Informazioa Sarean seguru gordetzeko

Lehen kanpoko disko gogorretan gordetzen ziren segurtasun-kopiak Interneteko zerbitzarietan utz daitezke orain, eta hainbat sistema daude horretarako
1 otsaila de 2012
Img internet listado 689

Informazioa Sarean seguru gordetzeko

Ordenagailuan gero eta informazio gehiago gorde ohi dugu, eta kolpe handia izan liteke hori guztia galtzea: dokumentu garrantzitsuak, fakturak (eskanerrean pasatuak), argazkiak, solaskideei buruzko informazioa, pasahitzak, posta elektronikoan bildutako mezuak, bideoak… Guzti-guztia desager daiteke, eta deus gabe gera gaitezke, ez zeru eta ez lur! Ordenagailuak matxuratu egiten dira eta barneko disko gogorra ere hondatuz joaten da erabili ahala; hori horrela dela jakinda, norbere erantzukizuna da neurriak hartzea eta gure datuen segurtasun-kopiak maiz-maiz egitea.

Enpresetan, adibidez, ohitura horixe daukate, eta ostegun gaua iristen denean, teknikariek kopiatu egiten dute aste osoan sortu den informazioa eta kanpoko zerbitzarietan gordetzen dute; ostegunetako “back up” esaten zaio horri. Etxean ez da zertan jokatu hain zorrotz, baina komeni da aldian behin segurtasun-kopia berriak egin eta zaharrak ordezkatzea. Era horretan, ordenagailua matxuratzen bazaigu, hortxe izango ditugu informazio guztiaren kopiak, eta lanean jarraitzeko moduan izango gara.

Disko gogor fisikotik birtualera

Orain arte, kanpoko disko gogorren bidez egin izan dira segurtasun kopiak (USB kable batekin ordenagailura konektatuz). Disko horiek sakelako liburu baten neurrikoak izaten dira, edo zertxobait handiagoak, eta astun samarrak. Badira txikiagoak eta arinagoak ere, baina dezente garestiagoak dira, teknologia bereziak erabiltzen dituzte-eta biltegiratzeko lekua optimizatzeko.

Gehienean, traste bat gehiago izaten dira, eta artxiboen transferentzia beti ez dute azkar egiten. Ordu batzuetako kontua ere izan daiteke batzuetan, eta horretan ari den bitartean, eragozpenak sor daitezke ordenagailuarekin beste zeregin batzuk egiterakoan, ez eta da erosoa izaten.

Prozesu horiek errazteko helburuz, zenbait zerbitzu agertu ziren, beren zerbitzarien barrenean disko gogor birtualak eskaintzen dituztenak; horietan, modu automatikoan eta jarraituan egin daiteke “back up” delakoa, kopia egiteko egunarekin kezkatu gabe. Ez dute lekurik betetzen gure idazmahaian, eta beste elementu batzuentzat erabil dezakegu leku hori; gainera, kanpoko disko gogorraren beharrik ez da. Transferentzia-tasa ez da kable baten araberakoa, banda-zabaleraren araberakoa baizik, eta berdin-berdin jarrai dezakegu lanean kopia egiten ari den bitartean, ez baitu eragozpenik sortzen.

Nolakoak dira eta nola funtzionatzen dute?

Disko gogor birtualak FTP aplikazio seguruetan oinarritzen dira, zeinak gure ordenagailuaren idazmahaian instalatzen baitira. Era horretan, kanal babestu bat irekitzen dute ordenagailuaren eta enpresaren zerbitzarien artean. Kanal horrek zifratze-protokolo seguruak erabiltzen ditu, programa espioiek edo gaizkile informatikoek ez dezaten modurik izan ordenagailutik disko gogor birtualera bidali ditugun datuak ikusteko. Behin segurtasun-kopia guztia hara iritsi denean, berriz ere zifratze-protokolo seguruekin gordetzen da informazioa (Internet bidezko bankuek gure kontuak gordetzeko erabiltzen dituztenak bezain seguruak edo are seguruagoak izaten dira).

Behin aplikazioa instalatzen dugunean, karpeta jakin bat sortuko du, guk nahi dugun izenarekin, eta han sartuko ditugu gorde nahi ditugun artxiboak. Karpeta horretan artxibo bat sartzen dugun bakoitzean, zerbitzariaren disko gogor birtualean ere gordeko dira datuak. Eta ez hori bakarrik: disko gogor birtualari lotuta dagoen karpeta horretako artxiboren bati aldaketaren bat egiten badiogu, aldaketa horixe bera egingo zaio zerbitzarian dagoen kopiari ere. Eta ez badugu nahi artxibo batzuetako aldaketak zerbitzarian dagoen kopian ere egin daitezen, halaxe adieraziko diogu zerbitzuari, eta aldaketak ez sinkronizatzeko moduan jarriko ditugu artxibo horiek.

Ordenagailu bat baino gehiago badauzkagu, aukera dugu segurtasun-kopia bereiziak egiteko, eta, hartara, une horretan darabilgun ordenagailuaren datuak soilik aldatuko dira; beste aukera izango litzateke kopia bakarra edukitzea, ordenagailu guztien datuak hartuko lituzkeena, eta edozeinetatik eskuratu ahalko genituzke datu guzti-guztiak. Bestalde, datu-transferentzia egiteko eta datu horiek gordetzeko, oso prozesu seguruak erabiltzen dituzte (zerbitzu nagusiek, behintzat), eta, beraz, eragotzi egiten dute interferentziarik, lapurretarik edo espioitzarik gerta dadin datuekin. Zerbitzu horiek etxean erabiltzekoak izan daitezke edo enpresetan..

Zerbitzu gomendatuak

EROSKI CONSUMERek hiru disko gogor birtual hautatu ditu: Dropbox, Wuala eta Mozy. Hirurak erabil daitezke Windows eta Mac OS X sistema eragileekin.

Dropbox (https://www.dropbox.com) da guztien artean ezagunena. Kapital-funts ugariren bidezko finantzaketa du, eta mundu guztian zabaldua dagoenez, enpresa ugariri ematen die zerbitzua. Etxean erabiltzeko ere egokia da, ingurune grafiko intuitiboa baitauka oso. Bi gigabyte eskaintzen ditu doan, eta erabiltzaileak funtzio guztiak izango ditu aukeran, inolako murrizketarik gabe. Leku gehiago behar dutenek, berriz, 50 gigabyte eskura ditzakete, hilean 9,99 dolar ordainduta. 100 gigabyte hartzeko aukera ere badago, hilean 19,99 dolarren truke. Artxibo handien transferentzia nahiko motel egiten du, baina 10 megabytetik beherakoak berehala kopiatzen ditu.

Wuala (http://www.wuala.com/) izeneko zerbitzua Lacie etxeak erosi du, disko gogorrak ekoizten dituen enpresak, eta Dropbox-ek dituen funtzio berberak betetzen ditu. Segurtasun-maila handiagoa dauka, eta zerbitzu-eskaintza ere ugariagoa du. Honek ere bi gigabyte eskaintzen ditu doan, eta leku gehiago behar duten erabiltzaileek badituzte beste zenbait aukera, Dropbox-ek dituen prezio bertsuetan. Mozy ere (http://mozy.ie/) interesgarria da segurtasun-kopiak egiteko, zeren bost euro ordainduta hileko eta ordenagailu bakoitzeko, mugarik gabe igo baitaitezke artxiboak.

Apple enpresak ere jarri du merkatuan segurtasun-kopiak egiteko zerbitzua; iCloud du izena, eta bere ordenagailu eta gailu eramangarriekin erabil daiteke. Apple etxearen ordenagailu bat, iPhone telefono bat edo iPad tableta bat duen edonork aukera du horietan dauzkan datuak Appleren zerbitzariekin sinkronizatzeko. Bost gigabyte eskaintzen ditu doan, eta leku gehiago nahi izanez gero, orain arte ikusi ditugun zerbitzuek baino askoz prezio hobeak ditu: 10 gigabyte, urtean 16 euro; 20 gigabyte, urtean 32 euro; eta 50 gigabyte, urtean 80 euro.