Proba praktikoa: filmak 'on line' alokatzeko hiru plataforma

Filmin izenekoak zinema independentea eskaintzen du; iTunes da egokiena berrikuntza komertzialak eskuratzeko, eta Filmotech, berriz, Espainiako zineman espezializatu da
1 azaroa de 2011
Img internet listado 665

Proba praktikoa: filmak 'on line' alokatzeko hiru plataforma

Ez dabil jende askorik zinema-aretoetako txarteldegietan, baina jendeak ikusten ditu filmak. Beste nonbait eta beste nolabait. Formatu berriak ari dira agertzen merkatuan, CDa baino txikiagoak neurriz eta biltegiratzeko gaitasun gehiago dutenak. Euskarri fisikoa indarra galtzen ari da kultur produktuak kontsumitzeko orduan, eta, aldiz, gero eta gehiago ari da hedatzen Internet bidezko banaketa. Ohitura eta joera aldaketa hori abian den arren, Espainiako Estatuan oso eskasa da zerbitzuen eskaintza, ekoiztetxeak eta banaketa-enpresak nahiko uzkur ageri baitira negozio-eredua aldatzeko garaian.

Eskari berriari erantzun nahian, filmak eta telesaioak sarean banatzeko ekimen berriak sortu dira azken hilabeteetan. Lehen ere baziren gisa horretako proiektuak, aitzindariak, eta horiek are leku nabarmenagoa eta garrantzitsuagoa hartu dute orain. EROSKI CONSUMERek erabilera-proba bat egin du Espainiako Estatuan jarduten duten hiru plataformarekin.

Honako hauek hautatu ditugu:

Elkarrekin dituzten ezaugarriak

Filmak eta dokumentalak modu digitalean alokatzeko aukera ematen dute plataforma horiek, denbora jakin baterako, eta tarte horretan, alokatze-denbora agortu artean alegia, nahi adina aldiz ikus daitezke edukiak. Gehienetan, lehenbiziko aldiz play sakatzean hasten da alokatze-aldia. Hiru plataformek nahiko eskaintza urria dute, baina hilero berritzen dute katalogoa, ekoiztetxeekin eta banaketa-enpresekin hitzarmenak eginda. Plataforma horiek erabiltzeko, Interneterako konexioa eduki behar da, baina ez edonolakoa: banda zabalekoak izan behar du, segundoan hiru megabit baino gehiago ematen dituena, eta datu-tarifa laua ere beharrezkoa da, plataforma horietako filmak gigabyte batetik gorakoak baitira.

Aldeak

Filmin izeneko plataforma zinema independentean eta egile-zineman espezializatu da, eta jatorrizko bertsioan dauden filmak eskaintzen ditu nagusiki, azpitituluekin. Filmak streaming bidez ikusten dira, bai flash formatuan eta bai HTML5ean. Beraz, eduki horiek eskuratzeko, banda zabaleko konexioa behar da Interneten. Filmotech zerbitzuak ere berdin funtzionatzen du. Aldiz, iTunesek bere dendan eskaintzen dituen filmak ikusi nahi dituenak, aurrez, izen bereko aplikazioa instalatu beharko du, eta hortik sartu ahalko da dendara eta kudeatu ahalko ditu edukiak. Gainera, filmak ikusi aurretik, deskargatu egin behar dira, nahiz eta aukera ematen duen deskargatzen hasitakoan ikusteko ere.

Hauxe da onena:

  • Erabiltzaile-esperientzia gozatzeko: iTunes
  • Deskonektatuta filmak ikusteko: iTunes
  • Gailu batean baino gehiagotan erabiltzeko: Filmin
  • Film independenteak ikusteko, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin: Filmin
  • Espainiar zinema klasikoa ikusteko: Filmotech
  • Zinema komertzialaren azken berrikuntzak eskuratzeko: iTunes

Zerbitzuak, banan-banan

Filmin

Espainian sortu den plataforma da Filmin, eta zinema independentean espezializatu da (Espainian, Europan eta Asian egindako lanak eskaintzen ditu, besteak beste). Gaur egun, 785 film dauzka katalogoan, eta horien artean, badaude nazioarteko zinema-jaialdietan sarituak edo jatorrizko herrialdean arrakasta handia eduki dutenak. Gaztelaniazko azpitituluekin eskaintzen dituzte filmak, edo jatorrizko bertsioan bestela. Film bakoitza 1,95 eta 2,95 euro artean kostatzen da, baina badira 0,95 euroan ere. Zinema-aretoetan estreinatzen ari diren filmak aldi berean Internetez ikusteko aukera ere ematen du, 4,95 euroren truke.

Filmak streaming bidez eskaintzen dituzte, web-orritik bertatik, eta, beraz, edukiak ikusteko unean, Internetera konektaturik egon behar da (ezinbestekoa da banda zabaleko konexioa edukitzea). Oro har, DVDaren antzeko kalitatea ematen du, nahiz eta zenbait film goi mailako bereizmenarekin ere eskaini. Filmak flash formatuan ikusteko programa berez ezarria dauka Filminek, eta halaxe eskaintzen ditu; teknologia horrekin bateragarriak ez diren gailuentzat, berriz (iPad-arentzat, adibidez), HTML5 bertsioa ere badauka.

Harpidetza berezia egiteko zerbitzua ere eskaintzen du, “Premium” delakoa; tarifa laua ordainduz, katalogo guztia eduki liteke eskura. Hilabete baterako kontratatuz gero, 15 euro kostatzen da, baina hiru hilabeterako kontratua eginez gero, hilean 10 euro ordaindu behar da. Urte osoko harpidetza ere egin liteke, eta ordaintzeko orduan, kreditu-txartela eta Paypal kontua erabiltzeko aukera ematen du. Ordaindu ondoren, film bat ikusten hasi eta 72 orduren buruan amaitzen da zerbitzua.

iTunes Store

Duela urtebe hasi zen Apple etxea zerbitzu berezi hau Espainiako Estatuan eskaintzen, eta geroztik, iTunes dendaren bidez, filmak eta dokumentalak alokatzeko edo erosteko aukera du erabiltzaileak. Mila titulu baino gehiago dauzka katalogoan, zinema komertzialaren sailean sar litezkeenak. Orain arte, gaztelaniara itzulita eskaini dituzte filmak, baina, berriki, jatorrizko bertsioan ere merkaturatzen hasi dira, azpititulurik gabe. Filmik gehienek kalitate estandarra dute, DVDak baino zertxobait hobea. Badira, dena den, goi mailako bereizmena dutenak ere (gehiago ordainduta, jakina).

Prezio bat baino gehiago aurkituko ditu film bat alokatu nahi duenak: “Asteko filma”, esaterako, 0,99 euroan eskura daiteke, eta goi mailako bereizmenarekin datozen film berriak (estreinatu berriak), 4,99 euroan. Alokatzen den film bakoitza 30 egunez ikus daiteke. Denbora hori igarotzen denean, filma automatikoki ezabatuko da gailutik. Gainera, filma lehen aldiz ikusten hasi eta hurrengo 48 orduetan, nahi adina aldiz ikusi ahal izango du erabiltzaileak.

iTunes Store dendara sartzeko, iTunes aplikazioa deskargatu eta instalatu behar da (Windows eta Mac Os X sistema eragileentzat soilik dago erabilgarri). Behin instalatu ondoren, erabiltzaile-kontu bat sortu behar da iTunes Store dendarentzat. Kontu hori sortzerakoan, kreditu-txartel baten datuak eman beharra dago, ordainketa modu hori soilik onartzen du eta.

Filmak ikusi nahi dituenak disko gogorrera deskargatu beharko ditu aurrez. Horrek badu abantaila bat: Internetera konektaturik egon gabe ere ikus daitezke, baina, jakina, lekua eduki behar da disko gogorrean.

Filmotech

Nagusiki, zinema klasikoak osatzen du zerbitzu honen katalogoa (Espainiako filmak, Europakoak eta Asiakoak dira gehienak), eta zinema-aretoetara iritsi berri diren espainiar filmak ere badira tartean. Streaming bidez ikusten dira filmak, eta, beraz, banda zabaleko konexioa eduki behar da. Bideoen kalitatea DVD estandarrarena baino apalagoa da, eta zenbaitetan, filmak ez dituzte ematen zinema formatuan, ezpada 4:3 formatuan. Gainera, flash-en soilik ikus daitezke.

Erabiltzaileek 24 ordu dauzkate filma ikusten hasi eta bukatzeko, “play” botoia sakatzen dutenetik. Era horretan, filma hainbat astez alokatuta eduki dezakete, baina ikusten hasi gabe eduki. 24 ordu horietan, nahi adina aldiz ikus daitezke edukiak.

Zerbitzuan izena emateko prozesua oso erraza da: egiazko helbide elektroniko bat eta pasahitza besterik ez da eman behar. Nabigatzeko orduan, ordea, web-orriaren ingurune grafikoak zaildu egiten du erabiltzaile-esperientzia. Filmak bilatzeko eskaintzen duen bilatzailea, berriz, ez da batere eraginkorra. Ordaintzeko orduan, txartelak eta Paypal kontuak erabil daitezke. Filmen prezioa 1,42 eurotik hasi eta 3,04 euro arterainokoa da (azken kopuru hori ordaindu behar da filmik berrienak ikusteko). Gainera, noizean behin, kode bat oparitzen diete izena emanda dauden erabiltzaileei, katalogoko edozein film ikus dezaten. Oraingoz, ordenagailuan soilik ikus daitezke Filmotech-en filmak, eta ez du aukerarik ematen, adibidez, iPad eta gisako tabletetan ikusteko.