoa da pertsona alergikoa izateko, eta sintomak edukitzeko, berriz, bat baino gehiago.

Horrela, Maria Luisa Baeza Ochoa de Ocariz Alergologiako espezialistak dioen bezala (BBVA Fundazioaren Libro de las Enfermedades Alérgicas lanean, Alergia bidezko Gaixotasunen Liburuan), inguruan ditugun gauza askorekiko bihur gaitezke alergiko, eta hala izango gara gure organismoak elementu arrotz gisa identifikatzen baditu. “Alergenoak molekula batzuk dira, eta gai izaten dira gure immunitate sistema estimulatu eta antigorputz berezi batzuk sorrarazteko (IgE). Behin antigorputz horiek eratu direnean, alergenoa, berriz ere gorputzarekin harremanean jartzen denean, batu egingo zaie antigorputzei eta biek alergia bidezko erreakzioa hasiko dute. Hortaz, substantzia bat alergenoa izango da gure gorputzak haren aurka ematen duen erantzunaren arabera”, azaltzen du Baezak.

Ez udaberrian bakarrik

Askotan uste izaten dugu udaberria dela alergia sasoia, baina alergia bidezko erreakzioak ez dira urte sasoi horretan bakarrak agertzen edo ugaritzen. SEICAPek dioenez, erreakzio hori eragiten duen alergenoaren araberakoa da guztia: “Batzuk edozein unetan agertzen dira; izan daiteke, adibidez, une jakin batean hartzen den elikagaia. Beste batzuk urte guztian hortxe egoten dira, adibidez etxeko animaliak. Beste batzuk ere urte guztian egoten dira, batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago, adibidez akaroak, zeinak ugaritu egiten diren udazkenean eta udaberrian. Beste zenbait urte sasoi bakarrean agertzen dira, adibidez landare batzuen polenak, zeinak udaberriko kontua izaten diren”.

Ildo horretan, dena den, erakunde horretako adituek argi uzten dute polena ez dela agertzen udaberrian bakarrik. Landarean eta inguruko klimaren arabera, bi urte sasoitan agertuko da polena (altzifrea udaberrian eta udazkenean), ezohiko garaietan (Mercurialis neguan), urtaro batean baino gehiagotan (lastodunak udaberrian, udan eta udazkenean) edo urte guztian (Parietaria).

Alergeno batzuk urte sasoi batean baino gehiagotan agertzeak ere badu bere alde ona, dena den: horri esker, errazago identifikatzen da alergia bidezko gaixotasuna.

Alergeno ezezagunak

Baina zer gertatzen da ez badaiteke esan zein den alergia sortzen duen eragilea? Alergiarik ohikoenak elementu jakin batzuek sortzen dituzte: polenak, belarrek eta landareek, hautsaren akaroek, elikagaiek, animaliek, intsektu batzuen ziztadek edo zenbait metalek.

Beste eragile batzuk, ordea, askoz arraroagoak dira eta ez dira hain erraz identifikatzen. Hain zuzen, Libro de Enfermedades Alérgicas liburuaren egileek hitzaurrean diote (Alergia bidezko gaixotasunen liburua, BBVA Fundazioak argitaratua) alergia bidezko gaixotasunen inguruan ere badela ezagutza falta, eta diagnostikorik eta tratamendu egokirik ez dela zenbaitetan. Azpimarratzen dute horrek nabarmen murrizten duela osasunarekin zerikusia duen bizitza-kalitatea, ugaritu egiten dituela konplikazioak eta heriotza ere eragiten duela batzuetan. Horregatik guztiagatik, dei egiten diete osasun arloko langileei eta erakundeei, publikoei bezala pribatuei, sakondu dezatela gaixotasun horien ezagutzan eta zabaldu dezatela ezagutza hori.

Heziketa eta protokoloak

Heziketaren garrantzia

Heziketa funtsezkoa da alergien eta sintomen gaian. Alergia bidezko gaixotasunik ohikoenak identifikatzeko, ongi begiratu behar zaie sintomei. Espezialistek oroitarazten dute, larritasunaren arabera, mailak izaten direla alergia bidezko erreakzioetan. Arrisku txikikoa denean, erreakzioan agertzen diren sintomek gorputzeko gune edo atal jakin bati eragiten diote. Gisa horretakoa izango litzateke, adibidez, larruazaleko ekzema bat edo sudurreko ur-jarioa.

Erreakzioaren larritasuna tartekoa denean, organismoaren beste zati batzuei ere eragin diezaiokete sintomek, eta, adibidez, arnasa hartzeko zailtasunak ager daitezke. Eta, azkenik, alergia bidezko erreakzioa larria denean, shock anafilaktikoa esaten zaiona agertzen da. Oso sintoma arriskutsua da, zeren minutu gutxiren buruan, zorabioak ager baitaitezke, goitika egin dezakegu, arranpak sentitu, beherakoa eta arnasa hartzeko zailtasun handia. Horregatik da garrantzitsua alergenoak identifikatzea eta haurrari erakustea zer saihestu behar duen.

Alergiak haurrengan: eskolarako protokoloa

Alergiak edozein adinetan ager daitezke, nahiz eta ohikoagoa izaten den haurrengan eta nerabeengan. Kalkuluen arabera, haurren artean hirutik batek dauka alergia bidezko gaixotasunen bat. Haurrek eta gazteek eskolan ematen dute beren denboraren zati handi bat, eta funtsezkoa da han jokabide protokolo bat edukitzea. SEICAP erakundeak honako dekalogo hau proposatzen du:

  1. Pertsona bat arduradun izendatzea, eta hark antolatzea alergia edo asma bidezko erreakzio larriak dituzten haurren arreta. Pertsona horrek ziurtatu egin behar du eskolako langile guztiek badakitela haur hori zein den eta zer-nolako arriskua duen.
  2. Pediatria arloko espezialistak egin duen txostenak eskolan egon behar du, eta han agertu behar du diagnostikoa eta tratamendua zein diren. Gurasoek kopia bat eman behar diote eskolari.
  3. Arduradunak zenbait pertsona izendatuko ditu eta nola jokatu behar duten esango die haur jakin batek erreakzioren bat izaten duenean.
  4. Osasun arloko profesionalek formazioa eskaini behar diete eskolako langileei, jakin dezaten zer egin behar den alergenoak saihesteko, nola identifikatu behar den alergia bidezko erreakzio bat eta zer egin behar den premiazko tratamendua emateko.
  5. Arduradunak leku seguruan eduki behar ditu premiaz emateko sendagaiak, eta eskura egon behar dute larrialdiren bat gertatuz gero.
  6. Arduradunak jakin egin beharko du nola ematen den larrialdiko sendagaia, berehala eman beharrekoa izanez gero.
  7. Arduradunek jakin egin behar dute zein diren larrialdiko mediku arreta abiarazteko bideak eta zer egin behar den gurasoak edo tutoreak jakinaren gainean jartzeko.
  8. Sukaldeko langileek eta jantokiko begiraleek ongi informatuta egon behar dute ikasle batzuek elikadura arloan eduki ditzaketen alergien inguruan.
  9. Eskolako langileek neurriak hartu behar dituzte eskolako eremu guztietan: ikasgelak, jolaslekuak, gimnasioa, kirol zelaiak, laborategiak, tailerrak, autobusak, eta abar; eta berdin eskolaz kanpo egiten diren jarduera guztietan ere, adibidez txango eta bidaietan.
  10. Eskolako langileek immunitatea eduki behar dute auzitegietako salaketen aurrean, ondoriorik ez dakien etorri, adibidez, larrialdiko edo erreskateko sendagai bat emateagatik.