Haurtxoentzako moduko zizka-mizkak. Asko agindu, gutxi eman
Ontziei begiratuta, irudi osasungarria ematen dute eta haurtxoen beharrizanetara egokitua. Baina egiaz ematen al dute itxurak agintzen duen hori? Aztertu egin dugu zer-nolako osagaiak dituzten eta merezi ote duen haurtxoen dietan tarte bat egitea.
Haurtxoei zuzentzen zaizkien aperitiboak nahiko produktu berriak dira, baina urte gutxian lortu dute merkatuan leku bat egitea. Pertsona askok, dena den, oraindik ez daki zer-nolako ezaugarriak dituzten. Gida honetan zenbait argibide emango ditugu horien berri izateko.
Zer erosten ari garen jakiteko, lehenik eta behin salmenta izenari begiratu behar diogu, zeina osagai zerrendaren ondoan egoten den; izen horrek deskribatu egiten du, gutxi-gehiago, produktua zer den. Adibidez, “Zerealekin egindako elikagaia. Artoz egindako zizka-mizka, banana eta marrubiarekin”. Blédina (Danone) etxekoa da produktua egiaz zer den izendatzen ez duen bakarra, eta horrek urratu egiten du (UE) 1169/2011 Erregelamendua.
Dirudien baino irin gehiago
Irina edo zerealen semola da osagai nagusia produktu guztietan, gari, arto edo arrozarena, eta Kiddylicious Veggie Straws etxekoan, patata almidoia. Zizka-mizka batzuetan, osaera guztiaren %80 hartzen dute osagai horiek.
Hori horrela izanik ere, gehienek fruta eta barazki kopurua nabarmentzen dute ontziaren aurrealdean, eta askotan aipatu ere ez dute egiten zerealak daramatzatela. Bik bakarrik aipatzen dituzte: Nestlé Happy Puffs (“artoz egindako zizka-mizka”) eta Hero Solo Bio Puffs (“artoa, oloa eta banana”). Hipp eta Gerber etxekoetan zerealen irudiak ageri dira, baina ez dituzte izendatzen.
Nabarmenduta ageri diren fruta eta barazkiak hauts eran, pure eginda edo zuku moduan agertzen dira, eta kopuru txikietan. Adibidez, Blédina eta Smileat etxekoetan, %12 baino ez dira, eta bi horiek daukate gehien. Kasurik deigarriena Gerber etxearena da: “mugurdi” izenarekin aurkezten du produktua, eta fruta horren irudiak ageri dira nabarmenduta, baina %0,5 baizik ez dauka (mugurdi pure deshidratatua da).
Erosketa gida hau egiteko, haurtxoentzako moduko zortzi zizka-mizka hautatu ditugu, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. 2024an eguneratu zuten algoritmoarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten dute kaloriek eta zuntz eta proteina kantitateek.
- Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, batez ere osagai nagusia zein den ikusteko eta zenbat fruta eta barazki darabiltzaten jakiteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2026ko ekainean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Olioa ere aintzat hartu behar da
Bigarren osagai nagusia olioa da produkturik gehienetan. Guztietan ageri da, Hipp eta Kiddylicious Wafers etxekoetan izan ezik. Blédina eta Hero Solo delakoetan, adibidez, %10 inguru da olioa. Gehien erabiltzen dena ekilorearena da (Gerber, Nestlé eta Hero). Bi abantaila ditu: oliba olioa baino merkeagoa da eta zapore neutroa dauka. Nutrizioaren ikuspegitik, ordea, hobea da oliba olio birjina edo birjina estra, zeina Smileat etxekoak bakarrik darabilen. Blédina etxekoak oleiko ugariko ekilore olioa darama eta Kiddylicious Veggie Straws delakoak nabina olioa. Bi horiek ez dira oliba olioa bezain interesgarriak, baina ekilore olio konbentzionalak baino profil hobea dute gantz azidoetan.
Honelakoa dute nutrizio osaera
Ikusi duguna kontuan hartzen badugu, ez dago ezusteko handirik nutrizio arloko informazioari dagokionez. Osagai nagusia irina denez gehienetan, karbohidratoak dira nagusi. Kiddylicious Veggie Straws delakoak %62 ditu eta Kiddylicious Wafers delakoak %84. Olioa daramaten produktuetan, gantza da bigarren osagai ugariena. Kiddylicious Veggie Straws nabarmentzen da (%25), eta ondotik heldu dira Smilitos de Smileat (%15) eta Hero Solo (%13).

Haurtxoentzat bereziki formulatuta dauden arren, zizka-mizka horiek ez dira gomendagarriak maiz jateko. Egia da haurtxoen adinari egokitzen zaizkion eskakizun batzuk betetzen dituztela: azukre eta gatz erantsirik gabeak izaten dira, erraz murtxikatzeko moduko testura izaten dute eta ohiko aperitiboek baino arau zorrotzagoak bete behar izaten dituzte. Zizka-mizka horietako askok zenbait mezu nabarmentzen dituzte, adibidez “gatz erantsirik gabea”, “B12 bitamina dauka” edo “lagundu egiten du autonomia”, eta egiaz diren baino osasungarriagoak direla pentsa liteke. Baina, egiaz, interes gutxi dute nutrizioaren ikuspegitik, eta gerta liteke mantenugai interesgarriak ematen dituzten elikagaiei lekua kentzea.
Sei hilabetetik aurrera, elikadura osagarriaren funtzioa izaten da haurtxoaren nutrizio beharrizanak asetzea, zapore eta testura berriak ezagutaraztea, haren autonomia laguntzea eta janariarekin harreman osasungarria lantzea. Horretarako, egokiagoa da elikagai arruntagoak eskaintzea, adibidez banana edo udare zatiak, ganbantzu egosiak (zapalduta), arrautza hutsezko tortilla zerrendatan moztuta, batata egosia edo luzoker eta azenario makilatxo egosiak. Azken batean, zizka-mizka horiek ez dute eskaintzen inolako abantailarik ohiko elikagaien aldean.
Azukrerik gabeak? Ez zehazki
Produktu askoren ontzietan nabarmenduta ageri da ez daukatela azukre erantsirik. Baina horrek ez du esan nahi ez daukatela gozotasunik eta azukre librerik gabeak direnik. Nutrizio arloko informazioan argi ikusten da batzuek azukre dezente daukatela. Bi nabarmentzen dira, Hero Solo (%7,6), Smileat (7,4) eta Hipp (%6,2).
Osagaietako batzuek azukrea izaten dute berez, esaterako fruta pure eta zukuek, eta horregatik ageri da azukrea zizka-mizka horietan. Nolanahi ere, azukre libreei jarri behar zaie arreta, haurrek ez bailukete halakorik hartu behar; hau da, elikagaiei eransten zaien azukreak eta fruta zukuek izaten dituztenak dira baztertzekoak, Hipp etxeak dituenak adibidez.
Erantsi al diete gatzik?
Produktu askoren ontzietan nabarmenduta ageri da ez dietela gatzik erantsi. Kiddylicious Veggie Straws etxekoak bakarrik darama osagai hori (%0,74). Elikagai konbentzional batean ez litzateke izango kopurua handia, produktu batek gehiegi duela esateko %1,25etik gora eduki behar baitu. Baina ekoizleak adierazten duenez, zizka-mizka hori 9 hilabetetik aurrerako haurtxoentzat egina dago, eta adin horretan ez da komeni izaten elikagaiei gatza eransterik, eta egunaren buruan gramo 1 baino gutxiago hartzea gomendatzen da. Haurtxoak ontzi guztia jango balu, 0,4 gramo gatz hartuko lituzke. Banakako lau zatitan banatua dagoenez, pentsatzekoa da aldian bat jango duela, eta horrek esan nahi du 0,1 gramo gatz hartuko lukeela. Ez da asko nutrizioaren ikuspegitik, baina lagundu egin dezake haurtxoa zapore gazietara ohitu dadin.

Txikiak, baina kaloria ugarikoak
Osagai nagusiak irinak eta olioak direnez, produktu horiek energia dentsitate handia dute. 100 gramo bakoitzeko, 430 kcal ematen dituzte, opil industrial batek adina.
Badira salbuespen batzuk, dena den. Kiddylicious Veggie Straws etxekoak ematen du kaloria gehien (503 kcal/100 g), gantz ugari duelako (%25), eta Hipp eta Kiddylicious Wafers etxeetakoek dute gutxien (388 eta 378 kcal/100 g), ez baitute oliorik.
Zizka-mizka horiek, hala ere, formatu txikietan saltzen dituzte, 20 eta 30 gramo artekoetan. Ontzi bakoitzak, beraz, 100 kcal inguru ematen ditu batez beste, jogurt eta erdik adina. Heldu batentzat ez da oso kopuru handia, baina 9 hilabete inguruko haurtxo batentzat egunaren buruan dituen energia beharrizanen %15 inguru izan daiteke.
Zer dio Nutri-Scorek?
Produktu guztiek C letra ageri dute, batek izan ezik. Emaitza hori lortzen dute mantenugai interesgarri gutxi daukatelako (proteinak, frutak eta berdurak) eta kaloria asko ematen dutelako. Hipp etxekoa da salbuespen bakarra, eta A letra ageri du, proteina gehiago duelako (%11) eta zuntza (%4). Nolanahi ere, Nutri-Score sisteman puntuazio ona lortzeak ez du esan nahi elikagai bat beharrezkoa edo gomendagarria denik haurtxoarentzat; sistema horrek adierazten du, alderatu den produktu multzoan, gainerakoek baino nutrizio osaera hobea duela.
- Begiratu ontzitik harago. Frutek, berdurek eta nabarmenduta ageri diren osagaiek beti ez dute adierazten egiazko osaera.
- Irakurri osagai zerrenda. Ohikoena izaten da zerealen irinak eta olioak izatea nagusi.
- Ez fidatu amuekin. “Gatz erantsirik gabea”, “B1 bitamina dauka” eta gisako mezuak erakargarriak izan daitezke, baina ez dute bermatzen nutrizio kalitate hobea izango dutenik.
- Alderatu prezioak. Gehiago ordaintzeak ez du esan nahi hobea denik.
- Pentsa ezazu bestelako aukera errazetan. Fruta, tortilla edo berdurek mantenugai gehiago eman dezakete.
Kostatzen direna balio al dute?
100 gramo bakoitzeko prezioa aintzat hartzen badugu, produktu gehienak 6 eta 7 euro artean dabiltza, salbu eta Gerber (7,69 euro), Hipp (8,30 euro) eta Kiddylicious Wafers (10,31 euro). Azken hori merkeena halako bi kostatzen da ia, Smileat halako bi alegia (6,20 euro). Pentsa liteke jasmin arroza eta marrubia (%4) darabiltzalako gertatzen dela hori, baina ez dirudi horregatik denik hain garestia.
Arroz puztua eta ekilore olioa dituen aperitibo konbentzional batekin alderatzen badugu, zeina 1,60 euro kostatzen den 100 gramo bakoitzeko, aldea are handiagoa da. Aztertu ditugun zizka-mizken prezioa 6,55 eurokoa da batez beste, hau da, ia lau aldiz garestiagoak dira. Haurtxoek jateko moduan formulatuta dauden arren (testura, tamaina eta legezko betekizun espezifikoak), ez dirudi desberdintasun hori justifikatua dagoenik.

Lehen begiratuan, zizka-mizka horien ontziak ikusita, pentsa liteke oso osasungarriak direla, frutak eta barazkiak dituztelako eta mezu nabarmenduek ere hala iradokitzen dutelako: “gatz erantsirik gabea”, “B1 bitamina dauka”… Baina aski da osagaien zerrenda irakurtzea egiaz zer diren jabetzeko: gehienak irinez eta olioz eginak daude nagusiki. Kaloria asko ematen dute, nutrizio interes eskasekoak dira eta ez dute abantailarik eskaintzen ohiko elikagaien aldean, besteak beste fruta, berdura eta arrautzen aldean. Prezioa, gainera, askoz garestiagoa izaten dute ohiko aperitiboek baino, eta alde hori ez da nutrizio arloko osaera hobea dutelako.
Aztertu ditugun produktuen artean Smileat, Blédina eta Hipp etxeetakoek lortu dute baloraziorik onena, osaerari eta etiketari erreparatuta. Horrekin batean kalitate-prezioak ere kontuan hartzen baditugu, Smileat, Blédina eta Hero Solo nabarmentzen dira.