Espondiliti ankilosagarria

Zahartzaroa baino lehenago zurruntzea

Jatorri ezezaguneko hezurretako gaixotasun sendaezin honek mila lagunetik baten baitan izaten du eragina eta gazteei erasotzen die, bereziki
1 apirila de 2006
Img salud listado 411

Zahartzaroa baino lehenago zurruntzea

/imgs/20060401/salud02.jpg Junturetako arazoak ez dituzte zaharrek bakarrik nozitzen. Gerrian edo bizkarrean min dutelako jotzen dute gazteek ere sendagilearengana. Ia garrantzirik ez duten gaitzak izaten dira gehienetan, pazienteak gehiegizko pisua hartzearen edo okerreko posturetan luze egotearen ondorioz etorritakoak Bestetan, berriz, bizkarrezurrari eta juntura sakroiliakoei (pelbisa eta bizkarrezurra lotzen dituztenei) afektatzen dien hanturazko alterazio -eskuarki, progresibo- baten lehen agerpena izaten da mina. Espondiliti ankilosagarri edo ankilopoietiko deritzon patologia horrek mila lagunetik bati erasotzen dio.

Gaitzaren kausa ezezagun bada ere, faktore genetikoekin lotu izan da bere sorburua: pazienteen %90ek HLA B27 antigenoa (erreakzio immunitarioak eragiten dituen substantzia) daukate baina, egia esan, antigeno hori daukaten pertsona askok (mundu osoko populazioaren %8k) ez dute espondilitisik nozitzen. Kontuak kontu, egundo ezinezkoa izan da gaixotasun honen agerpenaz sinesteko moduko azalpenik finkatzea.

Gizasemearena, akutuagoa

Kausak ezezagunak dira baina ondorioak zehazki asko zerrendatu dira. Gaitzak orno-gorputzetako junturen ingurunean eta lotailuak atxikita dauden guneetan hanturazko prozesua abiarazten du. Hezurrean eragiten duen erosio arina orbaindu egiten da, geroz eta handiagoak diren eta elkartuagoak dauden hezur-hazkuntzak sortaraziz; azkenean, ornoen arteko diskoa inguratu eta orno-gorputzak batu egiten dituzte. Beste horrenbeste gertatzen da juntura sakroiliakoetan ere: hauek itxura erabat galtzen dute sarri.

Horrelako alterazioak gehienbat gizasemeengan gertatzen direla zirudien arren, bi sexuetan ere eragin berdintsua dutela egiaztatu da. Emakumearengan patologiak garatzen duen koadroa, eskuarki, arinagoa izan ohi da eta, areago, maiz agerpenik azaltzeke ere bilakatzen da gaixotasuna.

Hastapeneko diagnostikoa, zaila

Garapeneko lehen etapetan gaixotasun hau diagnostikatzeak zailtasun asko agertzen ditu. Hastapeneko koadro tipikoan pertsona gazte bat -20 edo 30 urte artekoa- bizkar aldean mina sentitzen ditu, gauez batik bat; zenbaitetan ipurmasail eta izterrak minberatuak ohi dauzka eta goizean zurruntasuna hautematen du. Sintoma horiek ez dira bat ere espezifikoak, beste gaitz batzuenekin nahas daitezke eta, hortaz, patologia atzematea geroratu egin dezakete.

Gaixotasunak eboluzionatu duenean sintomak hauek dira:

  • Gauean eta goiz partean bizkar eta gerri aldean minak; baita, zenbaitetan, ipurmasail eta izterretan ere.
  • Goizean, ohetik jaikitzean, zurruntasuna (grezierazko ankylos hitzak euskarazko zurruntasun edo mugikortasun urria adierazten du).
  • Zurruntasun eta molestia horiek mugimenduan edo jardueran suntsitu egiten dira eta jarduteari utzitakoan agertzen dira ostera.
  • Sintomak agertu eta desagertu egiten dira, intentsitatea beti bera ez izaki.
  • Aste edo hilabeteak irauten dituzten krisi mantso edo gradualek adierazitako bilakaera.
  • Bizkarrezurraren kurbatura fisiologikoak pixkanaka itxuragabetuz doaz eta bizkarrezur osoa ere desitxuratu egiten da.

Eraginak gorputzeko beste atal zenbaitetan

Gaitza zenbaitetan aldaka, belaun eta orkatiletan ere agertzen da. Oinzolako fasziti (hanka lurrean uztean edo gorputza horren gainean kargatzean, mina) batek eraginiko minaren antzekoa orpoetan agertzen da edo, bestela, orpo-zurda dagoen guneari afekta diezaioke.

Gaixotasuna nozitzen duten pertsonek maiz ubeitia izeneko begietako infekzioa ere pairatzen dute: begia gorritu, begiko mina eta ikuspen lausoa dira gaitzaren sintomak eta, horrelakoetan, berehala tratamendu espezializatua aplikatu behar zaio. Arnasketan ere eragozpenak sor ditzake gaitzak eta behin eta berriro eritzea ere ohiko kontua izaten da. Toraxaren mugikortasuna urritzean, biriketatik aire gutxiago igarotzen da eta, ondorioz, eztul, usin, aharrausi egitea eta, areago, arnas hartzea bera ere mingarri gerta dakioke pazienteari fase kritikoetan./imgs/20060401/img.salud.01.jpg

Sendatzerik ez

Sintomatologiarekin batera, erradiologia eta odol analisiak dira erreumatologoak diagnostikoa egiteko funts edo oinarriak. Gaur egun gaixotasun honek ez du sendabiderik baina sintomak eta eboluzioa kontrolpean eraman ditzake eriak.

Hanturaren kontrako ez-esteroideek (AINE) eta analgesikoek sintomak arintzen dituzte. Kasuren batean egokia izan daiteke metotrexato eta sulfasalazina aplikatzea. Aurreko guztiei, oraino komertzializatua ez dagoen botika berri bat erantsi behar zaie: giza jatorriko antigorputz monoklonal batean oinarrituriko botika horrek itxaropenak sortu ditu pazienteengan. Dirudienez, hantura eta mina arintzen ditu eta ornoen lesio estrukturalek hein batean atzera egitea ere lortu izan du.

Eriaren jarrera, funtsezkoa

Patologia honetan funtsezkoa da pazienteak bere gaixotasunaren bilakaera -ahal den neurrian- kontrolatzeko, etsipenak ez emateko eta jarduera-maila egokian irauteko egiten duen ahalegina. Kontua da mugikortasuna eta malgutasuna mantentzea, ankilosiak aurrera egin dezan galaraztea eta, hitz bitan, bizi kalitate onargarriari (ahalik eta hoberenari) eustea.

  • Fisioterapia eta eguneroko ariketa fisikoak egitea, funtsezkoa. Badira bizkarrezurra eta junturak mugiarazteko ariketa-taula berariazkoak. Igeriketa oso-oso komenigarria da.
  • Ur beroak mina eta zurruntasuna arindu egiten dituenez, pazientea ohetik altxatzean eta oheratu aurretik bainu bat hartzea aholkatzen dute adituek.
  • Oheak egokia behar du izan: sendoa (ez gogorregia, ez bigunegia) eta laua. Koltxoi azpian ohol bat ezartzea aholkatzen da.
  • Egunean hainbat aldiz ahuspez etzanik egotea komeni da: hogei minutuz goizean eta beste horrenbeste ilunabarrean: postura horrek bizkarrezurrari mesede egiten dio, kurbaturen zuzenketak orekatzen dituelako. Hastapenean deseroso gertatzen bada ere, ohitura hartu ahala zailtasunak ezabatuz doaz.
  • Aulki eta besaulkiek egokiak izan behar dute: apalak eta bigunak, inola ere ez. Eserlekuak ez du luzeegia izan behar bizkarrezurraren behealdea aulkiaren bizkarraldeari gertura dakion; bizkarralde hori zuzen eta sendoa izango da bururaino. Belaunak eta aldakak angelu zuzenean ipintzeko aukera emango du eserlekuaren altuerak. Edonola ere, ez da ordu asko eman behar eserita.
  • Paziente erretzaileek tabakoa utzi behar dute: birikek aire gutxiago iragazten dute eta eztulak mina eragin lezake.
  • Ezin da karga astunik altxatu.
  • Bizkarrezurra estekatzen duten gerriko eta kortseak baztertu behar dira.

Neurri hauek guztiak hartuta gaixotasunak eboluzio kaskarra izatea saihestu eta bizi kalitatea hobetu egin daiteke.