TBko plataforma digitalak

"Neurrirako" telebistaren egiazko kostua

Duela urte gutxi, telebista ikustearren dirurik ordaintzea ezinezkoa izango zela pentsatuko genukeen arren, errealitatea zeharo bestelakoa da gaur: joan den urrian, plataforma digitalek emaniko datuen arabera, Canal Satélite Digital izenekoak 950.000 abonatu baino gehiago zituen eta Vía Digital-ek, berriz, 600.000 harpidedun.
1 azaroa de 2000
Img miscelanea listado

"Neurrirako" telebistaren egiazko kostua

Hau da, guztira milioi eta erdi etxebizitza eta establezimendu dira Estatu espainolean hilero-hilero gutxienez 3.700 pezeta patrikatik ateratzen dituztenak, telebista-katea horien oinarrizko bildumak osatzen dituzten berrogei bat kanalen artean aukeratzeko eskubidea izateko. Plataforma digitaletako harpidedun guztiek antzerako perfila dute: 25 eta 55 urte bitarteko gizakiak, teknologia berrietan ohituak (erdiek baino gehiagok ordenagailua darabilte eta hauetako erdiek Interneterako sarbidea dute; denetatik %85ek telefono mugikorra daukate eta %23ak Sarearen bitartez erosketarik egin du inoiz). Oraingoz behintzat, “neurrirako” katea horien antenak hiri handi, ertain eta txikietan ipintzen dira batik bat, baserri-mundua aski baztertua utzirik. Katalunia, Madril eta Andaluzia dira abonatu gehien dituzten erkidegoak, ondotik -nahikoa gertu- Valentzia eta Kanariak datozkiela.

Lehen gastuak

Zerbitzua kontratatzeko prozedura antzekoa da plataforma batean zein bestean, baina eragozpen nabarmen bat dago: haietako bakoitzak bere satelitearekin diharduenez, auzo-komunitate edo partikular batek bietako harpidedun egin nahi izanez gero, bi antena paraboliko eta bi deskodetzaile ezarri beharko ditu. Hori dela eta, Telekomunikazioen Merkatuko Batzordeak urriaren erdialdean deskodetzaileei buruzko ikerkuntzari ekin dio, bien arteko elkarrezintasuna dela medio, plataforma digital guztien eta hari bidezko telebistaren saioetara iristeko aparailu bakar bat edukitzea ezinezkoa bihurtu baita, nahiz kontsumitzaile guztien ametsa horixe den. Canal Satélite Digital eta Vía Digital plataformetan, antena instalatzea hogei bat mila pezeta kostatzen den arren, askotan eskaintzak direla bide, etorkizuneko harpidedunari -sustapenak gertutik jarraitzen baditu- doan aterako zaio kontzeptu hori. Nolanahi ere, harpidetza kuotako 15.000 pezeta ordaindu beharko dira eta horrek erabiltzaileari deskodetzailea eta teleagintea (bi kasuetan ere, desberdinak) edukitzeko eskubidea emango dio. Instalazioa egiten hiruzpalau egun emango dituzte eta, horrez gero, harpidedunak hilero-hilero 1.150 pezetako gastua izango du Canal Satélite-n eta 1.200 pezeta Vía Digital-en, deskodetzailearen alokairuagatik. Kopuru horri beste 2.595 pezeta erantsi behar zaizkio Canal Satélite-ko oinarrizko paketeagatik (42 kanal), edo 2.500 pezeta, Vía Digital aukeratu badu (40 kanal).

Programazioa: oinarrizko menutik hasi eta kartara arte

Bi plataformetako oinarrizko programazioak tankerakoak dira. Canal Satélite-ko harpidedunek Fórmula Digital izenekoarengatik ordaintzen dituzten 3.745 pezetei edo Vía Digital-eko Paquete Básico jasotzearren ordaintzen dituzten 3.700 pezetei esker, filmak, serieak, bideo musikalak, kontzertuak, dokumentalak, kanal autonomikoak, informatiboak eta marrazki bizidunak eskaintzen dizkieten kanaletan barna mugitu ahal izango dira. Telebista-saio nagusi edo erakargarrienak, ordea, ez daude oinarrizko aukera horietan; beraz, Canal Satélite-ko harpidedunen %53ak eta Vía Digital-ekoen %47ak kanal-aukera zabaldu egiten dute, bestelako bildumak ere kontratatuz. Canal Satélite-ko bezeroen artean ohikoena, telebista digitalari Canal Plus-eko programazioa eranstea da. Horrek, hilean, beste 7.145 pezeta gastatu behar direla esan nahi du, hots: 5.995 pezeta Premium kanalarengatik, Fórmula Digital, gehi Canal Plus-eko lau kanalak, gehi aparailua alokatzeko 1.150 pezeta horiek. Vía Digital-en, berriz, sarriena Première aukerako harpidedun izatea da, horrek hiru kanal ezagun eskaintzen dituelako, filmak, serieak, zezenak, futbola eta golfa ikusi ahal izateko. Horrelakoak aukeraturik egin beharreko ordainketa 5.695 pezetakoa izango da hilero (4.495 Première-gatik, gehi 1.200 pezeta, alokairua). Ia zaletasun eta patrika denen gustuko saioak emateko prest daude bi plataformak eta horretarako hamaika formula proposatzen dizkigute. Horietako batzuk hagitz xelebreak dira eta futbola dute oinarri batak eta besteak. Beraz, hilean beste 750 pezeta ordainduta, Estatu espainiarreko futbolzale batzuek beren ekipoaren berri zehatza izan dezakete, nork bere kanalean. Prezio horregatik sei musika-kanal ere gehi dakizkioke programazioari edo ehiza, arrantza eta naturari buruzkoak, Canal Satélite-ren kasuan, eta Play Boy, aldiz, Vía Digital-en. Katea honek, gainera, futbola bakarrik ematen duen kanal bat kontratatzeko aukera ematen dizu, hilean beste 1.495 pezeta ordainduta; Canal Satélite-k, berriz, medikuntzari buruzko informazioa emango dizu, hileko 1.500 pezetaren truk. Zinema ere bereiz aurkezten da: Canal Satélite-k, hilean 1.000 pezetagatik, bost kanal zinematografikok osaturiko bilduma eskaintzen dizu, Fórmula nahiz Premium aukeren osagarri, esate baterako. Vía Digital-en hautua merkeago daukazu: 700 pezeta, baina kanal bat gutxiago dauka, beste aldetik.

Telebistako takilla

Canal Satélite-ko abonatuen %53ak eta Vía-koen %48ak ordaindu egin ohi du gertakari jakin bat telebistan ikustearren. Funtsezko bi motiboak begi-bistakoak dira: futbola eta zinema; ondoren, garrantzi txikiagoko ikuskizunak, hala nola zezenak, boxeoa (Tyson-en konbatea izan zen urteko produkturik erosiena, Vía Digital-en), opera eta kontzertuak eta, hein apalago batean, film erotikoak. Palkoan sartu (Vía Digital-en) edo takillara gerturatzeagatik (Canal Satélite-n) prezioak aldatu egiten dira, erabiltzaileak zer nahi duen kontuan izaki. Garestiena, Madril edo Bartzelona kluben futbol-partida ikustea da: bakoitzeko 1.825 pezeta kobratzen dute bi plataformek. Espainiako Lehen Dibisioko gainontzeko partida bakoitzaren prezioa 995 pezetaraino jaisten da. Boxeoa merkeagoa da: 750 pezeta saio bakoitzeko, kontzertu eta ikuskizun bereziak bezalaxe. Estreinaldiko film bakoitza 500 pezetan erosten da Vía Digital-en eta 600 pezetan Canal Satélite-n eta, zinematoki tradizionalak bailiran, Vía Digital-ek asteazkena du ikuslearen eguna (sarrera 250 pezetara merketurik) eta asteburuan emanaldi jarraia eskaintzen du, behin bakarrik ordainduta. Zinema pornografikoa, azkenik, 600 pezeta baino ez da kostatzen. Eginiko kalkuluen arabera, urteko lehen hamar hilabetean plataforma bakoitzak lau bat milioi pezeta saldu omen ditu, ikuskizun eta filmak ikusteko. Harpidedun bakoitzak hilean hiru bat mila pezeta ordaintzen ditu, batenaz beste, programak erosteko; kontratazio hori telefono bidez egin ohi da, ordaintzeko teleagintea darabiltenak geroz eta gehiago diren arren. Internet plataformetara iristean -aurki, beraz- eskaria bestela ere egin ahal izango da.

Telebista eta Internet

Hemendik hilabete gutxitara, plataforma digitalek -programazio osoaz gainera- telebista euskarri informatikotzat erabiltzeko aukera eskainiko diete erabiltzaileei. Vía Digital eta Canal Satélite kateek iragarri dutenez, prest daukate beren deskodetzaileetan kokatzeko moduko software egokia eta, horrela, telebistan zuzenean Interneterako sarbidea eskaintzeko beharrezkoak diren aplikazio guztiak eratzeko. Internet eta, horrekin batera, posta elektronikoa, plataforma digital horien beste zerbitzuetako bat izango da. Era horretan Quierori (prestazio hori gaur egun eskaintzen duen hari bidezko plataformari) elkartuko zaizkio.

Quiero TV

Telebistaren bitartez, Internet eta posta elektronikorako sarbidea eskaintzen zuen munduko lehen telebista-plataforma digital lurtarra zela iragarriz aurkeztu zuen bere burua Quiero TVk (dena den, hori ez da posible izan joan den urrira arte).

Beste plataformekin konparatuz honek duen alde nagusia, hedabide gisa lurreko sarea erabiltzea da, hau da, gaur egun telebista analogikoko programak hartzeko baliatzen dugun sare bera; hortaz, etxeko betiko antenari deskodetzailea lotzea aski da plataforma horren seinalea jasotzeko, antena parabolikorik edo bestelako harien instalaziorik egin gabe. Plataforma horren programazioa hamalau telebista-programak osatzen dute, ohiko edukiez horniturik: zinema, futbola, zezenak, kirolak, haur eta gazteentzako saioak, musika, dokumentalak eta, nola ez, ordaindu beharreko ikuskizunak. Era berean, Gran Vía eta Vía Digital-eko antzeko kanalak ere topa daitezke bertan. Deskodetzailearen instalazioa, oraingoz, doan egiten da. Alta ematea 9.950 pezeta kostatzen da eta teklatua 4.950. Hileko kuota bakarra da kanal-pakete osoa jasotzeko eta 3.750 pezeta balio du; prezio horri beste 1.000 pezeta erantsi behar zaizkio, terminala alokatzearren. Lehiakideen modura, Quiero plataformak ere gertakariak ikustearren ordaintzeko aukera ematen du, kasu horretan bi eskaintza baizik ez baditu ere: estreinaldiko zinema (390 pezeta) eta helduentzako filmak (600 pezeta).

Quiero aukeraren teklatuaren bitartez Interneterako sarbidea lortzen da: horixe du alde nagusietako bat, besteekiko. Katearen ataria, harpidedunek bakarrik jaso dezaketena, bost sailetan dago egituratua: aizia, aktualitatea, komunikazioa, zerbitzuak eta laguntza; horien barnean hamaika sekzio edo atal daude eta, aktibatzean, beste hainbat zerbitzutarako sarbidea ahalbideratzen dute. Bertatik, halaber, posta elektronikoko bost konturaino sor daitezke.