Nekazaritza ekologikoa

Natura errespetatzen duten elikagaiak

1 maiatza de 1999
Img medioambiente listado 113

Ingurunea errespetatu eta kalitate oneko elikagaiak ekoiztea: bi zutoin hauen gainetik altxatzen da gaurregun nekazaritza ekologikotzat ezagun duguna, hau da, etengabe hedatuz, merkatu espezializatua abiarazi duen alternatiba.

Natura errespetatzen duten elikagaiak

Nekazaritza ekologikoa den azpisektorearen hazkuntzari -1991 eta 1998 urteen artean mantendu dena- esker, zazpi urte horretan Estatu espainolean enplegaturiko pertsonen kopurua 396 izatetik 7.782 langile izatera iritsi da (ekoizle, maneiatzaile eta laguntzaileak barne) eta landutako guztirako azalera 4.235 Ha izatetik ia-ia 270.000 Ha arte handitu da: olibondoa (guztirako azaleraren %49a), zerealak (%22), fruitu lehorrak (%12), lugorrian utzia (%7), mahastia (%5) eta barazki, frutarbola eta zitrikoak (%2). Merkatua hasberria dela gogoan izaki eta aipaturiko zifra horiek eztengarri gertatzen diren arren, espainiar nekazaritzaren guztirako ekoizpena aztertuz gero, goiko zenbakion garrantzi urria nabarmentzen da argi eta garbi, bertan lanean diharduten pertsonak (7.800 inguru) laborantzan dabiltzan guztien %0,75era baizik iristen ez direlako eta, gainera, landutako azalera (270.000 Ha), osotasunaren %1 besterik ez baita.

Nolanahi ere, gure galderei erantzun dieten adituak bat datoz datu horiek onuragarritzat hartzean, nekazaritza-ustiapen industrialaren alternatiba gisa agertzen den sektorea merkatuak geroz eta onartuagoa baitu. Nekazaritza ekologikoa Natura bera darabil eredu eta bertatik ateratzen du ahal den informazio guztia, geroago ekoizpen-prozesuei aplikatzeko. Bide horretan barrena joateari esker, aldekoen arabera, kalitate handiagoko elikagaiak (ekologikoak) erdiets daitezke, nekazaritza-ekosistema babestuko duela bermatzen du, kanpoko erasoen (ohiko hustiakuntzari dagozkionak) aurrean eta lurraren berezko emankortasuna indartzen du, ekoizpen-ahalmena ahitzeke.

Laborantzen ziklo naturalak errespetatu beharra aldarrikatzen duen filosofia bitxi honek, aldi berean, elikagaien nutrizio-balioaren murriztaile edo kontsumitzailearen osasunaren kaltegarri gerta daitezkeen sustantziak lurraren hustiakuntzan ez erabiltzea ere sustatzen du. Kalitate-kontrol gehigarri hau, nekazari ekologikoen arabera, horrelako produktuen azken kostua areagotzen duten faktoreetako bat da; izan ere, elikagai horien prezioa, Estatu espainolean, ohiko produktuekiko, %30eraino garestiago izan daiteke. Estatu Batuetan alde hori %15 – 20 inguru dabil, Alemanian %30 – 40an dago eta Italian, azkenik, %30etik %50era doa.

Nekazaritza tradizionala berreskuratu eta ingurugiroa hobetzea

Nekazaritza ekologikoaren aldekoen esanetan, lurraren makroustiakuntza industrialak ondorio hondagarriak ditu haren iraupenean: baserri-kulturaren galera, tokian tokiko prozesu naturalen eta espezieen aldakuntza, eguraldiak eta lurrak baldintzaturiko laborantza-zikloen aldaketa eta natur baliabideen osoko aprobetxamendu egonkorraren amaiera, besteak beste.

Nekazaritza ekologikoak, hala ere, ez du adierazi nahi ustiakuntzen atzerakada gertatu behar denik, baserri-kultura eta gaurregungo ezagutza zientifiko-teknikoak elkargarri bihurtzea nahi baititu, nekazaritza-plegu horren aldekoek diotenez. Era berean, gai hauekin ia-ia inolako sentsibilizaziorik agertzen ez duten herrietan -Estatu espainolean, adibidez-, ur gezen kutsaduraren eragile nagusia ongarri kimikoak dira egun. Nitratoak lurpeko uretara iristen diren bitartean, ongarri eta intsektu-hilkariak lurrean metatu eta (emankortasunaren sorburu) mikroorganismoak pozointzen dituzte, urte askotan luzatzen den prozesuan. Bai produktu kimiko hauen fabrikazioak, bai nekazal hustiakuntzen mekanizazio gero eta handiagoak energi kontsumo altua eragiten dute, gainera.

Bestelako abantailak

Aldekoek diotenez, nekazaritza ekologikoz erdietsiriko produktuek, ohiko hustiakuntzetatik datozenek baino nutrizio-printzipio gehiago dauzkate; halaz ere, hau frogatzeke dago, horri buruzko ondorio eztabaidezinik inork ere atera ez duelako. Nekazaritza ekologikoari esker -beste argudioetako bat- paisaje aberatsagoa eduki dezakegu, hesi biziak sortu eta mantendu eta era askotako langintzetan aritzeari esker. Lanen dibertsifikazioa eta eskaintzaren espezializazioa enplegu sorreraren aldeko faktoreak dira: biziki gogoan izan beharrekoa da hori, baserria bertan behera uztea izan baita azken urteetako joera.

Nekazaritza ekologikoan, natur baliabideek (ura, espazioa eta argia) ahalik eta etekin handiena eman dezaten lortu nahi dugu, nolanahi ere natur ingurunea errespetatzen duten teknikak baliatuz.

  • Erein-aldaketa Lurraren emankortasuna mantendu eta arazo fitosanitariorik gerta ez dadin, ezinbestekoa dugu txandaka erein-aldaketa egitea. Familia desberdinetako landareak tartekatu behar dira, aurreko laborantza batzuk lagundu edo itzurtzea eta, azkenik, ongarri naturalak eta leguminosoak sartzea.
  • Langintzen elkarlaguntza Sail berean gutxienez bi espezie (laboreak eta leguminosoak, adibidez) ereinda, batak bestearen onurak jasotzen ditu, elkarren onuragarri gertatuz. Isolaturik baino hobe elkarturik hazten diren eta, era berean, bataren jariaketak bestearengan kalterik eragiten ez duten landareak hautatu behar dira, lehentasunez.
  • Ertzetako landaredia eta hesiak Landarezko hesiek eguraldi-baldintzak hobetzeaz gainera, bestelako harreman onuragarriak ere (intsektu polinizatzaileak erakartzea, unean uneko landare edo intsektu egokiak ezarriz, hauek babes eta jana izan dezaten) lagun ditzakete.
  • Landarezko estalkiak Laborantza zurtsuetan –bertan, erein-aldaketek epe luzetan irauten dute eta elkarketak bakanak dira– landarezko estalkiak mantentzeari esker, aniztasun biologikoa dezente ugal daiteke. Teknika honek eragin mesedegarriak ditu: nutrizio-elementuak birziklatzea, lur-egitura hobetzea, bizitza mikrobiologiko handia eta materia organiko gehiago.
  • Abeltzaintza eta nekazaritza integratzea Nekazal sistemen jarduera onean sekulako eginkizuna betetzen du animaliak, ingurunean aldakuntzak eragin, simaurra ekoiztu, laborantzarako balio ez duten lurrak baliatu eta, nutrigarrien zikloak osatzean, eginkizun garrantzitsua betetzen dute.
  • Ongarritzea Nekazaritza ekologikoari buruzko arauteriak xedatua du, bai lurraren iharduera biologikoa, bai ongarriketa ere mantendu edo areagotu egin beharko direla, baldintza egokiak baldin badaude, hurrengoen bitartez: leguminosoen, ongarri berde edo sustrai sakoneko landareen landakuntza (urteanitzeko laborantza-aldatzeko programa bati jarraiki) edota arautegiaren araberako ekoizpena gauzatzen duten hustiakuntzetako ongarri organikoak lurrari erantsiz. Konpostaren suspertzea dela eta, mikroorganismo edo landareek osaturiko produktu biodinamikoak ere erabil daitezkeela onartzen du arautegi horrek.

Produktu ekologikoen komertzializazioa goraka doa, etengabe, merkatuan. Horrenbestez, etiketa lipar batean irakurriz, produktu ekologikoa ongi bereizi beharko luke kontsumitzaileak, dela publizitatean, dela agiri komertzialetan, hauetan argitu behar baita salgai dagoen produktuak bere herrialdeko -edo autonomi erkidegoko-eskakizunak betetzen dituen.

Hasieran, Nekazaritza Ekologikoaren Kontseilu Erregulatzailea (CRAE) zen, Estatu osoan, nekazari eta industrien ekoizpena kontrolatzen zuen organismo bakarra, sasoiko Europako Ekonomi Elkarteak xedaturiko arauen arabera, edonola ere. Geroago, 1991 urteaz geroztik, autonomi erkidegoen menpeko lurralde-batzordeak eratzen hastean, CRAE desagertu eta beste organismo bat sortu zen: Nekazaritza Ekologikoa Arautzeko Batzordea, aholkularitza eskaintzeko xedez.

Alor honetan, honelako produktuen eskakizuna goraka zetorren eta behar bezainbesteko kalitatez bilatzerik ez zegoenez, garai batean sortu ziren kontsumitzaile eta ekoizleen elkarte eta kooperatibek ere badihardute lanean, beren produktuak merkaturatzeko sare egokirik ez zuten nekazarien premiak asetzeko, era berean.

Gaurregun, bertako arduradunek dioten legez, irabazteko asmorik eza, bazkideen doaneko laguntza, beren produktuetan kalitate-prezio erlaziorik hoberena lortzeko lehia eta ekoizle eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko harremana ahalbideratzea dute bereizgarri nagusia elkarte eta kooperatiba horiek. Beste aldetik eta horien esanetan beti ere, ekonomia lokalen -ez globalizatzaileen- garapena sustatzen dute, halaber.