Errudun sentimendua

Porrotaren aurrean, "zergatik" galdetu behar diogu geure buruari, eta ez "nor"

Erru-sentimenduak, adierazi eta beraien aurka egin ahal izateko, aintzat hartu behar ditugu
1 urtarrila de 2002

Porrotaren aurrean, "zergatik" galdetu behar diogu geure buruari, eta ez "nor"

Gauza negatiboren bat gertatzen denean, errudunak bilatzeko joera izaten dugu. Joera hori hain da handia, pertsonalitate motak ere frustrazioaren aurrean erreakzionatzeko eraren arabera sailkatzen baitira: gertatzen denaren errudun sistematikoki beren burua egiten dutenak, beti errua inorena dela pentsatzen dutenak eta, azkenik, errurik inori botatzen ez diotenak, gertaera epaitzen ez dutelako edo bizitzako eragozpenei garrantzi handiegirik ematen ez dietelako.

Norbere burua errudun egiteko erreakzioek antsietate egoera sortzen dute pertsonarengan eta heziketa-sistema zurrunetan izaten dute jatorria. Familia, eskola edo ingurune soziala lege eta jokaera-arau zorrotzez beterik egon izan dira, zigorraren beldurrak eraginda. Horrela, apurka-apurka barneratu egin dugu katalogo errepresibo hori, geure izaeraren ezaugarri bihurtzera iritsi arte. Barruan daramagun epaile edo polizia da, ekintzaren edo pentsamenduaren bat-batekotasuna eragotziz nagusitzen dena. Errudun sentimendu hori izaten duten pertsonek beren burua obligazioz betetzeko joera izaten dute, eurei ez dagozkienak izan arren. Beren burua epaitzerakoan erabat arduratsu eta zorrotzak dira eta zigorra edo zehapena noiz eroriko zain bizi dira.

Bestalde, gertatzen diren gauza negatibo guztien errudun sistematikoki besteak egiteko joerak beste jatorri bat du: pertsonak ezin du jasan bere erantzukizunaren pisua frustrazioak sortzen direnean eta besterengana zuzentzen du errudun sentsazioa. Liberazio era bat da, besteek jokaera oldarkor gisa hartzen dutena, baina norbere burua objektiboki eta patxadaz kritikatzeko ezintasuna erakusten du. Jokaera hauen jatorria heziketa-estilo permisiboetan dago: pertsonak ez ditu esperimentatu bere jokaeraren mugak eta bere hutsegiteen ondorioak. Haur eta nerabeekin guraso eta helduen autoritatea eta elkarbizitzako arau jakin batzuk errespetatzeko premia behar bezala landu ez duten familietan gertatzen da hori sarri. Askatasun eta erantzukizunean heztea ikasteko daukagu oraindik.

Eta albiste txarren aurreaninori errurik bota gabe erreakzionatzen jakitea bi profil motatan ikusten da: Azaleko jokaera izan eta ezeri garrantzirik ematen ez diotenak eta, beste aldetik, erantzukizunez eta kontzienteki jokatuz, pertsona arteko harremanetan errudun sentimendurik ez nahastea aukeratzen dutenak, horrek dakarren negatibotasuna saihesteko.

Harremanen kaltegarri

Sistematikoki errua inori botatzen dion pertsona oso gogaikarri gertatzen da eta laster ikusiko du bere burua isolaturik eta jende guztiak bazterturik, ingurukoengan boterea duenean izan ezik, orduan beldurra izango baitiote; horrek ez ditu inondik ere errazten pertsona boteretsu horren harreman sozialak. Pertsona hauek perfektutzat izaten dute beren burua eta ez da bat ere atsegina izaten euren ondoan egotea. Baina jarrera hori, inorengan hain erraz ikusten dena, ez dugu antzeman ere egingo akaso geure baitan. Horregatik izaten da baliagarria gure autokritika gaitasunaz gogoeta egitea eta besteak kritikatzean ere hobetzeko espirituz jokatzea. Sistematikoki defentsako jarrera hartzea ez da probetxuzkoa gure aurrerapen pertsonalerako eta besteengandik aldendu egiten gaitu. Beste muturrean, norbere edo inoren porroten errua bere egiten dutenek asko sufritzen dute harreman sozialetan, besteak goragoko pertsona gisa edo erantzukizunik gabeko gisa ikusten baitituzte. Eta azkenean, baliteke besteei larregi eskatzea, ingurua moralki norbera bezain zorrotza ez dela uste baitu. Horrenbestez, errudun sentimenduak albora uztea positiboa da ia beti. Gatazkaren bat gertatzen denean, alferrikakoa da errudun bila aritzea. Errua beste norbaiti leporatzen bazaio, areagotu egin daiteke haren errudun sentimendua, ahula baldin bada batez ere, eta horrela pertsona hori suntsitzen lagunduko dugu. Erantzun simetrikoak ere gerta daitezke, “berriro ere betikoa” edo “amaierarik gabeko ipuina” dela irudituko zaigu; eta horrela oso zaila da gatazka konpontzera iristea. Baliagarriago da beti konponbideak bilatzeko (eta ez arazoaren jatorria ezagutzen bakarrik) bakoitzak zer erantzukizun duen norbere buruari galdetzea eta gero horren arabera jokatzea.

Errudun sentimendutik askatzea

Errudun sentimenduek sorrarazten dituzten frustrazio asko eta asko norbere edo besteen gaitasunez ideia baikorregia izaten dugulako gertatzen dira, eta hain baikorra izanik, ez da erreala izaten. Horrenbestez, kulpa sentimenduaren aurka egiteko lehen estrategia errealitatearen zentzua lantzea da eta horren ondorioz, mingarri gertatu arren, bakoitza zer eta nor den onartzea. Horretarako beharrezkoa da autokritika, gogoeta eginez eta maitasun eta konfiantzarik gehien erakusten diguten pertsonek egiten dizkiguten oharrak kontuan hartuta. Horrela, egoera gatazkatsuen zergatiak ezagutuko ditugu, hutsegiteetatik ikasteko eta horrelakorik edo antzekorik berriro ez egiteko. Helburua bikoitza da: egoera argitzea eta erruak leporatzeko prozesua desaktibatzea.

Erruak identifikatu, zergatiak onartu, geuri dagokigunean erantzukizuna geure egin eta gero, akatsok zuzentzeko eta berriro harri berean ez erortzeko neurriak hartzea izaten da zuhur eta probetxuzkoena. Kulpa sentitzera mugatzea iraganean gertatu zer zerbaitetara bizi guztirako kateaturik geratzearen pareko da eta horrek antsietate egoerak sor ditzake, depresio ere bihur daitezkeenak. Kulpa sentitzea baliagarri izango da sentsazio hori ekintza bihur daitekeenean. Hutsegiteak behin betiko porrot paralizatzaile gisa sentitu gabe onartzen direnean, ikasteko aukera gisa hauteman daiteke hutsegitea, ongi doazen eta ez doazen gauzei buruzko informazio iturri gisa. Norbere burua onartzeko eta hobetzeko prozesu bat da, norbere buruaren estima areagotzen duena, hain zuzenak ez diren gure ekintzez diagnostiko zehatza egin eta horietan esku hartzeko dugun aukeratik abiatuta, geure burua maitatzen ikastea. Inoren hutsegiteez senti dezakegun kulpari dagokionez, norbera besteren bizitzaren erantzule den (edo zein neurritan den) planteatzea komeni da.

Bakoitzak bere ibilbidea du bizitzan eta bidaia horretan gertatzen denaren erantzule egin daiteke. Besteengatiko kulpa sentimendu horiek, besteak gure erantzukizun direla uste izatetik sortzen dira. Lotura horretatik dominazioa finkatu dela dirudi, nolabait. Besteari bere bizitza bizi izan dezan baimena emateak gurea ere askatasunez eta erantzukizunez bizi izateko aukera ematen digu. Gure inguruan bizi direnak garatu egingo dira, guk nahi izan edo ez, itogarri senti dezaketen gure laguntzarik gabe ere. Oso lasaigarria da besteei geratzen zaizkien gauzetan erantzukizuna gurea ez dela egiaztatzea, baina besteak gure uste eta iritzien menpe egon gabe bizi daitezen onartzen dugunean senti dezakegun bakardadea onartzen ere jakin egin behar da.

Kulpa sentimendua saihesteko ...
  • Kulpa sentimenduak identifikatu. Zein egoeratan agertzen den aztertzea.
  • Normaltzat hartu eta ulergarri direla pentsatu. Errudun sentimendu horiek aitortu eta onartzean, errazagoa da adierazi eta horien aurka egitea.
  • Kulpa sentimenduez hitz egin. Gai horri buruz beste norbaitekin (beharrezko bada profesionalekin) hitz egiteak sentimendu kaltegarri horiek arintzen lagun dezake.
  • Zergatiak aztertu. Sentimendu horien arrazoiak bilatzeak ulergarri eta onargarriago bihurtzen lagun dezake.
  • Geure mugakaitortu.
  • Besteei bizi izaten uzten ikasi.