Neguko kimaketa

Landareak indartzeko beste modu bat

Landareen garapena eta berezko morfologia aldarazten duen ebakuntza traumatikoa denez, arreta eta mimo handiz egin beharra dago
1 urtarrila de 2002
Img miscelanea listado

Landareak indartzeko beste modu bat

Azarotik udaberri aldera arte landare gehientsuek hibernatzen dutenez, horixe da inausketa edo kimaketa egiteko aldirik onena. Ebaketa horri esker enborra eta adarrak indartu, hazkuntza erregulatu eta kaltetuta edo gaixorik dauden atalak erauziko dizkiogu landareari. Argudio estetikoak ere izango ditugu garai honetan inausketa-artaziak baliatzeko. Landarea, zuhaixka edo arbola izaki biziduna denez, errespetatu eta akatsik ez izateko, ebaketa-teknika ezaguturik eskuratu behar dira muskiltzeko guraizeak. Ariketa zaila ez bada ere, kimatzeak landarearen izaeran esku hartzea esan nahi du eta, hortaz, bera kaltetuko lukeen zeinahi traumatismori saihets egin behar diogu. Kimaketari ekin aurretik, landarea behatu behar dugu, adar eta adaska kaltetu, gaixotu edo hilak zein diren antzemateko. Hauek ebakitzeak ez dio landareari arriskurik ondorioztatuko baina, horiez gainera, beste zein atal erauziko ditugun erabakitzean, arretaz jokatu beharko dugu. Landarearen erdialdea garbi geratu beharko da, gainerakoari argia hel dakion. Landareak, arbolak edo zuhaixkak itzal handia egin edo toki zabalegia betetzen duelako adajea murriztu nahi baldin bada, pixkanaka-pixkanaka moztu beharko dugu, kontrakoa (ugaltzen eta ugaltzen etortzea) gerta ez dadin.

Noiz inausiko dugu?

Bi motatako zuhaitz apaingarriak ditugu: udazkenean hostoa galtzen dutenak -hostogalkor edo hostoerorkorrak- eta urte osoan hostoak berde mantentzen dituztenak -hostoiraunkor edo betiberdeak-. Hosto-kolorearen ñabardura funtsezkoa dugu, hosto iraunkorreko arbolak hostogalkor bailiran tratatu behar direlako: baliteke hostoak ez erortzea baina, amaieran, zimeldu egiten dira. Kimatzeko garaian hostogalkorretik hostoiraunkorrera ez dago alde handirik, batean zein bestean, negu partean inausiko dugu landarea. Nolanahi ere, zuhaitz hostoiraunkorretan aritzeko hobe da izotzak agertu arte zain egotea; hostogalkorrekoak kimatzeko, ordea, hobe hotzari aurrea hartzen badiogu.

Inausketa prozesua

Landareen garapena eta berezko morfologia aldarazten duen ebakuntza traumatikoa da inausketa. Oihan beltzean, naturak berak egiten du kimaketa: bertan landare indartsuenek, tantaienek, osasuntsuenek bakarrik iraungo dute bizirik. Baina terraza edo lorategia oihan beltzik gabe multzo harmoniatsua bihurtu nahi dugunez, kimaketaren premia onartu beharra dago. Halaz ere, zein adar ebaki, nondik eta nola moztu behar den, zalantza iturri izaten da: landareak akabatu eta egiazko sarraskiak egiteko arriskua dugu, denak berdin-berdin tratatuz gero. Kalterik ez eragiteko, gogoan izan dezagun espeziearen ezaugarri morfologiko eta fisiologikoak kontuan izanik egin beharra dagoela inausketa. Horretarako, nahitaezkoa da teknika ezagutu eta landarearen garapen-etapen arabera egokitzea.

Tresneria, adarraren tamainaren arabera

Inausteko edo muskiltzeko tresnak, adarraren (eta ez landarearen) tamainaren arabera hautatu behar dira. Adaska txikiak direnean, aski dugu esku-guraize txikia; dena den, hasi aurretik hobe dugu lanabesa behar bezain zorrotza dagoela egiaztatzea, ebaketa garbia izan dadin, atalik urratu gabe. Zerraz moztu behar diren adarrak kentzean, esku batekin adarra mantenduko dugu, bestearekin zerratzen ari garen bitartean. Adarra handiegia delako heldu ezinezkoa baldin badugu, ebaketa hiru urratsetan egin beharko da, azala ez urratzeko.

Hildako adarrak kimatzea zeregin soil-soila da Enborra edo zain osasuntsua eta hildako adarraren artean sortu den orbainezko ehunaren eraztunetik kanpo egingo dugu ebaketa, alferrikako kalterik ez eragiten ahaleginduz.

Adar biziak ebakitzea, zailxeago Kimaketa egiten hasteko toki egokia aurkitzeko, adarraren oinarri azpian, enborretik ateratzen den gerritxoa bilatu beharko dugu. Gaineko azalean, adarrak egiten duen angeluarekin arbolaren enbor osoan zehar paralelo (samar) doan adarrean azalezko ezpaina egoten da. Ebaketa egokia adarreko azal-ezpain horretatik kanpoan hasten da eta angeluari jarraiki jaisten da, enborretik urrunduz. Adarraren lepoa kaltetu gabe, ebaketa egokia enborretik ahalik eta gertuenean egiten da, adarraren galtzarbean, baina honen azal-ezpainetik kanpora, enborreko ehunak kalterik jasan ez dezan eta zauria lehenbailehen itxi dadin. Ebaketa enborretik aski urrun egiten bada -halako adar-mozkor bat utzirik- adarreko ehuna hil egiten da eta zauria enborreko ehunarekin itxiko da, denbora dezente igarotakoan, enborreko ehun horrek berak motzondoa ere itxi behar duelako.

Inausketatik geratu den galarra (hosto eta adaxkak) konposta egiteko utz ditzakegu edo, bestela, horrelako hondakinak berariaz jasotzen dituzten edukiontzietan sartu.

Inausketa motak
  • Osatze-inausketa: landareari eman nahi diogun itxura lortzeko, guk aukeratzeko arrazoi nagusia izan dugun eta landatzean lehenetsi dugun egitura horretara lehenbailehen irits dadin. Esate baterako, altzifre makrokarpa aldatuko (landatuko) dugu itxitura bat osatzeko edo, bestela, berezko tamaina eta itxuraren ederrean gara dadin.
  • Ekoizpen-inausketa: honen helburua, organo naturalen (batez ere lore, hosto eta fruituen) ekoizpena sustatzea da. Izpilikua (Lavandula spicolta), adibidez, hostaila eta lore ikusgarri eta usaintsuak lortzeko, landarea bera nabarmentzeko edo lorategiko ertzak ederki mugatzeko xedearekin hautatu ahal izango dugu. Lehen kasuan, inausketa zatika egin behar izaten da, landarea lore helduetatik garbituz, bere hazkuntza kontrolatzeko. Bigarrenean, inausketa handia egin behar diogu maiz, landarea mardul, trinko eta apal mantentzeko: interesatzen zaiguna ez da lorea, hostaila baizik. Ekoizpen-inausketa fruta-arboletan egiten da gehien.
  • Berritze-inausketa: berehala gehiegi hazi direlako edo produkzio larregi eman dutelako, garaia baino lehenago zaharkitu edo agortu diren landareei egiten zaie. Kimu berriek elikatzeko hartuko duten erreserbako gai ugari biltzen duten sustrai eta zain lodiak dituzten landare indartsuetan bakarrik egin ahal izango da honelako inausketa, neguteko hilabeteetan eskuarki, adar estrukturaletan, horietatik haziko baitira landarearen atal berriak.
  • Garbitzeko inausketa: hauxe da gehien egiten den kimaketa; negu parteko lehen urrats gisa, lore helduak eta kalteturiko edo lehorturiko elementuak kenduz. Izenak adierazi bezala, landarea garbi mantentzeko aplikatzen zaio kimaketa mota hau.
  • Ernaldi-inausketa: zainaren burua ebakitzen da, landarearen hazkuntza edo luzapena galarazteko, landarean edo zainean adarrak ugaltzeko joera probokatuz. Era honetan bolumen handiagoko landareak lortzen dira, hostaila mardulagokoak eta trinkoagoak.
  • Hostaila murrizteko inausketa, bere izenak adierazten digun bezala, hostoen dentsitatea arintzea dugu zeregina, landarea egurasteko eta bertako elementuen arteko lehiakortasuna saihesteko helburuz. Nahi ez dugun tokian edo oker ateratako adarrak oinarritik ebakitzen hasten da kimaketa hau.