Lore-osaketak Eguberritan

Basoaren koloreak, etxean

Inoiz baino areago nahasten dira Eguberritan ospakizun pagano eta erlijiosoak.
1 abendua de 1998
Img miscelanea listado 139

Basoaren koloreak, etxean

Bizitza eta heriotzari dagozkion antzina-antzinako mitoak eta Natura zein Eguzkiarenganako kultuak negu-solstizioan bete-betean berritzen dira. Atzo bezala gaur, behinolako oroitzapenak eta legezda eta mitoez blaituriko aspaldiko garaiak dakazkiguten lurrina dario landare-sinbologiari. Goroldioaren usainak haurtzarora garamatza eta basoko hezetasunak biltzen ditu beregan, erretxina darion pinu freskoaren lurrina, jaiotzetan baliaturiko kortxoaren usaina… Begiak zabal-zabalik ere, Gabonetan landarezko natur giroa dastatzeko aukera dugu: lorategi eta mendietan, frutu gorriz, laranjaz, okrez josiriko sastrakak ugalduko dira. Beste horrenbeste esan dezakegu urte-amaieraren eta negute-hasieraren lagungarri ditugun gorosti, elorri zuri, pyrakanta, kotoneaster, errusku, eta abarrez. Ikusi batera neguko baso hostogabetu eta hila dirudien horren atzealdean Eguberriaren nortasun-adierazleak ditu gordean: pinaburuak, gorostia eta goroldioa lagun bezain apaingarri izango ditugu jaikizun hauetan. Baso negutiarrak eskaintzen dizkigun kolore-izpien eske datozkigu Gabonak: gorri bizi-biziak, berde ilun distiratsuak.

Landare eta elementuak

Izeia 40 metroko altuera izan dezakeen arbola tantaia honen itxura konikoa da eta sustraiak zabaldu bai baina sakondu ez ditu egiten lurrean. Bere orri berde ilunak, zurrun samar eta orratza bezain zorrotzak dira. Hurrengo urteko udazkenean umotuko diren hazi eskegiak dauzkaten pinaburuak dira gure parke eta lorategietako apaingarri negutiarrak.

Gorostia mendian, distira urrutitik erakusten diguten orri larrukarak ditu sastraka edo zuhaitz honek. Ebakitze indiskriminatuen kontra (gogoan izan dezagun) babesturik dagoela, gorosti emeak sasoi honetan hasita, hilabete askotxotan zehar, makina bat pinporta edo garau gorri agertzen ditu. Kimaketak aise onartzen baititu, itxiturak osatzeko landare bikaina izaki, landare apaingarri gisa lantzen da gorostia.. Ostraje itxia, distiratsua du, izurrite eta gaitzen aurrean oso gogorra. Egunotan lorontzian erosten badugu, gorosti-landarea urte askoan eduki dezakegu etxeko terrazan. Lorontzi handiago batera udaberrian igaroko dugu.

Mihura hainbat zuhaitzetako (sagarrondoa, pagoa, arkazia) landare erdiparasitario honek neguan agertzen ditu fruituak. Orri berde hitsak eta ale zuriska gelatinatsuak bide, halako itxura bitxi eta enigmatikoa hartzen du mihurak. Sendabelartzat aspaldi du ospe handia landare honek: Kristo aurreko V. mendean bertan, epilepsia eta zorabioen kontrako sendabide eraginkortzat zuen Pliniok.

Ezpela eta konifera apalak hazkuntza mantso-mantsoko landare hauek, sasoi honetan lorontzian haz ditzakegu, bola, fruitu eta txingolez apaintzeko.

Fruitu lehorrak uzta egiteko sasoia da, inondik inora, udazkena; mendira joan edo herriko lorategietan paseoan bagabiltza, fruitu ugari-ugari aurkituko ditugu bidean: ezkurrak, pagatxak, pinaburuak, hurrak, gaztainak, eta beste hainbat. Den-denak dira jasotzeko modukoak, txori eta katagorrien neguko elikagai direla ahantzi gabe.

Poinsetia edo Bazko-loreak Braktea gorri, arrosa eta zuriak dituen landare trinko hau toki argitsuetara ederki egokitzen da, aire-korronteetatik babesean. Garastaketa sakonetik egin eta, ostera busti aurretik, konposta aski lehortu arte itxaron beharko da. Loraldian zehar orriak sarri garastatu behar dira. Nola iraunarazi poinsetia hau hurrengo Eguberriak arte, ordea? Orriak eroritakoan, zuztarrak lurretik hamar zentimetrotara ebakiko ditugu. Konposta ia lehorrik mantendu beharko da eta landarea itzalpean. Ekainean landarea arregatu eta lorontziz aldatuko dugu; konpost zaharraren parte bat kendu, zimaurtu eta lauzpabost zurtoin gazte indartsu bakarrik utziko dizkiogu. Irailaren kondarretik aurrera, argia kontrolatzea dugu ezinbestekoa. Landarea plastiko beltz batekin estaliko dugu erabat ilunabarrean eta goizean goiz kendu egingo diogu: era honetan, landareak egunean 14 bat ordu igarotzen ditu ilunpetan. Zortzi astebetez jardungo dugu honela, poinsetiak hurrengo Gabonetan berriro ere loreak eman ditzan.

Kandelak landarezkoen osagarriak dira. Pizturik daudela, loreak zeharrargitsu bihurtzen dira. Loreak kandelen oinarritik gertu kokatzea komeni da, erre ez daitezen.

Egunerrietarako lau apaingarri

Koroak eta gurpilak

Eguberrietako apaingarrietan, Abenduko eraztuna edo ate gaineko koroa eta antzeko hosto iraunkorreko landarezko osaketen osagarri egokiak lore eta fruituak dira. Eskuratu loradendan apar absorbatzailezko zirkulua eta plastikozko euskailua. Estali erabat adaska txikiz (ezpala, chamaecyparys, ruscus, etab.) eta erantsi lore lehorrez osaturiko galaxia bat. Arrosa-kusku edo -pipilak, salbia purpurako hosto batzuk, alazor-pipilak, fruitu lehorrak eta hortentsi pusketak aukera ditzakezu, adibidez. Mahaian jartzekoa baldin baduzu, kokatu bertan lau kandela. Koroa etxeko atean eskegirik ere ipin dezakezu.

Plater apaingarria

Kolore ederretako frutek eta fruitu lehor distiranteek ere osa dezakete Gabonetako apaingarri ederra. Har dezagun oinarritzat plater zabal bat, 40 bat ck.ko diametro duena, uretan bustiriko belaki bat, (gomaparrezkoa), plastikozko bi iltze eta buztin itsaskorreko zerrenda batzuk. Apaingarri erdiko edo albokoari hasiera emango diogu apaingailuaren altuera eta sakonera zehazteko, adar berderen bat ezarriz. Plateraren inguruan granada batzuk kokatu eta, ondoren, gomaparrezko piezan arrosa edo krisantemoak iltzatuko ditugu. Osa ezazu apaingailua fruitu- eta baia-sortez. Gomaparrik bistan balego, estali huntza edo altzifre hostoekin.

Barneko zuhaitzak

Diseinuzko arbolak ere baderizte hauei. Lore lehorrak erabiltzeko era berezia da. Bonsai, adar begitsu, adar lau edo kanabera lodi baten enborraren muturrean josiriko aparrezko bola batekin egiten dira zuhaitzak. Zuhaitz hauen giharra osatzen duten apar lehorrezko bolak 8 – 25 cm.ko diametrozkoak egin ohi dira. Arbolaren euskailuak -enborra- zeramikazko lorontzietan, metalezko ontzietan edo bestelakoetan aldatu daitezke eta euskailuaren aingura gisa igeltsua edo buztina erabiltzen da. Galburuak, hainbat urtesasoitako loreekin nahas daitezke, zeinahi koloretakoak. Eguberrietarako izaki, osakera erakargarria lor genezake ezpel edo altzifrezko adaska finak, baia gorriak eta mihura-sortak tartekatuz, esate baterako.

Ongi etorria emateko apaingarriak

Hosto iraunkorreko adarrek, galburuek eta alazor lehorrek osatzen dute sorta soil hau. Urre- edo zilar-koloreez margotzeko, azpian egunkari-orriak jarriko ditugu, lurra edo mahaia ez zikintzeko. Lotu zurtoinak urre- edo zilar-koloreko txingola batekin, hostoak margotzeko erabili duzun kolorearen arabera.