Berehalako mezularitzako hiru aplikazio iPad-arentzat

IM+ Pro da aplikaziorik osatuena, Imo.in-ek funtzionaltasuna lehenesten du eta BeejiveIM-ek konfigurazio-aukera gehiago eskaintzen ditu
1 ekaina de 2012
Img internet listado 723

Berehalako mezularitzako hiru aplikazio iPad-arentzat

Komunikazioari lotu-lotuak daude teknologia berriak, eta nagusiki horretarako erabiltzen dira tabletak ere. Berehalako mezularitza-zerbitzuak izugarri hedatzen ari dira, merkatu gero eta handiagoa dute, batez ere gailu mugikorretan erabiltzeko aplikazioek arrakasta handia lortu dutelako. Eta are handiagoa lortuko dutelako: berriki argitaratu den ikerketa batek dioenez, datozen bost urteetan hirukoiztu egingo da berehalako mezularitza-zerbitzuen erabilera gailu mugikorretan (tabletetan eta telefono adimendunetan), eta 1.300 milioi erabiltzaile baino gehiago izango dituzte. EROSKI CONSUMERek erabilera-proba bat egin du berehalako mezularitza zerbitzuen artean, eta iPad tabletan erabiltzeko diren hiru aplikazio alderatu ditu, bakoitzak zer-nolako alde onak eta txarrak dituen jakiteko. Honako hauek dira hiru zerbitzuak:

IM+ Pro

  • Onena: Ingurune grafikoa.
  • Txarrena: Saioa berez ixten da, aldi batez erabili gabe edukiz gero.

iPad tabletarentzat, doako bertsio bat eta ordaindu beharreko bat eskaintzen ditu (azken hori aztertu du EROSKI CONSUMERek). 7,99 euro kostatzen da Pro bertsio hori, eta berehalako mezularitza-zerbitzu ugari jartzen ditu erabiltzailearen eskura: Facebook, Skype, MSN/Live Messenger, Google Talk, Yahoo!, AIM/iChat, ICQ, MySpace, Twitter, Jabber, eta horietaz gain, Txinako eta Errusiako mezularitza-zerbitzu eta gizarte-sare batzuk ere bai. Bere nabigatzailea dauka, solaskideek mezularitza bidez partekatzen dituzten loturak irekitzeko, Safarira sartu beharrik gabe (eragiketa deserosoa da hori iPad-ean). Ordaindu beharreko bertsio hori bateragarria da hainbat sistema eragilerekin: iOS, Android, Blackberry, Windows Phone, Symbian S60, WebOS eta Javan oinarritzen diren telefonoak.

Erabiltzaileek eskuz sar dezakete mezularitza-zerbitzu bakoitza aplikaziora, edo, bestela, kontu bat sor dezakete Plus.im zerbitzuan, eta kontu guztiak bateratu erregistro bakar batean. Plus.im izeneko zerbitzu horrek ere badu berehalako mezularitza-zerbitzu bat, eta nabigatzailetik bertatik sar daiteke hara. Gainera, IM+ Neighbors zerbitzuan ere erabil daiteke kontu hori, zeinak aukera ematen baitu solaskideak hurbiltasunaren arabera kokatzeko. IM+ zerbitzuak WhatsApp-en antzeko mezularitza-zerbitzu bat dauka, Beep izenekoa, eta horri esker, testu-mezuak, bideoak, ahots-mezuak eta argazkiak parteka daitezke erabiltzailearen telefonoan sartuta dagoen edozein solaskiderekin. Era horretan, solasaldi bat abiatzeko, solaskideak ez dira eskuz eta banaka-banaka sartu behar IM+ zerbitzuan.

iPad-ak ez du uzten SMSrik jasotzen, nahiz eta baduen 3G modelo bat, SIM txartelekin bateragarria dena. Beraz, iPad-ean zerbitzu hori erabiltzeko, SMSak jasotzeko gai den telefono mugikor baten zenbakia emanez erregistratu behar da. Ondoren, IM+ Beep-ek aktibatze-kode bat bidaltzen du zenbaki horretara, erabiltzaileak kontua abiaraz dezan iPad-arentzako aplikaziotik.

Imo.in

  • Onena: Doako aplikazioa da.
  • Txarrena: Konfiguratzeko eta pertsonalizatzeko aukera gutxi ematen du.

Berehalako mezularitza-zerbitzua ematen duen aplikazio hau honako sistema eragileekin erabil daiteke: iOS, Android, Blackberry eta Symbian. Gainera, beste bertsio bat ere badu, nabigatzaileetatik sartzen uzten duena. iPad-arentzako eskaintzen duen bertsioa doakoa da, eta zerbitzu horien erabiltzaileek gehien nahi izaten dituzten funtzioak eskaintzen ditu. Beraz, oso aukera ona da erraz erabiltzeko aplikazio bat nahi dutenentzat.

“Link” izeneko aukera baten bidez, lotu egin daitezke erabiltzaileak dauzkan mezularitza-kontu guztiak. Era horretan, zerbitzu batean saioa abiarazten duenean, abian jarriko ditu hari atxikitako gainerako kontu eta zerbitzuetakoak ere. Aukera hori nahi denean ken daiteke.

Imo.in zerbitzuak konfigurazio-aukera gutxi ematen ditu, nahiz eta garrantzi handikoak diren erabiltzaileentzat, pribatutasunari eta solasaldien kudeaketari eragiten baitiote. Honako hauek dira aipagarrienak: solasaldien historia gordetzeko aukera ematen du, baita zerbitzuen pasahitzak ere, eta emotikonoak erakusteko modua ere ematen du. Azkenik, aplikazio honekin, saio bat abiatu eta 72 orduz eduki daiteke zabalik baina bigarren mailan (ez du uzten aurrez denbora-tarte jakin bat ezartzen).

BeejiveIM

  • Onena: Erraz kudeatzen dira mezularitza-kontuak.
  • Txarrena: Ez dauka doako bertsiorik.

Aplikazio hau iOS, Android eta Blackberry sistema eragileetan erabil daiteke. iPad-arentzako bertsioa 7,99 euro kostatzen da eta ez du eskaintzen doako aukerarik. Ordaindutako bertsio horrek, dena den, doan eskura daitezkeen beste bertsio batzuekin alderatuta, ez du aparteko abantailarik eskaintzen: IM+ zerbitzuaren oinarrizko bertsioarekin edo Imo.in zerbitzuarekin, zeina proba honetan erabili dugun.

Bestalde, bateragarria da berehalako mezularitza eskaintzen duten zerbitzu eta protokolo nagusiekin: Google Talk, Windows Live Messenger, Yahoo! Messenger, Facebook Chat, AIM, Jabber eta MySpace IM. Zerbitzu hau oso erraz erabiltzen da, eta sistemak egonkortasun orokor ona dauka; horri esker, azkar eta modu eraginkorrean konektatzen da berehalako mezularitza-protokolo eta -zerbitzuetara.

Zerbitzu honen alde esan beharra dago konfiguratze-aukera asko dituela. Horien artean, bada bat aski interesgarria, aukera ematen baitu berehalako mezularitza-zerbitzuetako solaskideak eta norberaren agendan ageri direnak bateratzeko. Ez dauzka, ordea, pribatutasunarentzat oinarrizko jo daitezkeen aukera batzuk: zerbitzu jakin bateko pasahitza berez gordetzeko aukera, esaterako.

Zerbitzu honek aukera ematen du aurrez zehazteko zenbat denboran eduki nahi dugun saioa egonean edo bigarren mailan, behin abiarazi eta gero: bi ordukoa izan daiteke gutxieneko aldia, eta zazpi egunekoa gehienezkoa. Gainera, pertsonalizatze-mezu bat ere konfigura daiteke saioa desaktibatzen denean/egonean sartzen denean.

Hauxe da onena...
  • Solaskideen agendako erabiltzaileekin mezuak partekatzeko (bidali/jaso): IM + Pro
  • Berehalako mezularitza-zerbitzu bateragarri asko edukitzeko: IM+ Pro
  • Aplikaziotik bertatik nabigatzeko: IM+ Pro
  • Bigarren mailan edo egonean konektatuta egoteko: BeejiveIM
  • Multimedia-mezuak bidali eta solaskideek aurkitzeko moduan egoteko: IM+ Pro eta BeejiveIM
  • Solaskideak bateratzeko: BeejiveIM