Santiago Bidean

Erromes edo turista?

1 ekaina de 2004
Img miscelanea listado 271

Erromes edo turista?

Gauzak espero bezala gertatzekotan, datozen hiletan adin, jatorri eta izaera guztietako jendea Santiagoko norabidean abiatuko dira. Izan ere, caminodesantiago.consumer.es web monografikoko “Comparte tu experiencia” atala elikatzen duen forora eta Interneteko beste hainbatetara begira baizik ez dago erromesen kopurua izugarri biderkatuko dela hautemateko. Bide bazterretan saturazioaren, aterpetxeetan deserosotasun larriagoaren eta ostatu eta jatetxeetan itxaronaldien aitzindari segurua da aurreikuspen hori. Bidea sendotzeak sortzen duen pozarekin batera, oraingo kezka nagusia eskuzabaltasun, adiskidantza eta elkar aurkitzeko giroa beste zernahiren gainetik agertzea da. Oraino konpontzeke dagoen kontu baten inguruan hamaikatxo iritzi harrotu da: erromesak aldi berean turista izan behar al du? Zenbat, non dago muga?

“Turistak eskatu, erromesak eskertu”

Erromesaldia erlijio egintza da, tradizioz, historikoki eta egun ere alderdi kulturalak sekulako garrantzia duen arren. Nolanahi ere, egiazko protagonista diren erromesek esandakoa aintzat hartuta, izpiritualtasuna eta nork bere burua bilatzea funtsezkoak dira. Erromesa ez da oporraldia erosotasun gutxixeagoz baina dezente merkeago egitea deliberatu duen txangozale, bidaiari, txirrindulari edo, areago, turista. Horrenbestez, bidean dabilen gizakiaren jokaera eta arreta eskatzen duen bezeroarena kontrakoak izatea espero da. Elkartasuna, eskuzabaltasuna eta sufritzeko gaitasuna funtsezko balioak dira, Bidean ezagutzen diren artearekin, naturarekin eta jendeekin harmoniazkoak. “Lasterketa zirudien Bideak: izan, han baziren laguntzeko automobilak ere, elikagaiak eraman eta ostatuetan oheak jasotzen zituztenak”. “Triste deritzot Bidearen funtsa galtzeari”. Goian aipaturiko foroan testigantza hauek eta antzekoak irakurtzen badira ere, bizipen gehientsuenak onak dira: “Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet ospitaleetako laguntzaileei, beren emate eta ez eskatzeari esker, beren ontasun eta maitasunari esker, Bidea goxatu egin digutelako”. Beste zenbaitek aholkuak ematen ditu: “Orreagatik irteten diren edo 300 kilometrotik gora egin nahi dituzten erromesei gau batzuk ostatu edo geletan ematea aholkatuko nieke, horrela atseden hobea hartuko luketelako”.

Bidean aurkitzen duen guztia mailegu den neurrian -aterpetxeak, natura, ermita erromanikoak, iturriak, dena-, topatu bezala edo egoera hobean utzi beharko duela ulertu behar du.

Aterpetxeetan erromes

Erromesaldiari ekin dionaren kezka nagusietako bat lo egiteko tokia izaten da. Neguan, udaberri hasieran eta udazkenean aterpetxeek ibiltari guztiak jasotzeko adina leku badute baina maiatzetik irailera arte, ordea, ohe kopuruak ezin ase dezake eskakizuna inola ere. Begira: 1987. urtean Bidea egin zuten erromesak 2.500 lagun izan ziren, eta 2003ko datuek 300.000 pertsona ibili direla dioskute.

Erromesen aterpetxeak udal, parrokia, elkarte eta bestelako erakundeek erromesei eskaintzen dizkieten lojamenduak dira. Orokorrean oheak ez du tarifa finkorik izaten baina horrek ez du esan nahi aterpetxea doanekoa denik: horien mantenua, bertako zerbitzuak eta gainerako gastuak aterpetxeez baliatzen direnen borondatezko laguntzen bitartez ordaindu behar dira. Aterpetxe askotan, uda partean bereziki, halako zerbitzuak hartzearren erabiltzaileak hainbeste euro ordain dezan eskatu behar izan dute, borondatea hutsik baitzegoen. Ostatu bitxi horietako arauak ere bereziak dira, hara: aterpetxean gau bat baino gehiago ezin eman daiteke, halabeharrezko kasuetan izan ezik, eta bidea oinez egiten duten erromesek lojamendua erdiesteko lehentasuna dute arratsaldeko zortziak arte. Ikusten dugun moduan, funtzionamendu orekatua zaintzen dute arau horiek.

Santiagoko erromesaldia egiteak gastuetan nolabait zurrun izatea agintzen duenez ez da bidezko jokaera aterpetxe merke-merkea eskatu eta beharrezkoak ez diren ondasunetan dirua erruz xahutzea. Benetako erromesak zintzotasun eta hein bateko laztasunez dihardu, bat ere luxurik gabe. Ospitaleetako laguntzaileei dagokienez, boluntarioak dira eta, halakotzat, ondo edo erdipurdi asmatuz, erromesari arreta eskaintzen diote; hortaz, pertsona horien ahalegina (latza, askotan) aintzat hartu behar da. Aterpetxean lekurik ez bada aspaldi honetan izugarri ugaldu diren landako ostatuetara jo dezakegu. Tokian tokiko herritarrek ere askotan beren etxean afaria eta ohea eskuzabal ematen dituzte.

Santiago Bidea Gida Praktikoa: CD-ROM eta paperean

Fundación Grupo Eroski elkarteak aurtengo Xacobeo horrekin bat egin nahi izan duenez, Guía Práctica CONSUMER horren ale berezia editatu du: “El Camino de Santiago” espainolez, bide frantsesa edo aragoitarra egitea erabaki dutenei laguntzeko. Gida horrek erromes bidea 35 etapatan banatu du eta, apaintzean, 800 argazki baino gehiago eta monumentuen 35 grafiko erantsi ditu. Ehun bat herri edo herrixkaren gaineko iruzkinak bildu ditu eta etapa bakoitzean erromesak aurkituko dituen tokiak eta aterpetxeak aipatzen eta definitzen ditu, eguneko txangoa burututakoan, atseden tarteetan gara daitezkeen hainbat jardunaldi proposatuz. Paperezko gidarekin CD multimedia bat erantsi diote: honetan, paperean agertzen ez den informazio osagarria, mapa interaktiboak, infografiak eta gastu-kalkuluak eskaintzen dira. CD horretan azpimarratzekoak dira formatu digitalak ahalbideratzen dituen abantailak, hala nola edukietarako sarrera azkar eta erraza eta gure www.caminodesantiago.consumer.es web orriarekin zuzeneko konexioa: honek, Bidean gertatzen diren albisteak eta Urte Santuko egitaraua egunero hedatzen ditu.

Bidean erromes izatea
  • Bideak soro eta larreak zeharkatzen dituenez, maiz oztopo ditugun langak ireki eta berriro itxi egin behar dira. Landutako lursailen ertzetik joan behar da, ganadua errespetatuz.
  • Bidean sortzen ditugun zabor, zigarrokin eta gainerako hondakinak zakarrontziraino eraman behar dira -baita komuneko papera ere-.
  • Esku telefonoa segurtasun sistema gisa bakarrik piztu daiteke. Hobe da erromesaldian asko ez erabiltzea.
  • Bidea gauez egitean janzkera islatzaile edo erreflektantea jarri behar dugu, ikus gaitzaten.
  • Errepidean barrena ibiltzean gogoan izan dezagun oinezkoak ezkerreko ertzetik joan behar duela.
  • Bakarrik ere egin daiteke Bidea, baina horrela ibiltzea aukeratu duenak larrialdian ikusten badu bere burua, gizatalde batetik gertu segi dezake, begitik galdu gabe.