Ipad: erabilgarria edo apeta hutsa?

Apple-k atera duen gailu berriak jende ugari erakar dezake teknologiaren mundura
1 iraila de 2010
Img internet listado 602

Ipad: erabilgarria edo apeta hutsa?

Adituak ez dira ados jartzen. Batzuen ustez, informatikaren etorkizuna izango da iPad berria; besteen irudiko, aldiz, apeta baino ez da (479 eta 779 euro artean balio du), eta asmo gaiztokoa, gainera: Apple-k kontrolatzen duen mundua proposatzen du, haren enpresa-interesetara guztiz makurtua. Hori dela eta, denborak bere lekuan jarriko duela iruditzen zaie. Dena den, gero eta argiago ikusten da etorkizun oparoa eduki dezakeela telefonoaren eta ordenagailuaren arteko hibrido batek, bai aisialdi digitala noranahi eramateko, bai adineko pertsonei erakusteko zein diren Sarearen onurak.

The Truman Show filmaren atzeko zerbait iruditzen zaie iPad hau software librearen aldekoei. Film horretan, agertoki erraldoi bihurtzen da bizitza, eta telebistako teknikariek eta gidoigileek aurreikusten eta kontrolatzen dute guztia. Gailu hori erabiltzen duen pertsonak, izan ere, ezin du erabaki zer programa erabili edo non erosi musika, filmak edo irakurgaiak, eta zera aurpegiratzen diote Apple enpresari, hori ez dela abiapuntu ona etorkizunerako, nahiz eta erabiltzaileari esperientzia zoragarria eskaini.

PCa, azkenetan?

iPad delako hau, azken batean, iPhone gailuaren bertsio handitua da (hori ere Apple-k sortua da), nahiz eta ezin den telefono-deirik egin. Analista pragmatikoenek nabarmentzen dutenez, iPad-ek duen dohainik handiena horixe da, hain zuzen, erabiltzaileari eskaintzen dion esperientzia. Alegia, probatzen duten guztiei izugarri gustatzen zaizkie haren ezaugarriak: oso erosoa da gainean eramateko, neurriak eta pisua halakoxeak dituelako (680 – 730 gramo, 13 milimetro lodi, 24 cm luze eta 19 zabal); aski erraz erabiltzen da teknologiaz gauza handirik jakin gabe ere, zeren aplikazioek azken emaitzara eramaten baitute erabiltzailea, mila aukerarekin nahasi gabe; ukipen-pantailari esker, ez du teklaturik behar, eta emaitza ikusgarriak ematen ditu hatzak mugitu hutsarekin; irudien bereizmena bikaina da; ingurune grafikoa oso polita du…

Baikorrenen ustez, tresna hauxe izango da etorkizuna Sarerako sarbidea ematen duen teknologian, mugikortasunaren baldintza guztiak betetzen dituelako: beti aldean eraman liteke, sarbide azkarra ematen du edozein lekutan (wifi sareak eta 3G eta 4G teknologiak konbinatzen ditu) eta funtzio asko eskaintzen ditu; hau da, film bat ikusteko erabil daiteke, disko bat entzuteko, mezu elektronikoak bidaltzeko, testuak editatzeko, egunkariak irakurtzeko edo Wikipedian begiratzeko, besteak beste.

Steve Jobs, Apple enpresaren sortzaile eta presidentea, jo eta su ari da iPad-aren alde, eta arreta erakarri behar horretan, PCa azkenetan dela iragarri zuen duela hilabete batzuk (mahai gaineko ordenagailuez eta ordenagailu eramangarriez ari zen). Jobs-en hitzetan, tableta forma eta ordenagailuaren garuna duten telefono handiek aginduko dute etorkizunean. Eta, jakina, berak nahi luke iPad-a izatea telefono handi hori.

Abantailak

Ipad gailuak kalean egin dituen lehen hilabeteetan, erakutsi du ezaugarri bikainak eskaintzen dizkiola erabiltzaileari, baita teknologiatik urrutien daudenei ere. Prestakuntza analogikoa duten pertsonen bizitzan, oso leku gutxi hartzen du osagai digitalak: paperean irakurtzen dute egunkaria, telebistan ikusten dute telebista, disko konpaktuetan entzuten dute musika…

Esan liteke egunkaria irakurtzen harrapatu dituela aldaketa teknologikoak, eta etorkizuna ezinbestean Interneti lotu egongo baita, arriskua dute hortik kanpo geratzeko. Talde horrentzat, osagai bikaina izan liteke iPad gailua, aukera ematen baitie beren ohitura analogikoei eusteko, beti erabili duten euskarriaren oso antzekoa erabiliz. Gailu horretan egunkaria irakurtzea, adibidez, erraza eta erosoa da, pantailak bereizmen handia duelako eta berrelikatua dagoelako; ondorioz, argi gutxi dagoenean ere irakur liteke (berdin gertatzen da liburuekin ere). Begiak gutxiago nekatzen dira, ohiko pantailen aldean, nahiz eta ez den iristen tinta elektronikoak ematen duen mailara. Hain justu, egunkari askori iruditzen zaie iPad gailuari esker lortuko dutela irakurle fidelenak bitarteko digitalera pasa daitezen.

Gainera, belaunaldi analogikoarentzat oso erraza gerta daiteke web-nabigazioan barneratzea, iPad gailuak Safari nabigatzailearen bertsioa dakar eta. Pantailaren ukipen-ezaugarriek egingo dute gainerakoa: lotura bat irekitzeko, aski da hatzarekin gainean ukitzea; argazki bat edo mapa bat handitzeko, hatz mamiekin zabaltzera egin behar da; mezuak idazteko, ukipen-teklatua erabiltzen da, zeina neurri egokikoa baita… Eta berdin gertatzen da musikarekin eta bideoekin. Aski da iTunes dendaren botoia bilatu eta musika jartzen duen lekuan eragitea; azkar batean erakutsiko digu, modu grafikoan, zer disko dauzkaten salgai. Botoiari berriz eragin, eta diskoa deskargatuko da iPad-era (aurrez, jakina, ordaindu egin beharko dugu eurek agintzen duten kontuan).

Desabantailak

Ordenagailuaren ordezko izango dela esatea, ordea, gehitxo esatea izango da. Hainbat arrazoirengatik. Lehenik eta behin, sistema eragilearengatik; iPhone-ak erabiltzen duenetik sortua da iPad gailuarena, telefono baten sistema eragiletik, alegia. Ondorioz, prozesatzeko ahalmena eta egin ditzakeen funtzioak mugatuta egongo dira. Osagarri moduan eta aisialdi-beharrak asetzeko oso egokia izan daiteke, baina zeregin profesionalak egiteko, ez da ez erosoa eta ez egonkorra ere. Testu bat editatzea gogaikarria gerta daiteke, teklatua ukituz idaztea ez delako erraza eta akats asko egiten direlako; mezu bati testu luze batekin erantzutea edo artxibo bat eranstea ere, ez da erraz-erraza. Lan batzuk hobeki egiten dira aulki batean jarrita, teklatua aurrean dela eta pantaila handi batean ikusten dugula, begiak bortxatu gabe.

Bestalde, lehen esan bezala, iPad-ek mugatu egiten ditu erabiltzailearen aukerak. Interneterako konexioa beti eskura eduki liteke 3G sarbidea daukaten modeloetan, eta era guzietako informazioa begiratu eta nahi adina erosketa egin litezke sarean, baina beti Apple-k eta haren merkatu-interesek uzten duten neurrian. Ez du ematen beste aukerarik: ezin da informazioa bilatu zenbait orritan, ezin da erosi denda batzuetan eta zenbait teknologia ere ezin dira erabili haren baimenik gabe. Adibidez, iPad-ek ez du onartzen flash teknologiarik bideoak ikusteko, eta teknologia hori baino hobeak badiren arren, horixe erabiltzen dute Sareko webgune gehienek. Muga eta baldintza horien muinean, kontu praktikoak baino gehiago, merkatu-lehia gogorra dago, Apple-ren eta Adobe enpresen artekoa, hain zuzen (Adobe da flashen jabea).