Otitisa

Minaren hotsa

Belarri-zoldurarik ohikoena izanik -hiru haurretik batek nozitzen du-, adin txikietan azkar eta eraginkortasunez tratatu beharra dago, ondorio okerragorik jazo ez dadin
1 azaroa de 2005
Img salud listado 379

Minaren hotsa

Otitis mingarrien bizipenik ia denok ezagutu dugu. Gizakiaren belarrian -belarriak berak, kanpo-entzunbideak, erdiko belarriak eta barne-belarriak osatzen duten egitura konplexua- gertatzen den patologiarik ohikoenari otitis deritzo: gaitz honek haur-populazioaren erdiko belarrian eta kanpo-entzunbidean du eragin behinena. Hiru haurretik batek, izan ere, belarri-zoldurarik nozitu du bizitzako lehen hiru urteetan.

Igerilekuko otitisa

Kanpo-entzunbidearen zoldurak kanpo-otitis akutua edo igerilekuko otitisa -honela esaten zaio, igerileku, erreka eta antzekoetan bainatzearekin lotua ohi doalako- sortarazten du. Udan ugariago da gainerako urte-sasoietan baino eta haur eta nerabek nozitzen dute, bereziki. Aiseago agertzen da otitisa ezkoa pilatzen denean, igurtziek eraginiko mikrotraumatismoak gertatzean, entzunbideko azala beratzen duten makulutxo, tapoi, aurikular eta antzekoak erabiltzen direnean. Hasierako hazkurari mina (otalgia) datorkio ondotik: honakoa elikagaiak murtxikatzean edo irenstean areagotu egiten da eta, horien eskutik, belarriko otorrea edo sekrezioa ohi dator. Haur txikiak, negar egiteaz gainera, artega eta sumingarri agertzen dira, eta jateari muzin egiten diote. Belarri zuloaren aurrealdean dagoen trago izeneko formazio txikia zanpatzeak negar-krisiak eta janarekiko arbuioa (haurrak burua beste aldera jiratzen du) sortarazten ditu.

Kanpo-otitisaren tratamendua analgesikok (parazetamola, aspirina, ibuprofenoa…) eta antibiotikoez eta anti-hanpagarriez osaturiko tanta otikoak aplikatzean datza. Horren aurreko erantzuna ona izaten da eskuarki eta zoldura ezabatu egiten da, maiz horrelakoak errepikatzen diren arren. Horrelakoei saihets egiteko:

  • Hobe ez bainatu edo, gutxienez, burua ez bustitzea
  • Belarrietan ez tapoiak, ez kotoiak erabiltzea, hezetasunari heldu eta entzunbideko azala beratu egiten dutelako
  • Makulutxorik ez erabiltzea, entzunbidea hondatu egin dezaketelako
  • Belarriak babesteke, ez dutxa hartu, ez burua garbitzea ere.

Otitis zirkunskritoa

Erlakaiztena edo otitis zirkunskritoa da entzunbideak maiz nozitzen duena: estafilokoko mota batek sortarazitako erlakaiztena entzunbideko horman osatzen den hori, gailurrean puntu zurixka daukan zaldartxo antzekoa da, barnean zornea dauka eta min handia eragiten du. Erlakaiztena handi-handia denean entzunbidea itxi eta, aldi batez, hipoakusia (entzumenaren galera erlatiboa) sortaraz dezake. Erlakaiztena suntsitutakoan entzumena normaldu egiten da beti. Tratamendu lokalak eraginkortasun handiegirik ez ohi duenez hobe izaten da bide orokorretiko antibiotikoekin tratatzea.

Erdialdeko belarriko otitis akutua

Otitis plegu hau ohi-ohikoa da haurtxoetan: txikienen herenak bizitzako lehen hiru urteetan belarriko zoldurarik izan dute. Beste aldetik, adin horretan entzumena galtzearen kausa behinena da otitis hau. Prozesu horri daukan garrantzia aitortu behar zaio, entzumenaren galera sortarazten duen erdialdeko belarriko atalak honda ditzake eta.

/imgs/20051101/info_salud_eu.jpg

Gaitz hori bizitzaren hasieran gertatzen da, batez ere, 6 eta 36 hilabeteen artean eta 4 eta 7 urteen artean, negu partean, batik bat. Zoldura gertatzen da mikroorganismo patogenoak erdialdeko belarrira Eustakioren tronpan -erdialdeko belarria eta sudur-hobiak lotzen dituen bidea- barrena iristen direlako. Tinpanoko mintzean eginiko zuladura edo zauri bidez ere hel daitezke germenak erdialdeko belarrira.

Sintomak ezagunak dira: belarriko mina, sukarra, belarrian presio-sentsazioa, entzumenaren galera eta tinpanoko mintza zulatzekotan, zorne-sekrezioa. Otoskopiak tinpano hanpatu eta gorritua agertzen du eta, zuladura gertatu denean, pasmoa irteten da bertatik.

Tratamendua ere ezagun dugu: kortikoidedun antibiotikoak 10 – 14 egunez aplikatzea. Horrela ere, minak, sukarrak eta tinpanoaren hanpadurak bere horretan segitzen badute, tinpanoan ebaki txiki bat egin behar izaten da (estrukturetan hondamenik gerta ez dadin, erdialdeko belarritik zornea atera eta sendatze-prozesua azkartzeko. Ebaki hori -bat-bateko zuladurak bezala- berez ixten da normalean, inolako ondorerik uzteke. Belarria sendatutakoan, entzumena aztertzea komeni izaten da. Zoldura behin eta birritan gertatzen denean sudur-prozesuen, adenoideoen edo amigdaletakoen ondorio izaten da; horiei konponbidea lehenbailehen bilatu behar zaie, gaitza berriro jazo ez dadin. Egun, tratamenduak biziki eraginkorrak izatearren, erdialdeko belarriko otitisak nekez larritzen dira baina, halaz ere, inoiz gertatzen dira. Horrelakoetan ohikoena mastoiditisa da, hots, mastoideetako gelaxken zoldura (mastoidea kanpoko belarriaren atzean ukitzen dugun hezurra da).

Otitis serosoa

Erdialdeko belarriko otitis-plegu berezi-berezia otitis seroso edo otopatia serosoa da: otitis isila, sintoma gutxikoa, haurtzaroan ugaltzen dena, 3 eta 5 urteko haurtxoetan, batik bat, lehenago ere agertzen den arren. Badirudi umeak ez duela aditzen, oharkabe dagoela, ez duela jaramonik egiten; egiaz gertatzen dena, ordea, beste zerbait da: umeak entzun egiten ez duela. Afekzio horren ezaugarri bereizgarria erdiko belarrian likidoa -sekrezio seroso bat- agertu eta, egun berean, ugaldu eta urritzea da. Beraz, entzumena ere zorroztu eta kamustu egiten da. Serosoa, mukosoa edo hemorragikoa izan daitekeen isuri hori, Eustakioren tronparen disfuntzio baten erruz, belarriaren estaldurako zelula batzuk ugaltzearen ondorioz gertatzen da gehienetan eta erdialdeko belarri aldearen egurastea galarazten du horrek. Bera da haurren albo bietako hipoakusiaren kausa behinena eta eskola-atzerapen askoren motiboa; izan ere, haurrak ongi aditzen ez duenez, badirudi jarrera pasiboa duela. Horrenbestez, patologia hori zenbat eta lehenago diagnostikatu, orduan eta hobeki. Otoskopia, audiometria eta inpedantziometria egin beharrekoak dira, diagnostiko egokia egingo bada. Sendagileak jakin behar duen funtsezko datu bat, horrelako kasuetan, umeak horrelako otitisaren hasiera da: diagnostikoa agertu denetik ondorengo sei hilabeteetan egiten bada, tratamendu medikoa ezarri eta bilakaera ona izaten da kasu gehienetan; epe hori igarotakoan detektatzen bada, aldiz, oso litekeena da pronostikoa okerragoa izatea eta, areago, kirurgiara jo behar izatea.

Tratamendu kirurgikoa

Hasteko, tratamendu kirurgikoa erdialdeko belarrian, tinpanoan barrena, eguraste-hodiak ipintzean datza. Pazienteak hainbat hilabetetan eramango dituen hodi horiei esker erdialdeko belarria egurastu eta bertako likidoa drainatu ahal izango da. Egun, ordea, hodien ezarpen horren alternatiba gisa miringolasertomia erabiltzen da maiz. Laser izpien bidez tinpanoa zulatuta, laserrak eraginiko lurrunketak ertzak lehortzen dituenez, irekidurak denbora tarte bat beharko du ixteko: tarte horretan likidoa lurrundu eta erdialdeko belarria behar bezain egokiro egurastuko da. Metodo hau erraza da eta abantaila handia du, bestearen gainetik: hodirik ez zaio utzi behar pazienteari; hodia, noski, elementu arrotza da eta tinpanoan alboko ondorio kaltegarriak izan ditzake. Dena den, hodiak ipini edo laser bidez belarria zulatuta, ahalegin guztiak eta bi egin behar dira bertan urik sar ez dadin, ebakuntza nozitu duen belarriak zoldura izan lezake eta. Emaitza ona izaten da, oro har, baina eboluzioa gelditzen ez bada edo otitis serosoa dezente luzatu bada, soinu-uhinak transmititzen duten tinpanoa eta hezurtxoen katea sekrezioen eragintza entzimatikoak endekatu egin ditzake. Horrek entzumenaren galera latza ekarriko luke eta, orduan, arazoari konponbidea kirurgia zehatzagoak eman beharko lioke.