Gobernu elektronikoa

Izapideekin amaitzea

Administrazioko tramite batzuk etxetik bertatik bete daitezke dagoeneko, Interneti esker
1 maiatza de 2003
Img nntt listado

Izapideekin amaitzea

2001 urtean “Info XXI” plana martxan jarri zuenetik, zerbitzu publikoak Interneten bitartez eskaintzeko berebiziko ahalegina egin du Gobernu espainiarrak. Baita, azkenean, merezitako saria jaso ere: Sarearen bitartez, hiritar eta enpresei zerbitzu hoberenak ematen dituzten Europako herrialdeen artean Espainia seigarrena da, Cap Gemini Ernst & Young enpresak arestian eginiko azterketa baten arabera.

Osotasunezko puntuazioa %64 duela, Espainia europar batez bestekoaren (%60) gainetik agertu da, Frantzia, Erresuma Batua edota Alemaniaren aurretik. Eragozpen txiki bat ikusten da, ordea: enpresei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hiritarrentzakoak baino garatuago daude.

Espainia hainbat ataletan nabarmentzen delarik, funtzionaltasuna eta zerbitzu batzuetarako eskuragarritasuna ditu puntakoak: zergak, polizi salaketak, liburutegietako katalogo eta aldizkari ofizialetarako sarrera, hiritarrentzako informazioa, jaiotza eta ezkontza agiriak eta osasun zerbitzuak, oro har.

administracion.es

Hemen biltzen dira espainolek gehien egiten dituzten gestioak, hiritarra eta Administrazioaren arteko zubigile birtual gisa diharduen administracion.es (www.administracion.es) ataria 2001 urtean sortu zenetik. Web gune horren sorrera Gobernu espainiarraren asmo zehatz baten erantzun gisa eman zen: izapide luzeei amaiera ematea eta hiritarrarentzat online zerbitzuak eskuragarriago bihurtzea, helbide elektroniko bakar batean.

Nolanahi ere, “hiritarraren atari” hark, sortu (2001eko abuztuaren 30ean) eta handik gutxira, zerbitzuaren diseinu eta nabigagarritasunaz makina bat kritikari aurre egin behar izan zion: erabiltzailearen kexu nagusiak geldotasuna, mekanismoa “FrontPage” tresna amateurrarekin diseinatu izana eta bilaketa-sistema eraginkorrik eza izan ziren.

Inauguratzetik urtebetera, administracion.es atariak betiko gabeziak erakusten zituenez, internauten kolektiboak galdezka zebiltzan: zertara bideratu ote ziren sistema martxan jartzeko zergapeko guztiek ipini zituzten bi milioi euro haiek? Egun, internauta askoren iritziz, bere orrialdeetan frame eta akats ugariren iturri den sistema zaharkitua dabil martxan.

Mugak muga, Interneten bitartez errenta aitorpena egin, formulario bat bete edo lan-historiala kontsultatu nahi duen hiritar edo enpresa guztientzat, administracion.es ia-ia derrigorrezko abiagune bihurtu da.

Administrazioaren “atari bakar” horretan ministerio, erakunde publiko, autonomi erkidego denekiko eta udal korporazio nagusiekiko estekak aurkituko ditu erabiltzaileak, nahi duen informazio administratibo guztia eskatzeko. Kontua, ordea, ez da nahi dugun orrian sartu eta behar dugun gestioan klik egitea bakarrik. Administrazioak ezartzen dituen obligazioak Interneten bidez hiritarrak bete nahi baditu kalera irten beharko du, nolanahi ere, azken tramitea egitera: erabiltzaile-agiria eskuratzera, alegia.

Hainbat gestio administratibo (garrantzitsuenak: zifratze edota identifikatze-funtzioei dagozkienak) egin ahal izateko, Estatuak exijitzen duen agiri pertsonal eta ezin besterenduzkoa, “Fábrica Nacional de Moneda y Timbre” (FNMT) delakoak soilik ematen du.

Agiri digitala eskuratzea

Zeinahi pertsona edo enpresak eska dezake aipatu berri dugun FNMT horren web orrian sartuz. Horretarako, bere NIF sartutakoan, nabigatzaileak bi klabe emango dizkio: bata publikoa, pribatua bestea. Klabe publikoa, NIFekin batera, FNMTera igorri eta pribatua erabiltzailearen nabigatzailean geratuko da: horrek, erabiltzaileak aurrerantzean Administrazioarekin izango dituen komunikazioen konfidentzialtasuna bermatuko du.

FNMT erakundeak, bere aldetik, eskari-kodea emango dio erabiltzaileari: honek kodea eskuetan erregistro-bulegoan agertu, bere nortasuna egiaztatu eta formularioa bete beharko du. Etxerakoan, agiria (bi urtez baliagarri izango dena) deskargatu ahal izango du. Eta, lehen agiria eskuratuta, Saretik bertatik berriztatu ahal izango da beti.

Joandako otsailean Administrazio espainolak berretsi egin zuen “gobernu elektronikoaren” aldeko apustua, era guztietako ohartarazpen ofizialak (isun batetik hasita, zitazio judizialeraino, beka-eskari edota jaiotza-agiriak barne) igortzeko posta elektronikoa baliatuko duela jakinarazi baitzuen. Jarrera horren helburua, euskailu gisa paperik ez erabiltzea da: bat-batean bost milioi agiri suntsitu eta izapideak arintzea, bide batez.

Paper-bidezko izapideek dirauten bitartean, Internet laguntzaile estimagarria da: Derecho.com web gunean, adibidez, Espainiako administrazio publiko guztiak eta era guztietako tramiteak egin beharreko bulegoak jasotzen dituen direktorioa aurkituko dugu.

Bideko eragozpenak

Espainian zerbitzu publiko digitalak Europako batez bestekoak baino hobeak direla egia bada ere, hiritarrarekiko elkarrekintza-maila dezente hobetu beharra dago oraino. “Info XXI” planaren porrotak -hil honetan bertan Zientzia eta Teknologia Ministerioaren eskakizunez, adituen batzorde batek egiaztaturik-, Administrazio elektronikoa errealitate izan arte bide luzea dagoela erakutsi du.

Internauten elkarteen esanetan, bidezko dirudien epe batean Internet hiritarrekiko zuzeneko lotura bihurtuko bada, Gobernu espainolak bere Administrazioa modernizatzea ez du aski izango, hori ez ezik, erabiltzaile eta enpresetan Sarearen ezagutza eta erabilera sustatu ere egin beharko du eta.

Egiazko karga, izan ere, Internet espainiar gizartean sartzea baita. Kontraesana nabarmena da: Interneteko zerbitzu publikoen erabilgarritasuna 2002 urteko bigarren seihilekoan %6an hobetu zelarik, epe horretantxe internauten kopurua murriztu egin zen (36.000 pertsona gutxiago).

Hona gainditu beharreko beste eragozpen bat: Internetek pizten duen interesa ez da berdina administrazio eta herri denetan, inondik ere. Udal batzuek, Interneten bidez, herritarraren eskura jarri dituzte trafiko-isunen kontsultak, biztanleen erroldako gestioak, etc. Beste batzuek, berriz, zein leihatilatan itxaron behar den baizik ez dute adierazi Sarean. Kasu asko-askotan, zerbitzu publikoak Interneten agertzea ez da iragarki-taula elektroniko hutsa baino askoz gehiago.

Neurri-neurriko nabigazioa

Abiagunea
www.administracion.es
Atari espezializatu honek ministerio eta erakunde publiko guztiekiko estekak eta informazio zabalena eskaintzen ditu. Ezinbestekoa, gestio administratiboak egitean Internetez baliatzen den hiritarrarentzat.

Zergak
www.agenciatributaria.es
Espainiako Zerga Agentzia izan zen, identifikazio-sistema digitala baliatuz, hiritar espainiarrei zerbitzuak eskaini zizkien lehen organismo ofiziala. Erabiltzaileak, dagokion Bulego Birtualaren (www.aeat.es) bitartez, ia-ia zerga-gestio guztiak online egiteko aukera du.

Egiaztagiri digitala
www.cert.fnmt.es
Web gune hau derrigorrez bisitatu beharko du erabiltzaileak, Sarearen bidez, Administrazioarekin komunikatu ahal izateko nahitaezkoa den egiaztagiria eskuratuko badu. Prozedura soila da eta ondo esplikatua dago.

Egiaztagiri eta sinadura digitalak

Egiaztagiriak, Interneten bidez elkar komunikatzen duten bi alderdiak identifikatzeko, bi alderdi horiek elkarri igortzen dizkioten datuak kodetzeko eta klabe horren konfidentzialtasuna bermatzeko balio duten artxiboak dira. Igorritako dokumentuak elektronikoki sinatzeko ere erabiltzen dira.

Datuen igorpen elektronikoa eskatzen duen zeinahi zerbitzu egiteko ezinbestekoa da egiaztagiria. Zerbitzu horiek (RED) ugari-ugariak dira dagoeneko: errenta aitorpena egitea, Altxorreko Letrak erostea, isunak gestionatzea, bekak eskatzea, lan-bizitza Gizarte Segurantzan kontsultatzea eta beste hamaika gehiago, administracion.es web guneko RED zerbitzuen zerrendan ikus daitekeen bezala