Aurrezteko eta 2.0ri eusteko

Elektronikako produktuetan ere, gero eta jende gehiagok jotzen du bigarren eskuko gailuak erostera, berriak baino merkeagoak dira eta
1 urria de 2012
Img internet listado 745

Aurrezteko eta 2.0ri eusteko

Teknologiaren mundua berritzen ari da beti. Eta betiberrizaleak zain egoten dira merkatuan zer agertuko. Ekoizle nagusiek ongi dakite hori, eta sei hilez behin botatzen diete amua: modelo berriak aurkezten dituzte edo sail osoak berritzen. Baina azken modeloaren azken berrikuntzak ez daude guztien eskura, eta azkenaurrekoekin etsi behar izaten dute hainbat erabiltzailek. Eta ez da aukerarik txarrena. Izan ere, modelo batzuk, zaharxeagoak edo urte batzuk lehenago merkaturatuak izan arren ere, oso baliagarriak gerta daitezke hainbat jenderentzat. Gainera, teknologiaren arloan, berehalako emaitzak lor daitezke aholku erraz batzuk aintzat hartuz gero; lagungarria da jakitea, adibidez, zer egin behar den ordenagailuak edo mugikorraren bateriak gehiago iraun dezaten.

Modu seguruan erosteko gakoak

Produktua erosi aurretik, alderdi batzuei erreparatzea komeni da. Honako hauek dira bereziki aintzat hartu beharrekoak:

  • Sistema eragilea: gailu batek daukan edozein softwarek, berez, jatorrizkoa izan behar du. Smartphoneetan, Android edo iOS sistema eragileak baldin badituzte, garrantzitsua da jakitea zer bertsio darabilen gailuak eta hori eguneratzeko modurik ba ote dagoen. Ohikoa izaten da azken belaunaldiko mugikorrak, behin urte batzuk igaro ondoren, softwareak eguneratzeko modurik gabe geratzea. Beste era bateko tresnetan, bideojoko-kontsoletan, adibidez, gailua reset eginda egotea komeni da, jabe berriak aukera izan dezan bere erara konfiguratzeko eta bere izenean erregistratzeko ekoizleak eskaintzen dituen zerbitzuetan. Sistema eragilearen bertsioa zenbat eta berriagoa izan, hainbat hobeki.
  • Prozesadorea eta RAM memoria: ordenagailuetan, eta aurki baita smartphone eta tableta askotan ere, prozesadore motak eta haren potentziak erabakitzen dute hardwarea prest ote dagoen programa eta aplikazio nagusien azken bertsioekin lan egiteko. Berdin gertatzen da RAM memoriarekin ere. Azken belaunaldiko gailuen prozesadoreek batez beste zenbateko potentzia duten jakitea komeni da (gigahertzioetan neurtzen da), baita RAM memoriak zer-nolako gaitasuna duen ere (megabytetan eta gigabytetan neurtzen da), eta hori jakinda, ezaugarri horietatik asko urruntzen ez den modelo bat hautatu behar luke erabiltzaileak.
  • Kanpoko itxura: kolpe, mailatu eta urradura batzuek eragotzi egiten dute gailua baldintza normaletan erabiltzea, eta halakorik ez duela egiaztatu behar da. Horretaz gain, kanpoko botoietan matxura garrantzitsurik ez dagoela ere ziurtatu behar da, eta konektoreak ere ongi daudela. Oro har, ongi zaindutakoaren itxura eduki behar du.
  • Ukipen-pantaila: ukipen bidezko pantaila daukaten gailuetan, pantailaren alde guztietan ukitu eta ongi erantzuten duela egiaztatu behar da. Pantaila urratua dagoen begiratu behar da, kolperik baduen nonbait edo zikin arrastoak.
  • Jatorrizko bateria eta kargagailua: bateria hardwarearen osagaietako bat da, eta gaitasuna galduz joaten da denbora igaro ahala. Garrantzitsua da jakitea bateria zer-nola dagoen, baita ekoizleak nolako baldintzak jartzen dituen ere aldatu ahal izateko. Hau da, jakin egin behar da ekoizleak oraindik ere merkaturatzen ote dituen bateria aldagarriak edo, bateria gailuari atxikita doanean, eskaintzen ote duen hori aldatzeko zerbitzurik.
  • Erosketa-faktura eta jabetza-agiria: bigarren eskuko produktuetan, komeni izaten da gailua erosi zen garaiko faktura eskuratzea, edo halakorik ezean, ordainketa egin izanaren frogagiriren bat, zeinaren bidez erakutsi ahalko dugun gu garela gailuaren jabeak. Funtsezkoa da erosketa egitean sortu den dokumentazio guztia gordetzea, baita saltzailearekin trukatu diren mezu elektronikoak ere.
  • Produktuaren bermea: Komeni da jakitea produktuak oraindik ere baduen ez ekoizleak eskaintzen duen bermerik, noiz bukatzen zaion eta zein herrialdetarako balio duen. Adibidez, gerta daiteke Japonian erositako gailu elektroniko baten bermeak harako soilik balio izatea, edo, aitzitik, edozein herrialdetan izatea baliagarria. Kontuan hartu behar da, dena den, gailuari aldaketaren bat egiten badiogu, bai hardwarean edo bai softwarean, baliorik gabe geratzen dela ekoizlearen bermea.

Non erosi

Aukerarik onena norbera bizi den lekutik hurbil eskaintza bat aurkitzea da. Era horretan, gailua erosi aurretik, saltzailearekin hitzordua egin dezakegu eta geure begiz ikusi eta aztertu. Hala ere, merkatuan denboratxo bat daraman produktu teknologikoren bat erosterakoan, bigarren eskuko salgaien zirkuitura jotzea izaten da ohikoena.

Interneten enkanteak egiteko guneak (eBay eta beste) baliatzen dituzte erabiltzaileek gisa horretako produktuak erosteko, baita produktu sailkatuak eskaintzen dituzten orriak eta Interneteko solasguneak ere. Interneten badira berariaz bigarren eskuko ordenagailuak edo saldu gabe geratu direnak eskaintzen dituzten dendak; handizkako saltzaileei erosiak izaten dira, saltokietan jarri ezin direnak zahartuta geratu direlako.

Produktu bat erosten denean, ziurtatu egin behar da transakzioa egiten den tokia fidatzekoa dela eta behar adina berme eskaintzen dizkiela bai saltzaileari eta bai erosleari arazoren bat sortuz gero. Gertatu izan da, adibidez, erosten den produktuak ez edukitzea saltzerakoan agindutako ezaugarriak. Halakoetan, kontsumitzaileak erreklamazioa egin dezake kontsumitzaileen erakunderen batean, edo salaketa bat ere jar dezake iruzur egin badiote.

Zenbait ekoizlek, Apple edo Asus etxeek, adibidez, elektronika-produktu berrituak edo konponduak eskaintzen dituzte Interneten dauzkaten denda ofizialetan; beren zerbitzu teknikoek konponduak izaten dira, eta berriak baino merkeago saltzen dituzte. Gailu horiek ekoizlearen berme ofiziala eduki ohi dute, eta, beraz, bigarren eskuko gailuak bezala, horiek ere kontuan hartzeko modukoak dira.