Espainiako Estatuko herritarrek azukretan eta eztitzailetan egiten duten gastuaren inguruko azterketa, MAPAMAren elikadura Kontsumo Paneleko datuetan oinarritua

Azukrea eta eztitzaileak: gozoaren indarra

Herritar bakoitzak gehienezko azukre kopuru gomendatuaren %22 hartzen du egunean (50 gramokoa da) eta eztitzaileentzat onartzen den gehienezko kopuruaren %67 (batez beste, 0,93 gramokoa da kopuru hori 70 kg pisatzen duten helduetan)
1 martxoa de 2017
Img tema de portada listado 229

Azukrea eta eztitzaileak: gozoaren indarra

Herritar bakoitzak 4,28 euro zentimo ordaindu zuen gehienezko azukre dosi bakoitzagatik, eta batez beste 1,03 euro zentimo eztitzaile dosiarengatik

Zapore gozoak erakarri egiten gaitu, eta gehienoi zail egiten zaigu uko egitea. Eztitzaileen Nazioarteko Elkartearen arabera, “gizakiok berezko joera dugu zapore gozoa maitatzeko, zeinak eragin egiten baitu gure jokamoldean”.

Egia da, ordea, herritarrak gero eta gehiago kezkatzen direla osasunarekin eta zalantzan jartzen dute, batzuetan neurriz kanpo ere bai, zenbait elikagai jatea komeni ote den. Horixe gertatzen da azukrearekin, frogatua dago-eta mendebaldeko elikaduran gehiegi hartzen dela eta horrek kalte egiten diola osasunari. Hain zuzen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) murriztu egin du eguneko kopuru gomendatua, eta 50 gramoan utzi du.

Hala eta guztiz ere, ez gara gai zapore gozo erakargarri horri ezetz esateko. Eta hor sartzen dira jokoan eztitzaile kaloriagabeak edo kaloria gutxikoak; elikadura arloko gehigarriak dira, eta sakarosak edo ohiko azukreak baino askoz ahalmen handiagoa dute gozatzeko. Horien abantaila nagusia da oso kaloria gutxi ematen dutela edo ia bat ere ez, eta ez dutela eraginik odoleko azukre mailan; gainera, hortz-haginetako txantxarra kontrolatzeko aukera ematen dute.

Sortu zirenetik, eztabaida handia dago eztitzaileen inguruan, batzuek kaltegarritzat jotzen baitituzte eta beste batzuek segurutzat. Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak (Elika) zera oroitarazten digu: “eztitzaile artifizialen erabilera arautua dago, eta baimenduta dauden guztiak aztertu egin dituzte elikadura arloko segurtasun agintariek, zeinak kontsumo kopuru egokiak gomendatu dituzten horietako bakoitzarentzat. Hortaz, neurrian hartuz gero, ez dute sortzen osasun arazorik”.

Nolanahi ere, Julio Basulto nutrizionistak 2015. urtean Ser Consumidor irratsaioko elkarrizketa batean esan zuen bezala, “azukrea ez da pozoia eta eztitzaile artifizialak ez dira panazea, eta alderantziz ere ez”.

Azterlana

EROSKI CONSUMERek aztertu egin nahi izan du Espainiako Estatuko herritarrek zer-nolako gastua egiten duten eztitzailetan eta azukretan. Horretarako, otsailean, etxeetan egindako azukre eta eztitzaile kontsumoa aztertu dugu, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren (MAPAMA) Kontsumo Panelak emandako datuetan oinarrituta. Zehazki, kantitatea edo bolumena aztertu da (kilotan), per capita kontsumoa eta gastua, eta kiloak 2013ko uztailetik 2016ko uztailera batez beste izan duen prezioa.

MAPAMAren arabera, eztitzaileen sailean sartu dira “sakarina eta zapore gozoa ematen duten beste gehigarri kimiko batzuk, izan pastillak edo konprimatuak, izan likidoak, pikordunak…”. Ez dakigunez zer beste gehigarri kimiko erabili diren sakarinaz gain, azterlan honetan kontuan hartu dira Europan gehien kontsumitzen diren eztitzaile kaloriagabeak edo kaloria gutxikoak (Nutrición Hospitalaria aldizkariak egindako zerrendatik hartu ditugu): K azesulfamea, aspartamoa, ziklamatoa, sakarina, sukralosa eta estebiol glikosidoa edo estebia.

Azterlan honetan bada kontuan hartu beharreko beste alderdi funtsezkoa bat: MAPAMAk argitaratu dituen datuetan, herritarrek eurek kanpotik hartzen duten azukrea edo eztitzailea bakarrik hartu da aintzat. Alde batera uzten dira bi elementu horiek erantsita dituzten produktu prozesatuak (gailetak, karameluak, txokolateak, freskagarriak, marmeladak, eta abar).

Azken hamarkadetan, izan ere, herritarrek hartzen duten azukre eta eztitzaile gehiena elikadura arloko industriak elikagai prozesatuei eransten diena da. Dieta bidez hartzen denari buruz Estatuan egindako inkestan (ENIDE) ageri diren kalkuluek diote herritarrek hartzen dutenaren %20 azukre esaten zaien karbohidratoetatik datorrela (azukrea, txokolatea eta eratorriak, esnezkoak ez diren edariak eta nahas-mahas erako edariak), baina ez dakigu herritarrek zehazki zenbat azukre eta eztitzaile hartzen duten kanpotik eta zenbat etxetik.

Ez da aztertu izan, adibidez, jendeak zenbat azukre hartzen duen, nahiz eta hainbat eragilek egin izan duten eskabide hori, tartean Azukrea eta Erremolatxa Ikertzeko Institutuak (IEDAR). Isabel Vasserot da erakunde horretako zuzendaria, eta haren esanetan, “urte askoan eskatu zaio Gobernuari ikerketa bat egin dezala hartzen den azukrearen inguruan. Industriaren ekoizpen datuak baino ez ditugu, eta azukreari erabilera handia ematen zaio elikaduraren arlotik kanpo ere”. Dirudienez, Nutrizioaren Espainiako Fundazioak (FEN) horren inguruko azterlan bat argitaratuko du laster.

Emaitza nagusiak

Ondorio nagusiak

Espainiako Estatuko herritar bakoitzak 11,07 gramo azukre kontsumitzen ditu egunean. Eta 0,36 gramo eztitzaile hartu zituen 2015eko eta 2016ko uztailaren arteko egun bakoitzean Alegia, gomendatzen den azukrearen %22 eta eztitzaileen %67, beti ere, kontutan hartu gabe azukreak edo eztitzaileak dituzten produktu prozesatuak.

Gozoak, beraz, ezinbesteko lekua du gure elikaduran. Baina nutrizionistek kontuz ibiltzeko diote, gozoak produktu osasungarriei leku kentzen dielako. Mendekotasunaz hitz egiten duenik ere bada.

Prezioaren aldetik biak dira produktu merkeak, . 2015 eta 2016 bitartean pertsona bakoitzak 4,28 zentimo gastatu zituen 50 azukre gramo erosteko (hori da OMEk gomendatzen duen kopurua) eta 1,03 zentimo gastatu zituen, berriz, 0,93 gramo eztitzaile erosten (70 kg pisatzen dituen heldu batek har dezakeena, batez-beste).

Ahalmen gozagarriaren eragina

Azukreak eta eztitzaileek ez dute gozatzen modu proportzionalean; ondorioz, ikerketa motz geldituko litzateke pisua bakarrik hartuko bagenu kontuan. Kontuan hartu behar da eztitzaileek zen neurritan gainditzen duten azukrearen gozotasuna, “ahalmen gozagarria”.

Aukeratu ditugun eztitzaile kaloriagabeak edo kaloria gutxikoak hartzen baditugu (Europan gehien kontsumitzen direnak, Nutrición Hospitalaria aldizkariaren arabera), honela banatzen da azukrearen aldean duten ahalmen gozagarria:

  • K azesulfamea eta aspartamoa azukrea baino 200 aldiz ahaltsuagoak dira.
  • Ziklamatoa 30-50 aldiz ahaltsuagoa.
  • Sakarina 300-500 aldiz ahaltsuagoa.
  • Sukralosa 600 aldiz ahaltsuagoa.
  • Estebia 200-300 aldiz ahaltsuagoa.

Unitate gozagarrietatik harago, azukre eta eztitzaile kontsumoarentzat gomendatzen dituzten gehienezko kopuruak erabili ditugu, osasun erakunde baimenduek ezartzen dituztenak, neurri unitate argiagoak eta proportzionalagoak direlakoan:

  • Azukrea: egunean, gehienez ere 50 gramo (OMEk ezarritako muga).
  • Eztitzaileak: K azesulfamearentzat, Eguneko Kopuru Onargarria edo EKO 9 mg-koa gorputzaren duen kilo bakoitzeko; aspartamoarentzat, 40 mg-koa; ziklamatoarentzat, 7 mg-koa; sakarinarentzat, 5 mg-koa; sukralosarentzat, 15 mg-koa; eta estebiarentzat, 4 mg-koa. Gehienezko balio horiek guztiak Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak ezarriak dira (EFSA siglak ditu ingelesez). Kontuan hartzen bada 15 urtetik gorako heldu batek, batez beste, 70,2 kg pisatzen duela (hori diote Espainiako Estatistika Institutuak emandako azken datuek), honako hauek izango dira analisi honetarako hautatu ditugun eztitzaileen EKOak: K azesulfame 0,63 g; aspartamoa 2,8 g; ziklamatoa , 0,49 g; sakarina , 0,35 g; sukralosa 1,05 g; eta estebia 0,28 g.

Zenbat gozo jaten dugun

Kontsumitu den bolumena

Espainiako etxeek 4.524.410 kg eztitzaile eta 180.294.310 kg azukre kontsumitu zuten 2015eko uztailetik 2016ko uztailera. Batez beste, egunero 12.000 kg eztitzaile eta 493.000 kg azukre.

Lehen begiratuan, alde handia dago bi produktuen artean. Zehazki, azukre kontsumoaren bolumena ia 40 aldiz handiagoa da Espainian eztitzaileena baino. Azken hiru urteetan, gainera, bi elikagai horiek ez dute bilakaera bera izan. Azukre bolumena %13 murriztu da, eta eztitzaileena, aldiz, %11,7 handitu.

Autonomia erkidegoka, Andaluzian eta Madrilen kontsumitzen da azukre bolumen gehien (lehenbizikoan) eta eztitzaile gehien (bigarrenean). Bietan, %16aren inguruan dabil portzentajea. Beste muturrean, Errioxa, Kantabria eta Nafarroa: Espainiako Estatuan guztira hartzen den azukre eta eztitzaile bolumenaren %1 inguru kontsumitzen dute.

Kontsumoa, pertsona bakoitzeko

2015eko uztailaren eta 2016ko uztailaren artean, pertsona bakoitzak 11,07 gramo azukre hartu zituen egunean, eta 0,36 gramo eztitzaile. Beraz, pisuan neurtuta, 31 aldiz azukre gehiago kontsumitzen da eztitzailea baino. Hiru urtean, azukre kontsumoaren bilakaera negatiboa izan da (-%12); eztitzaileenean, berriz, ez da izan gorabeherarik.

Horrela, bada, egun batean kontsumitu zen azukre kantitatearekin (11,07 gramo egunean), herritar bakoitzak 11 gozo unitate hartu zituen (1 gramo sakarosaren ahalmen gozagarria 1ekoa da), eta 0,36 gramo eztitzaileekin, berriz, 14 eta 214 artean ibiliko lirateke herritar bakoitzak hartutako gozo unitateak: 14 ziklamatoa balitz, 71 K azesulfamea edo aspartamoa balitz, 89 estebia, 142 sakarina eta 214 sukralosa.

Gehienezko kopuru gomendatuak kontuan hartuta (OMEren gomendioen arabera), herritarrek egunean hartutako 11,07 gramoak egun osoan hartu behar litzatekeenaren %22 lirateke. Horri erantsi behar zaio herritar bakoitzak hartu zituen 0,36 gramo eztitzaileak; horientzat ezarritako EKOa kontuan hartuta, %56ko portzentajea litzateke K azesulfamearentzat, %13koa aspartamoarentzat, %73koa ziklamatoarentzat, %102koa sakarinarentzat, %34koa sukralosarentzat eta %127koa estebiarentzat.

Zapore gozoaren erakarmena

Kontsumo datu horiek argi uzten dute kosta egiten zaigula elikadura ulertzea zapore gozorik gabe: leku nabarmena hartzen du gure elikaduran, izan azukre eran edo izan eztitzaile eran. Eta kontuan izan behar da, analisian ez direla kontatzen produktu ontziratuen azukreak eta eztitzaileak.

Maria Colomer dietista-nutrizionista da Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako Aholkulari Batzordean, eta haren esanetan, “zapore gozoa atsegina gertatzen zaigu ia pertsonarik gehienei, eta gustatu egiten zaigu atsegin dugun hori hainbat alditan esperimentatzea”. Hark zehazten duenez, “zapore gozoak, azukretik etorri edo eztitzaile batetik etorri, areagotu egiten du gosea, berrelikatzeko eragina sortzen du: zenbat eta zapore gozo gehiago, hainbat eta gozo gehiago nahi dugu”.

Kaloria gutxiko eztitzaileak edo kaloriagabeak iruditzen zaizkigu aukerarik bideragarriena produktu azukretsuen kaloriak saihesteko. Hain zuzen, Julio Basulto nutrizionistak oroitarazten digu azukrearen ordez eztitzaile artifizial bat hartzea, baldin eta azukre asko hartzen ari bagara eta txantxarra eta gehiegizko pisua baditugu: “Besterik da eztitzaile horri atxikitzea argaltzeko gaitasun miragarria edo diabetesa sendatzekoa; hori ez dute egiten”.

Colomerren arabera, “nahasi egiten da gauza bat osasungarria izatea eta kaloria gutxiago ematea; kaloria gehiago edo gutxiago izateak ez du egiten elikagai bat osasungarriagoa izan dadin. Zer-nolako mantenugaiak ematen dizkigute azukreak edo eztitzaileek? Osasunarentzat garrantzitsua den bakar bat ere ez. Hortaz, ez dezakegu esan eztitzaile bat osasungarriagoa denik azukrea baino”.

Ildo horretan, Colomerrek zera oroitarazten du: “Kezka sortu behar diguna da, batez ere, ea nutrizioaren ikuspegitik ekarpen txikia egiten duten elikagai gozoak lekua kentzen ari zaizkien elikagai osasungarriei, eta badirudi hala dela. Hortaz, nutrizio baliorik ez izateaz gain, zaildu egiten dute gainerako elikadurak balio hori izan dezan”.

Bestalde, Basultok baieztatzen du zenbait ikerketak agerian utzi dutela eztitzaile artifizialak eta light erako edariak maiz hartzen dituen jendea gizendu egiten dela denborarekin: “Eztitzaile edo gehigarri horiek oso gozoak dira. Norbaitek light erako edari bat hartzeko ohitura duenean, gero ez dio deusen zaporerik hartzen frutari eta berdurari, aho sabaiak gozo gehiago behar duelako aseta sentitzeko”.

Info eu

Zenbat diru gastatzen dugu gozotan

Gastua, pertsona bakoitzeko

Estatuko herritar bakoitzak 3,46 euro gastatu zuen azukretan eta 1,44 euro eztitzaile kilo bakoitzean 2015eko uztailetik 2016ko uztailera. Berriz ere, lehen begiratuan, aldean ageri dira bi elikagaien artean: azukretan inbertitu den dirua bi aldiz handiagoa da eztitzaileetan egina baino.

Erkidegoka, Errioxan egin zen gasturik handiena azukretan (5,20 euro) eta Kanarietan txikiena (2,2 euro). Eztitzaileari dagokionez, Aragoin egin zen gasturik handiena pertsona bakoitzeko (1,95 euro), eta txikiena Gaztela eta Leonen eta Extremaduran (1 euro baino gutxiago).

Hiru urteko tartean, jaitsi egin da herritar bakoitzak azukretan egin duen gastua (%25,9 apaldu da) eta handitu egin da eztitzaileei dagokiena (%12,5).

Berriz ere garrantzitsua da kontuan hartzea elikagai bati eta besteari erabilera desberdina ematen zaiola, eztitzaileak askoz ere ahaltsuagoak direlako. Egin duten inbertsioa neurtzeko, gehienezko kopuru gomendatua hartu da azukreentzat eta EKOa eztitzaileentzat: 50 gramo dagozkio azukreari eta, batez beste 70 kiloko pisua duen heldu batentzat, 0,28 eta 2,8 gramo arteko EKOa eztitzaileari (motaren arabera).

Herritar bakoitzak 4,28 euro zentimo ordaindu zuen 50 gramo azukre bakoitzeko. Eztitzaileen EKO bakoitzeko gastua 3,10 euro zentimotik 0,31 zentimora doa: 3,10 zentimoko gastua aspartamoarentzat, 1,16koa sukralosarentzat, 0,70ekoa K azesulfamearentzat, 0,54koa ziklamatoarentzat, 0,39koa sakarinarentzat eta 0,31koa estebiarentzat. Ikus daitekeen bezala, oso kopuru txikiak dira bi kasuetan ere. Oso diru gutxi kostatzen da jakiak gozatzea.

Prezioa, kilo bakoitzeko

Azukre kiloaren batez besteko prezioa 0,85 euroan zegoen 2015eko uztailaren eta 2016ko uztailaren artean, eta eztitzailearena ia 17 aldiz handiagoa zen: 14,21 eurokoa. Hiru urtean, %16,7 murriztu da azukre kiloaren prezioa, eta eztitzailearena ez da mugitu.

Kataluniak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Madrilek dute, batez beste, preziorik garestiena azukrearentzat (0,90 euroan baino gehiagoan kiloa), eta Gaztela eta Leonek eta Kanariek merkeena (0,80 euroen azpitik).

Hiru urtean, %16,7 murriztu da azukre kiloaren prezioa, eta eztitzailearena ez da mugitu.Joera hori autonomia erkidego guztietan sumatu da, bereziki Gaztela eta Leonen, Balearretan eta Asturiasen, non %20 baino gehiago merkatu zen.

Eztitzaileari dagokionez, kiloaren prezioa igo egin zen 17 erkidegoetatik 10etan (bereziki, Gaztela eta Leonen, non 9,9 eurotik 15,7ra pasatu zen, eta Kantabrian, 14,2tik 21,7 eurora). Gainerakoetan jaitsi egin zen; bereziki aipagarria da Murtziako jaitsiera (15,7 eurotik 11,3ra) eta Galiziakoa (18,2 eurotik 13,22ra).

Berriz ere, batez besteko kostuaren analisia egiteko, gehienezko kontsumo gomendatua hartu da kontuan azukrearentzat eta EKOa eztitzailearentzat. Hortaz, egunean gehienez hartu behar liratekeen 50 gramo azukreek, batez beste, 4,25 euro zentimoko prezioa dute, eta Europan gehien kontsumitzen diren eztitzaileen EKO bakoitzaren prezioa aldatu egiten da, 3,98 euro zentimotik hasi eta 0,40 euro zentimoraino: 3,98 zentimo aspartamoak, 1,49 sukralosak, 0,90 K azesulfameak, 0,70 ziklamatoak, 0,50 sakarinak eta 0,40 estebiak.