Internet oporraldietan

Segurtasuna nonahi

Uda partean komeni izaten da, konexioa dela eta, hainbat neurri hartzea sarrera publikoa duten tokietan eta hari-gabeko sareetan
1 uztaila de 2005
Img internet

Segurtasuna nonahi

Zaletasunak edo premiak bultzatuta, pertsona askok oporraldietan ez dute Interneteko konexioa eteten: dauden tokian daudela, amaraunera jotzen dute nonahitik posta igorri eta jasotzeko, web orrian idazteko edo, besterik ez bada ere, nabigatzeko. Nabigatzaile hauen artean ere bi “udatiar” mota bereizten dira: ekipajean eskuko ordenagailua, PDA eta Internetera konektatzeko gainerako guztia eramaten dutenak eta, bestetik, helmugan sarrera publikoko gunea (ziber-kafean, mintzalekuan edo hotelean bertan) bilatzea sinetsi eta espero dutenak.

Batzuek zein besteek gogoan izan behar dute bidaietan ere amaraunerako konexioak segurantzia ezinbesteko elementua duela. Toki publiko batetik konektatzeak gure datuetara beste norbait sartzeko aukerak ugaldu egiten ditu. Gutxienezko segurantziak, honelakoetan, ohiko neurriak areagotzea eta etxean gauzatzen ez ditugun praktika batzuk ere orain eranstea exijitzen digu./imgs/20050701/internet.jpg

Sen onak aginduta

Gure ordenagailuan sartzeko teknika sofistikatuez baliatzen diren hacker (edo, hobe, cracker) horiek baino beldurgarriago dira praktika klasiko batzuk, hala nola bizkar gainetik zeharka begiratzea, zelatan. Toki publiko batean sarrera klabea tekleatzean argi ibili behar da: beste inork ikus ez dezan gure pantaila edo teklatua eta, pantailan informazio konfidentziala agertzen baldin bada, ordenadoreari jaramon egitea. Pasahitzek, gogoan izan beti-beti, seguru izan behar dute: erabiltzailearekin nekez erlaziona daitezkeen sei karakteretik gorako letra eta zenbakien konbinazioak dira egokienak (txakurraren izena edo jaioteguna ez dira pasahitz onak).

Erabiltzailearen izen eta pasahitzen harrapatzen saiatzea benetako delitua da, ugalduz doa eta diru lapurreta edo nortasun ordezkapen bihurtu ohi da. Ordenagailu publikoa erabiltzean erabateko segurantziaz aritzeko informazio garrantzitsua (kreditu txartelaren zenbakia, banka zerbitzuetarako pasahitza, etc.) ez sartzea bezalako sendabiderik ez dago: baliteke PC horrek erabiltzaileak sakaturiko teklak erregistratzeko gauza den espioitza softwarea instalatua edukitzea. Espioiak atzeman eta suntsitzen dituen programa eskura izatea bat ere ohiko kontua ez denez, arriskua ezabatzen ahalegindu behar dugu, ordenagailutik irtetean aztarna guztiak ezabatuz.

Nola ezabatu aztarnak

Zeinahi on-line zerbitzu erabiltzeko, web postan (Yahoo!, Hotmail eta antzekoak legez) eta aldi bereko mezularitza programetan ohikoa den “pasahitza gorde” edo “saioaren hasiera automatikoa” aukera aktibatua ez dagoela segurtatu behar da. Era berean, nabigatzaileak “Pasahitza gorde nahi al duzu?” galdetzean, ezezkoa erantzun behar diogu. Nabigatzean hartu beharreko neurriak etxean hartzen ditugun horiek berak dira: erne mezuekin batera datozen artxiboekin, argi duda-mudazko lekuetatik deskargatzen direnekin.

Erregistroa ezinbestekoa duen orritik irtetean saioa itxi egin behar da, derrigorrez; ordenagailua uztean nabigatzailea ere ixtea ez da gehiegizko neurria; dena den, utzitako arrasto guzti-guztiak ezabatu egin behar ditugu (beharrezkoa denean, noski). Nabigatzailearen zaletasunei jarraiki, Interneteko behin-behineko artxiboak (bisitaturiko orriak erregistratzen dituztenak, alegia), cookie izenekoak (baliteke bertan informazio pertsonala gorde izana) eta historiala ezabatzea kontu erraza da.

Hari-gabeko sareetan

Geroz eta ugariago diren sare hari-gabeko horiek biziki mesedegarriak dira wifi txartelaz hornituriko eskuko ordenagailua aldean daraman bidaiariarentzat. Aireportu, hotel eta, areago, jatetxe batzuetan badago Sarean airetik sartzeko aukera, maiz doaneko zerbitzua izaki. Norberaren ordenagailuarekin sare publikoan sartzean babestu beharrekoak disko gogorreko artxiboak dira, balio handiko edo konfidentziazko informazioa daukatenak, bereziki.

Ordenagailuak berak esango dizu hari-gabeko sare hori segurua den (zifratua edo pasahitzen bidez babestua) edo ez den baina, nolanahi ere, oso beharrezkoa da suhesia (firewall) instalatua edukitzea, gure ekipoan nahi ez dugun inor sar ez dadin. Sare publiko batean pasahitzak edo txartelaren zenbakia sartzea ezinbestekoa baldin bada, segurtatu orri seguruak direla, hasiera https:// dutela eta nabigatzailearen azpialdean giltza edo giltzarrapo itxia agertzen dutela.

Neurri-neurriko nabigazioa

Segurtasuna bidean

www.microsoft.com/spain/seguridad/usuarios/onthego/default.mspx

/imgs/20050701/internet02.gif
Microsoft-en berezia: ordenagailu eramangarrien segurtasuna, Pocket PC, SmartPhone dispositiboak eta bidaietan konektatzeko bestelako ekipoen gaineko informazioa.

Ziberkafeak

www.world66.com

/imgs/20050701/internet03.gif
Bidaiariek idatzitako gida, turistei zuzendua, mundu zabaleko ziberkafeak arreta gune hartuta. Beste hainbat gunetan ere bila daiteke, hala nola: www.cybercafes.com eta, espainieraz, ociototal (www.ociototal.com/recopila2/r_internet/cibercafe.html) web orrian.

‘Hotspots’

http://hotspots.netstumbler.com

/imgs/20050701/internet04.gif
Planeta osoko Interneterako hari-gabeko sarguneak (hotspots derizte horrelakoei eta ekipoko wifi txartelaren bidea ar daiteke bertan) bilatzeko.

Ordenagailu eramangarria (eta bertako edukia) zaintzea

Egungo ordenagailu eramangarri ahaltsu, moderno eta garesti horiek biziki gutiziatsuak ditu besterenaren adiskideak: Estatu Batuetan, adibidez, urtero-urtero milioi erdi ordenagailu eramangarri aldatzen dira jabez, aireportuetako segurtasun kontroletan galtzen direnak kontuan hartzeke. Ordenagailu eramangarriarekin bidaia egitean, bai hardwarea (ordenagailua bera) baita bertako informazioa zaindu behar dira. Aurrekoari dagokionez, bete oinarrizko arau (ohiz, ahantzi) hauek:

  • “Ezkutatu” ordenagailua. Ez eraman maletatxo nabarmen batean (hobe motxilan edo zorro batean).
  • Ez utzi eskutik. Ez segurtasun kontrola pasatzean, ez automobilean, ez hotelean, ezta aldameneko aulkia, kafea hartzen ari zarela.
  • Gorde toki seguruan. Hegazkinean, hobe aurreko eserlekuan ekipaje-gordailuan baino.

Ordenagailuak barruan daukana babesteko ibil zaitez tentuz leku publikoetako konexioan, bai sareko segurtasunagatik, baita datu pertsonalak harrapatzera ohi doazen “ehiztarien” aldetik ere. Ordenagailu eramangarria galdu, hondatu edo lapurtzen badigute, diru eta informazio aldetiko eragina arindu egin daiteke. Horretarako, ordea,

  • Babestu ordenagailua pasahitz seguru baten bitartez eta zifratu karpeta eta artxibo konfidentzialak.
  • Artxibo garrantzitsuen segurtasun kopia egin eta gorde behar duzu Interneteko zerbitzari, USB giltza-uztai edo MP3-en erreproduktore batean: horietatik informazioa berreskuratu ahal izango duzu, zauden tokian zaudela. DVD grabagailuen prezio apalari esker, tarteka-marteka euskailu horretara hustu ahal izango duzu disko gogorreko eduki osoa.
  • “Galdu” egiten bada, ekipoaren arrastoa segituko duen programa bat instala ezazu, hala nola zTrace edo Computrace. Programa horiek irrati-faro gisa dihardute: ordenagailua ebasten badigute, Interneten konektatzen den bakoitzean gure ekipoaren posizioa adierazten digute, lapurra konturatzeke.
  • Hartu aintzat ordenagailu eramangarria aseguratzeko aukera.