Espazio basatiak

Leku txikiagoak, mehatxu handiagoak

Klimaren gorabeherei eta prezipitazioei eusten laguntzen dute baina, batez ere, biodibertsitatearen ezinbesteko erreserba dira
1 martxoa de 2003
Img medioambiente listado 205

Leku txikiagoak, mehatxu handiagoak

Giza lorratza gure planetaren azalean nabarmentzen den heinean, giza jarduerak erasanda, espazio basatiak desagertzen ari dira: azpiegiturak eraiki eta hiri berriak urbanizatzen dira eta, aldi berean, eremu zabal asko nekazaritzarako egokitzen dira eta beste asko baso soiltzen. Azken azterketak garbi eta ozen mintzo dira: gizakiok gure presentzia planetaren hedaduraren %83n nabarmen dadin utzi dugu. Espazio basatiak, hau da, pertsonarik iritsi ez den Lurreko zatiak, gero eta gutxiago dira, eta oraindik ere bere horretan dirautenak, gizakiaren eraginez, azalera urritzen ari zaiela ikusteko arriskuan daude. Basagune horiek ezinbestekoak dira planetak biziraungo badu: klimaren gorabeherei eta prezipitazioei eusten laguntzen dute eta, batez ere, biodibertsitateari eusteko nahitaezko erreserba osatzen dute.

Lurraren ustiapena

CIESIN (Internacional Earth Sciencie Information Network) erakundeak egindako azken azterketen arabera, lur azalaren %83k giza lorratza du idatzita, hauek bezalako markaren batekin: kilometro koadroko pertsona bateko baino dentsitate demografiko handiagoa dauka, errepide garrantzitsu batetik 15 kilometrora baino gutxiagora edo nekazaritza eremu batean dago, herri edo tren geltokitik bi kilometrora baino gutxiagora dago, edo halako distantzian gauez satelite batetik ere detekta daitekeen argia ematen duen leku batean. Abisua garbia da: lur birjinen hedadura gero eta txikiagoa da, eta gizakia non ibili, hantxe hartzen du min ekosistemen integritateak. Gainera, FAOren (elikadurarako NBEko erakundea) azken datuek diotenaren arabera, ereiteko moduan dagoen lurraren hedaduraren %98n arroza, artoa edo garia ereiten da, eta horrek esan nahi du lurraren esplotazioak oso-oso maila altuak dituela, eta horixe da hain zuzen espazio basatiak desagertzeko kausetako bat.

Gizakia iritsi ezinezko espazioak

37 eskualde daude gaur egun gizakiaren eskumenetik kanpo, zibilizazioaren aurrerapena dela kausa gero eta arrisku handiagoan dauden arren. Espazio basati horik kontinente guztietan barrena zabaltzen dira, Amazoniatik (Amerika) Saharako desertura (Afrika). Eskualde horien artetik bost, beren biodibertsitate aberatsa dela eta, berezi-berezitzat jotzen dira, baina munduko hiru baso tropikal handiak nabarmentzen dira: Amazonia (30.000 landare espezie baino gehiagorekin), Afrikako Kongoko erdialdeko oihana eta Ginea Berriko uhartea. Eskualde horien artean oihan boreala da hedaduran handiena: 16 milioi kilometro koadroko uztai bat osatzen du, Zirkulu Polar Artikoaren azpian, eta Alaska eta Kanadatik Europa eta Asiako iparralderaino zabaltzen da.

Ondasun biologikoagatik nabarmendu beharreko beste espazio batzuk Tibeteko eta Mongoliako goi mesetak eta Miompo-Mopane eskualdea, hau da, Afrikako hegoaldeko hainbat herrialdetako baso eremuak eta belardiak hartzen dituena, ugaztun, narrasti eta hegaztietan munduko bigarren eskualderik aberatsena delarik. Planetako inguru basatirik txikiena Sundarbans oihana da: 10.000 kilometro koadrorekin, munduko mangladi-lakutako basorik handiena. India eta Bangladesh artean dago, Gangesen deltan.

CIESINen azterketak eskainitako datuek biodibertsitatea osorik gordetzen duten lekuen berri izateko aukera ematen du, eta, horietan oinarrituta, bi irakurketa egin daitezke: alde batetik, oraindik geratzen diren eskualde birjinak gordetzea garrantzitsua dela, eta, bestetik, gizakiaren eragina aldatu behar dela. Funtsean, dagoeneko kalte hartuta dauden eskualdeetan giza jardueraren ondorioak kontrolatuko badira, baliabideen administrazioa hobetu beharra dago.

Amazonas, oihana hil-hurren

Kolonbiak Brasil eta Perurekin partekatzen du oihan amazonikoaren zati handi bat, eta bera da Lurreko handiena, baita baso tropikalik handiena ere. Planetaren birika hau habitataren ugaritasun ikaragarriagatik nabarmentzen da, landaredian, faunan eta, batez ere, floran oinarrituta. Amazonia, gaur egun, elkarrekin erlazionatuta diharduten ekosistema ugariren multzo handia da eta, esaterako, oraindik ez dakigu zenbat landare espezie dauden animali espezie bakar baten menpe, baina seguru dakigu animali espezie bat desagertzeak horren menpeko landare asko desagertzea ekarriko duena, eta alderantziz.

Azken 20 urteotan planetako alde preziatu horretan garatzen den jarduera erritmoari eutsiz gero, kalkulatzen da 2020. urterako Amazoniaren %5ek baino ez duela bere izaera basatia gordeko, oihanaren %50 inguru oso degradatuta egongo da, %90 baino gehiago ez da jada kutsagabea izango. Jasan behar izan duen hondamendia azaltzeko, urtero 20.000 kilometro koadro lur suntsitzen dela esan daiteke. Orain arte baso soiltzea batez ere hegoaldeko eta ekialdeko eremuetara zabaldu bada ere, errepideak egiteari esker, enpresa egurgileak oihanaren bihotzeraino iristeko bidea aurkitzen ari dira. Eta zama horixe da hain zuzen oihan honek jaso behar duena, egurgintzako enpresak oso material preziatua aurkitu baitu bertan, mugatua baina.

Iberiar Penintsulako basoak

Penintsulan ez dago espazio basati bakar bat ere, baina gure planetako biodibertsitatea gordetzeko 200 eko-eskualde nagusien artean Mediterraneoko eskualdea ageri da, garrantzitsuen, aberatsen eta mehatxatuenen artean kokatuta. Mediterraneoan aurki daitezkeen 25.000 landare espezieetatik %50 autoktonoak dira, eta Espainia, %18,6 flora endemikoa delarik, eko-eskualdean espezie berezietan bigarren herrialde aberatsena da, Turkiaren atzetik. Gaur egun arbola autoktonoetan 105 espezie aurki daitezke, horietatik 80k baino basoa osatzen ez duten arren.

Sierra de Gudarreko pinudiak (Teruel), Cabrejas-Calatañazorreko sabinadiak (Soria) edota O Caureleko baso mistoa (Lugo) bikainak dira beren balio ekologikoari dagokionez, baina horietako batzuk hasi dira lurraren erabilera modu berriaren ondorioak pairatzen. Suaren eraginaz gainera (urtero baso hedaduraren %1 galtzen da), artzantza neurrigabea, kontrolik gabeko urbanizazioa eta turismoa, kutsadura eta basoak zatikatzea min handia ematen ari zaizkio baso horien egoerari, espainiar espazioen alderik basatiena ordezkatzen dutela kontuan hartu gabe. Kanarietako basoak alde batera utzita, oro har dagoen kontserbazio egoera ez da oso pozgarria: basoen %8k baino ez du babes motaren bat. Baten bat nabarmentzekotan, hedadurari dagokionez, artadien egoera eskasa nabarmen daiteke: dauden 5,5 milioi hektareetatik, 260.000 baino ezin dira kalitate handikotzat jo.