Begiak. Klima aldaketaren biktima ikusezinak
Begi gorriak, azkura, malko jarioa, erremina edo harea irudipena. Eragozpen horiek nekeari egozten dizkiogu askotan, aire girotuari edo alergiari, baina bada gero eta eragin handiagoa duen beste faktore bat ere: klima aldaketa. Tenperatura handiak, kutsadura, erradiazio ultramoreak areagotzea eta polenaren eragina gero eta luzaroago sumatzea bere ondorioak uzten ari dira, eta gero eta ohikoagoak dira begi lehorra eta begietako alergiak.
Orain arte, klima aldaketaren eraginak aztertzean, larruazalean eta arnas aparatuan izaten dituzten ondorioei erreparatu izan zaie. Baina begiak ere bereziki zaurgarriak dira, etengabe daudelako harremanean kanpoaldearekin. “Modu zuzenean jasotzen dute beroaren, haizearen, kutsaduraren, erradiazio ultramoreen eta giro lehorren eragina. Alderdi horietako bat baino gehiago elkartzen direnean, handitu egiten da narritadura eta hantura pairatzeko arriskua”, azaldu du Pedro Arriolak, Madrilgo San Carlos Ospitale Klinikoko oftalmologo eta Espainiako Oftalmologia Elkarteko Jasangarritasun Batzordeko koordinatzaileak. Lucia Echevarriak, Axarquia Eskualdeko Ospitaleko oftalmologok (Velez-Malaga) erantsi du klima aldaketak begietako infekzio batzuk ere agerraraz ditzakeela, tenperatura handiek baldintza egokiak sortzen dituztelako mikroorganismo jakin batzuk ugaritu daitezen.
Gero eta kontsulta gehiago
Espezialistek ohartarazi dute fenomeno hori sumatzen hasiak direla kontsultetan. Itsumenari Aurrea hartzeko Nazioarteko Agentziaren arabera (IAPB), klima aldaketak areagotu egingo ditu begi lehorraren eta begietako alergien arazoak, eta handitu egingo du zenbait gaixotasun izateko arriskua, adibidez kataratak, erretina askatzea edo adinari loturiko makula endekapena, eta ildo horretan ikertzen jarraitzen dute adituek. “Kontsultak areagotzen ari dira, baita esku-hartzeak eta tratamenduak ere, eta kezka areagotzen ari da oftalmologoen artean”, adierazi du Echevarriak. Espezialista horrek ikerlan bat egin zuen 2024an, eta hor nabarmentzen du Espainiako hegoaldean begietako gaitzek izan duten igoeraren %36,5 klima aldaketarekin lotuta dagoela. Baina zer-nolako mekanismoen bidez gertatzen da hori?
Tenperatura handien eraginak
Beroarekin, begiak errazago lehortzen dira. Tenperatura handiek azkartu egiten dute malko geruza lurruntzeko prozesua (likido geruza fin horrek mantentzen du hidrataturik eta babesturik begiaren gainazala). Aire girotua gehitzen bazaio horri, zeinak are gehiago murrizten duen giroko hezetasuna, areagotu egiten da begi lehorraren sindromea izateko arriskua.
Bakterioak eta birusak ere ugaritu egiten dira beroarekin. Ebidentziak gero eta argiago erakusten du bero kolpeetan ugaritu egiten direla konjuntibitis infekziosoaren kasuak. “Klima aldaketaren eraginez, gure inguruetan ia ikusi ere egiten ez ziren gaixotasun infekziosoak eta mikroorganismo kutsatzaileak hasi dira agertzen”, ohartarazi du Echevarriak.
Tenperatura igoerarekin, areagotu egiten da erradiazio ultramoreen eragina (UVB). Eguzkipean babesik gabe luzaroan egoteak kalte egiten dio larruazalari, baina begiei ere egin diezaieke. Erradiazio ultramoreak metatze bidezko lesioak sorrarazten ditu begiaren gainazalean eta handitu egiten du zenbait gaitz agertzeko arriskua. Pterigio delakoa da horietako bat, “surflariaren begia” edo “azazkala” esaten zaiona. Normala baino gehiago hazten da konjuntiba eta poliki-poliki lekua jaten dio korneari; hazten jarraitzen badu, ikusmenari eragin diezaioke. Horretaz gain, erradiazio ultramoreen eraginpean maiz egoteak zahartu egiten du kristalinoa eta kataratak agerrarazten ditu garaia baino lehen.

Klima aldaketak begietako osasunaren gain duen eragina ez da berdina izaten guztiongan. Adin handiko pertsonak eta haurrak izaten dira talderik zaurgarrienak, horien begiak sentiberagoak dira-eta ingurutik datozen erasoetara. Lehendik begietako gaitz bat dutenek ere arrisku handiagoa izaten dute, adibidez begi lehorra eta alergiak dituztenek, eta berdin ukipen leiarrak darabiltzatenek ere. Aire zabalaren eraginpean egon edo ez ere, kontuan hartzekoa izaten da. Lucía Echevarria oftalmologoaren esanetan, baratzean lan egiten dutenek, hondartzan, itsasoan edo goi mendietako eremuetan, erradiazio ultramoreen dosi handiagoak jasotzen dituzte. Eta hiri handietan bizi den populazioak edo bere jarduera hiri inguruetan eta industrialetan egiten dutenek kutsaduraren eragin handiagoa jasaten dute, eta faktore horrek ere lagundu egiten du begietan narritadura pairatzen.
Kutsadura eta polen gehiago
Keak, zirkulazioak, airean dauden partikulek eta industriatik datozen gasek narritatu egiten dute zuzenean begiaren gainazala. Malko geruza da lehen babes hesia, likido geruza fin-fina, zeinak hidrataturik mantentzen duen eta lagundu egiten duen kanpoko erasoetatik babesten. Kutsadura handia denean, babes hori eskas gelditzen da eta areagotu egiten da begiko narritadura. Pedro Arriolaren esanetan, kutsatzaile horiek hantura eragiten dute, eta narritatu egiten da begiaren gainazala eta handitu egiten da zenbait gaitz izateko arriskua: begi lehorra, alergia edo narritadura bidezko konjuntibitisa eta, epe luzera, glaukoma eta adinari loturiko makula endekapena.
Arazo horri beste batzuk gehitzen zaizkio, adibidez polena eta giroko beste alergeno batzuk ugaritzea. Klima aldaketak laburtu egin ditu neguak, eta egun beroak lehenago ailegatzen dira. Ondorioz, landareak lehenago loratzen dira eta luzaroago irauten dute loretan, eta aurreratu egiten da polinizazio sasoia, indar gehiagorekin sumatzen da eta zenbait aste luzatzen. Ondorioz, alergia duten pertsonak luzaroago egoten dira polenaren eraginpean eta bolada luzeagoan pairatzen dituzte begietako arazoak. “Espainian oraindik ez dago ebidentzia erabatekorik, baina badirudi begietako alergiek sintoma indartsuagoak eta iraunkorragoak izaten dituztela orain”, azaldu du Pedro Arriolak, Espainiako Oftalmologia Elkarteko bozeramaileak.
Eta ondorioak antzematen ari dira. Ebidentzia zientifikoa bereziki sendoa da oso ohikoak diren bi arazoetan: begi lehorra eta alergia bidezko konjuntibitisa. Bietan, ikerlanek azaltzen dute pertsona kaltetuen kopurua handitu duela tenperatura igoerak eta sintomak ere larritu egin dituela, eta ez da oraingo kontua: oftalmologoek urteak daramatzate joera hori kontsultetan ikusten.
2023. urtean, Begiaren Gainazaleko eta Korneako Espainiako Elkarteak (SESOC) eta Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkarteak (SEAIC) ohartarazi zuten alergia bidezko konjuntibitisaren eragina nabarmen areagotu zela Espainiako Estatuan, neurri handian klima aldaketaren eta atmosferako kutsaduraren eraginez. Elkarte zientifiko horien esanetan, horien prebalentzia %20 ingurukoa zen lehen, eta %30etik gorakoa da orain.
Epe luzeko ondorioak
Baina klima aldaketaren ondorioak ez dira mugatzen begi lehorrera eta alergietara. Epe luzera, beroaren eta erradiazio ultramorearen eraginpean luzaroan egoteak areagotu egiten du, halaber, begietako gaitz batzuk izateko arriskua, adibidez kataratak, glaukoma eta adinari loturiko makula endekapena. Zenbait ikerlanek ere frogatu dute hori hala dela. Axarquiako Ospitaleak (Velez-Malaga) egin zuen ikerlan batek ondorioztatu zuenez, urteko batez besteko tenperatura Celsius gradu bat igotzen den bakoitzeko (gradu zentigradu bat alegia), 370,8 katarata kasu gehiago izaten dira 100.000 biztanle bakoitzeko. Ikerlan horretan ikusi zen, bestalde, prezipitazio gehien izaten duten eremuetan eragin txikiagoa duela gaitzak, eta horrek iradokitzen du euriak babestu egiten gaituela.
“Tenperatura igoerek eta bero kolpeek berekin dakarte denbora gehiago egitea erradiazio ultramorearen eraginpean, eta erradiazio horrek azkartu egiten du kristalinoa zahartzeko prozesua eta kataratak agertzekoa”, adierazi du Lucia Echevarriak, ikerlanaren egile nagusiak. Espezialistak erantsi du beste ikerlan batzuek ere lotu izan dituztela tenperatura igoera eta gaixotasun batzuk, adibidez erretina askatzea eta adinari loturiko makula endekapena.
Azken batean, klima aldaketak ez du arriskuan jarri planetaren osasuna bakarrik, baita gure begiena ere. Begietako zenbait arazoohiko egin dira gure bizitzan, eta baliteke horien eraginak okerrera egitea tenperatuta handien, kutsaduraren eta polen bolada gero eta luzeagoen ondorioz. Albiste ona da neurri errazekin arindu daitezkeela eragin horiek hein handian, adibidez begiak eguzkitatik babestuta, ongi hidratatuta eta giroko kutsatzaileen eragina murriztuta. Gure begien osasuna zaintzea ere bada klima aldaketara egokitzea.
Ez dago modurik beroaren eta kutsaduraren eragin guztiei aurrea hartzeko, baina nolabait murriztu dezakegu gure begien gain duten eragina honako gomendio hauekin:
- Babestu zure begiak eguzkitik. Erabil itzazu eguzkitako betaurreko homologatuak erradiazio ultramorearen aurrean, eta ahal denean, jantzi hegalak dituen txano edo kapela bat ere. “Eguzkitako betaurrekoak eramate hutsak babes handia ematen du batere ez erabiltzearen aldean”, oroitarazi du Lucia Echevarria oftalmologoak.
- Eduki begiak ongi hidrataturik. Begietan lehortasuna edo narritadura sumatzen baduzu, malko artifizialek lagundu egiten dute begietako gainazala babestuta mantentzen, bereziki giro oso bero edo lehorretan eta aire girotua dagoenean.
- Murriztu kutsaduraren eragina. Ez egon luzaroan kea, zirkulazio handia edo aire oso lehorra dagoen giroetan, eta ariketa egiten baduzu, saia zaitez aire zabalean egiten, kutsadura gutxi dagoen lekuetan.
- Zaindu elikadura eta hidratazioa. Ongi hidrataturik egoteak eta dieta egokia egiteak (frutak, hosto berdeko berdurak eta A, C eta E bitaminak kopuru handietan dituzten elikagaiekin) lagundu egiten du begien osasuna zaintzen.
- Egizu zure ingurua osasungarriagoa. Eremu berdeek eta zuhaitzek lagundu egiten dute tenperatura murrizten, kutsaduraren zati bat iragazten eta eguzki erradiazioaren eragina murrizten.