Musika-tresna bat jotzearen onurak

Jarduera horren bidez, memoria, sormena eta hizkuntza-trebetasunak lantzen dira, baina ezinbestekoa izaten da norbera motibatua egotea
1 iraila de 2010
Img salud

Musika-tresna bat jotzearen onurak

Haurren egutegia aski betea egon ohi da; eskola eta eskolako zereginak gutxi balira bezala, eskolaz kanpoko orduetan ere zamatuta ibiltzen dira. Kirola egiten dute askok, hizkuntzaren bat ikasten aritzen dira beste hainbat, eta informatikan trebatzen ere bai dezente. Hiru jarduera horiek aukeratzen dituzte, nagusiki, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako haurrek, eta laugarren lekuan dago musika. Halaxe erakusten dute, bederen, Kalitaterako eta Ebaluaziorako Espainiako Institutu Nazionalak (INCE) eman dituen azken datuek. Musika-tresna bat jotzen ikasteak hainbat onura dakarzkio horretan ari denari: besteak beste, sormena areagotzen du, eta hobetu egiten ditu memoria eta irakurketa-gaitasuna. Baina horretarako, gozamen-iturri izan behar du musikak, jostatzeko eta dibertitzeko balio behar du, eta, inola ere ez, sufritzeko. CONSUMER EROSKI aldizkariko osasun-adituek oroitarazten dute funtsezkoa dela haurrek ongi pasatzea musika-tresna bat jotzen ikasterakoan, eta ez dute sentitu behar gurasoek ezarritako betebehar bat egiten ari direla. Futbola, saskibaloia, igeriketa dira jarduera nagusiak eskolaz kanpoko orduetan; ariketa fisikoa, azken batean. Musika-ikasketak egitea, berriz, nahiko bazterreko kontua izan da, marrazketa, antzerkia edo balleta bezala, adibidez. Zer onura egiten duen jakinda, ordea, harrigarri samarra ere bada musika-ikasketak egiteko joera ez gehiago hedatu izana. Azterketa, ikerketa eta tesi askok frogatu dutenez, musika ikasteak hainbat gaitasun lantzeko modua ematen die ikasleei.

Musika-tresna batekin aritzeak trebatu egiten ditu eskuak eta begiak. Memoria ere indartu egiten du, baita sormena eta hizkuntza-trebetasunak ere. Horrexegatik, hain zuzen, gero eta espezialista gehiagok gomendatzen dute haurrek musika ikas dezatela, hobetu egiten baititu irakurketa- eta idazketa-trebetasunak, dislexia duten haurrengan, nagusiki. Adimen espaziala ere nabarmen garatzen zaie musika-tresna bat jotzen dutenei (inguruko munduaren xehetasunak antzemateko eta objektuen irudi mentalak egiteko gaitasunari esaten zaio adimen espaziala). Eta oso alderdi garrantzitsua da hori eguneroko bizitzan. Orientatzen jakiteko, adibidez, aski lagungarria gertatzen da adimen espaziala, berdin matematikako problema konplexuak ebazteko ere, eta itxuraz erraz-errazak diruditen keinuak egiteko ere bai, hamaiketakoa biltzeko, esaterako. Gainera, berehala ikusten dira musikaren onurak: adituek egindako kalkuluen arabera, ikasteari ekin eta lau hilabetetara hasten da sumatzen aldaketa.

Onura fisiologikoak ekartzeaz gain, haurren izaerari eta besteekin harremanetan egoteko gaitasunari ere eragiten dio musika-tresna bat jotzeak. Oro har, pertsona metodiko eta diziplinatuak izaten dira, xehetasunak zaintzen dituztenak, zereginak ongi planifikatzen dituztenak eta arreta jartzeko gaitasun nabarmena izaten dutenak. Eta dohain horiek guztiak, estimu handitan edukitzeko modukoak dira. Sarri askotan, irakasleen aurrean aritu behar izaten du musika-tresna bat jotzen duenak, edo aztertzaileen edo ikus-entzuleen aurrean. Horri esker, beldurrari gain hartzen ikasten dute gazteek, herabetasuna gainditzen, eta segurtasuna eta autokonfiantza ematen die.

Haurrak ez zamatu

Musika-tresna bat jotzeak ekar ditzakeen onura guztiak pikutara joaterik nahi ez badugu, arretaz zaindu behar dira bi alderdi. Batetik, akats larria izango litzateke gurasoen aginduz eta haiek hala nahi dutelako has dadin haurra musika-tresna bat jotzen, haurra bera guztiz konbentzituta egon gabe. Horrela gertatzen bada, kondena moduan bizi izango du haurrak musika-tresna ikasteko jarduera, ez du agertuko interesik, eta arretarik ere ez dio jarriko. Musika-tresna jotzen ikasteko, funtsezkoa da aritzea eta aritzea, baina jolasaren alderdia inoiz ahaztu gabe. Bestela, gerta liteke nahitaez egin beharreko jardueratzat hartzea musika, ez batere gozatzea, eta onura eta mesede guztiak bidean geratzea. Musika ikastea, eskolaz kanpo egiten diren gainerako jarduera guztiak bezalaxe, bide ezin hobea da haurren prestakuntza osatzeko; jarduera bakoitzak ditu bere onurak, baina baldintza bat betez gero, betiere: haurrak ez dira zamatu behar. Goizetan eta arratsaldeetan, eskola izaten dute; handik atera, eta futbol-entrenamendua orain, igeriketa hurrena, ingelesa, gitarra, dantza… Galdera begi-bistakoa da: ona ote da haurrek hain agenda betea eduki dezaten? Ikasleek libre dituzten orduak antolatzerakoan, zentzuz eta zuhurtziaz jokatu behar da, eta ongi egituratu eta gainbegiratu behar da guztia. Eskola orduz kanpoko jarduerekin, hainbat gaitasun sozial eta kognitibo lantzen dituzte ikasleek, eta horietako batzuk nekez eskuratuko dituzte ikasgela barruan. Baina jostatzeko denbora ere eman behar zaie, familiarekin egoteko tartea edo atseden hartzeko beta. Horiek ere lehentasunezko jarduerak dira.

Zer musika-tresna? Haurrak nahi duena

Txiki-txikitik hasten dira haurrak musika egiten. Edozein trepeta aski zaie lurra joz -edo beste zerbait- musika egiteko. Garai horretan, bat izaten dira melodia eta zarata: soinu-efektu soila. Adin horretan, perkusio-tresnak gustatzen zaizkie gehien (danborra, panderoa, xilofonoa, txintxinak, musika-barrak…), eta halakorik eskura eduki ezean, zernahi erabiliko dute ordezko. Ondoren, musika ikasten jarraitzeko gogoa badute, pentagramek eta kortxeek hartuko dute jostailuzko danborren lekua. Solfeoa eta musika-hizkuntza ikasteko garaia izaten da hori. Eta musikak egiaz erakartzen baditu, beste pauso bat eman nahi izaten dute. 5 eta 8 urte arteko adinean, sofistikatu egiten da ikasketa, eta solfeoari eta gainerakoei utzi gabe, benetako tresna bati heltzeko tenorea iristen da. Gehien-gehienek pianoa, zeharkako txirula edo gitarra hautatzen dituzte, baina izaten dira biolina, tronpeta edo beste orkestra-tresnaren bat aukeratzen dutenak ere.

Musika-tresna bat edo bestea aukeratzerakoan, ez da komeni gurasoek hauta dezaten haurraren lekuan. Haurrak berak erabaki behar du zer tresna ikasi nahi duen. Gurasoek eta irakasleek aholkuak eman ditzakete, jakina. Musika-pedagogian aditu direnek nabarmentzen dute, ordea, bere motibazioak eraman behar duela ikaslea musika-tresna bat hautatzera.

Musika-tresnak, oro har, diru asko balio izaten dute, eta, horregatik, bigarren eskukoa erostea izan liteke aukera bat. Gastu handi-handietan sartu aurretik, argi ikusi behar da haurrak egiaz nahi duela ikasi, eta ez dela apeta iragankor bat. Horregatik, tresna jakin bat erosi aurretik, zain egon behar da haurrak egiazko interesa ager dezan.

Gurasoentzako oharrak

Eskola orduz kanpoko jarduerak oso lagungarriak izaten dira, zenbaitetan, gurasoek lana eta familia bateratzeko modua eduki dezaten. Musika ikastea izango da, agian, guztietan onuragarriena, era askotako eragin onak ekartzen dizkie-eta haurrei, baina, oro har, eskolaz kanpoko jarduera guztiak dira mesedegarri neska-mutilentzat, baldin eta neurrian eskaintzen badizkiegu eta haien gustu eta gaitasunak kontuan hartzen baditugu. Musika edo beste zernahi jarduera hautatzen dela ere, guztia egoki planifikatzeko, zenbait alderdi kontuan hartzea komeni da.

  • Ez jarduera bakarra, ez asko-asko ere: ez da tematu behar jarduera bakarrarekin. Jarduerak konbinatzea da egokiena: kirol-jarduera bat, aisialdiko beste bat (musika, marrazketa edo dantza) eta akademiko bat (hizkuntzak edo informatika).
  • Antolatu: modu egituratuan antolatu behar dira ikasleen ordu libreak, eta beti utzi behar zaie tarte bat jostatzeko, familiarekin egoteko edo atseden hartzeko. Horrela eginda, saihestu egiten dira neke-egoerak, kontzentrazio-falta, estresa eta lanegun zamatuak haurrei ekar diezaiekeen beste hainbat egoera.
  • Musika, bai edo bai?: ez da komeni moden menpe erortzea edo gurasoen nahietara makurtzea. Lehen-lehenik, haurrari gustatu behar zaio musika ikastea. Azkenean, haurrak musika ikasteari uzten badio, ez dira gauzak bere onetik atera behar.
  • Musika-tresna: Haurrak erabaki behar du zer tresna ikasi nahi duen. Gurasoek eta irakasleek aholkua eman dezakete eta haurra lagundu erabakia hartzen, baina azken hitza hark eduki behar du beti.
  • Irakaslea: musika-tresna bat jotzen ikasi nahi dutenek, askotan, irakasle partikularra hartu ohi dute. Oinarrizkoa da irakasle hori lehendik haur txikiekin aritu izana, ez baita gauza bera helduei erakustea eta haurrei erakustea. Adin horietan, haurraren irudimenaz eta espontaneotasunaz baliatzen den irakasmodua erabiltzea da egokiena, eta horrela lor liteke eskolak jolas ukitua hartzea, musika eta mugimendua barneratzen dituen saio dibertigarri bihurtzea, eta ez izatea zeregin derrigortua.