Gazta xerratua

Betiko gazta, baina erosoago

Behiarena, ardiarena edo biena nahasian; samurrak, erdionduak edo onduak. Eskaintza izugarri handia da, eta desberdintasunak ez dira zaporeari dagozkionak bakarrik. Aztertu egin dugu zeri begiratu behar zaion aukeratzeko garaian eta zer hartu behar dugun kontuan nutrizioaren ikuspegitik.
1 urria de 2026

Betiko gazta, baina erosoago

Ogitartekoak, hanburgesak, sandwichak… Xerratan moztuta datorren gazta erosoa da, moldakorra eta jateko prest egoten da. Baina alde handiak izaten dira batzuetatik besteetara, zer-nolako esnea erabili den, zenbat denboran ondu diren edo zenbat gatz daukaten. Zer erosten ari garen jakiteko, lehenik gazta motari begiratzea komeni da. Produktu batzuetan nabarmendu egiten da informazio hori, eta horrek argibide ba- tzuk ematen dizkigu ezaugarrien inguruan: Havarti motakoa (Arla) krematsua eta leuna izaten da; Edam (Eroski) erakoa zapore delikatukoa; Gouda (Oro de Holanda) lurrintsuagoa eta Cheddar delakoa (Président) zapore sendokoa eta laranja kolore berezikoa. Aria etxeko Havarti gaztak, gainera, Adierazpen Geografiko Babestua dauka, zeinak ekoizpenari dagokion faseren bat lurralde jakin batekin lotzen duen, zehazki Danimarkarekin. Gainerakoetan –Pastor, El Ventero, García Baquero, Lacturale eta Pambre– ez da nabarmentzen ezein gazta mota edo barietate.

Ontze prozesuak zehazten du zaporea

Salmenta izena osagai zerrendaren ondoan egoten da, eta batzuetan aipatu egiten du zenbat ondu den gazta. Espainiako Estatuko araudiak (RD 1113/2006) gutxieneko denbora batzuk ezartzen ditu termino batzuk erabili ahal izateko: “samurra”, “erdiondua”, “ondua”, “zaharra”… Adibidez, 1,5 kg dituen gazta batek gutxienez 7 egun egin behar ditu ontzen samurtzat jotzeko eta 20 egun erdiondua izateko; pisu handiagoa duten piezetan, denbora gehiago behar izaten da.

Aztertu ditugunen artean, badira gazta samurrak (El Ventero), erdionduak (Pastor, Arla eta Lacturale) eta onduak (Gran Capitán). Informazio horrek argibide batzuk ematen dizkigu bakoitzaren ezaugarrien inguruan: oro har, ontze prozesuak aurrera egin ahala, testura trinkotu egiten da eta lurrinak eta zaporeak konplexuago bihurtzen dira.

Baina beti ez dute zehazten zein neurritan ondu diren. García Baquero, Oro de Holanda, Pambre eta Eroski etxeetakoek “ontzen egondako gazta” dela esaten dute, ez besterik, eta Président etxekoak gazta mota aipatzen du izenean: “Cheddar gazta”.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, 10 gazta hautatu ditugu xerratan, punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute kaloriek, gantz saturatuek eta gatzak.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere nolako esnea eta zenbat duten ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2026ko uztailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Lau osagai, mila gazta

Gaztarik gehienak oinarrizko lau osagairekin egiten dira: esnea, esnezko hartzigarriak, ga- tzagia eta gatza. Aztertu ditugunetan, beste bi osagai ere agertzen dira; batetik, beta-karotenoa Cheddar erakoan (horrek ematen dio kolore laranja berezi hori), eta kaltzio kloruroa Pastor, El Ventero eta Gran Capitán etxeetakoetan, zeina esnea hobeto mamitzeko erabiltzen den.

Nola lortzen dira hain gazta desberdinak? Desberdintasun handienak esne motari eta elaborazio prozesuari zor zaizkio. Gehienetan, esneari hartzigarriak eta gatzagia eransten zaizkio mamia eratzeko, zeina moztu egiten den gazura kentzeko. Moldeetan sartu ondoren, zapaldu egiten da eta ontzera uzten. Gazta mota batzuek bestelako pauso batzuk ere izaten dituzte. Gouda eta Edam erakoetan, adibidez, mamia eratu ondoren kendu egiten da gazura, eta ur beroa eransten da, eta prozesu horrekin ematen zaizkio ezaugarri berezi horiek bakoitzari.

Behia, ardia edo ahuntza

Esne mota ere funtsezkoa da, eta horrek ere bereizten ditu gazta batzuk eta besteak. Oro har, behiarenak lurrin eta zapore leunagoak izaten ditu ardiarenak eta ahuntzarenak baino, osaera desberdina baitute, bereziki gantzei eta proteinei dagokienez. Aztertu ditugun produktu gehienak behi esnez eginak daude (Arla, Lacturale, Oro de Holanda, Pambre, Président eta Eroski), nahiz eta badiren ardi esnez eginak ere (García Baquero) eta esne motak nahasian dituztenak ere bai: El Ventero etxekoak behiarena, ahuntzarena eta ardiarena konbinatzen ditu, eta Pastor eta Gran Capitán etxeetakoek, behiarena eta ardiarena.

Esneak nahasiz eginda dauden gaztetan, ikusi egin behar da zer-nolako proportzioan dagoen bakoitza. Gran Capitán etxekoak ardiarena du gutxienez %40, eta Pastor etxekoak %5. El Venterok behiarena %61, ahuntzarena %12 eta ardiarena beste %12. Prezioan ere eragina izaten dute desberdintasun horiek. Ardi eta ahuntz esneak garestiagoak izaten dira, kopuru txikiagoan ekoizten direlako. Ardi esneak, gainera, proteina eta gantz gehiago izaten du, eta horrek garestitu egiten du.

Dena ez da gazta

Xerratan moztuta datorren gazta egiteko modua eta haren osagaiak xerratu gabeko gaztarenak bezalakoak dira, berdin-berdinak: esnea, gatzagia, hartzigarriak eta gatza. Produktu desberdina dela pentsatzeko joera izaten du jendeak, eta hori gertatzen da nahasi egin daitekeelako antzeko itxura duten beste batzuekin.

Gazta urtua da ezagunena, zeina banaka bilduta dauden xerretan saltzen den eta erraz urtzen den. Esnetik datozen osagaiekin egiten da produktu hori (esnea, gazura, gurina eta gazta izan daitezke) eta bestelako batzuk ere izaten ditu, adibidez almidoiak eta gatz urtzaileak.

Badira esnezko beste prestakin batzuk ere antzeko itxura dutenak, baina osagai hauekin eginak: gazta, esnea, gazura edo esnearen proteinak, almidoiez eta landare gantzez gain.

Gazta urtua eta esnezko prestakinak merkeagoak izaten dira eta apalagoak ere bai nutrizioaren eta gastronomiaren ikuspegitik. Elkarrengandik bereizteko, aski da salmenta izenari begiratu bat ematea: hor azaldu behar du “gazta” den, “gazta urtua” edo “esnezko prestakina”.

Esnea eta ontze prozesua

Gaztaren nutrizio osaeran ere eragina du esne motak. Behiarenak %3,3 inguru izaten ditu proteinak eta %3,5 gantza. Ahuntzarena antzera dabil proteinatan (%3,3), baina gantz gehiago izaten du (%4), eta ardiarenak gehiago izaten du bietatik: proteinak %5 inguru eta gantza %6. Horrela ongi ulertzen da García Baquero etxekoak izatea proportzioan gantz gehien (%37) eta proteina gehien (%26) aztertu ditugunetatik, ardi esnez egina dago eta.

Baina nutrizio osaera ez dago esne motaren mende bakarrik. Elaborazioak ere badu zerikusia eta, batez ere, ontze mailak. Denborarekin, gaztak galdu egiten du ura eta areagotu egiten zaio gantzen eta proteinen kontzentrazioa. Horrexegatik, El Ventero etxekoak du proteina gutxien (%21), gazta samurra delako, eta Gran Capitán etxekoa da gantz gehien duenetakoa (%35), ondua delako.

Azken kopurua baldintzatu egiten dute esnearen osaerak, elaborazioak, ontze denborak eta piezaren neurriak. Horregatik, alde handiak egon daitezke itxuraz antzekoak diren gazten artean. Arla eta Pastor, adibidez, erdionduak dira eta antzeko osagaiak dituzte –lehenbizikoak behi esnea darama eta bigarrenak, behiarena eta %5 ardiarena–, baina Arla etxekoak %26 ditu proteinak eta Pastor etxekoak %22.

Erosteko gomendioak
  1. Gazta al da? Begiratu salmenta izenean, eta egiaztatu ez dela gazta urtua edo esnezko prestakina.
  2. Mota. Havarti, Edam, Gouda edo Cheddar ez da gauza bera; zapore eta testura desberdinak dituzte. Zer maite duzun, huraxe aukeratu.
  3. Ontze maila. Gazta samurrak leunagoak izaten dira, eta onduek, berriz, zapore sendoagoak izaten dituzte eta testura trinkoagoa.
  4. Esne mota. Behiarenak zapore leunagokoak ematen ditu; ardiarenak eta ahuntzarenak, gazta biziagoak. Nahasketak, berriz, tartean gelditzen dira.
  5. Gatza. Aztertu ditugun guztiek gatz dezente daukate. Hobe da gutxien dutenei ematea lehentasuna.
  6. Prezioa. Produktu garestienak ez dira beti onenak. Alderatu esne mota, ontze maila eta prezioa (100 gramo bakoitzeko).
  7. Errazioa. Xerra bat edo bi aski izaten dira ohiko errazio bat osatzeko; zenbat jaten den, kaloria, gantz eta gatz gehiago edo gutxiago hartuko dugu.

Proteinak, gantzak eta kaloriak

Gazta batek proteina eta gantz dezente izaten du, nahiz eta alde nabarmenak dauden produktuen artean. Aztertu ditugunetan, proteina kopurua %21 eta %26 artean dabil, eta gantza, berriz, %24 eta %37 artean. Desberdintasun horiek esne motari eta ontze mailari zor zaizkio nagusiki.

Oro har, gantz gehien duten gaztak sendoagoak izaten dira zaporez eta testura krema- tsuagoa eduki ohi dute, eta gantz gutxien dutenak zertxobait arinagoak izaten dira. García Baquero etxekoak dauka gantz gehien (%37), eta Eroski Edam eta Arla Havarti etxeetakoek gutxien (%24 eta %26, hurrenez hurren).

Hainbeste proteina eta gantz izanik, energia ere dezente ematen dute aztertu ditugun gazta guztiek. Eroski Edam delakoak 316 kcal ematen ditu 100 gramo bakoitzeko, eta García Baquerok 442 kcal. Gainerakoak tartean dabiltza. Datu horiek, dena den, zuhurtziaz interpretatu behar dira, normalean ez baitira jaten 100 gramo gazta, eta kopuru hori erabiltzen da nutrizio arloko etiketako balioak emateko. Xerren pisua, gainera, nabarmen aldatzen da produktu batetik bestera. Président etxekoan, esaterako, bost xerra dira 100 gramo, eta Eroski etxekoan xerra bat edo bi. Hori dela eta, egiazko kontsumoak alderatzeko garaian, kontuan hartu behar da zenbateko errazioak jan ohi ditugun. Errazio bat 20-30 gramo ingurukoa izan daiteke, eta hori xerra bat edo bi izaten dira, produktuaren arabera.

Gatzak ere badu bere zama

Gaztak dezente izaten du gatza ere, eta komeni izaten da etiketa arretaz irakurtzea. Elikagai batek gatz asko duela esaten da %1,25 baino gehiago duenean, eta aztertu ditugun produktu guztiak horren gainetik dabiltza. Mutur batean El Ventero eta Oro de Holanda daude, %1,4rekin, eta bestean Eroski Edam, %2rekin.

Gazta guztiek D letra lortu dute Nutri-Score sisteman, batez ere ugari dutelako gatza eta gantz saturatuak eta energia ere asko ematen dutelako.

Zer ari gara ordaintzen?

Prezioan alde handiak daude: Eroski etxekoa 0,69 euroan ateratzen da (100 gramo) eta Gran Capitán etxekoa 3,56 euroan. Azken hori gazta ondua da eta ardi esnea dauka %40, eta hori izan liteke prezio horren arrazoia. Baina faktore horiek beti ez dira erabakigarriak: García Baquero oso-osorik dago ardi esnez egina, eta 2,39 euro kostatzen da; El Ventero etxekoak, berriz, %12 dauka ardi esnea eta %12 ahuntzarena, eta 2,14 euro kostatzen da. Gainerako produktuetan, prezioa itxuraz ez dago lotuta esne motari, jatorriari edo ontze mailari.

Erosotasuna ere ordaindu egiten dugu. Erretiluetan datorren gazta xerratua garestiagoa izaten da pieza osoa erostea baino edo xerrak handizka erostea baino: aldea 2-3 eurokoa izan daiteke kilo bakoitzeko (20–30 zentimokoa 100 gramoan) edo handiagoa.

Ondorioak

Gazta xerratuak ez du zertan desberdina izan piezaka saltzen den gaztatik. Biak gazta direnean, oinarrizko osagaiak eta elaborazio prozesua berdinak izaten dira. Erabiltzeko erosotasunean dago alde nagusia.

Aztertu ditugun produktuen artean, erabiltzen den esne motak eta ontze mailak eragiten ditu desberdintasun nagusiak. Faktore horiek baldintzatu egiten dute zaporea, testura eta nutrizio osaera. Prezioan ere alde handiak daude, nahiz eta beti ez den argi ikusten esne motak edo ontze mailak eragiten duela hori. Produktuaren ezaugarriek ez ezik, markak eta formatuak ere badute eragina prezioaren zati batean.

Proteina dezente ematen dute produktu guztiek, baina baita gatza, gantz saturatuak eta energia ere. Hori dela eta, neurrian jatea komeni da elikadura orekatuaren barnean.

Prezioa kontuan hartu gabe, Gran Capitán, Lacturale eta El Ventero dira aipagarrienak. Kalitate-prezioei begiratuta, Eroski, Pastor eta Lacturale nabarmentzen dira.