Bikote arazoak

Nola bereiztu krisi bat eta harreman baten amaiera?

1 urria de 2003
Img psicologia listado 152

Nola bereiztu krisi bat eta harreman baten amaiera?

Maitasunak ez ditu krisiak galarazten, baina konponbide bat bilatzeko euskarri nagusia izan daiteke. Arazoak gainditzen diren moduaren arabera hitz egingo du bikote batek etapa gatazkatsu bati buruz: krisi bat gehiago aipatuta, edo bukaera hasi zen momentua bezala sumatuta. Bikotekide bakoitzak arazoaldi horri aurre egiteko modua honako faktoreoi zor zaie, besteak beste: heldutasun emozionalari, gatazkak kudeatzeko trebetasunari, harremanaren iraupenari, dituen sareei edo aurkitzen deneko une pertsonalari.

Aldaketaren beldur

Ez dago irizpide finkorik harreman bat bukatzen ari den jakiteko. Gainera, harreman hori zenbat eta luzeagoa izan eta hausturak zenbat eta pertsona gehiago ukitu -jende askok seme-alabak jartzen ditu argudio elkarrekin bizitzen jarraitzeko, krisia gorabehera-, orduan eta zailago gertatuko da hausteko erabakia hartzea. Esan liteke harreman batek bikotekideei hura hasteko motibo izan ziren elementu haiek -afektibitatea eta emozioa, ziurtasuna, sexu gozamena…- emateari uzten dionean aldaketa gertatu behar deneko inflexio puntua iritsi dela.
Bikotekideek ez dute lan erraza zailtasunez beteriko bolada bat igarotzen ari diren edo harremanaren bukaera hasi den jakitea, izan ere, emozio, sentimendu eta sentsazio zurrunbilo amaigabe batean murgilduta, beren harremaneko zein puntutan dauden argituko dien gogoeta egiteko adinako sosegua hartzea benetan zaila baitute. Ez da batere arraroa nork bere buruari engainatzea, kontzienteki edo ez, aldaketari aurka egiteko modu gisa, aldaketa hori bikotea birplanteatu eta aldaketekin aurrera egiteko izan, behin betiko banantzeari ekiteko izan.

Krisi soila edo banantzea?

Krisi bati aurre egiten zaion moduaren arabera, bikotekideek etapa horretan jokatzen duten moduaren arabera, harremana sendotu egingo da edo bukaeraren lehenengo fasea izango da. Hau da, bikotearen gatazka-fase batean egin beharreko galdera ez da “hau bukaera al da?”, baizik eta “bukaera izatea nahi al dut?, harreman honek dakarren konpromisoari eusten segitzea interesatzen al zait?”. Labur esanda, bolada txar bat, baldin gainditzen bada, krisi bat besterik ez da izango, baina harremana bukatzen bada, banantzea izango da. Egoera zail horretan erabaki bat hartzeko, lagungarri izan daiteke zenbait galderari erantzutea: Maite al dut? Elkarrekin eta norabide berean begiratzen al dugu, helmuga bera al dugu? Beste pertsonarenganako interes sakona sentitzen al dut? Desio al dut? Bestearenganako konfiantza osoa al dut? Eta harremanean? Hausnartu eta konprometitu egiten naiz beste pertsonari eta gure harremanari -hura hobetze aldera- zer eman diezaiekedan ikusteko?
Krisialdian gure egoera emozionala aztoratu egin ohi da; hortaz, izan dezagun gogoan erabakien norainokoa, batez ere harremana bukatzea erabakitzen baldin bada. Ez dira bi pertsona banantzen, baizik eta batzuetan seme-alabak dituen familia bat, harreman- eta lagun sare oso bat, lotura ekonomikoak. Horiek horrela, bikoteak hausnarketa aurrera eramatea galarazten duten eragozpenak topatzen baditu, bikote kontuetako espezialista batengana jotzea komeni da, hark egoera desblokeatuko du eta hausnarketak behar dituen bermeak izan ditzan guneak sortuko. Oreka ekarri eta bikoteari hobeto erabakitzen laguntzeko protokolo bat ezarriko du.

Bikotea sendotzeko

Honako trebetasun hauek erabili edo garatu behar ditugu:

  • Gure bizitza zeharo gure ardura dela onartzea. Ez dugu espero izan behar bikotekideak zoriontsu egingo gaituela. Gure zoriona batez ere gure esku dago. Ez dezagun geure burua engaina.
  • Ez dugula bikotekidearen bizitza konpondu behar jakitea, hots, ez dela gure eginbeharra bikoteari konponbideak bilatu, aholkuak eman eta bere bizitza eramateko jarraibideak seinalatzea.
  • Entzuten ikastea. Hartarako, egiten ari garena utzi, gure arreta erakartzen duten pentsamenduak gogotik kendu, bestea nola sentitzen den ulertzeko haren larruan jartzen saiatu behar dugu.
  • Elkarrizketan jarduten ikastea. Gure iritzia, errealitatea ulertu eta atzemateko era ez dira egia absolutua, baizik eta gurea baino ez.
  • Ados jartzen ikastea. Bai nirea bai zurea kontuan hartu eta eztabaidatu behar dira, “gurea” definitu ahal izateko.
  • Partekatzen ikastea. Elkarri ematea: zer moduz dagoen, zerk haserrarazten duen, zer nahi duen galdetzea.
  • Eskatzen ikastea. Maitasun erakustaldirik onena gure zaurgarritasuna erakustea da, izan ere ez baitiogu edozeini erakusten.
  • Bikoteari berariazko denbora eskaintzea.
  • Zaletasunak, jolas-aldiak, ametsak eta itxaropenak partekatzea, baita une triste, latz eta penagarrietan laguntzea.
  • Ekonomia partekatzea. Bikote-harremanaren parte da.
  • Gatazkak eta krisiak erabiltzen ikastea, geure buruaz gehiago ikasi, zer behar dugun eta geure bikotekideari zer min egiten diogun ikusteko. Garapen- bultzatzaile izan daitezela eta ez inora ez garamatzan geldialdiaren eragile. Hitz egin dezagun, behar beste, arazoa enkista ez dadin. Ez dago isiltasuna baino hondamendi handiagorik.
  • Bikotekidea harrotasunez zaintzea. Sexua, laztanak eta “maite zaitut” eta antzekoak agerian jarri, esan egin behar dira. Ez du balio esan beharrik ez egoteak.
Banantzea desdramatizatzeko...
  • Bikotea apurtzen da, ez gure bizitza pertsonal osoa.
  • Aztoratzen gaituzten aldaketei eta arriskuei aurre egiteko unea da. Gomendagarria da pertsona adituei (lagunei edo profesionalei) laguntza eskatzea, gogorra izan daitekeen -ala ez- ibilbide horretan modu leialean entzun eta lagun gaitzaten.
  • Bizitzako etapa hori igaro egingo da eta beste bat edo batzuk etorriko dira jarraian. Ez da iraganari begira bizi behar, gure bizitza geldiaraztea bailitzateke, eta geratzen zaiguna luzea da oraindik.
  • Galera guztiek bezala, bere faseak izango ditu: negarra, atsekabea, gertatu zaiguna nekez sinistea, haserre bizia eta amorrua, errudunak bilatzeko premia… Halako zerbait gertatzea normala da, eta halaxe behar dugu hartu.
  • Dena ez da txarra. Galdutakoaren gainean gogoeta egin dezakegu, itsutu gabe ordea. Baina hobe dugu alde ona, banantzeak gure bizitzan hobetuko duena bilatzea.
  • Egin dezagun balantze autokritiko bat: nolakoa izan zen harremana, zertan huts egin genuen guk… Modu horretan ikasi eta etorkizunean oker berberak egitea saihestuko dugu.
  • Gauza onak gorde egin behar dira, haiek euskarri hartuta sumindurarik gabe aurrera jarraitu eta etapa bukatzeko. Baina batez ere beste etapa bat hasi ahal izateko.