Azpiegitura apartak

Munduko mirari berriak

Ingeniaritza zibilean emaniko aurrerapausoei esker, tamainaz eta kalitatez obra handiosak egin daitezke
1 urria de 2005
Img miscelanea listado 368

Munduko mirari berriak

Bostehun metrotik gorako etxe-orratzak, uharte eta kontinenteak lotuz, mendi gainetatik hegan, airean eskegitako bi kilometrotik gorako zubiak, trenbideak itsas azpian… Zientziak, teknologiak eta inspirazioak, sinestezin zirudiena erreal bihurtzen duten ingeniaritza zibileko lanak eratzeko aukera eman diote gizakiari.

Panamako kanala: Ozeano Barea eta Atlantikoa, bat eginik

Ingeniaritzaren perla hori 1914ko abuztuaren 15ean inauguratu zen eta harrezkero milioi bat itsasontzi igaro bira bertatik. Laurogei kilometro luze da, hots, Ipar eta Hego Amerika lotzen dituen istmo menditsuko pasagune estu batean Ozeano Barea eta Atlantikoaren artean dagoen distantzia. Bertan 9.000 gizaki dabiltza lanean, egunean 24 orduz, urtean 365 egunetan, herrialde guztietako ontziei iragate-zerbitzua emanez.

Esklusadun kanala da Panamakoa, hots, igogailu gisa funtzionatzen duten sarrera eta irteerako ate modukoak ditu, baina hemen igo eta jaisteko bultzatzen duena ura bera da. Ibilbidean zehar ezarritako hiru esklusa-konbinazioak -bidearen hasieran, erdibidean eta amaieran- bide bikoitzekoak dira eta haietako bakoitzak 33 metroko zabalera, 305 metroko luzera eta, batez beste, 26 metro sakonera du. Neurri horiek aintzat jota ontziak “Panamax” edo “Post Panamax” motakoak dira, hau da, kanalean igaro daitezkeenak eta ezin igaro daitezkeenak. Kanaletik iragateko gehieneko eslora 295 metro izan daiteke, gehieneko zabalera 32 metro eta gehieneko sakonera 12 metro. Kanala zeharkatzen duten ontzi handienak ez dira 60.000 tonatik gorakoak.

Kanal osoa zeharkatzeko 8 – 10 ordu behar izaten dira eta bide-saria kargaren eta ontziaren neurrien eta motaren arabera aplikatzen da. Karga-ontzi batek, batez beste, 50.000 dolar ordaindu behar ditu baina turistak daramatzan ontziak, ibilbide bera egitearren, 150.000 dolarretaraino ere ordainduko du. Ontziei maniobretan laguntza emateko atoi-ontziek dihardute gau eta egun.

Esklusek igogailu gisa dihardute: kontua da Atlantikotik datorren itsasontzia itsas mailaz gainetik 26 metrora altxatzea, istmoaren erdialdean dagoen Gatun lakuaren parera (ibilbideko tokirik garaienean), alegia. Bertatik itsas mailaraino jaitsiko da berriro, Ozeano Barera oraingoan. Esklusa-konbinazio bakoitzean itsasontziak altxa eta jaisteko lakuko uraren grabitateari esker eskuratzen da ura: horkoak, kanaleko alboetako hormetatik eta erdialdeko hormatik abiatuta, esklusen azpiko ganberen azpitik zehar hedaturiko estolda-sistema elikatzen du. Kanala zeharkatzen duen ontzi bakoitzeko 197 milioi liro ur geza baliatzen da eta, eginkizuna betetakoan, itsasora jaurtitzen da.

Millau, munduko zubirik garaiena

Tarn ibaiko harana zeharkatzen duen zubi hau 2005 urtean inauguratu da. Obra hiru urtetan bakarrik egin du 500 langilek osaturiko taldeak. Lurretik 245 metrora doa, 400.000 tonako pisua dauka, orduko 210 kilometroko haizeen aurreko erresistentzia du eta ia 300 milioi euro kostatu da. Zubi honek A-75 autopista 2.460 metroz luzatzen du baina horrela lortzen da trafikoa arintzea eta Paristik Mediterraneo aldera doan bidea 100 kilometro laburrago bihurtzea. Sir Norman Foster arkitekto britainiarrak diseinaturiko zubi horren eraikuntzan Europako zazpi herrialdek (Espainia, tartean) hartu dute parte. Zubia Eiffel dorrea baino 16 metro altuagoa delarik, 350.000 tona hormigoi eta 40.000 tona altzairu baliatu dira eraikuntzan.

Hiru Arroiletako Presa

/imgs/20051001/china.jpg
Izen ofiziala Sandouping duen obra zibil eskerga horri Hiru Arroiletako Presa deritzo. Txinako Yangzi ibaian 630 kilometro karratu (Gipuzkoaren herena) osatzen zuten hiru bailara urez beteta sorturiko urtegi hori munduko hirugarren laku artifizial handiena da. Obra 2009 urtean burutuko da baina dagoeneko toki horretako 19 hiri eta 326 herrietako batean bizi ziren 1,9 milioi pertsonei beren herriak utzarazi dizkiete eta eskualde horretan egun 39.000 miloi metro kubiko ur dautza (Espainiako urtegi guztien edukiera 53.000 milioi metro kubikokoa da). Presa hori etorkizunean hornituko duten 26 turbinetako bakoitzak 700.000 kilowatt ekoitziko dituenez, guztira orduko 84.000 miloi kilowatt sortuko dira urtean (Espainia osoko energia hidroelektrikoaren produkzioa 242.000 milioi kilowattekoa da). Presaren beste helburu nagusiak uholdeak kontrolatzea eta ibaian barrenako nabigazioa hobetzea da.

Mantxako Kanalaren azpiko tunela

Lainoak ez du isolatuko aurrerantzean Britainia Handia Europatik: 1994ko maiatzaren 6an Ingalaterrako erregina Isabelek eta François Mitterrand Frantziako Presidenteak “Eurotunela” inauguratu zuten. Mantxako Kanala zeharkatzen duen sistema 50 kilometroko luzera duten hiru tunelek osatua dago: luzera horretatik 38 kilometro itsas azpian doaz, batez beste 40 metroko sakoneran, eta gainerako 12 kilometroak Frantzia aldera lurpetik hiru hurreratzen dira eta bederatzi alderdi britainiarrerantz. Kanpoko bi tuneletan norabide bakarreko trenbidea doa eta batetik bestera 22 metroko tartea dago. Bien artetik, berriz, bakoitzetik bederatzi metrora, mantenu eta segurtasun lanak errazteko zerbitzu-tunela eraiki dute: horretarako, beste bi tunelekin lotuneak ditu 375 metroko tarteetan. Puntako orduetan, norabide bakoitzean 30 tren pasa daitezke orduko.

Etxe-orratz izugarria: 509 metro eta 101 solairu

Taipei 101 eraikina (Taiwan) 2004an altxa dute eta, oraingoz bederen, munduko etxe-orratzik altuena da, lurretik 509 metroko altuera harrapatzen baitute bere 101 solairuek. Barnean dauzkan 34 igogailuek 60 kilometro orduko abiadura hartzen dutenez, kaletik 90. solairuraino gizakia 37 segundoan eraman dezakete. Richter eskalako zazpi gradurainoko lurrikarei eta eskuarki Taiwan astintzen dituzten haize bortitzei aurre egin diezaien diseinatua dago dorrea. Puntako orduetan bertan 30.000 pertsona ere biltzen dira.

G-CANS, Tokioko estolda-sistema berria

Tokioko estolda-sistema berria kale mailatik 50 metro beherago eraikitzen ari dira, duela hamabi urtez geroztik, gau eta egun. G-CANS proiektu horren azken helburua euri-sasoian hiriak nozitzen dituen uholdeei saihets egitea da, aldiro-aldiro jazotzen den arazo horrek kostu ikaragarriak eragiten baititu. Estolderia bukatutakoan hamaikatxo tunel eskergez osaturiko sareak Edogawa ibaira segundoko berrehun tona ur eramango dute bertako 14.000 turbina eragileek. Indusketa lanak abangoardiako teknologiaren adibide bikaina delarik, dagoeneko hedatu diren proiektuaren argazkiek joko birtual bati ateratakoak dirudite. Bertako ingeniaritza estruktura eta materialen abangoardian agertzeaz gainera, komunikazio teknologia berrien aplikazioari esker obra uneoro kontrolpean daukate arduradunek. Estetikoki ere, obra eder-ederra da: izan ere, inauguratzen denean turistek bertara egin ahal izango dute bisitako txangoa.