Ikerkuntza espazialaren ohiko aplikazioak

Espaziotik ekarritako gauzak eguneroko bizimoduan baliatzen ditugu

1 apirila de 2004

Espaziotik ekarritako gauzak eguneroko bizimoduan baliatzen ditugu

Moskuk mundu osoa harri eta zur utzi zuen 1957ko urriaren 4an Sputnik-1 ontzia orbitan jartzean.
Egun seinalatu hartantxe hasi zen aro espazialean gailurreraino igo dira ikerkuntza eta garapena, praktikan. Harrigarria bada ere, eguneroko gure bizimoduan baliatzen ditugun gauza asko eta asko NASAko edo Errusiar Espazio-Agentziako laborategi modernoetatik ekarri dira. Espazio-giroan asmatutako gauza horiek, alderdi soilenean eraginkortasun eta teknologi maila garaiaz gainera, beste abantaila handi bat dute: askotan azken helburuari paralelo doazkion asmakuntzak izan direnez, patenterik ez dute eta, horrenbestez, gizateria guztia gara horien onuradun.

Anekdota zerrenda badirudi ere, egun zeharo ohikoak ditugun gauza batzuk ikerlari espazialek asmatutako produktuak dira.

Punta-puntako teknologia… eguneroko bizitzan

  • Espazioan bizi ahal izateko, jantzi espazialetan balantze termikoa lortzen zuen gelatina xukatzaileaz hornituak zeuden erabilera bakarreko ipurtoihalak asmatu behar izan ziren.
  • Etxeko hozkailu, aire-egokigailu, ordenagailu eta antzeko aparatu elektrikoetan erabiltzen den energi fluxuaren aurrezki sistema sateliteetara begira garatu zen.
  • Mundu zabaleko ospitale nagusietan erabiltzen diren desinfekzio teknika batzuk espazioko bidaietan praktikan jarri ziren aspaldi.
  • Hari gabeko tresnak (daratulua, adibidez) Apolo ontziko nabigatzaileek Ilargiko harkaitzak zula zitzaten diseinatu ziren.
  • Metal eta zeramika konbinatutik, material isolatzaile eta malguz sorturiko oihal eta zuntzez (maylar, adibidez) egiten dira astronauten jantziak. Hotz eta beroaren isolatzaile direnez, egun 1 formulako automobilistek, suhiltzaileek, urpekariek eta, oro har, forru polarra, galtzerdi termikoak, plumiferoa, elurretako eskularru edota bota termikoak darabiltzan pertsona orok baliatzen ditu horrelakoak. Orain pneumatikoak eta balen kontrako txalekoak fabrikatzeko baliatzen den erresistentzia handi-handiko kevlar material plastikoa ere horrela asmatu zen. Inpaktua arindu eta atletari egonkortasun eta malgutasuna eskaintzen dioten airez beteriko kirol zapatilak, bere aldetik, kosmonautaren mugimendua errazteko asmatu ziren oinetako haietatik datoz.
  • Hastapenetan laserra distantzi testak egiteko baliatu zen. Gaur egun industrian eta medikuntzan erabili ohi da.
  • Hortz pastako ontzia, ezagutzen dugun modura, espazioan erabiltzeko diseinatu zen.
  • Velcrodun itxitura hamaika tresneriatan aplikatu zen espaziorako txangoetan, kosmonauten jantzietatik hasita ontzietako itxidura hermetikoetaraino.
  • Monitore kardiakoak, hasieran astronauten osasuna denbora errealean kontrolatzeko asmatu baziren ere, orain mundu zabaleko ospitaletan egunero baliatzen dira.
  • Merkuriorik gabeko termometro digitala (belarriak emititzen duen energia infragorria detektatzen duena) astronauten tenperatura segundo gutxitan neurtzeko sortu zuten.
  • Korrosioaren aurkako pìntura instalazio espazialetako mantenu kostuak murrizteko asmoz garatu zen.
  • Espazioan ura araztu eta birziklatzeko erabiltzen den ur tratamendu bera ur arazketa sistema urbano eta etxekoetan baliatzen da.
  • Kolore anitzeko termografiak (tenperatura desberdinen arabera, giza gorputza koloretan agertzen dutenak) espaziorako bidaietan sortu ziren.
  • Pauso markagailuaren egungo teknologia Lurraren eta sateliteen arteko komunikazioak kontrolatzeko sortu zuten.
  • Marren kontrako filmdun kontaktu lenteak espazioan erabilitako teleskopioetako ispilu eta kamerak erradioetatik (ultramorea, tarteko) babesteko garatu ziren.
  • Oraingo disko konpaktuak fabrikatzeko erabiltzen den erresistentzia handiko polikarbonatoa astronauten kaskoak moldatzeko asmatu zen.
  • Ura aldarazten duelako, paderetan eta tapizetan ohikoa den tefloia, berriz, Saturno V ontzia estaltzeko erabili zen estreinakoz.
  • Elikagai deshidratatu eta liofilizatuak (kafe disolbagarria eta ahi batzuk, adibidez) gizakia espazioan zebilela elikatzeko sortu ziren; mikrouhin labea, berriz, elikagaiak berotzeko.
  • Egun zeinahi toki publikotan ikusten ditugun ke-detektagailuak lehen aldiz Skylab estazio espazialean erabili ziren era guztietako lurrun toxikoak hauteman zitzaten. Suaren aurkako ehunak koheteetako zirkuitu elektrikoak babesteko garatu ziren.
  • Egun kontsumo objekturik txikienean ere agertzen den barra kodea, hasiera batean Nasak garatu zuen, fabrikatzen zituzten pieza espazialak kontrolatzeko.
  • Global Positioning System (GPS) edo posizio sistema globala, planetan kokapen bat zehatz-mehatz ezagutzeko erabiltzen den 24 satelitek osaturiko mekanismoa da. Hasieran militarrek bakarrik baliatzen zuten GPS sistema baina orain Santiago Bidean galdu den erromesak dispositibo hori aldean baldin badarama, minutu gutxiren buruan aurkituko dute 112 telefonora deituta.
Baita medikuntzan, farmakopean eta zientzian

Medikuntza eta farmakologiako aurrerakuntzek geroz eta lotura hertsiagoa dute lasterketa espazialarekin. Saiakuntza batzuk Lurrean ezin egin daitezke eta, adibidez, Columbia transbordadore espazialak 1981 urtean espazioan suaren kontrako segurtasun, oinarrizko fisika eta biologia alorretako 80 saiakuntza baino gehiago egin behar izan zituen. Nazioarteko Espazio Estazioan ere patologia kardiobaskularrak, osteoporosia, diabetesarekin loturiko erretinopatia edota giltzurrunetako kalkuluak prebenitzeko programak edo tratamenduak sortu ahal izango dira.

Produktu berrien ikerkuntza zentro modura transbordadoreen eginkizunak eta estazio espazialeko instalazioak balia zitzaten, konpainia pribatuei eman beharreko bultzada gisa eratutako Espazioko Produktuen garapen izeneko programan datza lasterketa espazialeko berrikuntza.

Sektore pribatuak finantzaturiko saiakuntzetako batzuk dira suteak kontrolatzeko sistema-generazio berriaren diseinua, landareen laborantza espazioan eta landare espezieen manipulazio genetikoa. Saiakuntza espazial horietan, halaber, biozientziak medikuntzan izan litzakeen erabilerak (hainbat motatako minbizia tratatzean aplika litezkeen proteinen ikerlanak, terapia onkologikoetan saiatu beharreko mikrokapsulazio sistemaren garapena, etc.) ere jorratzen dira etengabe. Hori dena oraindik etorkizun den arren sektore ugaritan diharduten makina bat konpainiak (are kosmetiko alorreko enpresa bat ere) programaz onuradun gertatzeko aukera izan dute. Izan ere, espazioan loreak bestelako usaina du.