Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

: ALDATU EGIN DA JOLASGARAIA

HEDATZEN ARI DA BIZIMODU OSASUNGARRIAREN ALDEKO JARRERA, ETA HORREK ALDARAZI EGIN DU HAMAIKETAKOA ERE: GARAI BATEKO OGITARTEKOEN ETA ZUKUEN ORDEZ, LEKUA IRABAZTEN ARI DIRA OSOKO SANDWICHAK ETA FRUTA. AZTERTU EGINGO DUGU ZERTAN DIREN ONAK ETA TXARRAK GARAI BATEKO MOKADUTXOAK ETA GAURKOAK.

Eskola adinean dauden haur guztien errutina berdintsua izaten da goizero-goizero: gosaldu, jantzi, bizkar zorroa prestatu eta hamaiketakoa sartu jolasgaraian jateko. Eszena hori betidanik ezagutu izan dugu, baina osagaiak aldatu egin dira: gizartean gero eta zabalduagoa dago modu osasungarrian elikatzeko joera, eta, horren eraginez, aldaketak sumatzen dira goiz erdiko mokaduaren inguruan. Joerak joera, ordea, gaur egungo haurrak ez daude hain osasuntsu, ez behintzat kontzientzia horrek iradoki dezakeen adina. Espainiako herritarren Elikadura Ohituren eta Nutrizio Egoeraren inguruko Azterketan ageri denez (ENPE izena du, 2015ean sustatu zuen Eroski Fundazioak), 6 eta 9 urte arteko haurren gizentasun tasa %22,8 handitu da 2000. urtetik. Europako herrialdeen buruan jartzen gaitu datu horrek, Zipreren atzetik.

IRAGANERA BEGIRA

Garai bateko aperitiboak, oro har, ez ziren egungoak bezain prozesatuak. Andrea Marques nutrizionista da eta Dietetika eta Gastronomia arloko aditua, eta honela azaltzen du: “Garai bateko produktu batzuek ez zeukaten hainbeste gehigarri eta kontserbagarri. Hori aski ongi ikusten da orain saltzen dituzten ogi izoztuetan. Bestalde, ogitartekoek betegarri osasungaitzagoak eduki zitzaketen, adibidez hestebeteak, nahiz eta horietako batzuk osasungarriagoak izan besteak baino, adibidez urdaiazpikoa”. Gaur egun, zenbait gurasok konpromiso handia du seme-alabak egoki elikatzeko, baina beste batzuek ez hainbeste, edo ez daukate behar adina informazio.

Gaur egun aukera ugari dago, eta badaude guraso kezkatuak ere, haurrei fruta atal bat ematen dietenak, fruitu lehorrak ontzi txiki batean edo osoko sandwich baten erdia urdaiazpiko pixka batekin. Baina beste muturra ere hor dago, elikagai ultraprozesatuetara jotzen dutenak. “Borroka horretan ari gara nutrizionistak. Guraso batzuek gaileta zorrotxoak ematen dizkiete haurrei, azukrez beteta, opil industrialak gantz saturatuekin edo zukuak azukre erantsiarekin”, azaldu du.

Orain dela hamarkada batzuk, etxean egindako janariari ematen zitzaion lehentasuna. “Gaur egun, nahiz eta produktu ultraprozesatuek ere betetzen duten elikadura arloko segurtasunaren araudia, konposatu kimiko jakin batzuk izaten dituzte, eta, gehiegizko kopuruan hartuta, eragile endokrino gisa joka dezakete edo metabolismoa aldarazi, eta pilatuz gero, kaltegarriak izan daitezke organismorako. Ultraprozesatuak saihestu egin behar genituzke ahal den guztietan”, aholkatu du Marquesek.

BEHARREZKO MOKADUA

Jolasgaraiko otorduak egunaren buruan hartzen diren kalorien %10 ematen ditu, gutxienez. Azken urteetan zalantzan jarri da egokia ote den egunean bost otordu egitea, baina beti da hobea haurrek goiz erdian zerbait jatea baraurik gelditzea baino. “Eskolan goizeko zortzietan edo bederatzietan sartu eta bazkaltzeko orduraino han egon behar dutenean, beharrezkoa da, batez ere etxean gaizki gosaltzen duten haurrentzat”, ohartarazi du Andrea Marquesek. Hori bai, goizeko mokadu hori ahalik eta osasungarriena izatea komeni da.

Nutrizionistek honako aukera hauek jotzen dituzte ontzat, beste hainbaten artean: haurrak ongi gosaldu ez duenean, komeni izaten da fruta atal bat ematea, behar adina bitamina har ditzan; hobe freskoa izatea eta ez zuku eginda, ez dezan hartu behar baino azukre gehiago. Beste aukera bat da fruitu lehor sorta bat sartzea bizkar zorroan; horiek gantz osasungarriak eta omega-3 izaten dute, eta on handia egiten diote garunaren jarduerari. Eta esneki txiki bat ere jar daiteke, edo haurrak gosea izaten duela jakinez gero, osoko ogiarekin egindako sandwich baten erdia, urdaiazpiko ondu pittin batekin edo urdaiazpiko egosiarekin, edo atun lata baten erdiarekin, kalitatezko proteinak har ditzan. Aldiz, ez genioke jarri behar txorizorik, saltxitxoirik eta gantz gehiegi daukan beste hestebeterik.

Mokadu osasungarri bat planifikatzen hasita, ideia ona izango litzateke eskolako jantokian izaten dituzten menuekin bateratzea. Eskolako sukaldean bertan prestatu edo kanpotik ekarri, kalitate estandar zorrotzak bete beharra dute, eta beti eduki behar dituzte frutak eta berdurak, eta mugatu egin behar dituzte frijitukiak, aurrez prestatuta dauden jakiak edo haragiaren eratorriak, adibidez saltxitxak edo hanburgesak. Nutrizionistek adibideekin azaltzen dute nola konbinatu bazkaritako platerak eta hamaiketako: “Bazkaltzeko arroza eta arraina emango badiote eta berdurarik ez badu jango, egun horretan azpimarratu egin behar dugu fruta eraman behar duela. Animalia jatorriko proteinarik jango ez duen egunean, lekaleak dituelako plater bakar gisa, zertxobait proteina gehiago eraman behar luke goiz erdirako. Menuko postrea ere har dezakegu kontuan: fruta denean, eraman dezala jogurta, eta alderantziz”.

NORK KONTROLATZEN DU HAURREN ELIKADURA ESKOLETAN?

Agintariek kontrolatzen dituzte eskoletako jantokietan ematen dituzten menuak. Autonomia erkidegoek araudiak argitaratu dituzte zenbait jarraibiderekin, haurren elikadura osasungarria eta orekatua izan dadin. Elikadurari buruzko adostasun dokumentu bat ere badago eskolako eremurako; Lurraldearteko Osasun Kontseiluak onartu zuen, 2012an, eta zenbait erkidegok kontuan hartu dute. Haurrek jolasgaraian jaten dutenaren ardura, ordea, gurasoena da osoosorik. Ildo horretan, hainbat ekimen sortu da gurasoei formazioa emateko; hor dago, esaterako, Elikadura Osasungarria Sustatzeko Heziketa Proiektua (PEPAS), Errioxan abiarazi zutena, 2015ean, edo Guía de alimentación saludable en la escuela (Eskolan modu osasungarrian elikatzeko gida), Andaluziako Juntak argitaratua.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografias | Argazkiak | Ikerketak