Idazmahai birtualak

Sarea bera bulego: erosoa eta merkea

Interneten bertan erabil daitezke gero eta programa gehiago, ordenagailuan instalatu beharrik gabe
1 urtarrila de 2009
Img internet listado 475

Sarea bera bulego: erosoa eta merkea

Laneko mugikortasunak Internet du abiapuntu eta helmuga. Luze gabe, Sareari lotu-lotuak lan egingo dugu, eta etengabe mugituz, aski izango dugu nabigatzailea duen ordenagailua izatearekin. Hainbat aplikazio daude (Zoho, Google Docs edo Acrobat.com) web orriak direnak baina testuak idazteko, kalkulu orriak egiteko edo Power Point aurkezpenak gortzeko balio dutenak.

Konexio ona behar da dokumentuak eskura edukitzeko

Idazmahai birtuala erosoa da, dena daukagu beti eskura baina badu ageriko arrisku bat: Konexio onik gabe, ez dugu ez dokumenturik, ez lan tresnarik.

Konexio ona eskura edukiz gero, ostera, abantaila argi dago: edozein ordenagailutatik egin genezake lan. Agenda elektronikotik edo esku telefonotik ere irits gaitezke dokumentu horietara, konexioa badaukagu. Lan eremuan oso erabilgarria gerta daiteke, eta abantaila nabarmenak ditu, ez baitago eguneroko jarduna eten beharrik zenbait zeregini erantzuteko (fitxategi batean datu bat begiratzea dela, edo aldatzea, edo zerbait egiaztatzea…). Hara eta hona dabilen saltzaile batek, adibidez, ohiko ibilbidea egiten ari denean idatz dezake zer non utzi duen, zer eskatu dioten, eta abar, bulegora iritsi zain egon gabe.

Lan talde sakabanatuak

Aplikazio hauek talde lanaren lagungarri ere gertatzen dira, aukera ematen baitute hainbat jendek dokumentu berarekin lan egin dezan. Taldekideak Sarera konektatuta badaude, guztiek aldi berean ikusi eta erabili ahal izango dituzte dokumentuak, eta modu koordinatuan lan egin ahal izango dute horiekin, nahiz eta milaka kilometrotara egon batzuk besteengandik. Dokumentua zein webgunetan dagoen jakin, egilearen baimena lortu, eta hantxe aurkituko dute. Lan talde sakabanatuak deitzen zaie horrela jarduten dutenei; ez dute zertan egon guztiak leku berean, aski dute langai eta langune berari konektaturik egotea.

Ekimen akademikoetan oso ohikoa da lan talde sakabanatuekin lan egitea, hainbat herrialde eta kontinentetako unibertsitateek parte hartzen duten ekimenetan, batik bat. Ikertzaileek proiektuak izaten dituzte esku artean, eta dokumentuetan jartzen dituzte euren aurkikuntzak. Ondoren, beste herrialde edo unibertsitate bateko ikertzaileek aukera dute dokumentu horiek editatzeko, osatzeko edo nahi adina ñabardura egiteko. Horrela lantzen da proiektu bat munduko hainbat bazterretatik. Enpresa munduan ere gero eta hedatuagoak daude lan talde sakabanatuak; inguru berean bizi ez den jendea biltzeko modu ona da, edo telelanak eskaintzen duen malgutasuna lehenesten dutenak elkarrekin lanean jartzeko.

Datu zentralizatuak, eta besteren esku

Orain arte esandakoak hala badira ere, kontutan izan behar da zerbitzu hauek erabiltzeko, izena eta beste zenbait datu eman behar direla eta datuok enpresa baten zerbitzan gorde behar direla. Dokumentuak eta informazioa babesteko tekniketan asko aurreratu dute -zifra-kodeak erabiltzen dituzte-, baina erabiltzaileak, informazioa gorde baino ezin du egin; zaindu, beste batek egiten du, eta harengan konfiantza eduki beharra dago. Zerbitzu hauetako gehienen asmoa ez da datuak bidegabe erabiltzea (beste enpresa batzuen esku uztea, adibidez), baina, badaezpada ere, ongi neurtu beharra dago zein informazio jarri zerbitzu mota hauetan, eta zein informazio bidali beste bitarteko pribatuagoetatik.

Zerbitzu nagusiak
  • Google Docs: Google-k sortu du idazmahai birtualik arrakastatsuena. Testuak, kalkulu orriak eta aurkezpenak Interneten gortzeko biltegi moduko bat sor daiteke. Dokumentu horiek, gainera, hainbat formatutan ekar daitezke ordenagailura, eta gero berriz webgunera igo. Doakoa da, eta oso segurua. Kode konplexuak erabiltzen ditu dokumentuak gordetzen dituzten webguneen helbideak sortzeko, eta dokumentuetara iristeko baimena posta elektronikoz bidaltzen du. Nahi adina dokumentu bil daitezke, baina dokumentu batek, gehienez, 500 Kilobyte eduki ditzake. Dokumentuei atxiki nahi zaizkien irudiek ez dituzte eduki behar bi Megabyte baino gehiago.
  • Zoho: Askorentzat, hauxe da beste zerbitzu nagusia. Google-ren bulego birtuala bezain erabilgarria da, eta ezaugarriak ere berdintsuak ditu; Zoho-k, horrez gain, ukitu sozial interesgarria eman dio. Zerbitzu honetan, testuak editatu daitezke, kalkulu orriak ere bai, eta aurkezpenak antolatu daitezke; gainera, datu baseak sortzeko aukera ematen du, negozio dokumentuak kudeatzeko, eta, azkenik, bilera egutegia ere badu. Doakoa da, eta gizarte sareekin loturak egiten ditu, dokumentuak partekatzeko (Facebook-ekin, adibidez), eta aukera ematen du idazmahaiko aplikazioen bitartez iristeko dokumentu horietara, Outlook posta zerbitzuaren bitartez, besteak beste. Talde bilerak Interneten egiteko aplikazio interesgarria ere eskaintzen du.
  • Acrobat.com: Adobe enpresaren ekimena da -Photoshop enpresaren jabearena-, baina hasiera samarrean dago. Itxura erakargarria du oso, eta aukera ematen du testuak eta kalkulu orriak editatzeko. Internet bidezko telekonferentziak eta telefono deiak ere egin daitezke.