Poloetako izotz-hormak murrizten hasi dira

Adituak ez datoz bat murrizte horren arrazoiari eta ondorioei buruz
1 abendua de 2002
Img medio ambiente

Poloetako izotz-hormak murrizten hasi dira

Azterketa zientifiko batzuek erakutsi dutenez, baliteke Ipar eta Hego poloetako izotz-hormak urtzen hastea eta, horrenbestez, Lurreko gainerako lekuetan ondorio kaltegarriak eragitea. Tenperatura batez beste gradu bat edo bitan igoz gero, izotz-urtzearen bidez itsaso ertzean dauden eskualdeak eta hiriak urpean geratuko lirateke; nolanahi ere, beste zientzialari batzuek diote ez litzatekeela horrelako hondamenik izango, izan ere Lurrak tenperatura aldaketa bortitzak jasan izan ditu historian zehar eta eboluzioak aurrera egin du. Gainera, leku babesgabeak bizitzeko eta nekazaritzarako leku egoki bilaka litezke.

Poloetako inguruneak: zer dira eta non daude?

Poloetako inguruneak lur-eremuko bi poloen inguruan hedatzen dira eta zirkulu polar artikoak eta antartikoak mugatzen dituzte. Bi lurraldeok gehienetan izotzez estalita egoten dira, udako eguzki-izpiek urtu gabeko neguko elurraren pilatzea dela-eta. Poloetako itsasoen ezaugarri bat izozmendiak dira: kostalde ertzean egoten direnez, askatu egiten dira eta noraezean flotatzen hasten dira, itsasoko uretan urtzen diren arte. Poloetan, Lurrak eguzkiarekiko duen posizioa dela-eta, izpiak zeiharka jaisten dira eta, ondorioz, lurrak ez ditu erabat xurgatzen, eta bero-portzentaje handia islapen bidez atzera botatzen da. Tenperaturak oso gogorrak izaten dira eta toki askotan ez dira zero gradura iristen, ezta udan ere. Hartutako marka baxuenak hauek izan dira: -88º Antartidan eta -50º Artikoan.

Artikoak, bere alderdi kontinentalean, Ipar Amerika (Alaska, Kanada eta Groenlandia), Europa (Escandinaviako herrialdeak) eta Asiako (Errusia) iparraldeko muturrak hartzen ditu. Antartidan baino hotz gutxiago egiten du Artikoan, izan ere Artikoko zati handiena itsasoak estaltzen du eta ozeanoko ur-masak hobeto xurgatzen du beroa uda luzean zehar. Inguru horretako animalia ezagunena hartz polarra da, bizirik dagoen haragijale handiena; 800 kilo har ditzake eta batez ere itsas txakur eta arrainez elikatzen da.

Antartida, hotza eta zientzia

Artikoa ez bezala, Antartida benetako kontinentea da, gutxi gorabehera 14 milioi kilometro karratu dituena, nahiz eta horietatik soilik 7.600ek ez duten izotzik. Izotz-hormak toki batzuetan lau kilometrorainoko lodiera hartzen du eta, beraz, dauden landare bakarrak likenak eta goroldioak dira. Nolanahi ere, badira loreak dituzten bi landare mota: horiek Antartidako penintsulan hazten dira, Hego Amerikatik gertuen dagoen alderdian, gainerako lurraldea baino epel eta hezeagoa den lekuan. Landaretza urria dela-eta, ez da lurreko ugaztunik bizi, baina nahiz eta izugarrizko hotza egin eta poloko gaua luzea izan, inguru horietan animalia-espezie batzuk aurki daitezke, hala nola, hartz polarrak, itsas txakurrak, baleak, pinguinoak, etab. Halaber, itsas-hondo antartikoetan arrain asko bizi da. Zientzialariak dira Antartidan noraezean dabiltzan gizaki bakarrak, eta aditu batzuen ustez, azterketa-inguru berezi horretan dautza gaur egungo ingurumen arazo asko. Antartidak, ikerlari horien arabera, gertaera bitxia jasaten du: ingurune batzuetan berotzea munduko beste edozein tokitan baino azkarrago gertatzen da eta beste batzuetan tenperaturaren batez bestekoek behera egiten dute. Glaziar batzuk ahultzen ari dira eta beste batzuk, berriz, osatzen ari den izotza daukate.

Izotza urtzearen ondorioak

Poloetako inguruek zeregin garrantzitsua betetzen dute planetaren biosfera komunean. Lurreko eskualde desberdinek berotze eta hozte maila diferenteak jasaten dituzte, eta aldaketa horiek (haize eta ozeanoetako korronteen bidez) osatzen dute gaur egun dugun klimak erabateko eragina duela eskualde batzuetatik besteetara, El Niño fenomenoak ongi erakusten duen moduan.

Gaur egun badirudi izotza murrizten ari dela planetaren berotze orokorraren eta berotegi-efektuaren ondorioz, poloetako izotz-hormak oraindik izugarri murriztu ez diren arren. Izotza desagertuz gero munduaren topografia alda liteke, izan ere lur zati batzuk ur azpian geratuko lirateke eta beste batzuk oso bero bilakatuko lirateke.

Glaziarrak ere mehatxupean

Ohioko (Estatu Batuak) Unibertsitateko zientzialari batzuen arabera, baliteke Hego Amerikako eta Afrikako glaziarrak eta gailur elurtuak osatzen dituzten ingurune naturalak jada 15 urteren buruan gure oroimenean baizik ez gelditzea. Azterketak hogei urteko ikerketak biltzen ditu bere baitan, eta horietan Hego Amerika, Afrika, Txina, Tibet eta lurreko beste toki batzuetako izotz-hormak kontrolatu dira. Ondorioen arabera, azken hamabi urteetan Kilimanjaro mendiko izotz-azalaren herena gutxienez urtu egin da, eta 1912an lehen aldiz kartografiatu zenetik, gutxi gorabehera izotz-kaparen %82 galdu du. Beste hainbeste gertatzen da Andeetan: Quelccaya mendiko (Peru) azal elurtua %20 inguru murriztu da 1963tik. Gainera, bertan sortutako Quori Kalis glaziar nagusietakoaren atzera-egitea 1963tik 1978ra bitartean baino 32 aldiz handiagoa izan zen azken hiru urteetan.

Planetarentzat kaltegarria izango litzateke
Planetaren tenperatura bizpahiru gradu zentigradutan igoko balitz, aski izotz urtu egongo litzateke lehorraldeko gune handiak urpean uzteko; horrek bereziki itsas mailatik metro gutxira eraikinak egiten dituzten kostako hirietan izango luke eragina, eta baita Bangladesh eta beste hainbat herrialde oso eta ozeano Pazifikoko beste uharte batzuetan ere. Nahiz eta tenperatura igoerak eta ur azpian gune gehiago egoteak lurrunketa tasa handiagoa ekarri, ez genuke efektu konpentsatzailerik izango, izan ere tasa hori ez litzateke behar bezain handia izango urtutako ur guztia lurrun-egoeran egoteko. Horrelakorik gertatu ahal izateko planetaren tenperatura orokorra askoz gehiago igo beharko litzateke, edozein ekosistemarentzat izugarri handiak eta jasanezinak diren mailetara iritsi arte.

Ez luke hainbesteko eraginik izango
Aurreko aro geologikoetan, Lurrak izotz-hormarik gabeko aldiak ezagutu ditu, eta baita gaur egungoak baino askoz handiagoak diren eskualde izoztuak ere. Nolanahi ere, planetako bizitzak inolako arriskurik gabe biziraun du eta, espezie batzuk desagertu diren arren, beste batzuk sortu dira. Bestalde, uste da tenperatura orokorra igoko balitz eta poloetako izotz-masak urtuko balira gizakiok eta lurreko gainerako animaliok toki murritzagoan bilduko ginatekeela, ozeanoen aurrerakadaren ondorioz atzera egin beharko baikenuke. Ikuspegi horrek ez du kontuan hartzen egun bizitzeko egoki ez den kontinenteetako hainbat eremu bizitzeko gune atsegin eta nekazaritzarako baliagarri izango litzatekeela.