Sorbalda minbera: marruskadurazko tendinitisa

Tratamendurik gabe senda ezin daitekeen lesio kronikoa

1 otsaila de 2004
Img salud listado 275

Tratamendurik gabe senda ezin daitekeen lesio kronikoa

Sorbalda minbera esaten zaio koadro kliniko honi eta mina eta sorbaldaren mugikortasuna mugatzea eragiten ditu. Gero eta kontsulta gehiago eginarazten du, gainera: biztanleriaren %4-%7 dago afekzio horrek jota, eta gizonezkoak izaten dira gehienetan. Pixkanaka-pixkanaka sortzen da: mugimendu jakin batzuk egindakoan edo gauez jartzen da mina hasieran. Baina min arina izaten denez, ez zaio behar bezala erreparatzen, harik eta egun batean mina latzagoa edo mugikortasun falta nabariagoa egiten den arte. Patologia luzea da, kronikoa, eta batzuetan kirurgiara jo behar izaten da.

Mina besoa altxatzean

Sorbalda mingarria eragiten duten kausak hainbat izan daitezke (sorbaldak hezur, muskulu eta tendoi egitura asko baititu), baina gehienetan hiru izaten dira: batetik, muskulu supraespinosoaren tendoiaren lesioa, bizepsaren zati luzearen tendinitisa, eta sindrome subakromiala esaten zaiona. Muskulu supraespinosoaren tendoiak, infraespinosoaren tendoiek eta muskulu biribil txikiak errotatzaileen mahukatxo esaten zaiona osatzen dute. Mahukatxoa artikulazioa babesteko egitura da, eta erraz lesionatzen da. Izan ere, besoa sorbaldaren planoaren gainetik altxatzean, tendoi egitura horrek goian duen akromioaren beheko ertza marruskatzen du, eta horrek inflamazioak, urradurak eta, kasurik txarrenetan, hausturak eragiten ditu. Besoa altxatzean agertzen da mina. Gauez, batzuetan minak lotarako jarrera egokia hartzea galarazi dezake. Halere, gehienetan, besoa nahi bezala erabili daiteke, betiere sorbaldatik gora igotzen ez bada.

Ekintza eta jarduera batzuek tendoia loditzea eta, ondorioz, marruskaduraren eraginez, tendoia lesionatzea ekartzen dute: esate baterako, zenbait kirolek (igeriketak, pisu edo jabalina jaurtiketak….) eta zenbait lanek (indarra eginez edo pisua jasoz bat besoak behin eta berriz sorbaldatik gora altxatzea eskatzen dutenek). Tendoietan oso odol baso gutxi daude, odol irrigazioa eskasa da hortaz, eta horregatik lesio hauek nekez sendatzen dira berez; are gehiago, kroniko bihurtzen dira gehienetan, eta tendoia eteteko arriskua izan daiteke. Gerta daiteke, halaber, denbora pasatuta artikulazio akromioklabikularrean (tunelaren sabaian) endekapenezko fenomenoak, degeneratiboak, sortzea. Endekapenezko artrosia fenomeno horien adibide da: tunela estutu egiten du apurka, itxi egiten du, eta tendoia hezurraren kontra marruskatzen da. Ondorioa: tendinitisa.

Sintomak eta diagnosia

Gaixotasun honen sintoma nagusia mina da. Besoa gorputzetik separatu eta altxatzean sortzen da eta, bereziki, maniobra horren puntu jakin batean: besoak sortzen duen arkuak 70-100 gradu hartzen dituenean. Hasieran besoa normal mugi daiteke, sorbaldatik gora altxatu gabe, betiere, baina denbora pasa ahala molestiak etengabeak izan daitezke, lotarako jarrera egokia hartzeko oztopo izateko adina, eta kaltetutako aldearen gainean etzatea oso mingarria izan daiteke. Minaz gain, mugikortasuna mugatzea ere kontuan hartu beharreko sintoma da: gero eta nabarmenagoa egiten da denbora pasa ahala eta, kasu batzuetan, tendoia etenez gero, ezinezkoa izaten da besoa gorputzetik mugitzea.
Sintoma horiei erreparatzea eta doktorearen esplorazioa nahikoa dira aurre diagnosia egiteko, baina ekografia eginez konfirmatu behar da. Froga hori eginda ere ez bada nahikoa, erresonantzia magnetikoa egin behar izaten da. Diagnostikoa egin ondoren, eta gaixotasunaren larritasunaren arabera, kasu bakoitzari tratamendu berezia jartzen zaio.

Tratamendua

Supraespinosoaren tendinitisa larriago egiten da edadean aurrera egin ahala, nekez sendatzen da berez, eta gehientsuenetan kroniko bihurtzen denez, tratamendua behar izaten du. Ezinbestekoa da besoa ez mugitzea, atsedena ematea, eta egunean bitan izotza jartzea ere oso lagungarria izaten da hasieran. Gero, ordea, hotzaren ordez beroa jartzea izaten da onena, egunean zenbait aldiz.

Gaixotasuna arina bada edo oso larria ez bada, hotza edo beroa ematea nahiko izaten da hantura jaisteko, eta orduan besoa errehabilitazioan hasteko moduan jartzen da, hau da, sorbaldako muskuluak indartzen hasteko moduan. Jende gazteen eta tendoi lesio larririk ez dutenen kasuan horixe bera nahikoa izaten da besoa erabat sendatzeko, baina hori eginda ere molestiek irauten badute, antiinflamatorioen bidezko tratamendua egin behar izaten da. Dena dela, tratamendu horien eraginkortasuna eskasa izaten da, tendoiek zain gutxi dutelako eta, odolaren bidez zabaltzen direnez, medikamentuak nekez iristen direlako tendoietara. Hori dela eta, askotan glukokortikoide, analgesiko eta anestesiko lokalen infiltrazio lokalak egin behar izaten dira. Hiru infiltrazio egin daitezke gehienez ere, batetik hurrengora aste bateko tartea utzita.

Tratamendu kirurgikoa bestelako tratamenduek huts egitean edo gaixotasuna oso larria denean aplikatzen da soilik. Operazioan tunel subakromiala zabaltzen da, marruskadurarik ez izateko berriz, eta, tendoiaren lesioa larria bada, kaltetutako tendoiak berregin egiten dira. Operazioa egin eta handik aste batzuetara errehabilitazioan hasteko moduan izango da afekzio hau daukana, baina, hasieran behintzat, satisfazio gutxi ekarriko die bai gaixoari eta bai fisioterapeuta berari ere errehabilitazioak, beste edozein artikulazioren errehabilitazioa baino gogorragoa baita. Hiru edo sei hilabetekoa izan daiteke errehabilitazioa; beraz, pazientziaz hartzea da egokiena eta, nola ez, gaixoaren, fisioterapeutaren eta traumatologoaren elkarlana funtsezkoa da.

Prebentzioa

Ez da erraza sorbaldako lesioak prebenitzea, edonori gerta dakizkiokeen lesioak baitira. Hala eta guztiz ere, arrisku handiagoa dute lana dela-eta gainkargako jarrerak hartzen dituztenek, mugimendu errepikakorrak egiten dituztenek eta besoak sorbaldatik gora altxatuta pisua manipulatzen ibili behar dutenek. Baina batzuetan ez da aukerarik izaten laneko ondorio edo baldintza horiek aldatzeko, eta, halako kasuetan, tarteka gelditzea izaten da onena eta, batez ere, sorbaldako muskuluak indartzea, oso erraz egiten diren ariketa soil batzuen bidez (etxean ere egin daitezke, tartetxoak hartuta).