Beste mugikor bat nahi dut

Gero eta konplexuagoak dira eskuko telefonoak, eta modelo jakin bat erosi aurretik, ongi neurtu behar dira alde onak eta txarrak
1 abendua de 2010
Img internet

Beste mugikor bat nahi dut

Oraintsu arte, beste pertsona batzuekin hitz egiteko tresna izan da telefono mugikorra; egun, ordea, ordenagailu bat bezain gailu konplexua izan liteke, eta zer etxek ekoitzi duen aintzat hartzeaz gain, zer sistema eragilerekin dabilen ere begiratu behar da. Bestela esan: ez daude bi mugikor berdin -azken belaunaldikoen artean, bederen-, eta modelo bakoitzak hartzaile mota jakin bat dauka. Horietako bat hautatu aurretik, komeni da argi edukitzea zertarako erabili nahi dugun, eta mugikor bakoitza zertarako den egokia.

Behe mailakoak

  • Teknologiaren konplexutasunak maite ez dituenarentzat eta telefonoa hitz egiteko soilik erabili nahi duenarentzat, behe mailako gailu bat erostea da erabakirik zuzenena. Modelorik osatuenekin eta konplexuenekin alderatuta, aski merkeak dira. Sail horretan, Nokia da ekoizlerik fidagarriena.
  • Operadoreek merkatu egiten dizkiete behe mailako telefonoak haiekin kontratua sinatzen dutenei, baina sinatu aurretik, aztertu egin behar da bat ote datozen iraupen-klausula eta gailuaren prezioa. Ezingo da izan, adibidez, iPhone bati ezartzen diotena bezalakoa. Komeni da jakitea telefono horrek zer prezio daukan merkatu librean, eta hori abiapuntu hartuta alderatuko dugu operadorearen eskaintzarekin.
  • Adineko pertsona batzuek ikusmen-arazoak izaten dituzte edo ez dira ongi moldatzen teknologiarekin; horientzat, telefono bereziak eskaintzen dituzte operadoreek, oso-oso erraz erabiltzekoak: funtzioak oso argi azaltzen dituzte eta tekla handiak eta ongi bereizteko modukoak izaten dituzte.
  • Telefonoaren pantaila txikian zenbakiak eta izenak ezin irakurriz dabilenarentzat, aukera ona da argazki-kamera daukan telefonoa hautatzea, irudiak hobeki ikusten dira-eta letrak baino. Hartara, solaskideei argazki bat atera ahal zaie -hurbilenekoei behintzat, deitu ere horiek egingo dute-eta maizen-, eta telefono zenbakiari atxiki. Solaskide horietakoren batek deitzen duenean, haren irudia agertuko da pantailan, zenbakiaren batera.

Erdi mailakoak

  • Behe mailako telefonoak baino osatuxeago den bat nahi badugu, prezio onekoa eta Interneterako sarbiderik gabea, erdi mailako telefono bat hautatuko dugu. Argazki-kamera eta guzti etorri ohi dira, bideo motzak grabatzeko aukera ere ematen dute, eta musika eta irratia entzuteko ere balio izaten dute.

  • SD txartelak sartzeko arteka eduki behar dute, era horretan multimedia-artxibo gehiago gordetzeko gaitasuna izango baitu (irudi-artxiboak eta soinu-artxiboak). Garrantzitsua da, halaber, mini USB ataka bat eduki dezan, artxiboak mugikorretik ordenagailura eramateko, eta alderantziz ere berdin. Bluetooth konexio-biderik baduen edo ez ere begiratu behar da, esku libreko gailuetara konektatu ahal izango genukeelako gidatzen ari garenean.
  • Erdi mailako mugikor batzuek, orain arte zerrendatu ditugun ezaugarriez gain, Interneterako sarbidea ere eskaintzen dute. Hala balitz, aztertzekoa litzateke zer tarifa dituen operadoreak, gerta daiteke-eta goi mailako telefonoenak baino garestiagoak izatea. Zergatik gertatzen den hori? Erdi mailako telefonoak ez daudelako prestatuak Interneten etengabe ibiltzeko, eta goi mailakoak bai.

Goi mailakoak

  • Internetera modu jarraituan konektatzea ezinbesteko bazaigu, goi mailako telefono bat eskuratzea izango da irtenbide onena; sarbide-kontratu bereziekin eskaintzen dituzte operadoreek, eta inbertsio ona izan daiteke.
  • Goi mailako telefono hori hartzen badugu datu-sarerako sarbidea duela (Internet mugikorra esaten zaio), jakin behar dugu dezente garestituko zaigula telefonoa. Operadoreak nahiz eta aski modu onean eskaini kontratu batekin, telefonoa ordaindu egin beharko dugu beti, era batera edo bestera: izan daiteke iraupen-klausula luze batekin, gutxieneko gastu bat ezarrita edo sarbide-tarifa handiago edo txikiagoarekin.
  • Egokia izan liteke kontuak aurrez egitea, eta goi mailako mugikor batekin hilabeteko gutxieneko gastua zenbatekoa izango den kalkulatzea. Honako eragiketa hau egin behar da hori jakiteko: kontratuak ezartzen duen gutxieneko gastuari gehituko diogu Interneterako sarbidea ematen duen tarifa laua, eta horri guztiari, % 18ko BEZa erantsiko diogu. Zenbaitetan, balio dezake argiago edukitzeko zer telefono mota hartzea komeni zaigun, operadoreek eskaintzen dituzten kontratuei atxikita daudenen artean, bederen.
  • Horiek guztiak aztertu eta, hala ere, goi mailako mugikorra nahi badugu, gailuek dituzten beste ezaugarri batzuei erreparatuko genieke, behe eta erdi mailakoetan hainbesteko desberdintasunik izaten ez dutenei: pantailaren neurria eta bereizmena, edo teklatu mota.

Sistema eragilea

  • Aintzat hartzekoa izaten da mugikor bakoitza zer sistema eragilerekin dabilen, goi mailakoen artean -smartphone deitzen zaien horietan- konplexutasuna gero eta handiagoa delako eta ez ditugulako aurkituko ezaugarri berdineko bi. Sistema eragileak, ekoizleak edo prozesagailu motak esango dute zer funtzio betetzeko den egokiena mugikor bat.
  • Lanean asko mugitu beharra badugu eta hitz egiteko eta mezu elektronikoak trukatzeko behar badugu, eta segurtasuna ongi zaindu behar badugu, Blackberry telefonoa da guztietan egokiena. teklatuagatik, nagusiki: ordenagailuak bezalakoxea dauka, berdin banatua, eta azkar eta ongi idazteko aukera ematen du, eta irakurtzeko ere erosoa da.
  • RIM etxeak ekoizten du Blackberry telefonoa. Ekoizle horrek bere zerbitzari bereziak ditu mundu osoan, eta horrek aparteko babesa ematen die komunikazioei. Blackberry modeloen ezaugarririk onena ez da, egia esan, Internet bidezko nabigazioa, baina hori ere hobetu dute azken urteetan, eta eroso samar egiteko modua eskaintzen dute.
  • Lan kontuetarako baino gehiago, aisialdirako eta web-nabigaziorako erabili nahi bada mugikorra, orduan iPhone telefonoa da egokiena, bai multi-ukipenezko pantailagatik, eta bai sistema eragilearen eta telefonoak dituen osagaien sendotasunagatik. Hainbat funtzio betetzeko balio du: telefonoa da, argazki- eta bideo-kamera, musika erreproduktorea eta bideo-joko kontsola. Gainera, aplikazio-denda erraldoia dauka, telefonora deskargatu eta funtzio berriz hornitzeko. Bereizmen handiko pantailak eskaintzen ditu, egoki-egokiak bideoak ikusteko eta albisteak edo blogak irakurtzeko. Teklatua, aldiz, oso deserosoa da mezu elektroniko luzeak akatsik gabe idazteko.
  • Azkenik, Android sistema eragilea darabilten telefonoak daude. Ukipen-pantaila eta teklatu fisikoa, bi aukera horiek eskaintzen ez dituzten modeloak merkeagoak dira iPhone delakoa baino. Android sistemak bertsioa ugari ditu, eta lantzen ari dira oraindik ere, nahiz eta oso azkar ari den hobetzen. Horrek ere badu bere aplikazio-denda, baina ez da iPhonerena bezain osatua.