Ez da hain erraza... ordenagailua hautatzea

Baldintza bat baino gehiago hartu behar dira kontuan gisa horretako gailu bat erosi aurretik, eta guztiak ez daude ezaugarri teknikoei lotuak; funtsezkoa da jakitea erabiltzailearen egiazko beharrak zein diren eta zer erabilera emango dion epe ertain eta luzera
1 abendua de 2010
Img internet

Ez da hain erraza... ordenagailua hautatzea

Beste zenbait gauza bezala, ohikoa izaten da Olentzerok ordenagailua ekartzea Eguberrietan. Baina ordenagailua ez da beste objektu bat gehiago, eta bat bereizi aurretik, kontuan hartu behar da urte batzuetarako etorriko zaigula laguna etxera edo lantokira. Arreta handiz aztertu behar da merkatuan zer modelo dauden eta zer ezaugarri tekniko dituen bakoitzak, baina ez hori bakarrik; baldintza ekonomikoak ere aintzat hartzekoak dira oso, eta norberak zer joera dituen ere ikusi behar da: nola lan egiten duen, informazioa nola eskuratzen duen edo zer aisialdi-ohitura dituen.

Zertarako erabiliko dugu?

Beste deus baino lehen, kontuan hartu behar da ordenagailuari zer erabilera emango zaion, gauza bat delako bideo-jokoetan aritzeko gailu baten bila aritzea, eta oso bestelako kontua delako, adibidez, lanean erabiltzeko zerbait erosi nahi izatea, edo Interneten nabigatzeko edo aisialdiari lotuta dauden jarduerekin gozatzeko, musika entzunez, bideoak ikusiz, eta abar.

Bideo-jokoetan aritzeko ordenagailu bat nahi duenak, arreta berezia jarri beharko die prozesagailuari eta pantailari. Prozesagailuak bereziki ahaltsua izan beharko du, eta txartel grafikoa ere eduki beharko du, ahalmen handikoa hori ere. Bi alderdi horiek zuzen-zuzenean eragiten diote ordenagailuaren azken prezioari. Pantailari dagokionez, berriz, mahai gaineko ordenagailu batentzat bada, bereiz erosi ohi da, baina handia eta bereizmen onekoa izan dadin komeniko da. Ordenagailu eramangarria bada, pantaila handia duena nahi izatekotan, ordenagailuak ere handia izan beharko du, eta prezioak ere halatsu. Kalitate-prezioei erreparatuta, kasu horretan, hobe da mahai gaineko bat erostea.

Ordenagailuak lan-tresna izan behar badu, etxean edo bulegoan, eta Interneten nabigatzeko aukera ere eman behar badu, ez du zertan eduki prozesagailurik ahaltsuena, baina ezta ahulena ere. Aski litzateke erdi mailako edo erdi mailatik zertxobait goragoko potentzia daukan bat, baldin eta RAM memoriak gaitasun ona badauka prozesagailuaren agindu-fluxua ez dadin kolapsatu. Gainerako ezaugarri teknikoek ere erdi mailatik gorakoak behar dute izan: disko gogorrak, konexio-atakak, disko-irakurgailuak, eta abar. Ez da ahantzi behar, gaur egun moderno eta eraginkor gisa ikusten duguna zaharkitu egin litekeela lau urteren buruan, eta funtzionaltasunik gabe geratu.

Lan-tresna gisa erabiltzeko, ordenagailuak eskaintzen duen erosotasuna eta ergonomia dira aintzat hartzeko alderdi nagusiak, eta ez hainbeste ezaugarri teknikoak. Pantaila independentea eta aski zabala izatea, teklatua ere handia eta botoi sendokoa izatea, eta sagu ona edukitzea, optikoa ahal dela, faktore garrantzitsuak dira. Jakina, etxean aski toki baldin badugu eta ordenagailua mugitzeko beharrik ez badugu, eramangarria baino hobe da mahai gainekoa erostea, gorputz-jarrera osasungarriagoan lan egiteko aukera ematen du eta.

Lanerako ez, baina nagusiki aisialdi-jardueretarako erabili nahi bada, ikus-entzunezko materiala biltzeko eta ikusi eta entzuteko (gero eta erabiltzaile gehiagok jotzen dute horretara), orduan ezaugarri tekniko jakin batzuei eman behar zaie lehentasuna. Beti izango da hobea eramangarria, mahai gaineko ordenagailua baino, gela batetik bestera eraman daitekeelako eta aldean eraman dezakegulako bidaian joandakoan, oporretan edo etxebizitza batean baino gehiagotan ibili behar dugunean. Bestalde, garrantzitsuagoa izango da disko gogor handia edukitzea, prozesagailu ahaltsuz hornitua egotea baino, Internetetik deskargatu dugun materiala gorde ahal izateko. Gainera, konexio-bide ugari eskaini beharko ditu: gutxienez, lau USB ataka, HDMI irteera multimedia, SD txartelentzako arteka eta Bluetooth. Erabiltzaileak, segur aski, kanpoko disko gogorrak konektatu nahiko ditu ordenagailura, materiala gordetzeko, eta bestelako gailuak ere bai, bideo- eta argazki-kamerak edo musika-erreproduktoreak, artxiboak batetik bestera erabiltzeko. Azkenik, DVD eta CD irakurgailu ona eduki beharko du, maiz erabilita -irakurtzeko bezala kopiatzeko- ongi eutsiko diona. Pantailak, berriz, ez du zertan izan oso handia, baina bereizmen ona eman beharko du.

Eramangarria edo mahai gainekoa?

Maiz samar entzun izan da mahai gaineko ordenagailua desagertzear dagoela eta ordenagailu eramangarria nagusituko dela erabat, baina, oraingoz, bi formatuek ere aski ongi eusten diote. Bakoitzak bere abantailak ditu. Batetik bestera mugitu ahal izatea, adibidez (eramangarrien ezaugarria da hori), gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari da gaur egun, baina ergonomiaren alderdia ere ez da bazter uztekoa, eta hor, zalantzarik gabe, eramangarriak baino hobeki dabiltza mahai gainekoak.

Eramangarri bat hautatzeko arrazoi nagusia sekula ezin da izan haren diseinua. Batetik bestera eramatea ezinbestekoa delako hautatu behar da, eta aldean eroso samar eramatekotan, ez da komeni bi kilogramo baino gehiago eduki ditzan.

Baina ez da aski ordenagailua mugitu ahal izatea; gutxieneko aukera batzuk ere eskaini behar ditu: erdi mailako ahalmena duen prozesagailua, txartel grafiko ona eta disko gogor handia, baita konexio-bide egokiak eta wifi ere. Elementu horiek guztiak gailu txiki samar batean bilduta eskuratu nahi dituenak, asko samar ordaindu behar izaten du, baina norbere beharretara egokitzen den ordenagailua aurkituz gero, etekin ona atera ahal zaio.

Ordenagailu eramangarria, energia-kontsumoaren ikuspegitik, ez da mahai gainekoa bezain eraginkorra, eta, ondorioz, gehiago berotzen da. Horrek, luzera, beti izaten du eragina: materialak gehiago hondatzen dira eta gailuak berak gutxiago irauten du. Horretan eragina izaten du, halaber, gailua batetik bestera eramaterakoan ematen zaizkion kolpeek edo izaten dituen erorikoek.

Mahai gaineko ordenagailuak, berriz (dorre-ordenagailu ere esaten zaie), sendoagoak izaten dira, gehiago irauten dute eta merkeago eskura litezke, eramangarriekin alderatuta. Hori bai, leku gehiago beharko dugu etxean edo bulegoan jartzeko, ikusi ere gehiago egingo da, eta nekez mugitu ahal izango dugu.

Badira diseinu polit eta erakargarria duten mahai gaineko ordenagailuak, baina etxerik garestienek merkaturatzen dituzte, Apple-ek, adibidez, eta diru asko ordaindu behar izaten da horien truke. Ordainetan, dena den, gailu ergonomikoagoa eskuratu dugu, energia-eraginkortasun hobekoa eta plastikotasun handiagokoa. Azken kontzeptu horrekin, ezaugarri hauxe adierazi nahi da: mahai gaineko ordenagailuek zer gaitasun daukaten barne-hardwareko elementu berriak onartzeko (horien bidez, ahaltsuago bihurtzen dira edo memoria gehiago lortzen dute). Eramangarrietan ez da hain erraza izaten hobekuntzak txertatzea. Beste ezaugarri on bat ere badute mahai gainekoek: dorre bat edo bestea erosi, norberak nahi duen pantaila, teklatua eta sagua hauta ditzake.

Sistema eragilea

Windows da sistema eragile nagusia, eta bateragarritasun handia du programarik eta funtziorik gehienekin. Bertsio negargarriak eduki ditu, Vista delakoa, adibidez, baina bere onera etorri da berriz ere Windows 7rekin, eta sistema aparta da erdi mailako erabiltzaileentzat. Baina norbaitek erabiltzaile-esperientzia osoagoa nahiko balu eta ordenagailua erosteagatik gehixeago ordaintzeko prest balego, Apple etxearen Mac OS izango litzateke aukerarik onena. Windows baino erosoagoa gertatzen da erabiltzeko orduan, eta oso intuitiboa edo antzeman erraza da.

Eta informatika arloan trebatzen jarraitu nahi dutenentzat, estandarrei lotuta egon beharrik gabe, Linux-ek eskaintzen dizkie hainbat aukera, erraz-erraz erabiltzen direnak ere bai tartean. Ubuntu izenekoa da bertsiorik eskuragarrienetakoa, eta bikain egokitzen zaie edozein erabiltzaileren beharrei. Gainera, doakoa da. Instalatzeko, ordea, asko samar jakin behar da informatikaz.