Botika generikoak

Merkeagoak, baina besteak bezain eraginkor eta fidagarriak

Iaz bilioi bat pezeta baino gehiago gastatu zen Espainiako Estatuan botikatan, 1998an baino %10 gehiago
1 iraila de 2000

Merkeagoak, baina besteak bezain eraginkor eta fidagarriak

Gastu horren igoeraren arrazoi nagusiak bizilagunen zahartzea eta osasun publikoak finantziatzen dituen botika berri garestiak dira. Arazoa korapilatsua den arren eta konponbide errazik ez duen arren, argi dago botika generikoen erabilera zabaltzeak nabarmen gutxituko lukela Administrazioak eta herritarrek egiten duten farmazia-gastua, botika generikoak marka patentatua baino %10 eta %25 merkeagoak eta horiek bezain eraginkor eta seguruak baitira. Abenduaren 1etik aurrera, botika generikoak bakarrik errezetatuko dira ahal dela, etiketan EQ letra izango dutenak.

Gaixoak betiko markarekin jarraitu nahi badu, ordaindu egin beharko du botika generikoaren eta jatorrizkoaren arteko prezio aldea. Epe horretan ia 200 produkturen prezioa ere jaitsi egingo da, botika horien ordez ezin baita oraingoz generikorik erabili. 1999ko abenduan patologiarik ohikoenak sendatzeko 56 printzipio aktibo generiko zituen baimendurik estatuko Osasun Sailak, guztira 350 modutan komertzializaturik zeudenak.

Merkeak eta fidagarriak

Botikak fabrikatu eta merkaturatzeko Administrazioaren baimena duten eta patentea (urteetako ikerketa zientifiko garesti-garestiaren ondoren asmatu edo diseinatu duen enpresa farmazeutikoaren jabetzakoa) iraungirik dutenak izaten dira botika edo sendagai generikoak. Laborategiek frogatu egin behar dute botikek jatorrizkoarekiko parekotasun terapeutikoa dutela.

Hau da, ez dira beherapenetako botikak, garantia guztiak betetzen dituzten produktu eraginkorrak baizik. Medikamentuaren Legeak dio botika generikoak jatorrizkoaren printzipio aktibo berbera, dosi bera eta eta forma farmazeutiko berbera izan behar duela eta erreferentziazko sendagaiaren kalitate, segurtasun eta eraginkortasun bera bermatu behar duela.

Sendagai baten patentea lau edo bost urtean iraungitzen da. Laborategi batek beste norbaiten patentearen muga eguna baino lehenago sendagai bera beste izen batekin saldu nahi badu, royaltiak ordaindu edo lehengaia erosi behar dio patentea duen enpresari.

Medikuak, botikariak eta kontsumitzaileak

Botikak hartzeko agindua emateko ahalmena medikuek bakarrik dute; horrenbestez, eurek nahi ez dutelako ez da generikoen errezeta gehiago egiten. Sendagileek beti azaldu izan dute aurkako jarrera zein botika eman inposatu edo gomendatzen zaienean. Preskribatzeko askatasuna sagaratua dela esaten dute. Baina, egia esan, eraginkorrago dirudi zenbait eraginek.

Botikagintzako laborategiek ez dute zalantzarik izaten medikuei opariak egiteko eta kongresu, opari, ikerketa bidai eta bilera zientifikoak eskaintzen dizkiete (nahiz eta sarritan horien atzean aisialdi eta turismoko eskaintzak nagusitu arren), eta horren ondorioz, medikuek marka jakin batzuk izaten dituzte gogoan gaixoarentzat errezeta egitean. Botikak agintzeko unean generikoek erraztu baino ez dute egiten medikuaren lana, ez baita marka komertzialik gogoratu behar eta aski izango du printzipio aktiboa eta dosia gogoratzea. Botikariek, bestalde, ontzi bakoitzaren truke banatzaileei ordaintzen dieten preziotik orain arte finkoa zen marjina (ehunekoa) lortzen dute.

Horrek esan nahi du botikaren kostua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta errentagarriagoa dela botikariarentzat. Beraz, normala dirudi botikariak gehienetan produktu merkeak baino garestiak saltzea nahiago izatea. Eta, zehazkiago esanda, bere kabuz botika generikoak saltzeko pizgarriak behar izatea, marka ezagunekoak baino merkeagoak izaten baitira beti. Baina amaierarik gabeko gurpila da: medikuek botika generikorik agintzen ez badute, botikek nekez salduko dituzte, medikuaren errezeta behar dutenak behintzat. Kontsumitzaileek ezer gutxi egin dezakete (medikuei botika generikoak errezetatzea eskatu eta errezetarik gabeko produktuen kasuan botikan marka komertzialaren ordez printzipio aktiboa eskatzeaz gain), gehienetan medikuak agindutakoa kontsumitzen baitute. Kontsumitzaileen artean generikoekiko dagoen mesfidantza gainditzeko informazio lan eraginkorra behar da, botiken kontsumoan aurrezpena eta razionaltasuna eragin nahi bada.

Ikus dezagun botika generikoen zenbait adibide eta konpara dezagun horien prezioa marka ezagunekoen prezioarekin. Ondorengo zerrendan, printzipio aktiboaren izena ageri da nabarmendurik. EFG siglak “Espezialitate Farmazeutiko Generikoak” esan nahi du.

  • Fluoxetina Oso erabilia depresioaren tratamenduan. Prozac, Lilly y Dista laborategiak egina, 4.976 pezeta kostatzen da. Generikoen prezioa: -Fluoxetina Bayvit EFG, 3.724 pezeta -Fluoxetina Ratiopharm EFG, 3.728 pezeta -Fluoxetina Normon EFG, 3.733 pezeta
  • Amoxicilina Erabilpen zabaleko antibiotikoa. Clamoxyl, Smithkline Becan laborategikoa, 537 pezeta kostatzen da. Generikoen prezioa: -Amoxicilina Ratiopharm EFG, 404 pezeta
  • Famoditina Ultzera-kontrakoa. Fanox, Lesvi laborategiak egina, 2.995 pezeta kostatzen da. Generikoen prezioa: -Famotidina Ratiopharm EFG, 2.271 pesetas
  • Dicoflenaco Erreuma, hezueri eta artrosi kasuetarako antiinflamatorioa. Dolotren, Faes etxearena, 945 pezeta kostatzen da. Generikoen prezioa: -Dicoflenaco Géminis Reard EFG, 865 pezeta
Osasun arloko gastuari eutsi

Duela bi hilabete inguru Espainiako Gobernuak sendagaietako gastua murrizteko omen duen asmoari buruzko xedapen batzuen berri zabaldu zen eta horien artean, botika generikoen erabilpena sustatu eta farmazietan horiek saltzea bultzatzeko asmoa duela jakinarazi zen.

Helburu hori lortzeko, orain arte farmaziek generikoak saltzeagatik zuten %27,9ko irabazia %33ra arte gehituko da. Baina oraindik tradizio gutxi dago hemen botika generikoak kontsumitzeko eta, beste produktu batzuetan bezala, fabrikatzailearen markak eta haren prestigioak berebiziko eragina du katearen maila guztietan: botikari, mediku eta kontsumitzaileen artean. Dagoeneko hiru urte dira botika generikoak erosteko aukera dagoela, baina horien salmenta ez da iristen botiken gastu osoaren %2ra ere. Alemanian %20koa da eta Danimarkan handiagoa oraindik, %27ra artekoa, kontsumitzaileentzat eta diru-kutxa publikoentzat dakarren aurrezpenarekin. Gaur egun, mundu guztiko hirurogeita hamar laborategi baino gehiago ari da botika mota hori egiten. Enpresa farmazeutiko handiek sendagai generikoak bakarrik egiten dituzten lantegiak izaten dituzte, enpresaren baitan baina beste izen batekin. Produktu horiek jatorrizko botikek adinako garantia izaten dute eta merkatua hein batean behintzat liberalizatu egingo dutela uste da eta zenbaiten aburuz, gainera, horrek eragingo duen lehiari esker produktu berriak garatzea eta ikerketa bultzatuko da. Alemanian eta Erresuma Batuan egiten da, sendagai generikoak kontsumitzeko ohitura finkaturik duten herrialdeetan hain zuzen, botikagintzaren sektoreko inbertsiorik gehien Ikerketa eta Garapenean (I+G).