Datuak Interneten gordetzea

'Hodeietan' dago informazioa

Gero eta jende gehiagok gordetzen du informazio digitala web orrietan, abantaila asko dituelako, jakina, baina neurri batzuk hartu beharra dago, hala ere
1 apirila de 2009
Img internet listado 495

'Hodeietan' dago informazioa

Etxe bakoitzak ez dauka elektrizitate sorgailu bat. Gehien-gehienetara urrutiko zentraletatik iristen da elektrika indarra. Erabiltzaileok ez dugu jakiten non sortzen den eta nola ailegatzen den gurera, baina badakigu hantxe agertuko dela argia etengailua sakatuz gero. Gaur hala da, baina beti ez da berdin izan: iraultza elektrikoaren hastapenetan, ez zegoen banaketa-sare bat etxe guztiak hornitzeko, eta, ondorioz, etxe eta enpresa bakoitzak sortu ohi zuen bere elektrizitatea. Informatikaren arloan ere antzeko aldaketa gertatzen ari da. Informazioa eta programak (argazkiak, bideoak, testuak, irudi-editoreak, testu-lanketako programak…) urrutiko zerbitzarietan gordetzeko joera nagusitzen ari da, etxeko ordenagailuan eduki beharrean. Edozein nabigatzailetan helbide bat idatzi, eta hantxe agertuko da guk nahi dugun informazioa.

Hodei informatikoa terminoa erabiltzen da fenomeno hori adierazteko, alegia, informazioa, gero eta gehiago, han nonbait hodeietan bilduta dagoela irudikatzeko. Orain dela gutxi arte, erabiltzaile bakoitzaren informazio guztia etxeko ordenagailuaren disko gogorrean bilduta egon ohi zen, eta Internet erabiltzen zen, asko jota, artxiboak bidaltzeko ordenagailutik ordenagailura. Gaur egun, berriz, informazio hori guztia ez da gordetzen ordenagailuan soilik; argazkiak, abestiak, testu-dokumentuak edo bideoak, zernahi dela ere, banatu egiten dira ordenagailuaren eta sareko zerbitzu ugarien artean. Erabiltzaileak argazki bat argitaratzen duenean Flickr izeneko gunean edo bideo bat jartzen duenean Youtube zerbitzuan, milaka zerbitzari betetzen ari da bere informazio eta artxiboekin, eta, aldi berean, disko gogorrari arindu bat emateko aukera dauka. Ordenagailuak utzi egiten dio jarduera digitalaren erdigune izateari, eta tresna izatera igarotzen da, informazioa gordetzeko eta partekatzeko balio duten webguneetara iristeko bitarteko.

Abantailak

Lagunarte batean ateratako argazkiak edo bideoak sareko zerbitzuetan jar ditzakegu, Flickr gunean, adibidez (argazki albumak sortzeko eta sarean partekatzeko balio du), edo Youtube delakoan (argazkiak beharrean, bideoak jartzeko balio du), edo gizarte sareren batean (Facebook-en , esaterako), eta abantaila bat baino gehiago lortu ahal izango dugu. Hasteko, lana kenduko diogu ordenagailuaren disko gogorrari: ez du informazio guztia gordetzen ibili beharrik, eta leku gehiago izango du garrantzi gehiago izan dezaketen beste artxibo batzuk gordetzeko. Disko gogorrak gaitasun mugatua izaten du, eta web zerbitzuek, aldiz, guztiak batera hartuta, biltegi ia mugagabeak izan daitezke. Horrez gain, beste abantaila bat ere badu: etxeko ordenagailua matxuratzen bazaigu, sarean jarri dugun informazioa ez dugu galduko. Zerbitzu hauek, beraz, segurtasun kopien funtzioa ere bereganatzen dute askotan.

Posta zerbitzu batzuek mezu guzti-guztiak gordetzen dituzte, jaso eta bidali ditugunak, eta haiei atxiki zaizkien artxiboak ere bai, eta horri esker, erabiltzaileak badaki ez duela nolanahi galduko han daukan informazioa (Gmail, Hotmail edo Hotmail o Yahoo! Mail zerbitzuek, esaterako, halaxe funtzionatzen dute). Zyb izeneko zerbitzuak, berriz, telefono zenbakiak eta helbide elektronikoak gordetzeko balio du. Beste zenbaitek argazkiak gordetzeko balio dute (Flickr eta Photobucket), eta beste aplikazio batzuek ofimatika-baliabideak eskaintzen dituzte: Google Docs eta Zoho izenekoetan, adibidez, dokumentuak gordetzeko eta haiekin lan egiteko modua daukate erabiltzaileek.

Informazioa sareko zerbitzuetan gordetzeak abantaila gehiago ere baditu, eta oso aintzat hartzekoak dira horietako batzuk. Informazioa sarean dagoenez, erabiltzailea edozein ordenagailutatik sar daiteke hara, eta ez soilik etxekotik. Lagun baten etxean egon daiteke edo ziberkafe batean, eta beti eskura edukiko du sarean gordeta daukan guztia. Batzuetan ordenagailu batetik sartu beharko du, baina zenbaitetan, esku telefonoaren bidez ere egin ahalko du. Horixe du hodeiak: non jakin ez arren, han dago beti, eta esku-eskura.

Nork bere informazioa beti erabilgarri edukitzeaz gain, beste erabiltzaileekin partekatzeko aukera ere ematen du hodeiak. Zerbitzura sartzeko pasahitza zein den esaten badiegu, guk han gorde ditugun argazkiak eta bideoak ikusi ahal izango dituzte eta abestiak entzun. Internautek ez dute ibili beharrik artxibo horiek euren ordenagailura ekartzen; eurak joaten dira artxiboak dauden lekura, eta, ondorioz, banda zabala ez da hainbeste zamatzen eta moteltzen. Oporretako argazkiak mezu elektronikoen bidez bidaltzen aritu beharrean, erabiltzaileak sarean jar ditzake, ongi babestuta, hark nahi duenak soilik ikus ditzan.

Pribatutasuna zaindu beharra dago

Abantailak abantaila, zerbitzu hauek ez dira arriskugabeak; sarbide erraza dute oso, eta neurriak hartu ezean, informazioa nornahiren esku gera daiteke, eta horrek kolokan jartzen du pribatutasuna. Internet Soziala deitzen duten horretako zerbitzuak erabiltzen digunean, eta horien bidez informazioa gordetzen eta partekatzen dugunean, besteren esku uzten ari gara hori guztia, zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresen esku, eta horiek zintzo jokatuko dutela pentsatzea baino ez zaigu geratzen. Konfiantzazko zerbitzu batek kontratu bidez bermatu behar dio erabiltzaileari lege-arauen barruan zainduko dituela haren datu eta informazio pribatuak; hau da, ez dizkiola inori salduko, ez publizitate-erabilera emateko (spam moduan, nagusiki), ez beste ezertarako. Zerbitzu horien esku ezer utzi aurretik, arretaz irakurri behar dira erabilera-baldintzak.

Segurtasun neurririk onena zentzuz jokatzea da. Jabetu behar dugu informazioa zerbitzu jakin batean gordetzen ari garela, eta horrek arriskuan jar dezakeela gure pribatutasuna, edo beste pertsona batzuen eskubideak urratu ditzakeela. Gauzak ongi egite aldera, ez genuke igo behar gurea ez den artxibo bat, baldin eta aurrez baimena eskatu ez badiogu jabeari; beste pertsonen irudiari eragiten dioten artxiboak ere ez genituzke jarri behar, ezta erabilera-baimena mugatuta dutenak ere.

Zerbitzu bereziak

Zenbait zerbitzuk segurtasun kopiak egiteko aukera eskaintzen diote erabiltzaileari. Disko gogorreko artxiboak beren zerbitzarietan gordetzeko aukera ematen dute, eta informazioa modu automatikoan sinkronizatzean dute; hau da, ordenagailuan artxibo bati aldaketaren bat egiten badiogu, segurtasun kopian ere aldatu egiten da. Gainera, segurtasun maila handiak eskaintzen dituzte, eta nekez lapurtuko du inork informazioa. Zerbitzu horietako gehienek badute doako bertsioa ere, oinarri-oinarrizkoa, eta hilean dokumentu kopuru mugatu bat igotzeko eta gordetzeko modua ematen dute; ordaindutako zerbitzuek hilean artxibo gehiago igotzeko aukera ematen dute, eta nahi adina gorde daitezke, mugarik gabe. Honako zerbitzu hauek dira aipagarrienak: Drop Box, Wuala, Mozy eta Windows Live Mesh (Microsoft-en Windows Live zerbitzuan barneratua dago).