Fitoterapia

Medikuntzaren adarretako bat

Medikamentu sintetikoak bezala, espezialistak aholkatu behar du fitoterapia ere
1 martxoa de 2004
Img listado miscelanea

Medikuntzaren adarretako bat

Hil honetan Europar Batasunean onetsiko den arteztarauaren arabera, sendabelarren erabilera eta kontrola arautzeko legea egin beharko dute estatu kideek, urte eta erdiko epean gehienez ere. Sendabelarren inspekzioa medikamentuen legeak baliatuz egingo da, geroz eta ohikoago bilakatzen ari den berezko landareen edo landare atalen komertzializazioa arautzeko. Sendabelar horiek erabilera terapeutikoan aplikatzen dira, baina botikek nozitzen duten prozedura kimikorik nozitzeke: hori da medikuntzan fitoterapia deitzen dena.

Fitoterapia medikuntzaren adartzat hartu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak 1978an eta Alemania, Frantzia, Suitza eta beste hainbat herritan gainerako medikuntza eta farmakologi praktikak arautzen dituen legerian txertatua dago.

Historikoki Mendebaldeko sendagintzan fitoterapiak berebiziko eginkizuna bete zuen arren, kimikaren aurrerakadak (printzipio aktiboak sintetizatu eta berriak asmatzeari esker) bigarren mailara baztertu zuen. Nolanahi ere, kontuan izan behar dugu egungo botiken laurdenaren jatorri edo oinarrian landareak daudela, landare printzipioren bat osagai dutenen portzentajea handiagoa izaki: taxola, munduan gehien saltzen den botika, Pazifikoko haginaren azaletik ateratzen da; aspirina sahatsaren azaletik eta morfina mitxoletatik, adibidez.

Ulertzekoa da, bada, sorburu edo jatorri naturaleko produktuetan konfiantza izatera itzultzea, Naturaren balioa goraka ari delako aspaldi honetan eta, batez ere, aurrerakuntza kimiko, farmakologiko eta klinikoek, diziplina horietan eginiko ikerlan eta aplikazioen bitartez, “etxeko konponketa” ziruditen haien eraginkortasuna bermatu dutelako. Horrekin batera, kontuan hartzekoak dira lehengaien kalitatearen kontrol zorrotzagoa eta, nola ez, Jowell doktoreak iazko maiatzean hementxe zioena: XXI. mendeko pazientearen jarrera aktiboagoa, sendagileari aditu eta bere aholkuak betetze hutsa aski ez izaki, sendatze prozesuan esku hartzen saiatzen baita bera ere, fenomenoa hobeki ezagutuz.

Oinarrizko nozioak

  • Kontua ez da sendagileak agindutako medikamentuen ordez beste zerbait hartzea, inondik ere. Fitoterapia medikuntza fakultatiboarekin parez pare bizi eta elkarlanean aritzen da: bigarrenak aurrenekoa baliatzen du lehen aukeratzat hainbat patologia arindu edota sendatzeko, sintomatologia larrietan aplikatu beharreko medikamentu erasogarriagoetara iragan baino lehenago.
  • Sendabelarrak ere kaltegarri gerta daitezke, medikamentuak bezalaxe. Osasun egoera hobetzen duten modu berean, landare horiek oker erabili edo nahasteak berebiziko kaltea egin diezaguke. Landare askok printzipio aktibo indartsuak dituztela frogatu da behin baino gehiagotan. Horrek esan nahi du sendabelarrak ere, botika sintetikoak bezala, espezialistaren aholkuaren arabera eta dosietan hartu behar direla, beste sendagaiekin eta elikagaien osagaiekin elkarreraginean dihardutelako. Horrez gainera, jakina, alboko ondorioak eragin ditzakete.
  • Sendabelar gehienak farmazia, belar denda eta azalera handietan salgai badaude ere, argigarri terapeutikoak adierazten dituen prospektua dakartenak (Espainiako Osasun Ministerioak onetsi eta Medikamentuko Agentziak gainbegiratuak) farmazian bakar-bakarrik eros daitezke.
  • Gehien-gehienetan -gida botanikoetan adierazten den legez- sendabelarren (eta botiken) erabilera haurdun dauden edota haurra edoskitzen ari diren emakumeei ez hartzea aholkatzen zaie. Bularreko haurrak, umeak eta zaharrak delikatuak direnez, tratamenduak ezartzean tentu handiz ibili beharko da..

Gehiegi biltzearen ondorioz, batzuk desagertzeko arriskuan

Sendabelarrak hartzen ari diren arrakasta eta ospea eta beraiei buruz ugaltzen ari den dokumentazioa ezagutzen diren 50.000 espezieetatik hamar milaren batentzat amenazo bilakatu dira. Elkarte ekologistek eginiko ikerketen arabera, industriak landareen kontserbazioa aintzat hartu ez duenez, horietako asko, herrialde behartsuetakoak gehienbat, desagertzeko arriskuan daude. Horrek eragin kaltegarria izango luke bai ekosisteman, baita bertako ekonomian ere. Hondamendi horri saihesteko, kontsumitzen diren landareen laborantzan inbertsioak egitea eta era jasangarrian landutako belarrekin osatzen diren produktuak identifikatzeko adierazgarria ipintzea aholkatu dute adituek.

Infusioetan ez ezik...

Neurriz dosifikatuko badira, sendabelarrek hainbat prozesu nozitu behar izaten dituzte. Horien berri ezagutzea komeni da, sendatzeko duten ahalmena alferrik ez galtzeko.

Infusioa: hosto eta loreak (baina sustraiak ez) prestatzeko era soilena. Eskuarki bero hartzen diren arren, batzuek sendagai irauten dute hoztutakoan ere.

Egostea: landarearen atal gogorrenak egosi egiten dira: sustraiak, azalak, adarrak eta baiak, adibidez. Pusketan ebaki, ur hotzetan murgildu eta ondoren berotu behar dira, irakin arte. Likidoa iragazi ondoren, hotz zein bero har daiteke.

Beratzea: berotasunak maiz printzipio aktiboak ahuldu edo desagerrarazten dituenez, landarea likido hotzetan beratzen da. Sendabelarra ontzi batean ipini, ur hotza eransten zaio eta gau osoan uzten da toki freskoan. Biharamunean iragazi eta prest dago hartzeko.

Olioak: gantzetan disolbagarri diren osagaiak oliozko infusio bati esker erauz daitezke landaretik; olio horri sendabelarrak gehitu eta mari bainuan su eztian egosten dira hiru orduz, estalirik. Hoztu ondoren, muselinazko zorro batetik iragazten da olioa.

Kapsula eta hautsak: sendabelarrak, hauts bihurturik, elikagaiekin edo txaplatentzako tinturekin nahasirik hartu ahal daitezke.

Xarabeak: sendabelar batzuen zapore desatsegina estaltzeko, infusioak edo egosiak ezti zein azukrerekin nahasiz prestatzen dira. Haien ahalmenak hobeki aprobetxatzeko formula hau erabiltzen bada, infusioa luzatzea komeni izaten da.

Lozioak: sendabelarrek erabilera topikoa ere badute eta.

Tinturak: landarea alkoholetan uzten da, osagai aktiboak disolbatzeko (inondik ere ez alkohol industrialean). Infusioak eta egosiak baino eraginkorrago gertatzen da tintura.

Krema edo pomada: ura eta olioak mari bainuan nahasiz lortzen dira.

Kataplasma: belar fresko edo lehor irakinen nahasketa da.