Ozono geruza, zuloa txikituz doa

Arazoa sortarazi duten gasak aspaldi honetan kontrolatzeak konponbidea da baina oraino ez da komeni gehiegi lasaitzea
1 apirila de 2008
Img medioambiente listado 537

Ozono geruza, zuloa txikituz doa

Munduan ingurugiro alorrean arazo behinena den aldetik, klima aldaketari lehentasuna aitortzeak, aresti katastrofe ekologikoa saihesteko premia larrienekoak ziren kontuetako batzuek beste hainbat kezka eta arazo ezkutatu dituzte. Horien arteko bat ozono geruza izan da: duela urte batzuk egunkarietako azalak eta telebistako albistegietako minutu ugari biltzen zituen. Badirudi alor horretan dezente hobera egin dela, nahiz eta oraino erabat “osatu” ez den. Herritar guztien kolaborazioa erabatekoa izan da eta horrelaxe izango da etorkizunean ere, zuloa geroz eta txikiagoa izan dadin.

Estratosferan, gugandik 25 kilometrotara dagoen gasezko iragazki horren murrizketak eguzkitiko erradiazio ultramorearen iragaite handiagoa ondorioztatzen duenez, horrek hainbat eragin kaltegarri ditu, horietan ezagunenak larruazaleko minbizia, begi lausoa, sistema immunitarioaren erantzuna apaltzea edota ozeanoetako fitoplanktonaren hazkuntzan duen efektua izanik.

Planetak gainean zuen arazo larriaz jabeturik, joan den mendearen zazpigarren hamarkadan, hotz-industrian eta egunero erabiltzen ditugun aerosoletan (laka, desodorante eta antzekoetan) baliatu ohi diren klorofluokarbono (CFC) gasak ozonoaren suntsipenaren arduradun nagusietako bat izan zitezkeela idoro zuten zientzialariek. Geroago, 1987an, Montrealgo Protokoloak (egun, mundu zabaleko 191 herrialdek aintzat hartu eta sinatua) CFC horien fabrikazioa eta kontsumoa debekatu zuen.

Eta handik beste hogei urtera, badirudi nazioartean adosturiko itunaren emaitzak agertzen hasiak direla. Sektore horietako industrien arduradunek berehala bilatu zituzten CFC gasen ordezkoak eta, gainera, diru-kontuetan bat ere galera larririk nozitu gabe, bilatutakoa erdietsi egin zuten. Hamarkada honen hasieratik, adibidez, Antartida gaineko ozono zuloaren jarraipena egiteko xedez NASAren satelite batean instalatu zuten Total Ozone Mapping Spectrometer (TOMS) lanabesak eginiko neurketek azalera horren txikitzeko joera garbia erakutsi du.

NASAk, hain zuzen, 2007 urtean Antartida gaineko ozono zuloa (Ipar Amerikaren tamainakoa) aurreko urtearen aldean %15 murriztu dela adierazi du. Europako Agentzia Espazialak (ESA), bere aldetik, Envisat sateliteak eginiko kalkuluetan oin harturik, zifra hori %30eraino ere irits litekeela adierazi du; horrek esan nahi du gehieneko ozono galera 27,7 milioi tona izan zela iaz eta 2006 urtean, berriz, 40 milioi tona.

Horregatik, Mundu Meteorologi Erakundeak (OMM) eta Ingurugirorako Nazio Batuen Programak (PNUMA) jakinarazi dutenez, ozono geruza 2049 urterako 1980 eta aurreko urteetan zituen mailetaraino jaits daiteke ostera ere bost kontinenteetako gehienean, baina baliteke, era berean, susperraldi hori Antartidan 2065era arte atzeratzea. NASAren aurreikuspenak, berriz, bestelakoak dira: 2060 urtera arte ez gara iritsiko 1980 baino lehenagoko maila haietara.

Espainian, Alacanteko Unibertsitatearen Klimatologiako Laborategiaren arabera, funtsezko arazoa ez da estratosferako ozono geruza, Antartidan bezala, planetaren azaleratik gertuago dagoen ozono troposferikoaren metaketa baizik, gas horrek urteko sasoi jakin zenbaitetan (uda partean, batik bat) zifra garaiak erakusten dituelako. Horrek, jakina denez, mukosen eta birika-ehunen narritadura probokatzen du.

Erne, badaezpada

Halaz ere, OMM erakundeak ohartarazi duenez, optimismoz adierazitako zifra horiekin batera, etekin bikainak ematen ari omen diren neurriak zorrotz hartu eta bete behar dira gerora ere, geruza erabat erdiesteko dozena urte batzuk falta baitira oraindik. Beraz, 2007an hautemaniko hobekuntza zuhurtziaz baloratu behar dira.

Dozenaka urtetan emaitza onak bildu ostean, 2006k atzerako urratsa eman zuen, zuloa ikaragarri handitu baitzen orduan: 29,5 milioi kilometro karratu, hots, Antartidaren azaleraren bikoa baino handiagoa. Horrela bada, hura eta 2007an bildutako emaitza positiboekin konparatzean pozteko moduko hobekuntza hautematen da.

Zientzialarien iritziz, zuloaren txikitze horren arrazoia, hein handi batean, atmosferako tenperaturen eta dinamikaren berezko bariazioetan datza. Zientifiko horiek diotenez, baliteke datozen hamarkadetako erupzio bolkanikoek ozonoaren berreskuratzea hainbat urtez geroratzea; gogoan izan dezagun klima aldaketak ere eragina izan dezakeela, berrosatze hori azkartu edo atzeratzeko.

Ingurune Ikerkuntzarako Agentzia izeneko Londresko gobernuz kanpoko erakundeak ohartu du oraindik ere CFC gasen merkataritza eta produkzioa larregia dela. Erakunde horretako arduradunek diotenez, hirugarren munduko herrialde batzuetan enpresa multinazionalak gas horiek askoz ere kostu txikiagoan fabrikatzen ari dira.

Horrelako substantzien legez kanpoko inportazioa legez birziklatzea baino dezente merkeagoa da: kalkuluen arabera, oso litekeena da ozonoa kaltetzen duten substantzien merkatu beltzak mundu zabalean urtero-urtero 20.000 edo 30.000 tona mugitzea. Alacanteko Klimatologiaren Laborategiak adierazi duenez, baieztapen horiek egiaztatzerik ez du baina, nolanahi ere, nazioarteko erakunde eta organismoei erne segitzeko aholkatu diete.

Kontsumitzaileok egin dezakeguna

Kontsumitzaileak ere ozono geruza berreskuratzen lagundu egin dezake, noski, bera kaltetzen duten CFC edo bestelako substantziak dauzkaten produktuak erabiltzeari uko eginez. CFC horiez gainera, badira estratosferako ozonoa galtzen laguntzen duten beste ehun bat produktu, hala nola HCFC, haloiak, metilo-bromuroa, karbono-tetrakloruroa, metilkloroformoa, etab.

Herritar orok jakin behar du eguzki izpietatik bere burua krema babesgarriekin zaindu behar duela, maiatzetik urrira arte batik bat, eguzkitan etzaten bada hondartzan zein belarretan; edonola ere, eguzkitan ez da luze egon behar.

Ozonoa dela-eta, kontuan hartu beharreko daturen bat
  • Erradiazio ultramorearen areagotzea dagoeneko planetako hainbat eskualdetan hautemangarriak direnez, fenomeno globala dela adieraz dezakegu. CFC ere era homogeneoan barreiatuak dabiltza.
  • Nazio Batuen erakundeak iragarri duenez, urtean ozono geruzaren %10 galtzen segituko balitz hamarkada batzuetan, larruazaleko minbizien kasuen gehikuntza 250.000 izan liteke, urteko.
  • “Zuloa”, egia esateko, ez da zulo, urteko sasoi batzuetan estratosferan gertatzen den geruzaren mehetzea baizik. Zientzialariek egiaztatu dutenez, udaberrian eskualde polarretan jaitsi egiten da eta udan bere tamainara itzultzen da. Antartidan arazoa larriagoa da, kontinente horrek nozitzen dituen muturreko baldintza meteorologikoak direla medio.