Ikuzkailurako garbikariak

Ingurumena kaltetu gabe garbitzeko

Europako kontsumitzaileen elkarteek eta garbikarien industriak bat egin dute Europako Batzordeak arropa garbitzeko garbikarien erabilera zentzuzkoagoa egin eta ingurugiroarekin errespetu handiagoz jokatzearen alde eman duen gomendioarekin.
1 apirila de 2000
Img medioambiente listado

Rio de Janeiroko Gailurrean hartu zen erabakia, 1992ko ekainean. Agenda 21 izenburupean, garapen iraunkorra eta ingurugiroarekiko errespetuzko baldintzak sortzeko ekintza programa onartu zen.

Ingurumena kaltetu gabe garbitzeko

Kanpaina honen helburua da 2001 urtean Europan arropa garbialdi bakoitzean gastatzen den energia kopurua %5 gutxitzea da, 1996ko kopuruen aldean. Ontzietan erabiltzen den garbikari eta materialaren pisua %10 gutxitzea ere lortu nahi da eta beste %10 ingurugirotik desagerrarazteko zailak diren osagai organikoen kopurua. Helburu horiek beren borondatez onartu ditu Xaboi, Garbikari eta Antzeko Produktuen Nazioarteko Elkarteak (AISEk) eta aurrezpena lortzeko aholkuak jarriko dituzte paketeetan. Europako 18 herrialdetan egingo da kanpaina, Espainia horien artean, eta Europa guztiko 150 fabrikatzaile eta enpresa sartu dira, kanpaina Europako 144 milioi familiari (384 milioi kontsumitzaileri) zuzentzeko, proiektuan laguntza eman dezaten eskatzeko.

Helburua, ikuzkailuarekin aurreztea

Estatu espainiarreko 11 milioi etxeetan 2.960 milioi aldiz jartzen da urtean ikuzkailua eta horren kostu osoa 205.000 milioi pezetatik gorakoa da (70 pezeta garbialdi bakoitzeko), teknikariek egin dituzten kalkuluen arabera. Kanpainan bultzatuko diren neurriak hartuta %7 inguru gutxituko litzateke etxeetan arropa garbitzeak eragiten duen gastua. Aurrezpen osoa urteko hamabost mila milioi ingurukoa izan liteke estatuko etxeetan (5 pezeta baino gehixeago garbialdi bakoitzeko).

Kalkuluen arabera, Espainiako estatuan kanpaina zorrotz jarraituko balitz, 2001. urtean 50.000 tona garbikari aurreztea lortuko genuke, hau da, 40 igerileku olinpiko betetzeko adina. Argindarrari dagokionez, 87 milioi kilowatt orduko aurreztuko litzateke, Madril bezalako hiri batean argiteria publikoak urtebetean kontsumitzen duena.

Garbiketa ekologikoagorako aholkuak

  • Ontzi iraunkorrak edo berriz betetzekoak erabili eta ahal dela, garbikaria zorroetan erosi. Produktua berbera da, baina kartoi edo plastiko gutxiago erabiltzea abantaila da zure zabor ontzirako eta ingurumenerako. Ontziak birziklatu ere egin daitezke.
  • Garbitu aurretik, sailkatu arropa kolore, ehun mota eta zikin mailaren arabera eta bereiztuta garbitu. Horrela, garbiketarako baldintzarik onenak erabiliko dira (programa, tenperatura eta garbikari dosia). Koloreko jantziak, sintetikoak eta zikin gutxi dutenak, adibidez, tenperatura baxuagoan garbi daitezke arropa zuri, kotoizko eta oso zikinak baino.
  • Ez erabili ikuzkailua arropa gutxirekin. Denoi gertatzen zaigu inoiz: blusa edo praka batzuk jantzi nahi ditugu, baina zikinak daudenez, horiek garbitzeko jartzen dugu ikuzkailua. Eta zenbait ikuzkailuk argindar eta ur kopuru berbera gastatzen du edozein kargarekin ere.
  • Garbikari dosia erabakitzerakoan kontuan izan arroparen zikina eta uraren gogortasuna. Erabili beharreko garbikari dosia desberdina izango da herriko uraren gogortasunaren eta arroparen zikinaren arabera. Ontziko instrukzioak jarraituz, emaitzarik onenak lortu eta ingurumena babestuko duzu. Aldian behin ohar horiek irakurtzea komeni izaten da, beti marka bera erabili arren, saltzaileek aldatu egiten baitituzte produktuaren ezaugarriak.
  • Ez erabili osagaietan fosfatoak dituen garbikaririk. Ikuzkailurako xaboien osagaietan eztabaida gehien eragiten duena da fosfatoa. Ura bigundu eta garbitzeko ahalmena handitu egiten du. Baina oso kutsagarria da: ibaietara iristen denean, algak ugaritu egiten ditu eta horren eraginez, eragotzi egiten da oxigenoa arrainetara eta gainerako bizidunetara heltzea (eutrofizazioa). Gaur egungo xaboi askok (adibidez, garbikari likido gehienek) ez dute fosfatorik.
  • Ahalik eta tenperatura baxuenarekin garbitu. Gaur egungo garbikari gehienak eraginkorrak dira tenperaturarik baxuenetan ere. Gainera, ur beroa erabiliz gero, behar baino energia gehiago gastatzen da. Ur hotzarekin ere %40raino aurreztu eta elektrizitatearen faktura txikiagoa izatea lortuko duzu eta arropa beti bezain garbia geratuko da. Ikuzkailuak behar duen energiaren %90 ura berotzeko behar izaten da (90 graduko programa batek 40 gradukoak baino lau bider elektrizitate gehiago gastatzen du); %10 bakarrik danborrari eragiten dion motorra mugitzeko.
  • Ikuzkailua beteta erabili, etxetresna horrek ur eta elektrizitate kopuru berbera behar baitu beteta zein erdi hutsik lan egiteko. Programa ekonomikoak eta karga erdikoak ere izaten dira, ikuzkailua beteta ez dagoenean larregi gastatzea ekiditeko, baina programa osoak baino gutxiago gastatzen duten arren, karga erdiko bi garbialdik karga osoko bakarrak baino elektrizitate eta ur gehiago kontsumitzen du beti.
  • Eguzkia da lehorgailurik onena. Arropa lehortzeko eguzkiaren eta airearen indarra baliatzea komeni da. Horrela, arropak gehiago irauten du eta energia aurrezten da, batez ere kontuan izanda arropa kopuru berarekin ikuzkailuek baino argindar gehiago kontsumitzen dutela lehorgailuek. Lehorgailua baztertu ezin bada, hobe da aire irteera kanpora duten zirkulazioko kondentsazio bidezkoa baino, etekin berarekin %15 energia gutxiago gastatzen baitu lehenak.
  • Lehorgailuen karga partzialek ikuzkailuek baino energia gehiago gastatzen dute arropa kiloko. Lehorgailu berria erostean, garrantzitsua da ikuzkailuak adina arropa hartzeko modukoa izatea. Txikiagoa bada, zati gehiagotan egin beharko da lehorketa; lehorgailuak ikuzkailuak baino leku gehiago badu, berriz, karga osoa aprobetxatu gabe funtzionatuko du.
  • Orban zailak arrastorik utzi gabe kentzeko, bada zenbait erremedio. Tinta edo boligrafoaren orbanak erraz kentzen dira lehenik limoi, gatz edo jogurtez eta ondoren jantzia ur epeletan garbituta. Orbana egin berria bada, aski izango da gune zikindua esne epelez busti eta gero jantzia osorik garbitzea.
  • Garai bateko xaboi pastilla edo xaboi-malutak baloratzen hasi gara berriro, oso erabilgarriak, gaitzik gabeak eta eraginkorrak baitira. Xaboi pastilla berdeak, adibidez, primerakoak izaten dira labea, eltzeak eta gainerako sukaldeko tresnak garbitzeko. Azalera lakatuentzat ez dago xaboi gogorra bezalakorik: garbi-garbi geratzeaz gain, jatorrizko distira berreskuratzen dute.
Eutrofizazioa eta uraren kalitatea

Eutrofizazioa fosfato, izurrilkari eta abarren bidezko kutsadura mota da, ibai eta urtegietan gertatzen dena. Agente kimiko horiek algak haztea eragiten dute eta horren ondorioz, eragotzi egiten da oxigenoa arrainetara eta uretako gainerako bizidunetara iristea.

Kutsadura hori garbikarietako fostatoekin dago lotuta, batez ere, nekazaritzan gero eta ongarri eta pestizida gehiago erabiltzen delako. Azken urteotan, urtegietako uraren kalitatean galera orokor eta azeleratua gertatu da. Hainbat urtegitan egin diren ikerketen arabera, erdia baino gehiagotan gehitu egin da eutrofizazio maila.

Uraren kalitatea derrigorrez bete beharreko arau batzuen menpe dago. Europako arteztarau kopuru handi bat ekarri da estatuko ordenamendu juridikora eta horiek guztiek baldintza zorrotz eta zehatzak ezartzen dituzte urak, erabileraren arabera, izan behar duen kalitateari buruz.

Gaur egun, estatuko lurrazaleko uren kalitate maila ez da ona, Uraren Liburu Zuriaren, indarrean den legeriaren eta gizarteak dituen aspirazioen arabera. Penintsularen iparraldeko ibai gehienen iturburuak oso kontserbazio egoera onean dauden arren, herri gune eta industri guneetan zehar pasatzen diren heinean gehitu egiten da kutsadura maila eta kasu batzuetan degradazio handia izaten dute erdiko edo amaierako zatietan. Penintsularen hegoaldean, iparraldeko arazo berdintsuak izan arren, iturburuetan txarragoa izaten da uraren kalitatea, emari txikiagoaren eraginez isurketa kutsagarriak gutxiago diluitzen baitira. Aurten areagotu egin da arazoa, lehorte ziklikoaren eraginez.