Ukipen-dermatitisa

Sendatzeko baino diagnostikatzeko zailagoak

1 iraila de 2004
Img salud listado 287

Sendatzeko baino diagnostikatzeko zailagoak

Dermatitis edo ekzema hitza erabiltzen dugu larruazaleko erupzio arina lesio nagusi duen afekzioa adierazteko. Gorritze batekin hasten dira gaitz hauek, gero likido serosoa exudatzen duten papula eta besikula bihurtzen dira eta epe luzera kroniko bilakatzen dira, azala lodituz. Ekzemen arrazoia endogenoa izan daiteke, afekzioa abiarazten duen kanpo-eragilerik ez dagoenean (dermatitis atopiko eta seborreikoan gertatzen den bezala) eta exogenoa, afekzioa kanpo-eragileak sortarazi duenean, hala nola ukipen-dermatitis narritagarri eta alergikoa: hauexek dira populazioan eragin handiena izaten dutenak.

Ukipen-dermatitis narritagarria

Larruazalean eragin toxikoa duen produktu narritagarri baten aurrean organismoak eragiten duen hanpatzezko erreakzioa da. Hau da ukipen-dermatitis ohikoena: pertsona gehienek berdin-berdin nozitzen dute eragilea (disolbagarria, detergentea, xaboia, azido eta alkaliak, etc.) ukituz gero. Honelako dermatitisa denean larruazalak hainbat eratako erantzunak agertzen ditu, produktuaren kontzentrazioaren, eraginiko azaleraren edota ukipen-denboraren arabera. Narritagarria larruazaletik kentzerakoan sendatzen da dermatitis hau. Prozesu honetan sistema inmunologikoak ez du esku hartzen, ez dago aurretiazko sentsibilizaziorik eta, areago, produktuarekiko lehen ukipenean agertzen da gaitza. Dermatitis narritagarria izan daiteke, batzuetan, dermatitis alergikoa garatzeko lehen pausoa.

Ukipen-dermatitis alergikoa

Beste ukipen-dermatitis hau, berriz, atzeratutako hipersentsibilitatezko erreakzioaren ondorioz jazotzen da. Substantzia hori ukitzearen poderioz subjektua sentsibilizatuz doa eta, halako batean, indar handi edo txikiagoz, ekzema agertzen da. Alergia sor dezaketen produktuei alergeno derizte eta, makina bat diren arren, ohikoenen zerrenda labur bat baizik ez dugu hemen azalduko:

  • Nikela: bisuteriako produktuetan eta metal batzuetan agertzen da. Populazioaren erdia sentsible da nikelaren aurrean.
  • Kobaltoa: nikelarekin -maiz bat eginik jazotzen denez- alergia gurutzatuaren eragileetako bat izan daiteke.
  • Kromoa: naturan ugari datzalarik, hainbat industriatan baliatzen da: larrugintza, argazkigintza, altzairugintza, tinduetan eta etxegintzan; honetan kromoa nikel eta kobaltoarekin elkarturik ager daitekeelarik, zementuak eragiten duen dermatitis alergikoa sortarazten du. Pigmentu urdin batzuetan ere agertzen da (erne tatuaiekin!).
  • Merkurioa: osasun alorrean ez ezik desinfektagarriak, kosmetikoak, odontologiako produktuak eta pestizidak fabrikatzean dezente baliatzen da.
  • Kosmetikoak, Peruko baltsamua, ilerako tinduak, perfumeak, kolonia urak… ahalmen alergenikoa duten substantziak dauzkate maiz.
  • Latex eta gomak: erabilera zabalekoak izaki, geroz eta alergia gehiago sortarazten dituzte. Eskularruak, botak, babespen-produktu medikoak, kondoiak, barne-arropa, kirol oinetakoak… makina bat ukipen-aukera dugu.
  • Aplikazio topikoko botikak, hala nola neomizina, pomada, ukendu eta anestesiko topikoetan arrunt erabiltzen den antibiotikoa.
  • Huntzak, arteak, zumake pozoitsuak eta beste hainbat landarek ere eragin narritagarri eta alergikoa izan dezakete.

Bestelako ukipen-dermatitisak

Dermatitis plegu berezi-berezia, larruazala ukitu eta argitan utzita bakarrik, alergia eragiten produktuena da. Areago, pertsona batzuek argiaren aurrean fortosentsibilitate izeneko erreakzio anomaloa agertzen dute, era akutuan batzuek eta kronikoan beste batzuek.

Fotosentsibilitate akutua ere mota askotakoa izan daiteke, hala nola eguzkitako urtikaria (larruazala eguzkitan jarri eta handik minutu batzuetara sentitzen den azkura bizia), fototoxia (larruazala eguzkitan jarri eta handik ordu edo egun batzuetara azaltzen diren eguzki-erredurak, egun, aste edo hilabete batzuk iraun dezaketenak), fotoalergia (eguzkitan jarritako zonetan ekzemak garatzen dira), argi-erupzio polimorfoa (eguzkitan jarri eta handik ordu edo egun batzuetara agertzen den erupzioa, bere papula eta besikulekin, 30 urtetik aurrerako emakumeetan batik bat), eritema-lupus subakutua (eritema-lupus nozitzen duten pertsonei eguzkitan jartzeak larruazalean lesioak sortarazten dizkie).

Diagnostiko nekeza, zenbaitetan

Ukipen-dermatitis alergikoaren diagnostikoa, eskuarki, zaila da eta espezialistak ia-ia detektibe lanetan jardun behar izaten du. Belarritako, lepoko, eraztun, erloju edo horrelakoak ipintzen diren zonetan ekzema agertzen bada ondorea argi dago: eragilea nikela edota kobaltoa izan daiteke. Batzuetan, ordea, peskiza-atazak nahasi egiten dira, larruazalean lesioak eragiten dituzten alergeno batzuk zerbait irentsi edo inhalatzean irits daitezke eta.

Diagnostikoa egitean historia klinikoa eta proba epikutaneoak (“partxearenak”) hartzen dira kontuan, proba horiek baitira metodorik egokiena alergia zerk eragin duen atzemateko. Horretarako, produktu susmagarriak sorbaldaren, goi aldean multzotan biltzen dira, partxeekin estali eta horrela pare bat egun eduki behar dira. Hortik 48 orduetara lehen irakurketa egiten da eta bigarrena 72-96 orduetara, dermisak nola erreakzionatu duen ikusteko. Emaitzen interpretazio ona adituek bakarrik egiten dituzte.

Tratamendua

Ukipen-dermatitisa tratatzeko, alergia hori eragiten duen substantziarekin ukiturik ez izatean datza. Erraza da hori, agente eragilea zein den atzeman ezkero, baina beti ez denez aise aurkitzen, tanteoak egin behar izaten dira maiz, pazientearen pazientziaren kaltetarako. Lan-munduan, larruazala eta dermatitisa eragiten duen produktuaren arteko defentsa gisa diharduten hesi-kremak erabiltzen dira maiz.

Fase akutuan potasio-permanganatoz edota kobre-sulfatoz blaituriko konpresak eta egun merkatuan dauden hamaika kortikoide topikoak aplikatzea metodo eraginkorra izaten da. Zenbaitetan lesioa infektatu egiten da eta zona horretan antibiotiko topikoak aplikatu behar izaten dira. Besikulak eta exudazioa bereizgarri dituelarik, fase akutuan ez da komeni izaten pomada eta kremak aplikatzea, fase kronikoan -lesio lehor eta geruzazkoak agertzen direnean- ez bezala: aldi laburretan esteroideak eta, lesionaturiko larruazala samurtzeko gurigarriak aplikatzeak emaitza onak izan ditzake. Azkura benetan gogaikarria denean antihistaminikorik hartzea da neurri egokia.

Ekzemaren sintomak

Ukipen-dermatitis alergikoari dagokion lesio kutaneo tipikoa ekzema da eta honen sorreran hainbat fase bereizten dira. Hasierako edo fase akutuan larruazala gorritu eta, lehertzean, likido serosoa exudatzen duten papula eta besikulak agertzen dira. Hurrengo fasean (subakutu edo tartekoa) zauriak lehortzen eta geruza bat osatzen hasten da. Fase kronikoan larruazala lehortu, gogortu eta loditu egiten da, beste zona batzuetara hedatu eta, areago, odoletan has daitezkeen arrakalak agertzen dira. Eragindako zonak itxura ezatsegina du. Azkura fase guztietako ezaugarria da. Ekzemak biziki gogaikarriak izan daitezke junturetatik gertuko zonetan agertzen direnean, mugimendu batzuk egitean larruazala luzatu eta ekzemak eraso duen zonan mina sentitzen da (hatzetan, adibidez).