Mendekotasuna duten pertsonen zaintza

Zereginak denen artean banatu behar

Senide gaixo edo ezinduak artatu behar duten pertsonek ere laguntzaren premia izaten dute, eginkizun horrek gizakia biziki hondatzen baitu
1 maiatza de 2006
Img interiormente listado 249

Zereginak denen artean banatu behar

Senide baten endekatze fisiko edo psikikoak ingurunean aldaketa latz eta traumatikoak sortarazten ditu, astinketa emozionalarekin batera, ahaidearen etengabe artatze horren ondoriozko arazoak agertzen baitira. Familiartekoek zaintzailearen rola onartzen badute ere, bizimoduan bat-batean agertu zaien eginkizun berri horrek goitik beherako eraldaketa eragingo die. Bizitzaren bestelakotze larri hori onartzea, ordea, kontu samurra inondik ere ez denez, laguntza eskatu edo espezialistarengana jo behar izaten da, zalantza unerik izateke.

Zaintzailearen ezinegona eta errudun kontzientzia

Maite dugun gizaki hori gainbehera doala sinetsi eta aitortzea gogorra da. Endekapena agerikoa bada ere, bere bikotekideak (baldin badu), seme-alabek, ilobek, anai-arrebek eta gainerakoek “bolada txar bat pasatzen ari dela” baizik ez dute sinetsi nahi izaten baina errealitateak aurrera egiten du eta, arazoaz kontzientzia hartu ahala, gaixotasunak pazientearengan ez ezik, inguruko guztien -zaintzaileen, batez ere- bizimoduan ere eragin kaltegarria duela ikusten da.

/imgs/20060501/img.psicologia.01.jpgIzan daiteke Parkinson edo Alzheimer, izan daiteke zahartzaroko dementzia, arterioesklerosia edo, askotan bezala, adin handikoa zaintzeko beharra bakarrik; dena den, lehen fase horretan agertzen ditu zaintzaileak estreinako sintomak: egonezina, etab. Hamaika arrazoirengatik haserretzen da: arazoa berari egokitu zaiolako, senideen artean arduren justiziazko banaketarik egiten ez delako… Normala da horrelako sentsazioak izatea baina horrelakoak nozitzen dituztenek beren burua hein batean bederen errudun ikusten dute. Horrenbestez, behar-beharrezkoa da zaintza lanetan diharduten pertsonak erruduntasun horretatik aska daitezen, beren bizimoduan pairatzen dituzten eragin kaltegarriez inolako eragozpenik gabe azaltzeko aukera ematea. Hori, egoera berria bizimoduaren ohiko osagarri denean aiseago onartuko da. Zaindaria kexua agertzeko eta beste senideei laguntza eskatzeko askeago sentituko da. Mendekotasuna nozitzen duen pertsonaren osasuna ez ezik, bere osotasuna ere garrantzi handikoa dela ikasiko du eta, horri esker, bere premia, aisialdi, harreman sozial eta atsedenari tarte handiagoa eskainiko die.

Zaintzak planifikatzea

Zaintzailea zaintzea ez da inprobisatzeko moduko kontua.

  • Ardurak banatu behar dira. Pertsona bakar batek ezin du guztiaren ardura bereganatu. Zaintza-lanak hamaikatxo zereginek osatzen dituzte eta, dena ondo-ondo ibiliko bada, horrelako /imgs/20060501/img.psicologia.02.jpgeginbeharrak senideen artean banatu behar dira, bakoitzari nolako zeregin eta nolako ardura egokituko zaion zehaztuz. Familiartekoek bileran elkartu behar dira tarteka, denen artean aspaldion sortu diren arazoak zein diren aztertzeko eta senide bakoitzak hartuko duen ardura erabakitzeko, behintzat. Bilera horietan ahaide bakoitzaren aukerak eta mugak aztertu eta, horren arabera, egutegiak finkatuko dira. Hala eta guztiz ere, zaintze prozesuan barrena gerta daitezkeen liskar eta gatazkei aurre egiteko prestatu beharra dagoela adostuko dute denek hasiera-hasieratik, horrelakoak jazotzea normal-normala delako horrelako bizipenetan.
  • Bikotekideaz eta seme-alabez berariaz arduratu behar du zaintzaileak. Pertsona ezinduaren zaintza-lanek senar-emazteen arteko, seme-alabekiko eta gainerako senideen arteko harremanetan nolako eragina izan duen edo izango duen jorratzeko eta beraientzat tarteak harrapatzeko egokitasunaz jarduteko, bikotekidearekin luze aritzeak garrantzi handia du. Lanak egin behar diren moduaz iritziak eta bikotekidea laguntzeko prest dagoen -horretara beharturik ez badago ere, agian esku hartu nahi izan lezake- jakiteko mintzatu egin behar da. Seme-alabez ere beste horrenbeste esan daiteke, pertsona edadetua ohetik altxatzen ez denean, batik bat. Seme-alabek, haur badaude ere, zaintza-lanen izaera ezagutzeko eta zeregin horietan esku har dezaketen modua zehazteko eskubidea dute.
  • Harremanari eustea. Zaintze-lanetan hilabeteak edo urteak joan ahala, geroz eta gutxiago irteten da etxetik zaintzailea: horrek berebiziko kaltea eragin diezaioke bere osasun emozionalari. Betidaniko harreman sozialak galtzen ez uzteak eta senitarteko eta adiskideekiko kontaktuan jarraitzeak garrantzi handia du, besterik ez bada ere, tarte horiek bere emozioak lagun horiekin partekatzeko eta denbora pasatzeko.
  • Nitasuna zaintzen ikastea. “Bere buruarentzat izatea” eta “gainerakoentzat izatearen” arteko orekan dabil gizakia. Norbaitek beste norbaiten zaintzan denak eta bi ematen dituenean, bere buruaz zaintzeaz ahantzita, beharrezkoa den oreka pertsonal hori galdu eta egonezin emozionalak, gogaitpena, bakardade sentsazioa, desoreka pertsonala eta barne-nahigabeak metatzen zaizkio elkar gainka. Ezinbestekoa du zaintzaileak egoismo pittin bat -nitasunaren zaintza osasungarria, alegia- ikastea: horretarako, kalera irteteko, aisialdiko jarduerak praktikatzeko, astiaz gozatzeko- ilusioa mantendu eta programatu behar du; bere buruarentzat hainbat tarte gorde beharko ditu, zaintzen duen pertsonaganako arreta bezain zorrozki errespetatuz.
  • Baliabide sozialak erabiltzen ikastea. Gizarteak pertsona zahar gehiago ditu egun; horientzako baliabideak ere ugaldu egin dira, baina ez proportzio berean; beraz, baliabide eskas ditu egungo zaharrak. Udal zerbitzu sozialen, osasun zerbitzuen, etxez etxeko laguntza zerbitzuen, eguneko zentroen eta egoitza geriatrikoen eskaintza egunik egun ugaltzen ari da, baina eskaria ere bai. Ezinduak dauden pertsonez artatzeko aholkularitza eta laguntza jasotzeko eskubidea dute zaintzaileek: gaixotasuna nolakoa den eta nola bilakatuko den, diagnostiko eta pronostiko zehatzagoa egiteko nolako probak egin beharko liratekeen, nolako baliabide publiko eta pribatuak erabil daitezkeen, nolako laguntzak jasotzeko eskubidea duten eta beste hainbat kontu jakin ditzakete, esate baterako.
Zaintzailearen sindromea

Zaintzaileen %80 baino gehiagok estres-gradu larria nozitzen dute; hori, haserrekortasun, ahidura, osasun alorreko arazo fisiko, urrutiratze eta depresio gisa agertzen da, eskuarki. “Zaintzailearen sindrome” horren sintoma bi edo gehiago agertzen direnean -bizitzeko ilusioa galtzea, ezin lorik egitea, gaixo dagoen senitartekoaz egunean 24 orduz artatzea, angustia sentitzea, apetitua galtzea, alkohola edo bestelako drogak hartzea- profesionalen laguntza eskatu beharra dago. Famili sendagilearengana jotzea asmatzeko modu bat da, honelako kasuak tratatzeko egoki prestatua baitago profesional hori. Horretarako, sendagileari zaintzaileak nolako egoera bizi duen azaldu beharko dio, bere egoera fisiko eta psikikoaren berri emanez.